-
Hiriaren erronka berriei heltzeko plan estrategiko bat da, zeinak gehien behar duten PERTSONENGAN (45 urtetik gorakoak, gazteak, epe luzeko langabeak, migratzaileak…) eta hiri-ekonomiaren SEKTORE GILTZARRIETAN (hurbileko merkataritza, ostalaritza, auzoak…) jartzen baitu arreta eta SEKTORE ESTRATEGIKOAK eta AUKERAK SORTZEN DITUZTENAK (enplegu kualifikatuagoa, egonkorragoa eta proiekzio handiagokoa sortzeko) bultzatzen baititu, horretarako NEURRI ZEHATZAK diseinatuta. Azken batean, plangintza estrategiko eta operatiboko tresna bat da, hiriaren eta barrutien diagnostiko sakon baten ondoren landutakoa, eta hiriaren neurrira egindako enpleguari, prestakuntzari, ekintzailetzari, gizarteratzeari eta tokiko garapen ekonomikoari buruzko politikak artikulatzen ditu.
-
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak 2026-2030 aldirako plan berriaren ardatzak eta gakoak aurkeztu dituzte, eta 2026ko ekainetik 2027ko ekainera bitartean garatuko diren lehen 39 ekintzak iragarri dituzte. Lehen neurri horietatik gehienak guztiz berriak izango dira, eta 8,4 milioi euroko AURREKONTUA IZANGO DUTE.
Bilbok gaurtik dauka Tokiko Enplegu eta Garapen Plana, 2026-2030 urteetarako prestatutako estrategia integral anbiziotsu bat. Planak kalitatezko enplegua, garapen ekonomikoa eta gizarte-kohesioa sustatzeko hiriaren ibilbide-orri berria definitzen du, eta Bilbok datozen urteotan izango dituen beharretara egokitutako neurri oso zehatzak jasotzen ditu.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak aurkeztu dute gaur plana, zenbait eragile instituzional, ekonomiko, sozial eta prestakuntzakoak bildu dituen analisi- eta lankidetza-prozesu zabal eta konplexu baten emaitza gisa.
Azaldu duten bezala, aurrerantzean, Tokiko Enplegu eta Garapen Planak berak enplegu-politikak diseinatzeko eta gauzatzeko lidergo eta protagonismo eraginkorra emango dio Bilbori, Enpleguaren Euskal Legearekin bat etorriz, eta helburua da aurrera egitea hazkunde inklusiboago, jasangarriago eta etorkizuneko aukerekin lotuago baten aldeko apustua egiten duen hiri-eredu batean. Proiektuaren oinarrian, alkateak esan duen bezala, “izan nahi dugun hiriaren ikuspegi estrategikoarekin konbinatu dira hurbiltasuna eta kudeaketa-gaitasuna”.
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak balioa eman dio Sailak eta Lanbidek Tokiko Enplegu eta Garapen Planen hedapenean trakzioa egiteko jokatzen duten paperari, eta azpimarratu du tresna berri horrek “paradigma-aldaketa bat dakarrela enplegu-politika publikoak diseinatzeko eta garatzeko moduan”. Torresek Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa nabarmendu du, erakundeen arteko lankidetzan, herritarrekiko hurbiltasunean eta lan-merkatuaren aldaketei aurrea hartzean oinarritutako estrategiari dagokionez.
Era berean, azpimarratu du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak teknikoki eta finantza-arloan lagundu diola plan horiek egiteko prozesu osoari. Gogorarazi du lehen fase honetan Lanbidek 19,5 milioi euro inguru mobilizatuko dituela, eta horietatik 6,7 milioi baino gehiago Bilbora bideratuko direla enplegu-politika aktiboak indartzera. “Gure helburua ez da soilik enplegu gehiago egotea, baizik eta enplegu hobea egotea: egonkorragoa, kalitate handiagokoa eta pertsona guztientzako aukera gehiagorekin”, adierazi du.
HIRI-ESTRATEGIA BAT, BI IKUSPEGI:
PERTSONAK ETA SEKTOREAK GILTZARRI
Planak ikuspegi estrategiko argia du: orainaldian jardutea eta etorkizunari aurrea hartzea. Horretarako, lehenik eta behin, gehien behar duten PERTSONAK ETA SEKTOREAK hartuko dira kontuan, eta arreta berezia jarriko zaie laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboei; esaterako, epe luzeko langabeei, 45 urtetik gorakoei, gazteei eta migratzaileei.
Bigarrenik, HIRI-EKONOMIAREN FUNTSEZKO SEKTOREAK indartuko dira, hala nola hurbileko merkataritza, negozio txikiak, ostalaritza edo zerbitzu pertsonalak. Izan ere, funtsezkoak dira tokiko enplegua bultzatzeko eta auzo biziak izateko, eta, gaur egun, erronka handi biri aurre egin behar diete: belaunaldi-erreleborik eza edo kontsumo-ohituren aldaketa.
Eta, hirugarrenik, planak etorkizunera begiratzen du, SEKTORE ESTRATEGIKOAK eta AUKERAK SORTZEN DITUZTENAK bultzatuz (adibidez, zerbitzu aurreratuak, eremu teknologikoak, sormen-industriak edo zaintza-sektorea), ulertzen baita halakoek enplegu kualifikatuagoa, egonkorragoa eta proiekzio handiagokoa sortzen dutela.
Alkateak zehaztu duen bezala, “bi ikuspegi horiek aukera eman dute Bilbok eskatzen duenaren” neurrira sortutako JARDUKETEN PLAN bat egiteko “hiriko eta auzoetako arazoak modu eraginkorragoan eta errealistagoan konpontzeko; bisturiz egindako plangintza bat dela esan zitekeen“.
Jarduketa horiek guztiak 2030era arte pixkanaka hedatuko den estrategia zabalago baten parte dira, eta 8 helburu handitan egituratuta daude: enplegua, prestakuntza, ekintzailetza, belaunaldi-erreleboa, inklusioa, lehiakortasuna, talentua eta gobernantza.
PLANAREN LEHEN 39 EKINTZAK
Proiektua aurkezteko ekitaldia baliatuta, Juan Mari Aburto alkateak eta Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak plana abian jartzeko lehen ekintzak aurreratu dituzte, zeinak 2026ko ekainetik 2027ko ekainera egingo baitira.
39 PROGRAMA ETA ZERBITZU dira, gehienak erabat berriak. Ekintza horien AURREKONTUA 8,4 milioi eurokoa izango da guztira; eta, horietatik, 6,7 milioi euro Lanbidek finantzatuko ditu; 1,4 milioi euro Udalak, eta gainerakoa beste baliabide batzuekin ordainduko da (Europako funtsak, Bizkaiko Foru Aldundia…).
Lehenengo ekimen multzo hori irailetik aurrera jarriko da abian apurka-apurka, eta datorren urteko ekainerako neurri guztiak egongo dira martxan.
Gainera, 39 programa eta zerbitzu horiei Udalak aurreikusi dituen beste ekintza batzuk gehitu behar zaizkie. Ehun ekintza baino gehiago izango dira, eta lehen aipatutako inbertsioa (8,4 milioi euro) 12,7 milioi eurotan jartzea ekarriko dute.
-PROIEKTUAK AUKERATZEA-
Lanbideren finantziazio partziala duten lehen urte honetako 39 ekintzen artean, hauek dira azpimarratzekoak:
1. DIRULAGUNTZAK ETA PIZGARRIAK
Planak zuzeneko laguntza ekonomiko handia emango die enpresei eta pertsonei, kontratazioa, ekintzailetza eta jarduera ekonomikoaren jarraitutasuna bultzatzeko.
Aurrekontua, guztira: 3.404.400 € 603 laguntza eta pizgarritarako.
Kontrataziorako pizgarriak: Enpresei zuzendutako laguntza ekonomikoak dira, eta helburu dute, batetik, langileen kontratazioa sustatzea, bereziki langile gutxi duten edo belaunaldi-erreleboa behar duten sektoreetan, eta, bestetik, enpleguaren kalitatea hobetzea (egonkortasun handiagoa eta baldintza hobeak).
Talentu-txekea: Sektore estrategikoetako enpresei (zerbitzu aurreratuak, zerbitzu digitalak, teknologia) zuzendutako pizgarri berezia, profil kualifikatuak kontratatzea errazteko pentsatua.
Ekintzaileentzako laguntzak: Enpresa-ideia bat garatzen ari diren langabeentzako laguntza ekonomikoa, emakumeentzako, gazteentzako eta 45 urtetik gorakoentzako pizgarri gehigarriekin.
Negozioak transmititzeko laguntza: Enpresen eta saltokien eskualdaketa errazteko laguntzak, lokalak alokatzea edo erostea eta enpresen jarraitutasuna sustatzekoak.
Praktiketarako eta talentua itzularazteko pizgarriak: Praktiketako ikasleak hartzen dituzten enpresei zuzendutako laguntza eta profesional kualifikatuak Bilbora itzularazteko neurriak.
Espezializazio aurreraturako pizgarriak: Bilbon bizi diren gazteentzako laguntza, zeinak helburu baitu prestakuntza aurreratua jasotzeko eta sektore ekonomiko estrategikoetan garapen profesionala izateko aukerak ematea.
2. PRESTAKUNTZARAKO ETA TALENTUA GARATZEKO EKINTZAK
Planak lan-merkatuaren errealitatearekin lotutako prestakuntzaren alde ere egiten du, pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko asmoz.
Aurrekontua, guztira: 737.200 € 1.820 onuradunentzat.
Ekintza batzuk:
Birkualifikazio- eta gaikuntza-programak: Sektore emergenteen edo eskaria duten sektoreen inguruko prestakuntza, gaitasun teknikoak eta zeharkakoak konbinatuta.
Talentuaren garapena: Konpetentziak hobetzeko eta lanpostura egokitzen laguntzeko programak.
Prestakuntza-eskaintzaren mapa: Dagoen eskaintza antolatu eta eguneratzen duen tresna berria, etorkizuneko ikasleek plangintza egin ahal izatea eta ikasketak hasi ahal izatea errazteko.
Interesa sustatzeko programa profesionalak STEMaren eta zerbitzu aurreratuen esparruan. Hirian enplegu- eta garapen-potentzial handiena duten sektoreekiko (adibidez, esparru teknologikoak, zerbitzu aurreratuetakoak eta jarduera emergenteak) interesa pizteko ekimenak, orientazio goiztiarra eskaintzeko etorkizun handiko aukera profesionaletara bideratuta.
Gaztelaniazko alfabetatzea: Gaztelania irakastera bideratutako programa, hizkuntza migratzaileak gizarteratzeko eta laneratzeko funtsezko elementua den aldetik.
3. ENPLEGU- ETA LAGUNTZA-ZERBITZUAK
Planak enplegu-zerbitzu publikoak indartuko ditu, ikuspegi hurbil eta pertsonalizatuarekin.
Aurrekontua, guztira: 2.162.535 €, 4.604 pertsonarentzat eta 1.445 enpresako irismenarekin.
Bilboko Informazio eta Bideratze Zerbitzua: Pertsonei eta enpresei enpleguari, prestakuntzari eta enpresa-laguntzako baliabideei buruzko informazio argia, arina eta eskuragarria ematen dien lehen mailako arretako udal-zerbitzua.
Enpresa-prospekzioa: Enpresa-sarean uneko eta etorkizuneko talentu-beharrak aldez aurretik identifikatzea.
Enplegua sustatzeko programa: Udal-sailetan langabeak aldi baterako kontratatzea, pertsona horiek lan-esperientzia har dezaten eta gaitasun profesionalak garatzeko aukera izan dezaten etorkizunean laneratzeko aukerak hobetzeko.
Laguntza indibidualizatua: Enpresei eta langileei laguntzea laneratze egonkorrak eta kalitatezkoak bermatzeko.
Laneratzeko ibilbide integralak: Langabeen enplegagarritasuna hobetzeko asmoz orientazioa, prestakuntza eta laguntza konbinatzen dituzten proiektuak. Bereziki enplegua lortzeko zailtasun edo oztopo handienak dituztenei daude zuzenduta.
Lan-bitartekaritzako zerbitzua: Enpresen eta lana bilatzen duten pertsonen arteko zuzeneko lotura errazten du.
Prestakuntza-eskaintza zerbitzu aurreratuetara egokitzea: Prestakuntza- eta enpresa-eragileen ekosistema antolatzea eta lerrokatzea gobernantza partekatuko eredu bati jarraituz, ezagutza-nitxo eta -profil emergenteak detektatzeko.
4.- EKINTZAILETZA BULTZATZEA
Ekintzailetza planaren palanka handietako bat da, lan-aukera gisa ez ezik, motor ekonomiko gisa ere.
Aurrekontua, guztira: 866.820 €, 887 ekintzaileri laguntza eta aholkularitza emateko.
Enpresak sortzeko ibilbide integralak: Informazio, aholkularitza, prestakuntza eta laguntza pertsonalizatuko zerbitzuen multzoa, ekintzaileei fase guztietan laguntzekoa: ideiatik hasi eta enpresa-proiektua abian jarri arte.
Ekintzailetza-programak sektore estrategikoetan: Bereziki, zerbitzu aurreratuei, STEMari, Silver Economy-ari eta ekonomia sozial eta solidarioari dagokionez.
Ekintzailetzarako sormen- eta berrikuntza-tailerrak: Aukerak identifikatzeko, negozio-ideiak sortzeko eta erronkak irtenbide berritzaile bideragarri bihurtzeko gaitasuna garatzera bideratutako programak.
Ekintzailetza merkataritzan eta auzoetan: Hurbileko jarduera ekonomiko berriak babestea, auzoak dinamizatzeko.
Ekintzailetza-espazioak eta -sareak: komunitatea sortzea, ezagutza trukatzea eta laguntza kolektiboa ematea.
5. ENPRESEI ETA JARDUERA EKONOMIKOARI LAGUNTZEA
Planak enpresa-sarearen lehiakortasuna bultzatuko du, enplegua sortzeko eta hiriaren hazkunde ekonomikorako giltzarri gisa.
Aurrekontua, guztira: 191.576 € 388 enpresari aholkularitza eta laguntza emateko.
Enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako aholkularitza: Enpresen kudeaketaren, giza baliabideen eta antolaketa hobetzearen inguruko prestakuntza.
Merkataritzarako balio erantsiko programak: Sektore tradizionaletan lehiakortasuna hobetzeko programak.
Enpresetan talentua babesteko programak: Enpresei talentu-estrategiak diseinatzen eta garatzen laguntzeko programa, profesionalak erakarri eta fidelizatzea xede duena.
Ekonomia sozialeko enpresa inklusiboaren azoka: Enplegu-azoka honetan, konexioak ezarriko dira Bilboko kolektibo kalteberekin lan egiten duen gizarte-ekosistemaren eta laneratzeko enpresen, ekonomia sozialekoen, enpleguko zentro berezien eta merkatu arruntean lan egiten duten enpresen artean.
6. LURRALDE- ETA SEKTORE-PROGRAMAK
Planak lurralde-dimentsio argia du, eta AUZOETAN ETA FUNTSEZKO SEKTOREETAN jarduten du.
Aurrekontua, guztira: 1.000.000€
Enplegu-proiektu integralak barrutika: Barrutietan egingo diren jarduera espezifikoak, desberdintasunak murriztu eta enplegagarritasuna hobetzekoak, hurbiltasunetik lehentasunezko kolektiboekin esku hartzekoak eta hiriaren orekan laguntzekoak. Diagnostikoaren ondorioz hiriko auzo jakin batzuetan hedatu nahi den programa espezifikoa, zehazki Errekalden, Bilbo Zaharrean, Otxarkoagan, .
ZainSare Bilbao: Zaintzaren sektoreko langileei laguntza, prestakuntza eta orientazioa emateko programa.
-BILBOKO TOKIKO ENPLEGU- ETA GARAPEN-PLANA-
2023ko abenduan onartutako lehenbiziko Enpleguaren Euskal Legearen (15/2023) esparruan sortu da, eta, hari lotuta, Bilboko Udalak eskumen berriak bereganatu ditu, eta funtsezko eragile bihurtuko da enplegu-politikak diseinatu, planifikatu eta gauzatzeko orduan. Horrela, aro eta jarduteko modu berri bati ekin zaio Udalean, eta toki-erakundea enplegua eta ekintzailetza sustatzeko eragile nagusi gisa finkatu da hirian.
Legeak 10.000 biztanletik gorako udalerrietan edota toki-erakundeetan plan horiek egiteko betebeharra jasotzen du, eta Eusko Jaurlaritzak Bilbo hautatu du Euskadiko 11 udalerri pilotuetako bat izateko –horietatik 4 Bizkaian (Barakaldo, Sestao, Durangaldeko Mankomunitatea eta Bilbo)–.
Prozesu horren ondorioz sortu da lehenbiziko Tokiko Enplegu eta Garapen Plana, 2026-2030 aldirako. Plan horretan, herritarren beharretara egokitutako ekintza zehatzak jasotzen dira, eta Bilboko enplegua, ekintzailetza eta garapen ekonomikoa bultzatzeko ildo estrategikoak definitzen dira, ikuspegi zabal, zeharkako eta integratzailetik.
Tokiko Enplegu eta Garapen Plana maila anitzeko GOBERNANTZA PARTEKATUKO EREDU batean oinarritzen da, zeinak erakunde nagusiak biltzen baititu, hala nola Bilboko Udala, Bilbao Ekintza udal-erakundea, Eusko Jaurlaritza eta Lanbide, Bizkaiko Foru Aldundia, eta Bizkaiko ekonomia-, gizarte- eta prestakuntza-eragile guztiak.
Gobernantza Tokiko Enplegu eta Garapen Mahaiaren, talde eragile baten eta gaikako zenbait lantalderen bidez egituratzen da. Sistema horri esker, planaren koordinazioa, jarraipena eta etengabeko ebaluazioa bermatu ahal izango dira, hirian duen benetako eragina ziurtatzeko.
Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluak eta Bilboko Udaleko Gobernu Batzarrak onartu dute Tokiko Enplegu eta Garapen Plana, hura abian jarri aurretik.
HIRIAREN DIAGNOSTIKO SOZIOEKONOMIKOA
Plana egiteko, hiriaren errealitate sozioekonomikoaren eta lan-errealitatearen azterketa zorrotza egin da, oinarri hartuta ikuspegi kuantitatiboa (datu ofizial eta sektorialetan oinarritua) eta kualitatiboa (aipatutako lantaldeen guztien ekarpenetan oinarritua).
DIAGNOSTIKO horri esker, Bilboko eredu sozioekonomiko eta laboralaren indargune nagusiak identifikatu dira, bai eta tokiko enpleguko eta garapeneko estrategia integral batetik jorratu beharreko erronka estruktural eta emergenteak ere.
Indarguneen artean, hauek dira azpimarratzekoak: enpleguaren eta enpresa-establezimenduen kopuruaren bilakaera positiboa; prestakuntza-ekosistema zabala eta finkatua, lanbide-heziketako, unibertsitate mailako eta pareko 70 zentro baino gehiago dituena; zerbitzuen sektore nabarmentzekoa duen ekonomia, zeinean zerbitzu aurreratuekin, merkataritzarekin, turismoarekin eta hiri-ekonomiarekin eta kulturarekin lotutako jarduerek pisu esanguratsua baitute; Bilbo hiri erakargarria izatea jarduera ekonomikorako, talenturako eta inbertsiorako; Udalak gaitasun instituzionala eta gobernantzarako gaitasuna izatea, enpleguko eta garapen ekonomikoko politikak diseinatzen eta hedatzen esperientziarekin.
Erronkak planaren jardunen oinarriak dira hain zuzen, eta, besteak beste, hauek identifikatu dira: kalitatezko enpleguaren sorrera eta mantentzea bultzatzea, epe luzeko langabeengan eta laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonengan arreta berezia jarrita; prestakuntza-eskaintza lan-merkatuaren benetako beharretara egokitzea; biztanleria aktiboaren zahartzeari aurre egitea, beren-beregi bultzatuta enpleguan aktiboki jarraitzea, birkualifikazioa eta belaunaldi-erreleboa; ekintzailetza bultzatzea garapen ekonomikoaren palanka gisa, ekintzailetzaren kultura indartuz eta enpresa-ekimen jasangarrien sorrera eta finkapena babestuz; dauden jarduera ekonomikoen erreleboa eta jarraitutasuna bermatzea, batez ere hurbileko merkataritzan eta zerbitzuetan, ez dezaten itxi ondorengorik ez dutelako; kolektibo kalteberen inklusio soziolaboralean aurrera egitea, inklusiorako ibilbide integralen eta talde bakoitzaren beharretara egokitutako jarduketen bidez; migratzaileen hazkundea lan-merkatuan integratzea, etorkinek gaztetze demografiko eta ekonomikorako faktore gisa duten potentziala aprobetxatuta; lurralde-desberdintasunak murriztea eta auzoetan enplegua indartzea.


































