Bilbao Bizkaiak ikus-entzunezkoen industria eta industria horren nazioarteko posizionamendua bultzatzen ditu, Zorrotzako muturrean eta Urduñan egoitzak izango dituen hub batekin

Martxoak 6

  • Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek eta Bilboko alkate Juan Mari Aburtok ikus-entzunezkoen industria sustatzeko estrategia eta sektorearen 2025eko jarduerari buruzko datuak aurkeztu dituzte gaur. Zifrak inoizkorik onenak dira: Bilbao Bizkaia Film Commission-ek lagundutako 219 filmaketa, 1.298 grabazio-egun, 9.878 kontratazio eta 138,11 milioi eurotik gorako eragin ekonomikoa izan dute, eta, 2024/2025aldia batuta 267,5 milioi eurotik gorakoa.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ikus-entzunezko estrategia -lurraldean industria horretako jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzearren- eta 2024ko eta 2025eko jarduerari buruzko datuak – filmaketak, garapen ekonomikoa eta kulturala – aurkeztu dituzte gaur.

Zifra eta emaitza bikainak, sektore horren oinarriak eta garapena ezartzera eta duela hamaika urte Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzu publikoa sortzeko bi erakundeen erabaki estrategikoa berrestera etorri direnak. Tresna horrek, zehaztu duten bezala, “funtsezko zeregina izan du ikus-entzunezkoen sustapena kudeatzen eta bideratzen, ekoizpenak ezartzea erraztu baitu eta sektore horretako destino erakargarri eta lehiakor gisa kokatu baikaitu”.

Horrekin batera, kontuan hartu behar dira beste hainbat ekimen, ikus-entzunezko ekoizpenak sustatzera, filmaketak ekartzera eta ekosistemaren lehiakortasuna indartzera bideratutakoak; horren adibide bat da 2023an onartutako pizgarri fiskalak, ekoizpen enpresei finantzaketa, segurtasun juridiko eta “zero ziurgabetasun” bide berri bat eskaintzen dien tresna.

Jarduera hori guztia eta bi erakundeek Bilbon eta Bizkaian ikus-entzunezkoen industria indartzeko estrategia azaldu dute gaur, topaketa berezi batean. Bertan, sektoreko ordezkariak (ekoizleak…) eta Urduñako alkate Iker Santocildes ere izan dira.

Bizkaiko Ahaldun nagusiak adierazi duenez, “Bizkaia talentua jaio, hazi eta finkatu ahal izateko lekua izatea nahi dugu. Profesionalek beren karrera garatzeko alde egin behar ez duten lurraldea. Zineman eta ikus-entzunezkoetan erreferentziazko lekua izan nahi dugu, ez bakarrik filmatzeko agertoki gisa, baita industria sortzen den espazio gisa ere. Eta industriaz hitz egiten dugunean, enpleguaz ere hitz egiten dugu. Baina ez edozein lanpostu. Pertsonei beren lanetik duintasunez bizitzeko aukera emango dieten aukerak nahi ditugu, ez enplegu prekarioekin. Ikus-entzunezkoa sektore indartsua, profesionalizatua eta egonkortasuna eskaintzeko gai dena izatea ”.

Juan Mari Aburto alkateak aurreratu duenez, “atzera begiratuz gero, egiazta dezakegu denborak arrazoia eman digula industria berri horren aldeko apustuan, posizionamendua eta prestigioa irabazteko ikus-entzunezko ekoizpenaren erreferente gisa. Jakitun ginen lan asko zegoela egiteko, baina anbizioz hasi ginen, gogotsu, eta, batez ere, geure burua entzunarazteko eta aukeratuak izateko bokazioarekin, merkatu konplexu eta gero eta lehiakorrago batean.  Emaitzek ahalegin hori guztia islatzen dute.  Esan dezakegu filmaketa-leku izatetik ikus-entzunezko industria berri baten oinarriak ezartzera igaro garela”.

URTE EZIN HOBEA

2025eko jarduerari buruzko datuak «apartak» dira alkatearen hitzetan. Guztira, Bilbao Bizkaia Film Commission-en laguntzarekin 219 EKOIZPEN filmatu dira, aurreko urtean baino 51 gehiago (orduan 168 izan baitziren), eta 353 proiektu atenditu dira (2024an baino 57 gehiago).

Ekoizpenen zehaztapenak:

23 fikziozko film luze izan dira; 18 film luze dokumental; 13 fikziozko serie; 10 serie dokumental; 42 film labur, 39 telebista-saio; 54 publizitate-iragarki; 12 bideoklip; 6 argazki-saio; eta 2 bideoarte-proiektu.

Lan horiek guztiak egiteko 1.298 FILMAKETA-EGUN behar izan dira; hau da, bost grabazio baino gehiago lanegun bakoitzeko Bizkaiko 79 udalerritan. Alkateak esan duenez, “ikus-entzunezkoen plato handi bat gara, zalantzarik gabe”.

Alde handia dago datu horien eta 2015ean erregistratutakoekin: urte hartan 44 ekoizpen egin eta 87 proiektu atenditu ziren; guztira, 10 urteotan 1.554 filmaketa egin dira (eta beste 2.465 proiektu atenditu).

Bizkaiko ahaldun nagusiak nabarmendu du 2024ko eta 2025eko jarduera-maila handiari esker, guztira, 267,5 milioi euroko eragin ekonomikoa izan dela Bizkaian. Kopuru horretatik, 176,4 milioi zuzeneko eraginari dagozkio, lurraldean egindako ekoizpen-kostuei lotuta; 91,1 milioi, berriz, zeharkako eta eragindako ondorioei dagozkie, ekonomia osoari dagokionez. Urteen arabera, 2014an inpaktua 129,43 milioi eurora iritsi zen, eta % 6,7 hazi zen 2025ean, 138,11 milioi eurora iritsi arte, eta, horrela, ikus-entzunezko sektorearen joera finkatu zen lurraldean.

Ildo beretik, Etxanobek adierazi du ikus-entzunezko ENPRESEN kopuruak % 10,9ko hazkundea izan duela 2025ean Bizkaian (497 enpresa eta 448 enpresa, hurrenez hurren) eta % 18,5ekoa Bilbon (243, 2025ean eta 205, 2024an).Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko enpresen % 54 Bizkaian daude, eta horietatik % 49 Bizkaiko hiriburuan.

Zifra horiek eragina izan dute laguntza izan duten proiektuetako KONTRATAZIOETAN: 2024-2025 biurtekoan 17.885 pertsona mobilizatu ziren, eta horietatik % 54,35 Bizkaikoak ziren.Horietatik 9.878 2025ean kontratatu ziren, eta 8.007 2024an, hau da, % 23,4 gehiago. Horren barruan, kontratatutako langileen % 74,4 teknikariak dira eta % 25,6 arlo artistikokoak.

Ikus-entzunezkoen arloko ENPLEGUA % 6,1 hazi da Bizkaian (2.268 afiliazio 2025ean), eta Bilbon % 7,1 (1.564 afiliazio).Alde horretatik, Bizkaiko sektore horretako enpleguaren % 69 hiriburuan batzen da, eta Euskadiko % 57, ordea, Bizkaian.

Era berean, fiskalitateak eremu horretan duen eragina azaldu du Diputatu nagusiak. 2020 eta 2024 artean, Bizkaian 98,1 milioi euro sortu dira ikus-entzunezko sektorerako kenkari fiskaletan, eta horietatik 69,2 milioi inbertitzaileei transferitu zaizkie finantzaketa-mekanismoen bidez.

Bultzada handiena 2023an izan zen, zerga-onura berriak indarrean jarri ondoren. Bi urtean soilik bildu da sortutako kenkari guztiaren % 87 eta finantzatutakoaren % 91. Horrela, jarduera nabarmen handitu da, 14 aldiz handiagoa baita: 2022an 4 milioi eurokoa izan zen, eta 2024an 56 milioikoa.

Etxanobek eta Aburtok azpimarratu dutenez, erregistratutako datuek “anbizioz, profesionaltasunez eta lehen mailako proiektuak erakartzeko gaitasunez aurrera egiten duen industriaren jauzi kualitatiboa” berresten dute.

BILBAO BIZKAIA IKUS-ENTZUNEZKOEN ESTRATEGIA

Ikus-entzunezkoen sektoreak azken hamaika urteetan izan duen jarduera positiboa ikusita, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Ikus-entzunezkoen Estrategia berria aurkeztu dute, Bilbao Bizkaia Ikus-entzunezko Hub-aren inguruan egituratzen dena. Hub-ak ikus-entzunezko industriaren nazioarteko erreferentzia-polo gisa kokatuko du lurraldea. Helburua da balioa ematea enpresen, profesionalen, azpiegituren, sorkuntzako talentuaren eta tresna publikoen tokiko ekosistemari, eta jarduera ekonomikoaren eta kalitatezko enpleguaren motor bihurtzea.

Hub-ean ikus-entzunezkoen kate osoa integratuko da, edukien sorkuntza eta garapenetik hasi eta ekoizpen, postprodukzio, banaketa eta sormenezko teknologia berrien onarpenera arte. Estrategiak katebegi horietako bakoitza indartzearen aldeko apustua egiten du, lehiakortasunean, berrikuntzan eta espezializazioan oinarritutako balio diferentzialeko proposamen baten bidez.

Hub-ak azpiegiturak, ekipamendu teknikoak, zerbitzu espezializatuak eta zerga-ingurune lehiakorra jarriko ditu sektorearen eskura, eta esparru erakargarria eratuko du inpaktu handiko ikus-entzunezko proiektuak ezartzeko eta bizkortzeko. Horrek guztiak indartu egingo du Bilbok eta Bizkaiak industria dinamikoa eta hedatzen ari dena hartzeko prestatutako lurralde gisa duten posizionamendua.

FILMAKETARAKO FUNTSEZKO ESPAZIOAK: ZORROTZAKO MUTURRA ETA URDUÑA

Ekoizpenak erakartzeko ezinbestekoa da espazio erakargarriak izatea. Ildo horretan, estrategiaren parte da BI ERRODAJE-EGOITZA BERRI sortzea:  Zorrotzako muturra, Bilbon; eta Maria Konpaina ikastetxe zaharra, Urduñan. Aurreikuspenen arabera, 2027an zehar egongo dira martxan.

Aburtok iragarri du “Bilbao Bizkaia ikus-entzunezkoen Hub-aren” egoitza nagusia izatera bideratuko diren Zorrotzako muturreko oraingo instalazioak urbanizatzeko eta birgaitzeko proiektua lizitatuko dela. Lehenengo etapa horretan, esparrua itxiko da, lau pabiloitan eta txalet zaharrean jardungo da, eta zerbitzu-sare osoa hobetu eta eguneratuko da, errodaje-espazio gisa izango duen erabilerara egokitzeko.

4 milioi euroko aurrekontua du eta kontuan hartu da ikus-entzunezkoen sektoreak berak agertu duela interesa hor kokatzeko. Izan ere, nabarmentzekoa da espazio horrek potentzialtasun handia duela filmaketen industriarako. Indarguneen artean, alkateak adierazi duenez, «Bilboko hiri-paisaiaren barruan kokapen pribilegiatua du, itsasadarretik hurbil, eraikinak eta kanpoko eremua moldakorrak dira, eta errepide-sarearekin, aireportuarekin eta garraio publikoarekin lotura onak ditu».

Lehen egoitza hori sektorearentzat eta sektorearen premietarako erreferentzia-espazio izatea nahi dute. Lanak aurtengo udazkenean hasiko dira.

Espazio honen moldakortasuna dela eta, Zorrotzako muturrak dagoeneko 30 ekoizpen baino gehiago hartu ditu 2018az geroztik, eta enklabe hori plato, ekoizpen-bulego, arte-biltegi, backlot… gisa erabili dute. Batzuk aipatzearren, El Hoyo, Interrail, La mala Rodriguez, Intimidad, La vida padre, Una vida no simple, Detective Touré, No puede vivir sin ti, Kill Jackie, Inurri Itsuak, Caballé, El silencio, Olimpia, El niño, Zeru ahoak…

Bestalde, Bizkaiko ahaldun nagusiak Foru Aldundiak Urduñan garatzea aurreikusten duen proiektua aurkeztu du. Maríaren ikastetxe zaharra izango da ekimenaren oinarria; dimentsio handiko espazioa da, 18.000 metro koadroko eraikina eta 10.000 metro koadroko lurzatia dituena. Urduñako Udalak bat egin du apustu estrategiko horrekin, udalerria ikus-entzunezko jarduerarekin lotutako gune gisa hobeto posizionatzeko.

Gaur egun, Karmele, Maspalomas edo Los Muertimer bezalako ekoizpen lokal eta nazionalek dagoeneko erabiltzen dute espazioa filmaketak egiteko, eta horrek sektorearen egokitasuna eta benetako interesa berresten du.  Arlo horretako industriak oso ondo baloratzen du toki hori, moldakorra eta neurrizkoa delako, eta horri esker neurri askotako ekoizpenak hartzeko aukera ematen duelako. Proiektuak 4,6 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du eraikinaren gutxieneko egokitzapena egiteko.

Nodo hori Aiaraldeko Eskualdeko Plan Estrategikoaren (IHP) trakzio-proiektuetako bat da, eta horrek eskualdeko dimentsioa eta eskualdean ekonomia- eta enplegu-aukera berriak sortzeko gaitasuna indartzen ditu.

EUSKARAZKO EKOIZPENA HAZI ETA AINTZATESPENAK

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Juan Mari Aburto alkateak euskarazko ekoizpenen gorakada esanguratsua nabarmendu dute.   Azken urtean, Bilbon/Bizkaian fikziozko hiru film luze filmatu dira euskaraz, lau dokumental luze, bost fikzio-serie, bi serie dokumental eta hamabost film labur, telebista-saio, spot, bideoklip eta argazki-saioez gain.  Ildo horretan, nabarmendu dute «aretoetan gero eta presentzia handiagoa duela aretoetan, aintzatespen eta sari gehiago jaialdietan, eta posizionamendu handiagoa eta hobea telebistetan eta plataformetan».

Aldi berean, Bilbon/Bizkaian errodatu diren lan guztien talentu sortzaile, artistiko eta profesionala azpimarratu dute, eta horietako askok sari garrantzitsuak jaso dituzte.Batzuk aipatzearren:

“Los domingos”, “Maspalomas”, “Jone Batzuetan”, “Querer”, “Decorado”, “Karmele”, “Zeru ahoak”, “Angela” (zazpi aste eman ditu Netflix-eko TOP 10ean), “Pluribus”, (1. lekuan larogei herrialdetan), “La Tregua”, “Inuri Itsuak”, “El niño”, “Kill Jackie” telesaila, Catherine Zeta-Jones protagonista duena, “Ruega por nosotras”, “Caballé”, “Popel”, “The walking dead: Daryl Dixon”; “Sira”, “Gaua”, “Sacamantecas”, “Lapònia”, “La luz”, “Hermanas”, “Esta soledad”, “Argi gorriak”, “Las hijas”. “Becoming Capa”, “Hidden Assets”…

2025ean Bilbon eta Bizkaian filmatu duten ekoizpen-etxeek 5etik 4,69 puntuko nota eman diote Bilbao Bizkaia Film Commission-en paperari.

BILBAO BIZKAIA FILM COMMISSION

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Bizkaia Film Commision zerbitzu publikoa eta doakoa sortzea sustatu zuten 2015ean, filmaketak artatzeko, kudeatzeko eta erakartzeko.

Bilbao Bizkaia Film Commission-en laguntza egonkor eta pertsonalizatua ekoizpenaren fase guztietan ematen da, lokalizazioetan, zerbitzu profesionaletan, administrazio-izapideetan, ekoizpen-espazioetan, ostatuan eta logistikan, bai eta babes eta konfiantza instituzionalean, segurtasun juridikoan eta pizgarri fiskaletan ere.

Lan hori guztia lankidetza publiko-pribatuari esker egiten da, ekoizleen eta eragile pribatuen eta erakunde publikoen arteko bitartekari gisa jarduten baitu. Bilboko eta Bizkaiko filmaketa-industrian aurrera egiteko beharrezko lankidetza da beraz.

Bilbao Bizkaia Film Commission Spain Film Commission-eko eta European Film Commission Network-eko kidea da. Azken horrek 33 herrialdetako 100 film commission-etik gora ordezkatzen ditu, Europako Batzordearen laguntzarekin.