2025eko Bilbao BBK Live jaialdiak balantze positiboa izan du eta datorren urteko XX. urteurrena prestatzen ari da

Uztailak 18

  • Bilbao BBK Livek 2025. urteko edizioa itxi berri du, eta datu positiboak eman ditu, bai kontzertuen kalitateagatik, bai berriz ere nazioarteko erreferente bihurtzeagatik, 100 artista baino gehiagoren parte-hartzearekin, bertaratutako publikoagatik eta eragin ekonomikoagatik.

  • Oraingoan, kalkulatzen da inpaktuaren kopurua 23,6 milioi eurotik gorakoa izango dela hirian, 115.000 ikus-entzule baino gehiago izango baititu.

Bilboko Udaleko eta Last Tour enpresa sustatzaileko lantaldeek lehenbiziko balantze bat egin dute uztailaren 10etik 12ra arteko 2025eko edizio honen itxieran erregistratutako datu garrantzitsuenekin. Aurten ere, Bilbao BBK Live erreferente kultural bihurtu da nazioartean. Ehun artistatik gora etorri dira kontzertuak eskaintzera, formatu ezberdin batean, Kobetamendiko naturaren eta hiriaren artean.

Kylie Minogue, Pulp, Damiano David, Bad Gyal, Raye, Carolina Durante, Nathy Peluso, Michael Kiwanuka, Ca7riel y Paco Amoroso eta Kaytranada artistek –batzuk bakarrik aipatzearren– zuzenean jo dute aurtengoan 50 herrialde baino gehiagotako 115.000 lagunetik gora bildu dituen jaialdi honetan.

Kopuru handietan eta jatorriaren arabera, % 17 atzerritik dator, batez ere Erresuma Batutik, Frantziatik, Italiatik eta Portugaletik. Beste % 42 bertoko publikoa da, hau da, Bilbokoa eta Euskadiko gainerako tokietakoa. Estatutik datozen pertsonen artean (% 41), jatorri ohikoenak Madrilgo Erkidegoa, Katalunia, Valentziako Erkidegoa eta Kantabria dira.

Adin-tartea zabaldu egin da, jaialdia adin guztietako ikus-entzuleentzat dela berretsiz.  Alde horretatik, nabarmentzekoa da publiko gazteenaren gorakada: orain % 43 dira 18 eta 30 urte bitartekoak (iaz % 28 izan ziren adin-tarte horretakoak); % 31k, berriz, 31 eta 40 urte artean dituzte; % 18k, 41 eta 50 urte artean, eta % 8k, 50 urtetik gora.

Besteak beste, adierazi behar da antolaketan 3.500 profesional inguruk parte hartu dutela logistika, hornidura, zerbitzu, argiztapen, soinu, ikus-entzunezko, segurtasun edo catering lanetan, eta Bilboko eta Bizkaiko hornitzaileei eman zaiela lehentasuna.

Inpaktu ekonomikoari dagokionez, lehen zifra gisa kalkulatzen da 23,6 milioi euro baino gehiago izango direla. Inpaktua bereziki ostalaritzan, merkataritzan eta ostatuetan nabarituko da.  Azken horiek berriz ere hotel-okupazioaren % 90 gainditu dute Jaialdiaren hiru egunetan.

Bilbao BBK Liveren beste bereizgarrietako bat jasangarritasunaren arloan izan duen bide progresiboa da, edizio bakoitzean ingurumen-inpaktua murriztu eta gizartean, kulturan eta ekonomian duen eragin positiboa biderkatu nahian. Aurten, BALORE espazioa sendotu da, hots, jaialdiak pertsonekin, lurraldearekin, aniztasunarekin eta planetarekin duen konpromisoa ikusarazten duen topagunea. Antolatzaileentzat, “entzun, ikasi eta hitz egin nahi da, musikak hizkuntza unibertsal gisa daukan ahalmen eraldatzailea aitortuz”.

Bai Bilboko Udalarentzat, bai Last Tour-en antolakuntzarentzat, lehentasunezko helburua jaialdiaren kalitatea hobetzen jarraitzea da, bai kontzertuen eta parte hartzen duten artisten aldetik, bai bertaratzen diren ikus-entzuleen gozamenaren aldetik. Azpimarratu behar da ez dela gorabeherarik erregistratu.

Bilbao BBK Live uztailean egiten da urtero, eta ekitaldi garrantzitsuenetako bat da, estatuko eta nazioarteko musika-hitzordu aipagarrienetako bat. Dagoeneko edizio berria prestatzen ari dira, hogeigarrena, eta berezia izatea espero da.

SARE SOZIALAK: