• Lan-saioen artean, nabarmentzekoa da “Lankidetzazko gobernantza-ereduak hiri-barruti berritzaileen kudeaketarako” izeneko nazioarteko workshop-a, T-Factor berrikuntzarako europar proiektuaren barruan gauzatua.

  • Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak egin dio harrera italiar ordezkaritzari, gaur goizean, Udaletxeko Arabiar Aretoan.

Bilboko Udalak harrera egin dio, gaur goizean, Italiako Toscana eskualdeko ordezkari politikoen eta udal ordezkarien ordezkaritza batiOihane Agirregoitia Arreta, Herritarren Partaidetza eta Nazioarteko zinegotziak egin die harrera gaur goizean, Bilboko Arabiar Aretoan.

Italiako ordezkaritza osatu dute Cecilia Del Re Florentzia hiriko alkateordeak eta Valerio Barneris Prato hiriko alkateordeak, Stefano Baccelli Toscanako Eskualdeko Lurralde Antolamenduaren, Azpiegituren eta Garraioaren Saileko buruak, Simone Gheri ANCI Toscanako udalerrien elkarteko zuzendariak, Aldo Ianniello Toscanako Eskualdeko Lurralde Plangintzaren Saileko zuzendari nagusiak eta Barbara Galligani Toscanako Eskualdeko Lurralde Plangintzaren Saileko arduradunak.

Harrera egin aurretik, lan-bilera batzuk egin dira italiar kideen eta Bilboko Udaleko ordezkarien artean, eta lankidetzazko gobernantzaren arloko, hiri oneratzearen arloko eta proiektu estrategikoen arloko esperientzia eta politika oraingo eta etorkizunekoen berri eman diote elkarri.

Egindako lan-saioen artean, nabarmentzekoa da “Lankidetzazko gobernantza-ereduak hiri-barruti berritzaileak kudeatzeko” izeneko nazioarteko workshop-a; zeinean Londresko Arteen Unibertsitateak ere parte hartu baitu, eta Zorrotzaurreko uhartean aplikatzekoak diren ideia berritzaileei heltzeko baliatu da aukera.

Workshop hau T-Factor europar proiektuaren barruan egin da: proiektu hori berrikuntzako ekimen bat da, Horizonte 2020 programak finantzatua, eta xedetzat du meanwhile eremu deritzen iragaitzazko eremuen aldi bateko erabileren ahalmen eraldatzailea baliatzea hiria oneratzeko prozesuan.

Bilbok beste hainbat hirirekin batera parte hartzen du proba gisako proiektu honetan, hala nola Londres, Lisboa, Milan, Amsterdam eta Kaunas.

Informazio gehiago: https://www.t-factor.eu/

  • Adimen Artifizial, Visual Computing & Interaction arloetan espezializatutako ikerketa aplikatuko zentro teknologikoak saio berezia eskainiko du martxoaren 31n, 16:00etan, Bilboko Ensanche eraikinean, adimen artifizialarekin garatutako ‘deepfake-en aplikazio, joera, eta erabilerak ezagutarazteko.

  •  Teknologia horrekin sortutako hainbat bideo eta audio aurkeztuko ditu, oso errealistak eta hedapen handikoak, informatzeko zein desinformatzeko erabili direnak.

  • Jardunaldia erakargarria izan daiteke eduki mota horren detekzio goiztiarrean sakontzeko interesa duten pertsona guztientzat, bai eta teknologia horrek eskaintzen dituen aukera zilegi eta etikoak ezagutu nahi dituztenentzat ere. (Edukia bereziki interesgarria da komunikabideetako profesionalentzat, publizitate- eta marketin-agentzientzat eta ikasleentzat, besteak beste).

Adimen Artifizial, Visual Computing & Interaction arloetan espezializatutako Vicomtechek ikerketa aplikatuko zentro teknologikoak saio berezia eskainiko du martxoaren 31n, 16:00etan, Bilboko Ensanche eraikinean, adimen artifizialarekin garatutako ‘deepfake’-en aplikazio, joera, eta erabilerak ezagutarazteko. Bertan, bideo eta audio faltsu horiek identifikatzeko gakoak azalduko dituzte, baita teknologia berri honek eskaintzen dituen aukera zilegi eta etikoak ere.

Adimen artifizialeko algoritmoen bidez, manipulatutako bideoak eta oso errealistak diren audio sintetikoak garatzea ahalbidetzen duten teknologia digitalen aplikazioaren emaitza dira ‘deepfake’-ak. Hain zuzen ere, komunikazio alorreko profesionalek eta, oro har, gizarteak jasotzen dituzten albiste faltsu ugarien aurrean, nortasuna ordezteko erabili ohi diren bideo eta audio horien detekzio goiztiarra egiteko metodoak azalduko dituzte jardunaldian. Gainera, Adimen Artifizialean oinarritutako teknologia horren beste erabilera zilegi eta etikoago batzuk azalduko dira, hala nola publizitatea edo ahotsaren klonazioa, podcast-ak egitera bideratua.

Era berean, teknologia horrekin sortutako hainbat bideo eta audio aurkeztuko dira, oso errealistak eta hedapen handikoak, informatzeko zein desinformatzeko erabili direnak. Izan ere, egungo teknologiarekin, edozein erabiltzailek erraz sor dezake errealismo handiko ikus-entzunezko edukia.

Jardunaldia Bilbao Ekintzarekin elkarlanean antolatu da, eta Vicomtechen teknologiak jendarteratzea helburu duten hainbat ekitaldiren artean bigarrena da. Edukiera mugatua denez, esteka honetan izena eman behar dute bertaratzeko interesa dutenek: http://bit.ly/DeepFakeKasuErrealak

Vicomtechek Bilbon ezarri zuen egoitza berria joan den urrian, 20 urtez Donostiako Zientzia eta Teknologia Parkean garatu ondoren. Gaur egun, industria-ikerketa aplikatuko 200 profesional inguruk lan egiten dute bertan.

Gainera, industria-ikerketa aplikatuari lotutako STEAM profilak dituzten pertsonak pixkanaka kontratatzeko helburua du zentroak, lan-taldeak indartu eta handitzeko eta enpresei irtenbideak ematen jarraitzeko, hurbiltasunez eta eraginkortasunez.

VICOMTECH ENPRESARI BURUZ

Vicomtechen teknologia digitalak ikertu eta garatzen dira, betiere merkatuaren eskariari erantzunez eta enpresei irtenbide berritzaileak eskainiz beren prozesuak eta lehiakortasuna hobetze aldera.

BRTAko (BASQUE RESEARCH & TECHNOLOGY ALLIANCE) kidea da, eta kudeaketa-metodologia integral propioa eta erreferentziazkoa du, kontrastatutako ereduetan oinarritua, prozesuen optimizazioa eta enpresei teknologia modu gardenean transferitzea bermatzeko.

Martxoaren 31n film laburren proiekzio bat eta, ondoren, mahai-inguru bat antolatuko dira Bilboko Udalak bultzatu duen ekonomia sozial eta solidarioaren poloan: Ekonopolo. REAS Eukadik koordinatuko duen jardunaldia bat da, eta sei jarduera antolatuko dira 2022. urtean honako gai hauek hizpide: feminismoa, dibertsitate sexuala, elikadura-subiranotasuna eta kontsumo arduratsua, bestek beste.

Lehenengo saioan, sarearen bazkide diren bi entitatek zuzendutako bi film labur proiektatuko dira: Tik Tak Animation eta Al Borde Films. Lehenengoa Txotxongiloa da, Tik Tak Animation delakoarena, eta stop motion animazio-teknikaren bitartez egin da. Bertan, emakumeek gaur egungo gizartean duten askatasunari buruzko hausnarketa proposatzen da Film laburraz gain, making off prozesua ikusi ahal izango dugu.

Beste alde batetik, Al Borde Films taldeak 2021eko Goya sarietan izendatua izan zen dokumentala aurkeztuko du: Solo son Peces. Izendapen horrez gain, beste sari batzuk ere irabazi ditu beste jaialdi batzuetan, hala nola Zinebi 61 jaialdian. Arabako SEADen Lagunen Elkartearen laguntzarekin egin da, eta Saharako hiru emakume errefuxiaturen istorioa kontatzen du, bai eta basamortuan bertan arrain-haztegi bat edukitzeko proiektu berritzailearen bizipena ere.

Dokumentalak ikusi ondoren, mahai-inguru bat antolatuko da zuzendariekin: Sonia Estevez, Tik Tak Animation-ekoa, eta Paula Iglesias, Alborde Films-ekoa. REAS Euskadiko Zaloa Pérez arduratuko da mahai-ingurua dinamizatzeaz, eta, bertan, besteak beste, emakumeen askatasuna edo ahalduntzea jorratuko dira ikuspegi feminista batetik.

Ekitaldia martxoaren 31n, osteguna, egingo da, 18:00etatik aurrera Ekonopolon (Harrobi plaza, 4 – 1.), eta aldez aurretik eman beharko da izena esteka horren bitartez eta galdetegia bete.

San Frantzisko auzoko Harrobi plazan dagoen Ekonopolo proiektuaren helburua da ekonomia sozial eta solidarioa babestea eta sustatzea, eta ekonomia eraldatzaile horren erreferentzia izatea, ekintzailetzako eta garapen ekonomiko, sozial eta kooperatiboko eredua den aldetik eskaintzen dituen aukerak ezagutaraziz Era berean, gizarte-ekintzailetza kooperatiboaren garapena erraztu nahi da, enpresei ideiak sortzeko, abian jartzeko eta laguntzeko prozesuak babestuta, prestakuntzaren, orientazioaren eta helburu horretara egokitutako planen bidez.

El próximo 31 de marzo el polo de economía social y solidaria impulsado por el Ayuntamiento de Bilbao, Ekonopolo, acogerá una proyección de cortos y posterior coloquio acerca del empoderamiento de las mujeres. Se trata de una jornada coordinada por REAS Euskadi que contará con 6 actividades diferentes a lo largo del 2022, vinculadas al feminismo, la diversidad sexual, la soberanía alimentaria o el consumo responsable, entre otras.

Durante esta primera sesión, se proyectarán dos cortos dirigidos por dos entidades socias de la redTik Tak Animation y Al Borde Films. El primero de ellos, Txotxongiloa de Tik Tak Animation, está realizado mediante la técnica de animación stop motion, y propone una reflexión sobre la libertad de las mujeres en la sociedad actual. Además del corto, podremos ver el making off.

Por su parte, Al Borde Films presentará su corto documental nominado a los Goya 2021, Solo son Peces. Además de esta nominación, el corto ha sido ganador de varios galardones en festivales como el Zinebi 61. Realizado en colaboración con la Asociación de Amigos y Amigas de la RASD de Álava, relata la historia de tres mujeres refugiadas saharauis y su experiencia en el innovador proyecto de una piscifactoría en pleno desierto.

Tras el visionado de los documentales, se celebrará un coloquio con sus directoras, Sonia Estevez de Tik Tak Animation y Paula Iglesias de Alborde Films. El debate estará dinamizado por Zaloa Pérez de REAS Euskadi y en él se abordarán temas como el empoderamiento o la libertad de la mujer, desde una perspectiva feminista.

Para asistir al evento, que tendrá lugar el jueves 31 de marzo, a partir de las 18:00 horas en Ekonopolo (Plaza de Cantera, 4 – 1º) será necesario inscribirse a través de este enlace y cumplimentar el cuestionario.

El objetivo del proyecto Ekonopolo, ubicado en la Plaza de la Cantera del barrio de San Francisco, es apoyar y promocionar la Economía Social y Solidaria y posicionarse como espacio de referencia de esta economía transformadora, dando a conocer las posibilidades y oportunidades que ofrece como modelo de emprendimiento y desarrollo económico social y cooperativo. También, se busca facilitar el desarrollo del emprendimiento social cooperativo, apoyando los procesos de ideación, puesta en marcha y acompañamiento a empresas, a través de formación, orientación y planes adaptados a este objetivo.

  • Bilboko hackathonean, apirilaren 1ean eta 2an irtenbideak bilatuko zaizkie finantza jasangarriei buruzko erronkei, eta 5.000 euro banatuko dira sarietan

  • Bigarren edizio honi esker, Bilbok bere finantza-lekua egonkortuko du finantza-sektoreko teknologia-eztabaidarako eta -berrikuntzarako zentro gisa

Iazko arrakastaren ondoren, BME eta BBF Fintech-ek Hack&Disrupt! ekimenaren nazioarteko bigarren edizioa antolatuko dute apirilaren 1ean eta 2an. Fintech eta insurtech hackathonean irtenbideak bilatuko zaizkie finantza jasangarriari buruzko erronkei. Hitzordua Bilboko Burtsan antolatuko da, Bilbao Berrikuntza Faktoriaren (BBF) egoitzan. Ekitaldian enpresa, ikasle, start-up eta ekintzaileak bilduko dira erronka teknologikoei irtenbideak bilatzeko asmoz. Topaketan, 5.000 euro banatuko dira sarietan.

Ostiralean, apirilak 1, erakundeetako ordezkariek ekitaldiari emango diete hasiera 12:30ean, eta honako hauek izango dira bertan: Javier Hernani, BMEko kontseilari ordezkaria; Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko diputatua; Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia, eta Lander Beloki, Mondragon Unibertsitateko dekanoa.

Ondoren, mahai-inguru bat antolatuko da: “Finantza etikoak balio-proposamen gisa”. Bertan bilduko dira Berta Ares, BME Inntech-eko zuzendari nagusia; Nora Sarasola, BBK Fundazioko Gizarte Ekintzako zuzendaria, eta Óscar Ugarte, Seed Capital-eko zuzendaria. Bestalde, 13:45ean, Mikel Garcia-Prietoren hitzaldiari emango zaio hasiera (Triodos Bank España).

Erronkak 16:30ean aurkeztuko dira Bilbao Berrikuntza Faktorian, eta, gero, talde-banaketa eta esperientzien mahaia egingo dira, non prestakuntza- eta mentoretza-saioak antolatuko diren. Apirilaren 2an, espazio horretan bertan, irtenbideak aurkeztuko zaizkio epaimahaiari (17:00etan), sariak banatuko dira (18:00etan) eta networking eta amaiera informala egingo dira (19:00etan).

Hauexek izango dira Hack&Disrupt! ekimenaren bigarren edizio honetako kolaboratzaileak: Bilbao Plaza Financiera, Bilboko Udala, BBK, Mondragon Team Academy eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Informazio gehiago behar baduzu eta ekitaldian izena eman nahi baduzu, jo esteka honetara.

  • fDi Intelligence aldizkariak, Financial Times taldearen baitan dagoenak, Bilbo hautatu du 367 europar hiriren artean, hiriaren sendotasun ekonomikoa, enpresa-ehuna eta gaitasun finantzarioa direla eta. Azken rankingaren arabera, Bilbok Europako hiri erakargarrien top 10ean jarraitzen du.

  • Financial Times nazioarteko liderra da informazio ekonomikoari dagokionez eta bere aintzatespenak kalitate-zigilu bat dira horiek jasotzen dituzten hirientzat.

Bilbo tamaina ertaineko Europako zortzigarren hiririk onena da atzerriko inbertsio zuzena erakartzen, Financial Times argitaletxe ospetsuaren fDi Intelligence aldizkariaren arabera. Gure hiriak martxoan jasoko du saria MIPIM-en, Frantziako Cannes hirian egingo den munduko erreferentziako Higiezinen Azoka.

fDi Intelligence aldizkariak argitaratutako “European Cities and Regions of the Future 2022-2023” sailkapenaren edizio honetan, kuantitatiboki eta kualitatiboki balioetsi dute Bilbo Europako beste 367 hiriren artean. Sailkapena egiteko, Europako hainbat eskualde eta hiritako sendotasun ekonomikoa, enpresa-ehuna eta gaitasun finantzarioak aztertzen dituzte.

BILBAO TOP 10-EAN

Datu garrantzitsu gisa, nabarmendu behar da Bilbo dela rankingean dagoen Estatuko tamaina ertaineko hiri bakarra. Ranking honen azken emaitzek agerian uzten dute hiribildua Europako hiri garrantzitsuenen artean dagoela negozio-aukerak sortzeko orduan eta Bilboren lidergoa erakusten du inbertsioa erakartzeko eta talentua atxikitzeko politiken garapenari dagokionez.

Gainera, Bilboko Udala hiriaren nazioarteko proiekzioa bultzatzeko, jarduera ekonomikoa sustatzeko eta atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko azken urteotan egiten ari den lana azpimarratzen dute. Udaleko arduradunentzat, “Europako hiririk erakargarrienetako top 10ean jarraitzea suposatzen du”.

Oraingoan, lehenengo postua Lituaniako hiriburuak eskuratu du, Vilniusek, bigarrena Ipar Irlandako hirburuak, Belfastek eta top-3 Portugalgo Porto hiriak amaitu du. Tamaina ertaineko hiritzat hartzen dira 200.000 eta 500.000 biztanle arteko hiriak.

BILBO, HIRI NABARMENA FINANCIAL TIMES-EN ARABERA

Financial Times taldea 2016. urtean hasi zen Bilbori aintzatespenak egiten. Hain zuzen ere, 2016an, hiribilduak bi sari jaso zituen “fDi Strategy Awards” sarietan: “Smart City” eta “Education Cluster” kategorietan, hiri-adimendunaren ereduan aurrera egiteko eta ezagutzan oinarritutako garapena sustatzeko egindako apustuari esker.

Financial Times-eko talde ospetsuko argitalpena, Atzerriko Inbertsio Zuzenaren mundu mailako fluxuak eta joerak aztertzen dituen nazioarteko aldizkaririk garrantzitsuena da. Financial Times nazioarteko liderra da informazio ekonomikoan, eta bere aintzatespenak kalitatezko zigilua dira jasotzen duten hirientzat.

fDi Intelligence-ko Webgune ofizialaren esteka:
https://www.fdiintelligence.com/article/80707

Saikapenaren PDFko esteka:
https://www.fdiintelligence.com/content/download/80712/2625526/file/FDI_170222%20ECOF.pdf

  • 2021. urtean ikus-entzunezko filmaketarik gehien egin ziren Bilbon eta Bizkaian, 2015. urtean Bilbao Bizkaia Film Commission sortu zenetik. Guztira, eta pandemia gorabehera, 232 ekoizpen gauzatu ziren, eta horietatik 161 filmazioak izan ziren, halako moldez non 598 grabazio-egun izan baitziren guztira gurean.

  • Jarduera horren eragin ekonomikoa 13,85 milioi eurokoa izan zen, eta filmaketei lotutako 1.186 kontratu egin ziren Bilbon eta Bizkaian.

  • Ikus-entzunezko sektorean erdietsitako ospea eta posizionamendua direla eta, Netflix bezalako nazioarteko plataformak guregana hurbildu dira; hain zuzen ere, Netflixek oso-osorik filmatu zuen “Intimidad” izeneko telesaila Hiribilduan eta Lurraldean. 2021ean egin ziren filmen artean, honako hauek nabarmentzen dira: “El Cuarto Pasajero”, “Una Vida no tan Simple”, “El Comensal”, “La Cima” edo “La Vida Padre”, Alex de la Iglesia bilbotarraren, Felix Viscarret eta Ángeles González-Sinderen mailako zuzendariekin, edo Alberto San Juan, Patricia López-Arnaiz, Enric Auqueredo Itziar Ituño bezalako aktore ospetsuekin.

  • Bilbao Bizkaia Film Commission, Udalak eta Aldundiak sortutako zerbitzua, ikus-entzunezko sektorerako erreferentziazko solaskide gisa finkatu da, eragile publiko eta pribatuekin bitartekari gisa jardunez eta Bilbo-Bizkaian filmaketa industria berri bat sortzea ahalbidetuz.

2021ean, Bilbo eta Bizkaia eszenatokirik hautatuenetako bat bilakatu dira sektoreko nazioarteko ekoiztetxe handien ikus-entzunezko ekoizpenetarako.

Horren lekuko dira Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak Bilbao Bizkaia Film Commission-en jardueraren 2021eko balantze gisa aurkeztu dituzten datuak. Bi erakundeek ikus-entzunezko industrian sartzeko sortu zuten zerbitzu hori.

Lehen datu garrantzitsu gisa, joan den ekitaldian –pandemiak eragindako murrizketekin ere– 161 ekoizpenek Bilbo eta Bizkaia aukeratu zituzten film luzeak, telesailak, publizitate-iragarkiak, dokumentalak edo bideoklipak filmatzeko, besteak beste. Orain arte izan ditugun zifrarik altuenak dira ekoizpenen arloari dagokionez. Ikus-entzunezko ekoizpen horiek guztiek 598 filmaketa-egun izan zituzten guztira.

Horrezaz gainera, Bilbao Bizkaia Film Commissionek 232 ekoizpen artatu zituen.

ERAGIN EKONOMIKOA ETA OSPEA

2021ean egindako filmaketa horiek guztiek 13,85 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuten. Horrek esan nahi du % 6,4ko igoera izan dela pandemiaren aurreko 2018ko datuekin alderatuta. Horri dagokionez, Hiribilduan eta Lurraldean egindako filmaketekin loturik egon diren 1.186 kontratu sinatu ziren urte horretan. Zifra horiek indartu egiten dute Bilbao Bizkaiaren posizionamendua eta ospea, ikus-entzunezko ekoiztetxeen erreferentziazko eszenatoki gisa.

Bilbao Bizkaia Film Commissionen 2021eko jardueraren balantzea “oso positibotzat” jo da; izan ere, datu kuantitatiboez gain, azken urteetan sektore horretan jadetsi den ospeari eta posizionamenduari esker, nazioarteko ikus-entzunezko plataforma handiek interesa erakustea eta Bilbora eta Bizkaira kalitate eta oihartzun handiagoko produktuak filmatzera etortzea erdietsi dugu.

NETFLIX edo AMAZON PRIME bezalako nazioarteko ekoiztetxeak dira beren ekoizpen handien eszenatokien aldeko apustu horren adibide, eta horrek hiriaren eta Lurraldearen irudia islatzen du nazioartean, mundu osoko ikus-entzunezko ekoiztetxeen aurrean jartzen dugun aurkezpen-gutuna baita.

  • Netflixen kasuan, 98 egunez hirian eta lurraldean filmatu du oso-osorik “Intimidad” deritzon telesaila. Zortzi kapitulu ditu, eta aktore ospetsuak parte hartzen dute bertan. Ondoko hauek dira, besteak beste: Itziar Ituño, Emma Suárez, Ana Wagner, Patricia López-Arnaiz, Verónica Echegui eta Yune Nogueiras.
  • Beste alde batetik, AMAZON PRIME bezalako plataformetako lanek ia bi milioi euro bildu dituzte, Bilbon eta Bizkaian filmatutako “García y García” eta “Descarrilados” bezalako film luzeekin.

Proiektu horiek eta euskal zinemaren kalitatea balioa ematen diote, mundu mailan, ikus-entzunezkoen industriaren lanbide-gaitasunari, tokiko esparruan garatzen den talentuari, bai eta Bilboko eta Bizkaiko sektore publiko eta pribatuaren arteko tokiko lankidetzaren sendotasunari eta garrantziari ere.

Horrezaz gainera, pandemiak ia bi urtez arlo guztiak baldintzatu ondorik, ikus-entzunezko edukien eskariaren hazkunde globalak, lehen aipatu ditugun plataforma digitalen arrakasta handiaren ondorioz, ikus-entzunezko kontsumoari buruzko eta audientzia berriak erakartzeari buruzko errekorrak ezartzen jarraitzen du.

URTEA ZIFRETAN

Bilbao Bizkaia Film Commissionek ikus-entzunezko 232 proiektu artatu zituen iaz. Proiektu horietatik 70 publizitate-iragarkiak izan ziren, 48 film labur, 29 bideoklip, 25 telebista-programa, 20 film luze, 19 dokumental, 12 telesail, 8 argazki-saio eta websail bat.

  • Beste alde batetik, GAUZATU ZIREN FILMAKETAK 161 izan ziren GUZTIRA; horietatik 78 euskal proiektuak dira, 59 estatukoak eta 24 nazioartekoak. Grabazio horietatik 48 publizitate-iragarkiak dira, 35 film labur, 21 bideoklip, 20 telebista-programa, 16 dokumental, 9 film luze, 7 argazki-saio, 4 telesail eta websail bat.

(*) Artatu diren ikus-entzunezko ekoizpenak: 232

  • Publizitate-iragarkiak: 70
  • Film laburrak: 48
  • Bideoklipak: 29
  • Telebistako programak: 25
  • Film luzeak: 20
  • Dokumentalak: 19
  • Telesailak: 12
  • Argazki-saioak: 8
  • Websailak: 1

(*) Urteko kudeaketek ez dute esan nahi urte horretan benetako filmaketak egin direnik

(*) Filmatu diren ikus-entzunezko ekoizpenak: 161

  • Publizitateko iragarkiak: 48
  • Film laburrak: 35
  • Bideoklipak: 21
  • Telebistako programak: 20
  • Dokumentalak: 16
  • Film luzeak: 9
  • Argazki-saioak: 7
  • Telesailak: 4
  • Websailak: 1

(*) Urteko filmaketak ez datoz bat nahitaez urte berean egindako kudeaketekin. Hasierako kudeaketak eta kontaktuak filmaketa gauzatu baino hilabete edo urte asko lehenago gertatzen dira.

BILBON ETA BIZKAIAN FILMATU DIREN FILM LUZEAK

Iaz, Bilbo eta Bizkaia film luze garrantzitsuen eszenatoki izan ziren, hala nola:

  • “El Cuarto Pasajero”. Alex de la Iglesia bilbotarrak zuzendutako filma da eta Bilbon, Loiun, Alonsotegin eta Erandion filmatu zen. Aktoreen artean, Alberto San Juan, Blanca Suárez, Ernesto Alterio eta Rubén Cortada daude, besteak beste.
  • La Cima”. Zuzendaria Ibon Comenzana da, eta Sopelan eta Getxon filmatu zen, Patricia Lopez-Arnaiz eta Javier Rey aktore sarituekin.
  • “El Comensal”. Zuzendaria Ángeles Gónzalez Sinde da, eta Bilbon, Getxon eta Mundakan filmatu zen, Adriana Ozores, Ginés García-Millán eta Susana Abaitua aktoreekin.
  • “La Vida Padre”. Joaquín Monzonek zuzendu eta Abandoibarra, Zazpikaleak, Bilbo Zaharra, Olabeaga eta Indautxu bezalako eszenatokietan egindako filma da. Aktoreen artean Karra Elejalde, Enric Auquer, Megan Montaner, Lander Otaola, Maribel Salas eta Gorka Aguinagalde daude, besteak beste.
  • “Irati”. Paul Urquijo Alijok zuzendutako filma da, Pozalaguako kobazuloetan (Karrantza) filmatua. Aktore taldean Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate daude.
  • “Una vida no tan simple”. Felix Viscarretek Bilbon, Basaurin eta Getxon zuzendutako filma da. Aktoreen artean, Miki Esparbé, Álex García, Olaya Caldera, Ana Polvorosa eta Ramón Barea daude.

BILBON ETA BIZKAIAN EGIN DIREN TELESAILAK ETA FILM LABURRAK

Estatuko zein nazioarteko ekoiztetxeen telesailek ere Hiribilduan eta Lurraldean aurkitzen dute filmaketak egiteko lekurik egokiena. Iaz lau telesail filmatu ziren Bilbon eta Bizkaian:

  • Intimidad”, Netflixek ekoiztua, nazioarteko ekoiztetxe honek eta Txintxua Filmsek Bilbon eta Bizkaian osorik filmatutako lehen telesaila da. Bilbon, Atxondon, Basaurin, Derion, Getxon, Gordexolan, Gorlizen, Ibarrangelun, Leioan, Plentzian, Sopelan, Sukarrietan eta Zeanurin egin zen 98 egunez.
  • Sin límites”. Amazon Prime eta RTVEren telesail bat da, Mono Films, Kilima Media, Amazon Prime Video eta TVEk ekoiztua. Aktoreen artean, Álvaro Morte, Rodrigo Santoro, Pepón Nieto eta Sergio Peris-Mencheta daude, besteak beste.
  • “El Internado”. Telesailaren bigarren denboraldi hau berriro ere Bilboko eta Bizkaiko agertokietan filmatu da. Amazon Prime Video, Atresmedia eta Globomedia dira telesail horren ekoizleak.
  • “La Fortuna”. Alejandro Amenabarrek zuzendu duen telesaila da, ModProducciones, Movistar+ eta AMC enpresek ekoiztua. Erandioko eszenatokietan filmatu zen.

Hiribilduan eta Lurraldean filmatutako film laburrei dagokienez, honako lan hauek nabarmentzen dira: Mikel Ruedaren «Ama» eta Aitzol Saratxagaren «Lanbroa» eta «Trumoiak».

MUNDU MAILAKO IZEN HANDIKO MARKEN PUBLIZITATE-IRAGARKIAK ETA BIDEOKLIPAK

Marka komertzial handiek Bilbok eta Bizkaiak ikus-entzunezko filmazioetarako agertoki egoki gisa izan duten gorakada ezagutzen dute. Hala, 2021. urtean, Xiaomi, Louis Vuitton, Land Rover, New Balance, Audi edo Volkswagen bezalako nazioarteko ospea duten markek iragarkiak egin dituzte Bilbon eta Bizkaian.

Hauek dira, besteak beste, 2021ean gure kaleetan ibili diren marka komertzial handietako batzuk: Zara Kids, Kutxabank, Kas, Orbea, Mahou eta Euskaltel, besteak beste.

Musika bideoklipei dagokienez, Fito y Fitipaldis taldearen filmaketak nabarmentzen dira, haren bideoek 2.600.000 bisita izan baitituzte Youtuben 6 hilabetetan; epealdi berean, La Oreja de Van Gogh taldeak ere 1.700.000 bisita jaso zituen Youtuben. Horrezaz gainera, Alemania eta Holandako telebista-saioek ere Bilbo eta Bizkaia aukeratu dituzte filmatzeko.

WEBGUNEAK, IKUSLEAK ERAKARTZEKO ETA POSIZIONAMENDURAKO TRESNA

Bilbao Bizkaia Film Commissionen webgunea filmaketak erakartzeko eta Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko merkatuan kokatzeko beste tresna bat da. Publiko profesional bati zuzenduta dago, eta 2021ean 10.429 saio baino gehiagotan 7.591 pertsonak baino gehiagok erabili zuten, ia aurreko urteko datuak bikoiztuz. Bisita bakoitzean batez beste lau minutu eta hogeita hiru segundo eman ziren, eta 2.700 saio baino gehiagotan ingelesezko bertsioa erabili zen; horrek argi eta garbi erakusten du online zerbitzu horrek mundu osoko profesionalen artean pizten duen interesa.

BILBAO BIZKAIA FILM COMMISSION

2015ean, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Bizkaia Film Commision zerbitzu publiko eta doakoaren sorrera bultzatu zuten, filmaketen arreta, kudeaketa eta erakarpena helburu dituena. Urte hauetan 1.294 filmaketa artatu dira eta 850 ikus-entzunezko proiektu gauzatu dira.

Bilbao Bizkaia Film Commissionen laguntza egonkor eta pertsonalizatua ekoizpenaren fase guztietan ematen da, lokalizazioetan, lanbide-zerbitzuetan, administrazio-kudeaketetan, ekoizpen-, ostatu- eta logistika-espazioetan, baita erakundeen laguntza eta konfiantzan, segurtasun juridikoan eta pizgarri fiskaletan ere.

Bilbao Bizkaia Film Commissionen lana lankidetza publiko-pribatuari esker burutzen da, ekoiztetxeen, eragile pribatuen eta erakunde publikoen arteko bitartekari lana egiten baitu. Lankidetza hori Bilboko eta Bizkaiko filmaketen industrian aurrera egiteko behar-beharrezkoa dela esan behar da.

2017. urtetik European Film Commission Networken kide da. 90 film commission baino gehiago ordezkatzen ditu, Europako Batzordearen laguntzarekin, eta AFCI, Association of Film Commissioners International elkartearen kide ere bada.

  • Planak 6,5 milioi eurotik gorako aurrekontua du. Gaur aurkeztu dute ofizialki, Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek berau adostu eta sinatu ondoren —EAJ/PNV eta PSE-EE (PSOE), Gobernu Taldearen aldetik; eta EH BILDU, ELKARREKIN BILBAO-PODEMOS/EZKER ANITZA-IU/EQUO BERDEAK eta PP—.

  • Aurtengo lehen seihilekoan zehar gauzatuko diren 21 neurrien helburua da uriaren suspertze soziala, ekonomikoa eta kulturala bultzatzen laguntzea (ikusita pandemia-egoeran jarraitzen dugula).

Udalak «Bilbao Plana 2022: COVIDaren eraginen aurkako 21 neurri» aurkeztu du gaur. Ekimenaren helburu nagusia da uriaren suspertze sozial, ekonomiko eta kulturalean laguntzea, pandemia-egoera luzatzen ari dela eta.

Neurriek 6.530.000 euroko aurrekontua izango dute, eta 2022ko ekitaldi honen lehen seihilekoan garatuko dira. Neurri horiei gehitu ahalko zaizkie salbuespenezko laguntza zuzenak eta beste administrazio publiko batzuetakoen osagarri direnak —betiere, COVIDaren bilakaera eta horrek sektore ekonomiko jakin batzuetan izan dezakeen eragina zein den—.

Planean jasotako proposamenek Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek adostu dituzte, eta gaur sinatu dute 21 neurriak ofizialtzen eta abian jartzen dituen dokumentua: EAJ/PNV eta PSE-EE (PSOE), Gobernu Taldearen aldetik; eta EH BILDU, ELKARREKIN BILBAO-PODEMOS/EZKER ANITZA-IU/EQUO BERDEAK eta PP.

Gainera, COVIDaren eragina gehien jasaten duten sektoreetarako, Bilboren sustapen eta dinamizazio komertzialerako aparteko plan bat lantzeko aukera aurreikusten du testuak, salbuespenez, garrantzi handiko datetarako (ondorengo Gabonak, esaterako); eta merkatari-elkarteentzako eta beste eragile batzuentzako laguntza tekniko eta ekonomikoak ere jasotzen ditu.

Horrez gain, pandemiaren bilakaera zein den, Planean jaso ez diren beste eremu batzuk ere indartuko dira. Adibidez: garbitasuna, mugikortasuna, espazio publikoa eta hezkuntza (horietan ere lan egin da, denbora honetan guztian zehar). Neurri sorta aztertu eta partekatuko dute gobernantza-ereduan ezarritako jarraipen-batzordean, non talde politiko guztiak ordezkatuta dauden.

Udalak «Aurrera Plana» delakoa abiarazi zuen 2020an (15 milioi euro) eta 2021ean (15 milioi euro baino gehiago), COVID-19ari aurre egiteko. Bada, testu berriak bat egiten du, salbuespenez, orduan martxan jarritako laguntzekin.

21 NEURRI, LAU ARDATZ NAGUSIREN INGURUAN

2022rako onetsitako 21 neurri berriek 6,5 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua dute, eta lau ardatz edo jarduera-eremu nagusiren inguruan egituratuta daude:

1.GIZARTE-KOHESIOA: 1.700.000 €. Krisi honek latzen jo dituen, eta arreta eta laguntza berezia behar duten guztientzako gizarte-babesa izan nahi duten zenbait eremu aurreikusten ditu:

  • Aldizkakoak ez diren udal laguntzen ohiz kanpoko programa (200.000 €), koronabirusa dela-eta diru-sarrerarik ez dutenentzat edo sarrerak gutxitu zaizkienentzat.
  • Adinekoei laguntzeko «Mirada Activa Berria» udal programarako izendatutako diru-partida handitzea (200.000 €).
  • 400.000 €, etxerik gabeko pertsonei bizilekua emateko funts berezirako.
  • Familia, heldu eta haurrentzako neurriak, etxegabetze-arriskuan dauden familientzako arreta bermatzeko: 400.000 €.
  • Gizarte-bazterkeria arriskuan dauden adingabeentzako eguneko zentroak eta programa sozioedukatiboak indartzea: 200.000 €.
  • Eten digitala txikitzea: adinekoentzako eta kolektibo zaurgarrientzako ikastaroak (100.000 €). Lineako izapideetan laguntzeko zerbitzu pilotua: 200.000 €.

2.ARLO EKONOMIKOKO ETA ENPLEGUAREN ARLOKO NEURRIAK: 3.780.000 € (Gabonetako Ezohiko Plana).

  • MERKATARITZARAKO BONUAK: 1 milioi euro, gehien kaltetutako azpisektoreak lehenetsiz, hala nola ehungintza, moda, oinetakoak eta osagarriak, besteak beste.
  • Merkatari- eta ostalari-elkarteentzako laguntzak: 180.000 €.
  • Laguntza espezifikoa Convention Bureau eta MICE sektorerako (azokak, kongresuak eta batzarrak): 100.000 €.
  • Enplegu Plana 2022-2023 (udal aurrekontua): 500.000 €.
  • Gazte Enplegu Plana 2022-2023 (udal aurrekontua): 500.000 €.
  • 2022-2023rako gizarteratze- eta laneratze-plan berezietarako laguntza: 300.000 €.
  • Etxebizitzak birgaitzeko obra txikietarako laguntzen programa berezia: 800.000 €.
  • Gabonak sustatzeko eta dinamizatzeko ezohiko ekintzak: 400.000 €.

3.KULTURAn, 900.000 €-ko aurrekontuarekin, neurri berezi bi landuko dira:

  • KULTURA-BONUAK, 400.000 €-rekin, eta kultura-proiektuen poltsa berezia, 500.000 €-rekin.

4.LANKIDETZA: 150.000 €.

  • Garapen-bidean dauden eskualdeetan COVIDaren aurkako txertaketa indartzeko laguntzak.
  • Ekonomia Sozial eta Solidarioaren poloak, Ekonopoloak, ekonomia eraldatzaile horren erreferentzia-gune bihurtu nahi du, ekintzailetzako eta garapen ekonomiko sozial eta kooperatiboko eredua eskaintzen baitu.

  • Lehen programetako batek, Presstatzen izenekoak, ekonomia sozial eta solidariorako bidea egin nahi duten pertsona, elkarte edo enpresei prestakuntza eta laguntza emango die.

Proiektu pilotu gisa urtebete egin ondoren, Bilboko Udaleko Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Poloak, Ekonopoloak, REAS-ekin kolaborazioan, abian jarri ditu Herrirako Ekonomia Sozial eta Solidarioaren inguruko proiektuak sustatzea helburu duten lehen jarduerak.

Ekonopolo proiektuaren helburua da ekonomia sozial eta solidarioa babestea eta sustatzea, eta ekonomia eraldatzaile horren ERREFERENTZIA izatea, ekintzailetzako eta garapen ekonomiko, sozial eta kooperatiboko eredua den aldetik eskaintzen dituen aukerak ezagutarazita. Era berean, gizarte-ekintzailetza kooperatiboaren garapena erraztu nahi da, enpresei ideiak sortzeko, abian jartzeko eta laguntzeko prozesuak babestuta, prestakuntzaren, orientazioaren eta helburu horretara egokitutako planen bidez.

  • Ekonopolo proiektuak San Frantzisko auzoko Harrobi plazan dago, eta Bilboko Udalak sustatzen du, Bilbao Ekintzaren bitartez, REAS Euskadirekin koordinatuta, eta unibertsitateekin, enpresekin eta gizarte zibilarekin elkarlanean.

PRESSTATZEN PROGRAMA

Lehenengo ekintzetako bat Presstatzen programa da, proiektu kolektibo bati ekin nahi dioten pertsonei, beren jarduera profesionalizatu nahi duten elkarteei edo ekonomia sozial eta solidarioaren ereduaren bidean jarri nahi duten enpresei zuzendua. Prestakuntzako bederatzi saio teoriko-praktikoren bidez, parte-hartzaileei aholkua emango zaie, ikaskuntzak proiektu bakoitzari aplikatuta.

Gainera, bi networking saio egingo dira finkaturiko enpresa-ekimenetako ordezkariekin eta Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ekosistemako eragile publiko-pribatuekin harremanak sustatzeko. Saioak egun hauetan egingo dira:

  • 2022ko urtarrilaren 18a: “Ekonomia Sozial eta Solidarioaren arloko ekintzailetza”
  • 2022ko urtarrilaren 25a: “Lurralde-sustraitzea eta tokiko aukerak”
  • 2020ko otsailaren 1a: “Negozio-eredua egokituz: canvas soziala eta GJHak txertatzea
  • 2022ko otsailaren 8a: “Erakunde bizigarriak: ikuspegi ez-patriarkaletatik eraikitako erakunde-ereduak”
  • 2022ko otsailaren 15a: Networking saioa, “Lankidetzan aritzea: Ekonopoloko ekosistema ekintzailea sortzea”
  • 2022ko otsailaren 22a: “Ekintzailetza aniztasunetik”
  • 2022ko martxoaren 1a: “Jasangarritasun ekonomikoa eta ekonomia sozial eta solidarioa finantzatzeko bideak”
  • 2022ko martxoaren 8a: “Gatazkaren kudeaketa proiektu kolektiboetan”
  • 2022ko martxoaren 15a. “Merkatu alternatiboa eta Ekonomia Sozialaren eta Solidarioaren berme-zigilua: merkatu soziala eta auditoretza soziala”.
  • 2022Ko martxoaren 22a: “Jantzi juridikoa: Ekonomia Sozial eta Solidarioko erakunde bat eratzeko ereduak eta izapideak”
  • 2022ko apirilaren 5a: Networking saioa: “Programa ixtea: Pitch day eta proiektuen arteko sinergiak”

Esteka honen bidez eman daiteke izena dibulgazio-saio horietan.

Era berean, Presstatzen programak laguntza-zerbitzu pertsonalizatua du, proiektu bakoitzaren beharretara egokitutako ibilbide bat aholkatzeko eta prestatzeko. Gainera, proiektuek prestakuntza osagarrietan parte hartu ahal izango dute, eta BIG Bilbao Udal Ekintzailetza Zentroaren aholkularitza jaso ahal izango dute. Informazio gehiago posta elektroniko honetan: presstatzen@reaseuskadi.net

AUZOFACTORY, ENPRESA-MINTEGIA

Gainera, Ekonopolo proiektuaren barruan dago Auzofactory Cantera, enpresa-moduluetan aldi baterako kokapena eskaintzen duen enpresa-mintegia, baita co-working espazioetan ere, Bilbon kokatu nahi duten enpresa-proiektuen, enpresen eta profesionalen sustatzaileentzat, jarduera ekonomia sozial eta solidarioaren balioak eta printzipioak errespetatuz eta egokituz egiteko.

Bilboko Udalaren Auzofactory sarearen helburua herritarren, auzoaren, enpresen eta hiriaren arteko elkargunea izatea da. Zentro horiek erreferentziazko gune izan nahi dute, herritarrei eta enpresei irekia, berritzaileak eta hiriaren garapen ekonomikoaren dinamizatzaileak, metodologia berriak, espazio berritzaileak eta zerbitzu aurreratuak dituena, eta Bilbo hiriarentzat estrategikoak diren sektoreak ardatz hartuta.

EKONOPOLOAREN “HAZTEGIAN” DAUDEN ENPRESAK

Une hauetan lau enpresa daude Harrobi kalean kokatutako EKONOPOLOaren baitako Ekonomia Sozial eta Solidarioko AuzoFactoryn.

  • XELEBREAK: sexualitatearen, kulturartekotasunaren eta generoaren arloko hezkuntza eta aholkularitzara bideratua.
  • DIGITORIUM: zuzenbide digitalean espezializatutako abokatu-bulegoa. Ingurune digitaletarako lege-aholkularitza integrala eskaintzen du eta ESSren alorreko eta gizarte-ekonomiako enpresa batzuekin dihardu.
  • ASTINDU: negozio-prozesuen automatizazio adimendunerako plataforma digitalak garatzen ditu eta forma juridiko kooperatiboa du. Enpresa hori Bilboko Udalak antolatzen duen Ekintzailetza Digitalaren Lehiaketan saritu zuten.
  • LIBERTAD AVENUE: hiriko txirrindularientzako moda eta osagarrien diseinuan espezializatua (osagai teknologikoak barne hartzen dituzten material berritzaileekin eta birziklatuekin).
  • Food 4 Future – Expo FoodTech-en esparruan egiten diren sarien helburua da elikagaien eta edarien industria eraldatuko duten berrikuntzarako proposamenak eta soluzioak aitortzea. Bigarren edizioa berriz ere Bilbon izango da.

Elikagaien berrikuntzari buruzko nazioarteko bigarren kongresua maiatzaren 17tik 19ra egingo da Bilboko BECen, Food 4 Future – Expo FoodTech, eta deialdia ireki da FoodTech Innovation Awards 2022 sarietarako proiektuak aurkezteko. Aipaturiko sari horiek elikagaien eta edarien industriaren bikaintasuna aitortzen dute berrikuntzaren eta iraunkortasunaren aldeko apustua egiten duten eta berritasunera egokitzen diren enpresetan.
Edizio honek Bilboko Udalaren eta haren udal-sozietatea den Bilbao Ekintzaren babesa du berriz ere.

Sarien deialdia irekita dago beren hautagaitza 2022ko apirilaren 14ra arte aurkeztu nahi duten enpresa, elkarte, startup, irtenbide eta berrikuntza-proiektu guztientzat. FoodTech Innovation Awards 2022 horietan 5 sari emango dira guztira, kategoria hauetan:

  • Digitalizazioan berritzaileena den soluzioaren saria: kategoria honek elikaduraren eta edarien industria ukitzen eta eraldatzen ari den enpresaren, plataformaren, soluzioaren edo aplikazio teknologikoaren lana eta ahalegina aitortzen du, bere negozio-ereduarekin, ekoizpen-kate edo -prozesuarekin, kontsumitzailearekiko harremanarekin edo bere balio-proposamenarekin, esparru digital eta teknologikoarekin lotutako soluzio baten bidez.
  • Iraunkortasun-proiekturik onenaren saria: premia, industriako enpresen iraunkortasuna eta ingurumenaren babesa bultzatzen duen proiekturik berritzaileena eta disruptiboena.
  • Elikadura osasungarriaren proiektuaren saria: Elikadura osasungarria sustatzen duen edo elikadura osasungarrian eragin zuzena duen irtenbide berritzaile eta/edo zientifikoa aitortzen du.
  • Startup FoodTech saririk berritzaileena: Foodtech sektoreko startup berritzaileenei eta digitalizazioan, iraunkortasunean eta osasunean eragin handiena dutenei zuzendua. Kategoria honetan, Foodtech Startup Forum de Food 4 Future-n hautatutako startupek ere parte hartu ahal izango dute.
  • Automatizazioko eta robotikako soluzio onenaren saria: automatizazioa eta robotika erabiltzera bideratutako kategoria, produkzio-prozesuen edo fabriken lehiakortasuna bultzatzeko.

Aurreko edizioan, FoodTech Innovation Awards-etan Chemometric Brain saritu zen, kalitatea kontrolatzeko duen softwareagatik: adimen artifizialeko teknologiak eta Machine Learning erabiltzen ditu segundo batzuetan edozein osagai edo elikagai identifikatzeko, izan hauts, likido, solido edo gel eran; Healthy Food Ibérica, Verdeogatik: koipe solidoa da, oliba-olioan oinarritua, eta irtenbidea ematen die industriari eta alternatiba bat bilatzen duten kontsumitzaileei, eta ez ordezko bat; edo NUCAPS Nanotechnology startup, elikadura-proteinen nano-kapsulengatik: soluzio natural, seguru eta eraginkorra osagai bioaktiboak, farmakoak eta probiotikoak ahotik hartzeko.

***

Food 4 Future-ri buruz (F4F): (2022ko maiatzaren 17tik 19ra, BEC-Bilbao) elikagaien sektoreko balio-kate osoko profesionalentzako berrikuntza-ekitaldia da. Hiru egunez, F4Fk 6.000 bisitari eta 250 erakusketa-enpresa baino gehiago bilduko ditu Bilbao Exhibitions Centre (BEC) zentroan, hauexetako azken soluzioak aurkezteko: foodtech, robotika eta automatizazioa, elikagaien segurtasuna eta zientzia eta elikagaien industriako segmentuetarako prozesatze- eta ontziratze-teknikak. Gainera, Food 4 Future World Summit izango da Europako kongresu handiena, azken joerak, arrakasta-kasuak eta elikagaien eta edarien industria eraldatzeko tresnak ezagutzeko nazioarteko 350 aditu baino gehiagoren eskutik. NEBEXTek eta AZTIk antolatzen dute Food 4 Future.

  • Gaur egin da aurten Basque Circular Hub-eko prestakuntza-zerbitzuez baliatu diren gazteen lehen promozioari diplomak emateko ekitaldia.

  • Bilbon kokatua, Basque Circular Hub ikasketa aurreratuen zentroa da, bakarra Europako Hegoaldean, ekonomia zirkularrean.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok eta Bilboko Udaleko Zerbitzu eta Bizi Kalitateko zinegotzi Kepa Odriozolak eman dizkiete diplomak, gaurko ekitaldian, ekonomia zirkularraren arloko prestakuntza espezializatua eta praktikak jaso dituzten 130 gazteren lehen taldeari, Basque Circular Hub-en bidez, hain zuzen (Europako Hegoaldeko ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen lehen zentroa).

Aurtengo martxoan abian jarri zen zentro aditu berri hori Ihobe sozietate publikoak kudeatzen du, eta Eusko Jaurlaritzaren, Bilboko Udalaren, Deustuko Unibertsitatearen, EHUren Euskal Unibertsitatearen, Mondragon Unibertsitatearen, Euskadiko LHko Ikerketa Aplikatuko Zentroaren eta Novia Salcedo Fundazioaren arteko lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da. Horrelako ezaugarriak dituen zentro bakarra da Estatuan eta Europako Hegoaldean: merkatu-prospektibako, prestakuntza aurreratuko, joerak aztertzeko eta ekonomia zirkularraren esparruan ezagutza aditua sortzeko zerbitzuak eskaintzen ditu.

2021ean zehar Basque Circular Hub-etik pasatu den gazteen lehen sustapenak gaitasun tekniko aurreratua eta enpresetako prestakuntza praktikoa bateratzen dituzten hainbat programatan parte hartu du. Circular Berrindartzea 2021 programa nabarmentzen da, Ihoberen eta Novia Salcedo Fundazioaren arteko lankidetzaren ondorioz, eta industria-sektoreko enpresei zuzendutakoa. Programa honen esparruan, 75 gaztek praktikak egin zituzten beste hainbat enpresatan arlo horretako negozio-aukerak detektatzeko helburuarekin, ekonomia zirkularrean 100 orduko prestakuntza jaso ondoren.

Bestalde, ikastaro bat egin da Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan. 15 gaztek parte hartu dute bertan. Ondoren, 15 euskal enpresatan praktikak egin dira produktuaren ingurumen-adierazpenak lortzeko eta bizi-zikloaren analisia egiteko.

4 gazteko talde batek aukera izan du Basque Circular HUBen zuzenean lan egiteko ingurumen-zaintza estrategikoaren arloan. Horien laguntzarekin, 5 zaintza-txosten egin dira ekonomia zirkularreko berrikuntzak eta aukerak identifikatzeko aeronautikaren sektorean, itsas sektorean, ingurumenaren sektorean, eraikuntzaren sektorean eta elikagaien sektorean. Gaur egun, ingurumen-zaintza estrategikoko txosten bat egiten ari da makina-erremintaren sektorean, eta beste bat ekonomia zirkularra udal-esparruan aplikatzeko moduari buruz.

Gainera, nabarmendu behar da Basque Circular Hub-en eta Basque Ecodesign Center-en arteko lankidetza egonkorra. Azken ekimen publiko-pribatu horretan, ingurumen-jasangarritasunean lider diren 14 enpresak parte hartzen dute, SPRI eta Ihobe erakunde publikoez gain, euskal enpresa-sareari transferitu ahal zaion ezagutza sortzeko eta haien balio-kateetara bultzatzeko. 2021ean zehar, sei gaztek praktikak egin dituzte Basque Ecodesign Center-eko enpresetan gai berritzaileetan, hala nola, erakundeen eta produktuen ingurumen-aztarnan, edo Europako Batzordearen finantza berdeei buruzko araudi berriaren aplikazio praktikoan.

21 gazteko beste talde batek prestakuntza presentzialeko 120 orduko ikastaro aurreratua amaitu berri du, bizi-zikloaren analisiari eta enpresan ekonomia zirkularra hedatzeko estrategiei buruz. Gazte horiek praktikak egingo dituzte 2022an zehar Basque Ecodesign Center-eko 14 enpresetan.

Azkenik, Basque Circular Hub-en eta UPV/EHUko enpresari aplikatutako Ekonomia Zirkularraren Graduondokoaren arteko lankidetza nabarmendu behar da. 2020an hasi zen graduondoko hori 2021ean finkatu da, hogeita hamar ikasleren parte-hartzearekin, eta aurten unibertsitateko master propio bihurtu da.

Gazteen lehen sustapenari diplomak emateko ekitaldiak Erronka Garbia ekitaldi jasangarriaren ziurtagiria izan du, materialak berrerabiltzeari, energia-kontsumoak minimizatzeari eta karbono-aztarna konpentsatzeari esker, Muxikako zuhaitz-landaketa baten bidez, Lurgaia erakundearekin lankidetzan.

2022RAKO HELBURU ESPEZIFIKOAK 

Datorren urteari begira, Basque Circular Hub Euskadiko ekonomia zirkularraren arloko prestakuntzarako erreferentziazko zentro bihurtzea espero da, beste gai batzuk barne hartuz, hala nola ingurumen-jasangarritasuna, zentzurik zabalenean eta gazteak nahiz enpresak barne hartzen dituen xede-publiko batekin. 250 gazte eta 150 profesional prestatu lortzea da helburua.

Horretarako, jarduera-multzo zabala aurreikusten da. Alde batetik, ingurumen-gai emergenteetan dauden gazteentzako eta enpresentzako ikastaroak egiten jarraituko da, bai eta praktika-programak ere gazteentzako ikastaroen kasuan.

Ekonomia zirkularreko atari bat martxan jartzea ere aurreikusten da produktuen eta erakundeen ingurumen-ebaluaziorako tresna teknikoekin, ingurumen-aztarna, karbono-aztarna eta ekonomia zirkularraren adierazleak konbinatuz, autoprestakuntzarako tresna gisa.

Era berean, produktu ekodiseinatuen erakusketa ibiltaria abian jartzeko prestaketa-lanak amaitzen ari gara, ekodiseinuaren 20 urteko historia Euskadin fabrikatutako ehun produktu baino gehiagorekin hurbilduko duena eta hainbat udalerri eta eskualdetatik pasatuko dena.

Bilbon kokatutako zentro bat

Basque Circular Hub-en egoitza Bilboko Udalaren Auzo Factory Irazabal-Matiko ekintzailetza-zentroan kokatua dago, Ihobe sozietate publikoarekin sinatutako hitzarmenari esker. Hitzarmen horren bidez, Udalak Hub-eko instalazioak kokatzeko gunea lagatzen du, eta, aldi berean, bi erakundeek ekonomia zirkularreko tokiko ekintzailetzako ekimenak babesteko eta aholkatzeko konpromisoa hartzen dute, bai eta esparru horretan merkataritza, turismoa eta industria sortzaileak bezalako sektoreetan negozio-aukerak detektatzeko konpromisoa ere.
Basque Circular Hub-en funtzioen artean azpimarratzekoak dira euskal enpresetan ekonomia zirkularreko proiektuak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Zirkularraren Behatokia gisa jardutea, ekonomia zirkularrean prestakuntza aurreratua eskaintzea eta enpresei tresna teknikoak eskaintzea.

Informazio gehiago: http://www.basquecircularhub.eus