Hiriaren lehiakortasun-erronkei heltzeko ‘Bilbao Zerbitzu Aurreratuak’ lankidetza-foro berria aurkezteko ekitaldia

Ekainak 27

  • Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, zuzendu du gaur ‘Bilbao Zerbitzu Aurreratuak’ foroaren aurkezpena. Gobernantza kolaboratiboko proiektu berritzaile horren lehen ekitaldi publikoa izan da, zeinaren helburua baita Bilboko enpresa-sarearen lehiakortasuna bultzatzea eta erronka konplexuei heltzea. Besteak beste, talentua erakartzea, industria sarearekin konektatzea edo irtenbide berriak garatzeko eta esperimentatzeko hiri-espazioak izateko beharra.

  • Zerbitzu aurreratuetako enpresek (aholkularitzak, ingeniaritzak…) hiriaren ekonomiarako esparru estrategiko bat osatzen dute; beste erakunde edo enpresa batzuei zerbitzuak eskaintzen dizkiete, kualifikazio handiko profesionalak baitituzte, eta, beraz, kalitatezko enplegua sortzen dute.

  • Bilbori dagokionez, aukera- eta etorkizun-hobi garrantzitsua da, eta Euskadi osoko enplegu guztiaren % 28 biltzen du. “Proiektu honen bidez, Bilbok zerbitzu aurreratuen garapena bultzatzen duen hiri gisa duen posizioa berretsi dugu, eremu hori hazkunde ekonomikoaren eta kalitatezko enplegua sortzearen eragile nagusietako bat baita”, esan du alkateak.

  • 50 eragile publiko eta pribaturen ordezkariak, azken hilabeteetan foro horren oinarriak lau lan-eremutan ezarri dituztenak, gaur bildu dira lehen aldiz ekitaldi publiko honetan, beren aurrerapenak bateratzeko.

Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok,  zuzendu du ‘Bilbao Zerbitzu Aurreratuak’ foroaren lehen topaketaElkarlaneko gobernantza proiektua da, Bilboko Udalak sustatua, eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza harremanen eredu berri bat du oinarri, Bilboko zerbitzu aurreratuen lehiakortasuna bultzatzeko.

‘Bilbao Zerbitzu Aurreratuak’ politika publikoa egiteko modu berritzailea da. Bilboko, Bizkaiko eta Euskadiko 50 gizarte-, ekonomia- eta hezkuntza-eragileren arteko lankidetzan eta erantzunkidetasunean oinarrituta dago, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, kluster elkarteak, zentro teknologikoak, hezkuntza-sektoreko erakundeak, enpresak eta funtsezko beste eragile batzuk.

“Zerbitzu aurreratuen lehiakortasuna sustatzeak erronka konplexuei aurre egiteko beharra dakar, hala nola talenturik eza, industria-sarearekiko lotura edo zerbitzu aurreratuek eskaintzen dituzten soluzioak esperimentatzeko eta garatzeko hiri-espazioak izateko beharra”, esan du Bilboko alkateak Zabalgune eraikinean egindako ekitaldian. “Bilbok, foro honen bidez, zerbitzu aurreratuen garapena bultzatzen duen hiri gisa daukan posizioa berretsi du; esparru hori hazkunde ekonomikoaren eragile nagusietako bat da eta kalitatezko enplegua sortzen du”.

Bilbao Ekintzaren bidez eta Orkestrarekin (Lehiakortasunerako Euskal Institutua) lankidetzan, Bilboko Udalak honako foro hau sortzeko egin duen apustu estrategikoak, gainera, hiri-lehiakortasunaren politikaren aitzindari bihurtu du hiria. “Udalean argi daukagu zerbitzu aurreratuen eremuko espezializazioak industria sektorearen lehiakortasuna indartzen duela eta ekonomia dinamizatzen duela, ez bakarrik Bilbokoa, baita Bizkaikoa eta Euskadikoa ere”, nabarmendu du Aburtok ‘Bilbao Zerbitzu Aurreratuak’ foroaren aurkezpenean.

Horren ildotik, erronka konplexuei aurre egiteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du alkateak: “Elkarlaneko prozesuek konplexuak diruditen arren, Bilbok gero eta lehiakorragoa eta aldakorragoa den mundu honetan dituen erronkei aurre egiteko biderik eraginkorrena direlakoan gaude. ‘Bilbao Zerbitzu Aurreratuak’ etorkizun lehiakor, barneratzaile, parte-hartzaile eta kolaboratiborako bidea da. Zerbitzu aurreratuek planteatzen dituzten erronketan ekintza indibidualak ez du emaitzarik lortzen; lankidetzak ahalbidetuko digu modu eraginkorrean ekitea”.

LAU LAN-EREMU

‘Bilbao Zerbitzu Aurreratuak’ foroaren helburu nagusia lortzeko, foroa osatzen duten 50 eragileetako aurkezleek lau lan-eremutan banatuta lan egin dute hilabeteetan, eta, horrela, Bilbon zerbitzu aurreratuen lehiakortasuna bultzatzeko helburu orokorrean lagundu dute. Lau lan-eremu, ostiral honetan lehen aldiz beren aurrerapenak partekatu dituztenak.

Hauek dira lau eremuen lan-ildo eta helburu nagusiak:

1-. Industriaren eta zerbitzu aurreratuen arteko lotura:

Bilboko zerbitzu aurreratuen eta Bilboko, Bizkaiko eta Euskadiko industria-sarearen arteko lotura bultzatzea, uste baita industriarekiko lotura funtsezkoa dela zerbitzu aurreratuen garapen lehiakorrerako. Konexio hori, gainera, lehiakortasun-faktoreetako bat da Euskadi bezalako manufaktura-lurraldeetarako, bertan industria-sarea gero eta gehiago baitago espezializazio handiko hornitzaileek emandako ezagutzen mende.

2-. Bilbo Hiri-laborategia:

Hirian proba-ingurune bat diseinatzea eta abiaraztea, enpresen lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzen lagun dezan, baita herritarren bizi-kalitatea hobetzeko ere. Hiri-laborategi batek aukera ematen du berrikuntza-proiektuak ingurune eta ekitaldi errealetan probatzeko, eta, horrela, merkaturatu nahi den horrek benetan funtzionatzen duen baliozkotzeko eta jakiteko. Horrela, zerbitzu aurreratuen sektoreko enpresen ideiek eta proiektuek aurrera egin dezaten laguntzen da, hiriko benetako arazoak konpontzeko.

3-. Enplegua eta zerbitzu aurreratuak:

2025-2027 aldirako zerbitzu aurreratuen esparruan enplegu estrategia bat elkarrekin definitzea, Bilbo kalitatezko enplegu hub gisa posizionatzen laguntzeko. Posizionamendu horrek enplegagarritasuna handituko luke, eta enpresa berriak eta autoenplegua sortuko lituzke zerbitzu aurreratuetan.

4-. Zorrotzaurreko Berrikuntzako Hiri Barrutia:

Zorrotzaurren dauden ekonomia- eta ezagutza-eragileekin ekosistema bat sortzea lankidetza proiektuak garatzeko. Proiektu horiei esker, uhartea zerbitzu aurreratuen eremuan kokatu ahal izango litzateke, eta horrek eragileen arteko harremanak eta interkonexioak erraztuko lituzke.

‘BILBAO ZERBITZU AURRERATUAK’ FOROAN PARTE HARTU DUTEN ERAGILEAK

-BEAZ (Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saila)

-Bizkaia Talent (Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saila)

-Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila.

-Invest in Biscay

-Lanbide (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetza)

-IVAF (Eraldaketa Digitaleko eta Ikaskuntza Aurreratuetako Zuzendaritza)

-Tknika (Eraldaketa Digitaleko eta Ikaskuntza Aurreratuetako Zuzendaritza)

-Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntza Sailburuordetza

-Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Politikako Sailburuordetza

-Euskadiko Parke Teknologikoa

-SPRI

-Innobasque

-Invest in Basque Country

-EIDE

-GAIA

-ACLIMA

-ACICAE

-AFM

-Build:Inn

-Mugikortasun eta Logistika Klusterra, MLC ITS Euskadi

-Tecnalia

-Vicomtech

-Ikerlan

-Ikerbasque

-AI Power

-Batura

-Ekoiure

-Idom

-Zorraquino

-B+I

-Ayesa

-Accenture

-Open Maker gunea (Fab Lab)

-Gestionet

-As Fabrik – MU

-BAIC – Basque Artificial Intelligence Center

-Euskampus

-Orkestra

-BCAM

-Kunsthal

-EHU – Transferentzia eta Berrikuntzaren Zuzendaritza

-Digipen

-Deustuko Unibertsitatea

-Somorrostro FP Zentroa

-Elorrieta Erreka-Mari LHII

-Txurdinaga LHII

-Peñascal Fundazioa

-BBK Fundazioa

-Bilbao Ekintza

-BilbaoTik

ZERBITZU AURRERATUAK, DATUETAN

‘Bilbao Zerbitzu Aurreratuak’ proiektuan, zerbitzu aurreratutzat jo dira honako jarduera-adar hauetako enpresak, hiru motatakoak direnak:

  • Zerbitzu profesional aurreratuak: jarduera juridikoak eta kontabilitatekoak; eta egoitza nagusien eta enpresa-kudeaketako aholkularitzaren jarduerak.
  • Zerbitzu-teknologiko aurreratuak: Programazioa, aholkularitza eta informatikarekin lotutako beste jarduera batzuk; arkitekturako eta ingeniaritzako zerbitzu-teknikoak; saiakuntza eta analisi-teknikoak; ikerketa eta garapena.
  • Sormen-zerbitzu aurreratuak: publizitatea eta merkatu-azterketak; beste jarduera profesional, zientifiko eta tekniko batzuk.

Bilbo nabarmentzen da zerbitzu aurreratuen esparruan duen enplegu eta espezializazioagatik, Euskadiko enplegu guztiaren % 28 biltzen baitu, Eustatek argitaratutako azken datuen arabera. 2024an, Bilbok 10.100 enplegu baino gehiago zituen zerbitzu profesional aurreratuetan (Euskadiko zerbitzu aurreratu mota horretako enplegu guztiaren % 34) eta 11.200 enplegu zerbitzu-teknologiko aurreratuetan (zerbitzu aurreratu mota horretako enplegua % 54 handitu da 2015etik).

SARE SOZIALAK: