2022-2023 Enplegu Planek 500 lanpostu baino gehiago sortuko dituzte kolektibo espezifiko batzuei iristeko ekintza berriekin

Urriak 21

  • Bilborako 2022-2023 aldirako Enplegu Planen bitartez, 523 lanpostu sortuko dira. Hori horrela, jarduketa-programa berriak gehitu dira, beste kolektibo batzuengana modu zuzenagoan iristeko.

  • Bost ekintza-ardatz ditu, eta, horrela, oro har langabeentzako baliabideak areagotuko dira, bai eta gazte eta emakumeenak ere. Horretarako, zaurgarritasun-egoera larriagoan edo laneratzeko zailtasun gehiagorekin bizi diren pertsonentzako plan pilotuak landuko dira. Zehazki, 12,4 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua erabiliko da.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburua eta lehendakariordea den Idoia Mendiak 2022-2023 aldirako Bilborako diseinatutako Enplegu Planak aurkeztu dituzte gaur.

Ez da programa berria, eta urtebeteko indarraldia izan ohi du. Programaren lehentasunak, hain zuzen ere, lanpostuak sortzea eta hiriko ekonomia suspertzea dira. Oraingo honetan, hala ere, berritasun garrantzitsuak dituzte hiribildurako prestatutako Enplegu Planek.

Bi ordezkari instituzionalen iritziz, erronka kalitate oneko enplegua aktibatzea da oraindik ere, baina kolektibo oso zehatzetan arreta jarrita, hau da, GAZTEAK, LANGABEAK oro har eta EMAKUMEAK. Bestalde, ekintza zuzenagoak egingo dira, zaurgarritasun-egoera larriagoan dauden eta lanpostu bat eskuratzeko ZAILTASUNAK dituzten pertsonei begira, bai eta tokiko enpresetan kalitate oneko enplegu egonkorra sortzeko ere.

Aldaketa hori egiteko beste arrazoi bat izan da, hain zuzen ere, hobekuntzak ikusi direla langabeziaren datuetan; hau da, aurreko hamarkadan erregistratutakoak baino kopuru txikiagoak dituzte: «Horrenbestez, kolektibo konkretu batzuei hobeto eta modu zuzenagoan helarazi behar dizkiegu baliabideak».

Hori aintzat hartuta, 2022/2023 aldirako planetan 523 enplegu berri eskainiko dira hirian, eta 10,5 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura eskainiko zaie.

Zenbateko horiez gain, gainera, prestakuntzarako eta kontrataziorako zailtasun gehiago dituzten kolektiboentzako programa bereziak gehituko dira, hala nola Otxarkoagako laneratzeko plan pilotua, lehen lan-esperientzia sustatzeko egiten ari diren beste proiektu bat edo Plan Bereziak direlakoak. 500 pertsona ingururentzako pentsatu dira, eta prestakuntza barne hartuko da horietan, gero enplegua bilatu ahal izateko. Guztira, bost jarduketa-ARDATZ izango dituzte, batzuk dagoeneko existitzen ziren, baina aldaketak egin dizkiete, eta beste batzuk, aldiz, erabat berriak dira. Guztira, 12,4 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango dute.

Juan Mari Aburto alkatearen iritziz, “Gure betiko enplegu-planak aldatzen eta zabaltzen joan gara, eta ekintza-berriak gehitu ditugu prestakuntza eta laguntzaren bitartez, batik bat, kolektibo oso zehatz eta espezifikoengana iristeko. Lortzen goazen emaitzen arabera aplikatzen ditugu aldaketak, bai eta lan-merkatuak unean-unean eskaintzen duen egoera aztertuz eta horretan arreta jarriz ere». Zehaztu dute: Behatze-prozesu horri esker, gazteei, emakumeei eta oro har langabeei erabat zuzenduta dauden programak prestatu ditugu Lanbiderekin, bai eta zaurgarriagoak diren pertsonentzako programak ere, betiere, egoeraren araberako planak eskainiz”.

Idoia Mendia, lehendakariordearen ustetan, enplegu-politika aktiboen berrikuntza funtsezkoa izaten ari da eredu berrirako, hain zuzen ere, maila instituzional guztien lankidetzarekin eta inplikazioarekin lantzen ari garena. Horren adierazgarri da Bilboko eta Euskadiko langabeen kopurua murriztu izana garai hauetan bizi ditugun zailtasunak zailtasun. “Datuek erakutsi digute politika berriei esker erronka guztiei aurre egiteko gai izaten ari garela. Aurreratu diezazueket nire Sailak baliabide gehiago izango dituela arretaz aztertu dugun arrakasta-bidea sendotzeko, hau da, hedatu ditugun proiektu berritzaileen bidea eta Europatik, Espainiako Gobernutik, aldundietatik eta udaletatik iristen zaizkigun neurriekiko lankidetza eta osagarritasunaren bidea. Aurrerapen ekonomikoaren eta kohesio sozialaren bide hori sakondu nahi duten alderdiek gure atea zabalik izango dute”, adierazi du Eusko Jaurlaritzaren hurrengo aurrekontuak onartzeari dagokionez.

2022/2023KO BOST ARDATZAK: kontu garrantzitsu eta aldaketa batzuk

1.- ENPLEGU PLAN ARRUNTA

Dagoeneko existitzen den ekintza bat da, eta kontratazioak bi bidetatik sustatzen ditu:

  • Udalak berak bultzatuta, tokiko arloetan erabilgarriak edo interesgarriak diren jardueretarako.
  • Eta hiriko enpresa pribatuei kontratatzeko laguntzak eskainita.

Kasu bietan, parte-hartzaileek lan-eskatzaile orokor gisa egon behar dute izena emanda Lanbiden, aurreko edizioetan aintzat hartzen zen betekizun esklusibo hau bete beharrik gabe: diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzea edo iraupen luzeko langabeak izatea. Bilboko biztanleak izan beharko dira, eta, gutxienez, kontratatutako pertsonen %55 izango dira emakumeak.

Bilboko Udalak egiten dituen kontratazio zuzenen kasuan, kontratuek sei hilabeteko iraupena izango dute, eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen gauzatu beharko dira.

Askotariko udal-proiektuei daude zuzenduta kontratazioak:

  • Udal-bulegoak zaharberritzea eta egokitzea, udalerriko auzoak dinamizatzeko hiri-eraikinak eta -instalazioak birgaitzeko, hau da, hiriaren garapen ekonomikoa ekarriko duten horiek espazio atseginagoak izan daitezen.
  • Kultura arteko hiri inklusibo baten alde lan egitea, gizarte-kohesioa eta auzokideen bizikidetza sustatzeko.
  • Zerbitzuak digitalizatzea eta sareak zein marketina bultzatzea informazioa hobeto komunikatzeko eta udal-zerbitzuak digitalizatzeko orduan aurrera egiteko.
  • Udal- eta hiri-zerbitzuak hobetzea udal-zerbitzuen kalitatea hobetzeko jarduketak diseinatzeko eta garatzeko, bai eta udalaren higiezin-ondarea berrikusteko eta sailkatzeko ere.
  • Hiriaren kultura bultzatzea eta garapen jasangarria bermatzea hiri osasungarri, jasangarri eta kultural baten alde.
  • Enplegu-planak eta -programak, enpleguari buruzko ekintza zuzeneko planak eta programak garatzen laguntzeko eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko, batez ere lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituztenen kasuetan.

Enpresa pribatuen kasuan, halaber, erakundeen laguntza handituko da; izan ere, kontratazioak orain mugagabeak izan beharko dira, kalitate oneko enplegu egonkorra sortzea sustatzeko estrategia gisa. Lantokia eta jarduera ekonomikoa Bilbon duten tokiko enpresetarako kontratazio-laguntzak dira.

Kontratu mugagabeak lagunduko dira diruz, lanaldi osokoak edo partzialekoak, eta gutxieneko %50eko lanaldiarekin. Bestalde, kontratazioen bitartez, enplegu garbia sortu beharko da enpresan aurreko sei hilabeteetan zegoen batez besteko plantillari dagokionez. Kontratatutako pertsonak langabezia egoeran egon beharko dira, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egon, kontratua hasi aurreko egunean.

Laguntza hau lortu nahi duten enpresa pribatuek bi motatako laguntzak jasotzeko aukera izango dute:

10.000 euroko dirulaguntza arduraldi osoko lan-kontratu bakoitzagatik (orain arte 9.000 euro ziren), baldin eta kontratatutako pertsona kolektibo hauetakoren bateko kide baldin bada:

  • Diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradunak edo titularrak
  • 35 urte baino gutxiagokoak
  • Iraupen luzeko langabeak
  • Bilbon bizi diren 55 urtetik gorako pertsonak

Dirulaguntzaren azken kopuruak ezin izango du urteko ordainsari-kostuen %100 gainditu, Gizarte Segurantzaren kotizazioa barne hartuta. Bestalde, dirulaguntzaren zenbateko guztiak %10 gehiago handituko dira, baldin eta emakumeak kontratatzen badira.

8.000 euroko dirulaguntza (orain arte 6.000 euro ziren) arduraldi osoko lan-kontratu bakoitzagatik, baldin eta aurretik aipatutako eskakizunak betetzen ez badira.

Kasu honetan, dirulaguntzaren azken kopuruak ezin izango du urteko ordainsari-kostuen %75 gainditu, Gizarte Segurantzaren kotizazioa barne hartuta.

2.- GAZTEEN ENPLEGU-PLANA

Bilbon gazteen langabezia era espezifikoago baten jorratzeko eta kolektiboaren enplegagarritasuna hobetzeko, “2022-2023ko Bilboko Enplegu Plan” honetan 1.153.124,52 euroan handitu da lerro horretarako erabiliko den aurrekontu-partida. Hori horrela, 4.722.411,46 euroko inbertsioa egingo da, iaz egindako 3.569.286,94 euroen aldean. (Eusko Jaurlaritzak/Lanbidek emandako 4.159.574 euro eta Bilboko Udalaren 562.837 euro).

Bosgarren urtez jarraian jarri da abian Gazteen Enplegu Plan hau. Langabezian, erdi-mailako edo goi-mailako titulazio akademikoa duten eta Bilbon bizi diren 30 urtetik beherako gazteentzako plana da.

Parte hartu nahi duten pertsonek Lanbiden eta Gazteentzako Berme Sisteman izena emanda egon beharko dute, haien enplegagarritasuna errazteko neurri gisa, lanbide-esperientzia eskuratuz.

Gaur aurkeztutako Gazteen Enplegu Planak 117 lanpostu sortuko ditu (aurreko ekitaldian sortutako 89 lanpostuekin alderatuta, 12 hilabeteko kontratazioen bidez, lanaldi osoan, toki-eremutik sustatuta, eta Bilboko Udalak, udal-arloek nahiz -erakundeek zuzenean egingo dituzte kontratuak.

  • Kontratazio guztiak 2022ko azaroaren 30a baino lehen hasi beharko dira, eta ezin izango dira deialdi honetan sartu aurreko edizioetako Bilboko enplegu-planen batean parte hartu duten pertsonek.

Gazteen Enplegu Planak askotariko lanbide-profilak dituzten gazteak kontratatzea aurreikusten du, besteak beste, alor hauetan prestakuntza dutenak: administrazioa; teknologia berriak; proiektuen kudeaketa; komunikazioa; giza baliabideak; web-proiektuak; arlo juridikoa; arkitektura; ingeniaritza; ekonomia; hezkuntza; kultura-programazioa; turismo-sustapena; diseinua; marketina; hirigintza; ingurumena eta gizarte-lana.

Halaber, hiriko beste proiektu batzuei esleitutako kontratazioak egingo dira, besteak beste, Europako proiektuetarako bitartekaritza-lana eta kudeaketa, berdintasun-programak kudeatzea, energia birgaitzea, hiri-plangintza eguneratzea, osasun komunitarioko programak, udal-aparkalekuak kontserbatzea, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren jarraipena eta merkataritza dinamizatzeko kanpainak.

  • Enplegu Plan Arruntean bezala, eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez zuzenean kudeatuko dira, eta handik hautagaitzak Bilbao Ekintza udal-sozietatera bideratuko dira.

3.- GIZARTERATZEKO ETA LANERATZEKO PROIEKTU PILOTUA

Iraupen luzeko langabeak diren eta diru-sarrerak bermatzeko errenta edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen duten pertsonentzako enplegurako eta prestakuntzarako programa bat da. Otxarkoagan aplikatuko da.

Berrogei parte-hartzaileri dago zuzenduta, eta bi hilabeteko prestakuntza eta 10 hilabeteko lan-kontratua eskuratuko dituzte, bai eta enplegua bilatzeko laguntza eta orientabideak ere. Berrogei pertsona horiek une honetan ari dira prestakuntza jasotzen, eta lan-kontratua sinatu ondoren, Otxarkoagako auzoan garatuko diren bi proiektu hauetako batean egingo dute lan:

  • Arrakala digitalarekin amaitzea: administrazio publikoan zereginak bide elektronikoaren bitartez egiteko laguntzarekin zerikusia duten jarduerak gauzatuko dituzte, bai eta eguneroko bizitzako jardueretarako gaitasunak eskuratzeko ere.
  • Energia-eraginkortasuna: kontratazioan laguntzea dakar, bai eta energia-hornidurak hobetzea eta baldintzak aztertzea ere.

Era horretan, helburu bikoitza lortu nahi da, alde batetik, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetu prestakuntza eta lan-esperientziaren bitartez eta, beste alde batetik, komunitatea hobetzen lagundu zaurgarritasun-egoerak ekar ditzaketen esparru eta espazioetan.

4.- LEHENENGO LAN-ESPERIENTZIA

Programa berri bat da hori ere, eta prestatzen ari dira. Kontratazioak sustatuko ditu tokiko eremutik eta udalak, udal-arloek eta udal-entitateek zuzenean eginda. 30 urtetik beherako gazteei daude zuzenduta, eta unibertsitate-titulazioa edo erdi-mailako edo goi-mailako lanbide heziketako gradua izan beharko dute, baina amaitu dutenetik hiru urte igaro ez bada.

5.- PRESTAKUNTZA ETA ENPLEGUKO PLAN BEREZI BERRIAK

Lanbideren behin betiko ebazpena emateke dago oraindik, baina 33 prestakuntza-proiektu garatuko dira enplegua eskuratzeko edo mantentzeko zailtasunak dituzten langabeentzat. Bestalde, lehentasuna izango dute gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden hiri osoko pertsonek, batik bat, auzorik behartsuenetakoek. Hori horrela, 500 pertsona inguru iristea da asmoa.

  • Guzti-guztietan lehenetsiko da emakumeak kontratatzea. Era berean, programa guztiak osatzeko, laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza-ekintzak eskainiko dira.

PLANAK ZENBAKIETAN: daturik garrantzitsuenak

Lehen aipatu bezala, guztira, 523 enplegu eskainiko dira.

Zenbateko horretatik, 366 ENPLEGU PLAN ARRUNTEKOAK dira, eta:

  • 136 pertsona onura edo interes publikoko jardueretarako izango dira udal-esparrutik kontratatuak, udalaren, udaleko arloen edo entitateen bitartez.
  • 230 pertsona enpresa pribatuek kontratatuko dituzte, Eusko Jaurlaritzak/Lanbidek eta udalak ematen dituzten dirulaguntzen bitartez.

GAZTEEN ENPLEGU PLANEAN, oraingoan, 117 kontratu zuzen gauzatuko dituzte udalak, arloek eta udal-entitateek, urtebetekoak denak.

GIZARTERATZEKO ETA LANERATZEKO PROIEKTU PILOTUA. Ezarri berri den programa honetan, 40 pertsona kontratatuko dira, eta prestakuntza jasoko dute bi hilabetez. Gainera, beste 10 hilabeteko kontratua egingo zaie.

ENPLEGU PLANA: PARTE-HARTZAILEEK OSO ONDO BALORATUTAKO ESPERIENTZIA

Bilboko 2021eko Enplegu Planetan parte hartu duten pertsonen %92,6 pozik dago esperientziarekin. Nagusiki, eskuratutako lan-eskarmentua nabarmentzen dute (%90), bai eta itxaropenak bete izanaren maila (%91) eta barneratutako ezagutza eta gaitasun profesionalak ere (%86,1).

Bestalde, parte-hartzaileen %97,2k berriz ere parte hartuko luke, eta %100ak gomendatuko lieke parte-hartzea beste pertsona batzuei.

Era berean, Bilboko Enplegu Planaren esparruan pertsonak kontratatu dituzten enpresen %100ek beste enpresa batzuei programan parte hartzea gomendatuko lieke eta berriz ere eskatuko lituzke horrelako laguntzak, enpresarako onuragarritzat jotzen baitute kontratatzeko laguntzen programa batean parte hartzea. Batik bat, honako hauek nabarmendu dituzte: programaren ekarpena (%99,2), langileekin duten asebetetze-maila (%98,5) eta itxaropenen betetze-maila (%99,3).

Enpresa eta entitate parte-hartzaileek, halaber, modu oso positiboan baloratu dute laguntzak kudeatzeko orduan jaso duten arreta, Bilbao Ekintza udal-sozietatearekin programaren esparruan izan duten harremana, jasotako informazioa eta deialdiaren testuinguruan izandako komunikazio ona.

AZKEN URTEETAKO ENPLEGUKO DATURIK ONENAK

2022-2023ko Enplegu Planaren berritasunen bitartez, kolektibo espezifiko batzuen enplegagarritasuna hobetu nahi da, eta kalitate oneko enpleguak egonkortu, enplegua sortzeari dagokionez dagoen joera positiboaren gaur egungo testuinguruari erantzute aldera. Hain zuzen ere, azken hamarkadako enplegu-daturik onenak erregistratu ditu Bilbok, bai langabezia-tasari dagokionez, bai Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez.

Eustatek 2022ko bigarren hiruhilekoan argitaratu zuen Biztanleria Jardueraren (BJA) Inkestaren arabera, %9,6ko langabezia-tasa erregistratu zen Bilbon, azken hamarkadako tasarik baxuena. Horrez gain, azken urtean ehuneko %3,1eko beherakada egon da (2021. urtean %12,7ko langabezia zegoen Bilbon).

Joera positibo hori, halaber, Gizarte Segurantzaren afiliazio-datuetan ere islatzen da. Irailean, 181.637 pertsona afiliatu zeuden Bilbon, hau da, 2021ean (179.776) baino 2.000 alta gehiago, gutxi gorabehera.