Munduko Ekintzailetza eta Berrikuntza zentrorik konektatuena izango da BAT, eta irailean irekiko ditu ateak Torre Bizkaian

Urtarrila 17

  • Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak proiektuaren xehetasunak aurkeztu dituzte PwC-rekin batera; izan ere, azken horrek zentroa kudeatuko du Talent Garden-ekin eta Impact Hub-ekin batera.

  • B Accelerator Tower (BAT) nazioarteko 140 nodo baino gehiagorekin konektatuta egongo da eta startup, enpresa, inbertitzaile eta partner teknologikoen komunitate handia sortuko du.

  • Hogeita hamar enpresa eta erakundek baino gehiagok baieztatu dute zentroarekin bat egiten dutela, eta laguntza publiko guztiak bideratuko dituzte, startupak bizkortzeko eta soluzio teknologiko berriak garatzeko espezializazio-maila handia duten programa eta zerbitzuak eta guzti.

Nazioarteko 140 nodo baino gehiagotarako sarbidearekin BAT, B Accelerator Tower, munduko ekintzailetza eta berrikuntza zentrorik konektatuena izango da irailean Bizkaia Dorrean ateak irekitzen dituenean. Unai Rementeria, Bizkaiko ahaldun nagusiak, Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak eta Estíbaliz Hernáez, Eusko Jaurlaritzako Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea aurkeztu dute gaur proiektua, eta zentroaren izena eta irudia azaldu dute Gonzalo Sánchez, PwC enpresako presidentearekin eta Irene Boni, Talent Gardeneko zuzendari nagusiarekin batera.

Nazioarteko konexioa BATren faktore bereizgarrietako bat da, eta hori posible eta egingarria da PwCk sortutako aliantzari esker, zentroa Talent Gardenekin eta Impact Hubekin batera jarduteko. Elkarrekin esperientzia zabala dute berrikuntzako enpresa-proiektuen azelerazioan eta inkubazioan, eta 140 zentro baino gehiago dituzte mundu osoan zehar: Shangai, Singapore, Tokio, Boston, New York, Sao Paulo, Dublin edo Tallin-en.

Konektagarritasunaz eta irismen globalaz gain, BATek foku sektoriala berrikuntza teknologikoan eta negozio-eredu jasangarrienetan intentsiboagoak diren proiektuetan jartzeagatik bereizten da, baita agente osagarrien tipologia desberdinen kontzentrazioan eta eragile bakoitzarentzat balio erantsiko zerbitzuen zorro baten eskuragarritasunean ere,

mundu pribatuko adituen eskutik eta laguntza publiko handienarekin, proiektu berritzaileak abian jartzen eta inbertitzen laguntzen duten laguntzen eta politiken programen bidez.

Horri esker, korporazioak talentutik eta startup espezializatuetatik hurbilago egongo dira, beren erronkei erantzun ahal izateko. Eta startupek, berriz, beren proiektuak beste maila batera eramateko behar dituzten aliantza giltzarriak aurkituko dituzte: inbertitzaileak, proiektu pilotuak aurrera eramateko korporazioak eta/edo beren esperientziaren osagarri izango diren agente zientifiko-teknologikoak eta prestakuntzakoak.

Komunitateak proiektu berriak eskalatzeko aukera guztiak balia ditzan, zerbitzuen portfolio bat zabalduko da, kideen arteko loturak eta arrakasta bermatzeko behar den laguntza espezializatua errazte aldera. Zerbitzu horien artean honako hauek nabarmentzen dira: startupei aholkularitza ematea eta inbertsioa eta finantzaketa bilatzeko laguntza ematea, azelerazio-programak hedatzea aditu-sare zabal baten laguntzaz, berrikuntza irekiko ereduen pean matchmaking programak abian jartzea, prestakuntza-jarduerak, ekitaldi espezializatuak eta networking-ekoak, edo partnershipak garatzeko potentziala duten startupak nazioartean identifikatzea, zentroak nazioarteko sarean sartzea, etab.

BAT eredua eta ekintzailetza aurreratuaren eta berrikuntzaren aldeko apustua

Nazioarteko ekintzailetza aurreratuaren arloan erabat berria eta berritzailea den ereduari erantzuten dio BATek; bultzada publikotik sortutako zentroa da, eta enpresa pribatuen arteko aliantza batek gidatuko du, enpresa eta berrikuntzaren arloan erreferente baitira.

BAT Bilboko ekonomia eta finantzaren bihotzean dago, Europa hegoaldetik proiektuak garatzeko eta startupak hazteko leku estrategikoan. Euskadik esparru politiko sendoa, fiskalitate propioa eta administrazio proaktiboak ditu eta horregatik nabarmentzen da, aukera ekonomiko, talentu eta inbertsio berriak sortzeko eta erakartzeko orduan.

Argibide gehiago: www.bacceleratortower.com