Apirilak 8
-
Euskal kulturaren hitzordua apirilaren 1etik 4ra egin da, eta programazio erakargarria izan du, kalitatea, dibertsioa eta parte-hartzea konbinatuz.
-
Musika-programazioaren barruan AZn, Areatzan, Bilborock-en eta Kafe Antzokian egin diren kontzertuak Bilbao basque FESTen jaialdiaren zutabe nagusietako bat izan dira.
-
Bilboko Udalak antolatutako jaialdiko jardueretako asko Areatzako kaiaren inguruan egin dira, “Euskal Kulturaren plaza” izenarekin; Herri Kirolak, kontzertuak, gastronomia eta showcookingak eta bestelako jarduerak egin dira eremu horretan.
Bilbao basque FEST jaialdiak Aste Santuan hiria aktibatzeko eta hiriko erreferente kultural nabarmenetako bat izateko gaitasuna duela erakutsi du 2026ko edizioan ere. Bilboko Udalak antolatzen duen jaialdia apirilaren 1etik 4ra egin da eta lau egun horietan bisitariek eta bilbotarrek programazio zabal eta doakoa izan dute. Programazio horrek euskal kulturaren aberastasuna erakutsi du, gaur egungo ikuspegitik begiratuta.
Aurtengo nobedadeetako bat “Euskal Kulturaren plaza” izan da. Areatzako kaian egon da, eta hainbat jarduera egin dira, hala nola parte-hartze bidezko tailerrak, showcookingak eta Herri Kirolen zuzeneko erakustaldiak, publikoari gastronomia, kirola eta euskal musika tradizionala hurbilduz, ikuspegi irisgarri eta esperientzial batetik. Espazio berean era askotako formatuak egiteak jaialdiaren dimentsio soziala indartzen lagundu du, Areatza euskal nortasun kulturalaren ingurune bizi, dinamiko eta adierazgarri bihurtuz.
Elkargune berri horretan 41.000 pertsona baino gehiago bildu dira jaialdiaren hiru jardunaldi nagusietan, eta horrek trakzio-efektu argia eta publikoaren etengabeko fluxua eragin ditu, eta jarduera guztietan parte hartzea erraztu du.
Lehenengo bi egunetako eguraldia gorabehera, ia programazio osoa gauzatu ahal izan da. Eguenean baina, euriaren eraginez bertan behera utzi ziren Urbasa ikuskizuna, txalaparta-tailerra eta arraunketa bateletan.
ERANTZUN BIKAINA MUSIKA-PROGRAMAZIOARI
Jaialdiaren zutabeetako bat musika-programazioa izan da, eta 18.000 pertsona inguru bertaratu dira Azkuna Zentroan, Areatzan –Euskal Kulturaren plaza-, Bilborock-en eta Kafe Antzokian programatutako emanaldietara. Ekitaldi kalitatezkoak eta proposamen sendo eta erakargarriak izan dira, euskal musikaren artista historikoak, proiekzio betean dauden artistak eta bidea egiten hasi diren ahots berriak konbinatu dira, tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko oreka eskainiz.
Azkuna Zentroan, Anje Duhalde eta Niko Etxart euskarazko rockaren bi erreferente aitzindarien emanaldiarekin hasi zen jaialdia, eta haien presentziak dimentsio historikoa eman zion musika programaren hasierari. Gune horretan bertan, Olaia Inziartek zuzeneko emankizun intimo eta zaindua eskaini zuen, non ahotsa, gitarra akustikoa eta teklatuak konbinatu zituen, tradizioaren eta elektronikaren artean dabilen proposamena zabalduz, sentsibilitate garaikide nabarmenarekin. Bestalde, Maren kantariak “Qué lástima” aurkeztu zuen, bere bigarren albuma, bere identitate artistikoa berresten duen heldutasun-lana. Eta horrekin batera, euskarazko abesti berriak ekarri zituen, hala nola “Zure zain” eta “Sekretuek”, izaera pertsonal eta autobiografikoa dutenak.
Areatzan, “Euskal Kulturaren plaza“n egin diren emankizunetan jende piloa bildu da. Neomak taldeak eszenaratze indartsua egin zuen; eguraldi txarra gorabehera, jendearekin konektatzea eta energia mantentzea lortu zuen, eta abestera eta konplizitate kolektiboko giroan parte hartzera gonbidatu zuen. Bestalde, Korrontzik, Agus Barandiaran buru zuela, Areatzako zabalgunea jai-plaza handi bihurtu zuen. Garaiko erromeria, euskal kulturari omenaldia eginez, musikaren, dantzaren eta Herri Kirolen erakusketen bidez. Hogeita hamar bat dantzari ondoan zituela, «Mundua dantzan» nazioarteko bira abiarazi zuen Bilbon. Bira hori 2027ra arte luzatuko da. Agertoki horretako azkena Anne Etchegoyen izan zen eta interpretazio-kalitate handiko kontzertu bat eskaini zuen hizkuntza minoritarioetan edo ez hegemonikoetan oinarritutako ‘KCant à’ proiektuko artistekin batera.
Bilborock talde berrien erakusleiho gisa indartu da, proposamen hauekin: Gar, estiloen fusioa gaur egungo ikuspegi batetik aztertzen duena; Mugan, folkaren eta pop-rockaren arteko soinua; eta Bisai, rock alternatiboari begirada garaikidea ematen diona soinu- eta ikus-lengoaia berrien bidez.
Programa osatzeko, Bilbao FEST Rock City izan dugu Kafe Antzokian. Bertan, punk eta soul arteko estiloak izan dira, Chulería, ¡Joder!, Txarly Usher, John Dealer & ’26; The Coconuts, Mirotz, The Rockabilly Pack, Crazy Jumpers edo The Cherry Boppers & Patricia Reckless bezalako bandekin, jaialdia era askotako publikoei zabalduz.
Agertoki guztietako emanaldiak arrakastatsuak izan dira eta agerian utzi du jendeak interesa duela tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen programazio batekiko, hartara, Bilbo egungo euskal musika-sorkuntzaren erakusleiho kokatuz.
HERRI KIROLAK, JAIALDIAREN IKUR BISUALA
Herri Kirolen erakustaldiak erakargarriak izan dira aurten ere jendearentzat eta 17.300 pertsona bildu dira Areatza inguruan, edizio honetako irudi partekatuenetako batzuk sortuz. Indarra, teknika eta tradizioa uztartzen dituzten probek ikusleen arreta bereganatu dute, eta hainbat modalitate jarraitu ahal izan dituzte: harri-jasotzea, aizkoraz enborrak moztea, ingude-jasotzea… Kirol tradizionalak jaialdiaren elementu ezagunenetako bat dira, bai ikusgarritasunagatik, bai esfortzua, teknika eta ingurunearekiko lotura bezalako balioak transmititzeko gaitasunagatik. Herri kirolen presentziak indartu egin du jaialdiaren nortasuna eta kultura-erakusleiho gisa duen proiekzioa.
FAMILIA GIROKO DIBERTSIOA
Haurrei zuzendutako programazioak harrera bikaina izan du, eta 10.000 pertsonak parte hartu dute jarduera guztietan. Gargantua ospetsua izan da, beste urte batez, gune erakargarrienetako bat, familiek ilara handiak egin baitituzte egun guztietan, haurrak pertsonaia maitagarri horrekin gozatuz eta argazkiak ateraz. Familien beste jarduera gogokoenetako bat itsasadarrean bateletan egindako ibilaldiak izan dira, Bilbo ikuspegi berezi batetik ezagutu ahal izan dutelako. Bestalde, perkusio-tailerrek musika tradizionalaren inguruko esperientzia parte-hartzailea eskaini dute, programazioaren izaera didaktikoa eta irisgarria indartuz. Herri kiroletan parte hartzeko tailerrak eta joko tradizionalak izan dira familien gustuko beste jarduera batzuk.
ERROMERIAK ETA PARTE-HARTZE BIDEZKO KULTURA
Erromeriek leku nabarmena hartu dute Plaza Barriko eta Guggenheim Bilbao Museoko zabalgunea bezalako espazio enblematikoetako programazioan.
Hitzordu horiek balio sinboliko handiko irudiak eman dituzte, eta musika eta dantza tradizionalak espazio publikoa belaunaldi arteko topagune bihurtu dute. Aukera paregabea izan da Ondalan konpartsaren erraldoiez eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren dantza tradizionalez gozatzeko; besteak beste, nortasun-ikur diren adierazpide artistikoak eskaini dizkigute, Kaxarranka dantza, kasu.
Plaza Barrian Aiko Taldeak edo Patxi eta Konpaniak gidatutako erromeriatan giro ona, festa eta publikoaren parte-hartze aktiboa izan dira, eta horrek Bilbao Basque FESTen izaera irekia eta inklusiboa indartzen du.
ASTE SANTU KULTURALA HIRI OSOAN
Bilbao basque FESTen edizio honetan, Udalak benetako Aste Santu kulturala antolatu du. Aste hori hiriko hainbat espaziotara zabaldu da, eta, besteak beste, proposamen hauek gauzatu dira: Gaua film luzearen proiekzioa Zinema atalean eta «Bilboko anfitrioien» bisita antzeztuak. Bisita horiek eszenaratze irudimentsu batekin liluratu dute jendea, umorez eta zorroztasun historikoz kontatuz Bilboren fundazioa eta haren efemeride ezagunenetako batzuk. Proposamen horiei hiriaren museo-eskaintza zabala gehitu behar zaie, jaialdiaren programazioa osatu eta haren dimentsio kulturala indartzen baitu, prozesio tradizionalekin batera.
TURISTEN ARRETA ETA INPAKTUA SARE SOZIALETAN
Plaza Biribileko eta Guggenheim Bilbao Museoko turismo-bulegoek 3.774 bisitari jaso dituzte apirilaren 2tik – Eguen Santua – apirilaren 5era bitartean. Kopuru horretatik, % 49,6 estatukoak izan dira, % 40,41 nazioarteko turistak eta % 9,99 Euskadin bizi direnak.
Autonomia-erkidegoka, Madril izan da kontsulta-kopuru handiena egin duena, eta ondoren Katalunia, Valentzia, Gaztela eta León, Andalucía eta Aragoi. Nazioartean, Frantzia izan da merkatu nagusia, eta, ondoren, Alemania, Italia, Estatu Batuak eta Erresuma Batua.
Jaialdiaren giroak proiekzio handia izan du Bilbao Turismoren sare sozialen profiletan, 562.322 iritzi jaso baitira Instagramen, Facebooken eta X-en; horrek programazioak sortutako interesa eta toki-eremutik harago hedatzeko gaitasuna islatzen du. 2026ko edizioak mobilizazio digitalerako gaitasun bikaina erakutsi du, bai jaialdian, bai aurreko asteetan. Emaitzek erakusten dutenez, sare sozialetako ekitaldirik erakargarrienetako bat da, ikus-entzunezko edukiak, eduki eleanitzak eta zuzenekoak konbinatzen dituelako, eta horrek indartu egiten du Bilbok kulturaren eta jaialdien jomuga gisa duen irudia.
SARE SOZIALAK:
- BILBOKO UDALA: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- BILBAO EKINTZA: YOUTUBE I FACEBOOK | X | INSTAGRAM
- BILBAO TURISMO: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM


