Apirilak 21
-
Euskal kulturaren hitzordu handiak ehun jarduera baino gehiago eskaini ditu apirilaren 16tik 19ra, hogei bat gunetan banaturik. Athletic Cluben garaipena ere gehitu zaio Zinemaldiari.
-
Milaka pertsonak gozatu dute Gourmet Txokoko eskaintza gastronomikoaz, eta leku guztiak beteta eduki dituzte dastatze-saioek eta tailerrek. Herri-kirolen erakustaldiak izan dira aurten ere Bilbao basque FEST jaialdiaren erakargarri nagusietako bat, eta 13.030 pertsona inguru izan dira proba zirraragarri horiek ikusten.
-
Aurten ere erabat bete dira kultura-programazioko ekitaldi klasikoak, hala nola anfitrioien bisita antzeztuak eta Begotxu eta Maitanerekin itsasadarrean itsasontziz egindako ibilaldiak. Bilbao basque FESTek Areatzako kioskoan antolaturiko musika-emanaldiak ere gogotik nabaritu dira, eta 7.000 lagun inguru erakarri dituzte.
Bilbao basque FEST jaialdiak aurten ere erakutsi du gai dela hiria dinamizatzeko, eta agerian geratu da, halaber, erreferentzia nagusia dela Aste Santuko egunak hirian igaro dituzten turisten zein bilbotarren aisialdi-planetarako. Bilboko Udalak antolatutako euskal kulturaren jai handiak harrera bikaina izan du aurten ere.
Guztira ehun jarduera baino gehiago antolatu dira, gehienak doakoak eta publiko guztiarentzat, eta, hala, Bilbao basque FEST jaialdiak Bilboko kaleak animatu eta euskal kulturako tradizioak ezagutarazi ditu. Athleticek ostegunean Rangersen aurka lortutako garaipenak are gehiago lagundu zuen giro itzela sortzen. Zaleek dena eman zuten taldea babesteko, eta zuri-gorriz jantzi zuten hiria. Partidaren aurreko orduetan, milaka lagunek disfrutatu zuten jaialdiko proposamenekin.
Bilbao basque FESTek hiriko jarduera ekonomikoa suspertu du, milaka lagun bildu baititu Bilboko zenbait tokitan, hala nola Zazpikaleetan, Abandon edo Bilbo Zaharrean, besteak beste. Eguraldi ezegonkorra eta tarteetan ekaitz gogorrak izan baditugu ere, jaialdiak programazioaren ia % 100 bete du. Bi jarduera bakarrik geratu dira egin gabe: batetik, ostiralean bertan behera utzitako sokatira-erakustaldia, eta, bestetik, Begotxu eta Maitanerekin itsasadarrean zehar itsasontziz egindako bi ibilaldi.
GOURMET TXOKOA, BILBAO BASQUE FEST JAIALDIAREN ZAPORE GOXOA
Urtero bezala, Gourmet Txokoa izan da jaialdiaren erakargarri nagusietako bat. Guztira 37.984 pertsona inguratu dira Areatzan ipinitako karpa handi horretara. Han, sei euskal eskualde turistikok eta elkartek beren destinoak sustatu dituzte, eta salgai ipini dituzte, halaber, zero kilometroko produkturik onenak. Programatutako dastatze-saioak eta tailerrak izan dira izar nagusiak, eta beteta egon dira egunero. Bisitariek Euskal Herriko zenbait tokitako enogastronomia-produktuak probatu ahal izan dituzte. Hori horrela, Goierri, Gorbeialde, Iparralde, Tolosalde, Uribe eta Arabako Errioxatik etorritako ordezkariek bisitarien eskura ipini dituzte, besteak beste, ama orez eginiko ogia, gazta, txorizoa, txakolina, piperrak, eztia, izozkiak, olioa, euskal pastela, sagardoa, ardoa edo txokolatea.
Sukaldaritza-tailerrek ere harrera ona izan dute, eta toki guztiak bete dira: hegaluze-tostak antxoa marinatuekin, ardi latxa gazta urdinarekin eginiko tostak, antxoaz betetako kuiatxoa, hegaluze-makia edo hegaluzez betetako pikillo piperra egiten ikasi dute, besteak beste.
Bi jarduera horiek guztira 2.800 euro bildu dituzte, eta Bilboko AmiArte elkartearentzat izango dira: espazio horretan, artea eraldaketarako tresna bihurtzen da, eta diziplinarteko sorkuntza artistikoko tailer gisa funtzionatzen du, egoera zailean dauden artisten, profesionalen eta pertsonen arteko topaketa eta lankidetza sustatzeko.
HERRI-KIROLAK, IRUDIRIK FOTOGRAFIATUENA
13.000 pertsona inguru elkartu dira aurten Bilbao basque FEST jaialdiak goizez eta arratsaldez programatutako herri-kirolen modalitateetan. Areatzako kaia aire zabaleko agertoki handi bihurtu da, eta hantxe ikusi ahal izan dira, esate baterako, trontza-norgehiagokak eta ingude, fardel eta harri jasotzeak… Baina baita gehien esperotako lehiaketetako bat ere: Bizkaiko Orga Joko Txapelketa Ofiziala, emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan.
Itxaropen kaleko Frontoi berriak lehenbizikoz hartu du Bilbao basque FESTeko programazioa, eta harrera bikaina izan du. Ikusleek gozatu egin dute, eta bertatik bertara sentitu dute kirol ikusgarri horren emozioa, esku pilota, zesta eta pala modalitateetan, gizonezkoen zein emakumezkoen kategorian. Lehiaketa horietaz gainera, bisitariek gertutik ezagutu dituzte kirol tradizional ikoniko horren historia eta instalazio moderno horiek ere.
PLAZA GUZTIAK BETETA BILBAO BASQUE FEST JAIALDIKO KLASIKOETAN
Euskal kulturaren jaialdiak jada klasiko bihurtu diren pertsonaiak eta jarduerak biltzen ditu eta, urtez urte, publikoaren gustukoenen artean gailendu dira. Hala, 12.000 pertsona baino gehiago murgildu dira hiribilduaren historian, Bilboko Anfitrioien narrazio pintoresko eta dibertigarriaren bidez. Begotxu eta Maitanerekin itsasontziz eginiko ibilaldi antzeztuak ageri dira, halaber, ospe gehieneko proposamenen artean, eta aurten ere leku guztiak bete dituzte. 1.360 lagun dibertitu dira Bilbao Basque Fest Awards 2025 umorezko ikuskizunarekin, itsasadarrean zehar paseatzen ari zirela.
Bilbao basque FEST jaialdiaren familia-programazioak arrakasta handia izan du aurten ere, eta 10.000 pertsona entretenitu dituzte proposamen irudimentsuekin. “Gargantua” izan da haurrei gehien gustatu zaien atrakzioetako bat, eta izan dituzte disfrutatzeko aukera gehiago ere, hala nola Zabalgune Eraikineko antzerki-saioak edo are herri-kiroletako edo pilotako tailerrak.
Arrakasta izan du, era berean, Bilborocken programatutako umorezko antzerkiak, eta leku guztiak beteta egon dira Gurutze Beitia, Salah El Yaakoubi —el Morologuista— eta Mitxel Santamarinaren emanaldi denetan.
ZINEMA atalean —Bilbao basque FESTen beste klasiko handi bat—, Paul Urkijoren Irati filma proiektatu da BBK aretoan.
MUSIKA ETA KULTURA HIRIKO ZENBAIT TXOKOTAN
Aste Santuko bisitarien eta bertakoen aisialdi-planen parte izan dira Bilbao basque FEST jaialdiak musika eta kulturaren alorrean eginiko proposamenak. Guztira 14.000 pertsona inguruk gozatu dute Azkuna Zentroan, Areatzako kioskoan, Kafe Antzokian eta Azkena Aretoan programatutako kontzertuez, baita Marzanako DJekin eta Erreprodukzio Museoan antolaturiko kontzertu poetikoarekin eta JazzOn Aretoko jazz-emanaldiarekin ere.
Horretaz gainera, jende ugari izan zen Azkuna Zentroan, Sensei Music Ensemble, udal txistulari banda, Iñaki Plaza Band eta Iñaki Palaciosen interpretazioekin gozatzeko. Ehunka pertsona inguratu ziren, era berean, Bilbao Basque Fest Rock City emanaldien aurtengo edizioan. Besteak beste, Arnau & The Honky Tonk Losers, Moonshine Wagon, Micky & The Buzz, Solomillo Wellington, The Inciters, The Cherry Boppers, Nat Simons eta Las Furias aritu ziren zuzenean.
Jaialdiaren ekitaldi garrantzitsuenetako bat Agus Barandiaran buru duen Korrontzi euskal folk taldea izan da, zeinak Areatzako kioskoan eman baitu kontzertua. Agertoki horretan bertan izan da OrekaTx taldearen Koklea ikuskizuna, baita Orekꓘa gaueko dantzaldia ere.
Basque Rock zikloak, bestalde, emakumeen presentzia nabarmena izan du, Clara Corral eta Itsaso Gutiérrez Retolazaren emanaldiekin, Azkena aretoan.
Baina musika egunez ere gozatu ahal izan da. Sama Siku Fanfarrearen kalejirak Diputazio eta Ledesma kaleetara eraman du festa. Era berean, Dantza Plazan ekitaldiak zale ugari elkartu ditu Gasaren Plazan, dantza tradizionalen agertoki klasikoan, alegia.
BULTZADA JARDUERA EKONOMIKOARI ETA PROIEKZIOA SARE SOZIALETAN
Bilbao basque FESTen aparteko giroa sare sozialetara ere zabaldu da. Guztira 356.956 inpresio izan ditu Bilbao Turismoaren Instagrameko profilean, eta 278.378 kontutara iritsi da.
Jaialdiak erakargarritasuna ematen dio Bilbori, eta, gainera, jarduera ekonomikoa sortzeko iturria ere bada. Jaialdiaren programazio zabalaren ondorioz, 112 langile kontratatu dira Bilbao basque FEST ekoizteko eta gauzatzeko, eta, horretaz gainera, 150 artista kontratatu dira eta 25 enpresak parte hartu dute
SARE SOZIALAK: