Bilbao Bizkaiak turismoa sustatzeko ekintzak areagotuko ditu udazken honetan

Azaroak 2

  • Aste honen eta abenduaren hasieraren artean Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia hainbat ekitalditan egongo dira, sektoreko eragileei eta, oro har, Europako eta Estatuko publikoari euren turismo-eskaintza ezagutarazteko.

  • Agenda benetan estuan hurrengo hitzordua Global European Marketplace izango da, ostegun eta ostiral honetan Londresen egingo den berariazko B2B topaketa. Agendan, era berean, Stockholm, Cannes eta Valladoliderako joan-etorriak sartzen dira.

Bilbao Bizkaia markarekin Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak nazioarteko hitzorduen agenda estuari ekingo diote datozen asteetan, Europako eta Estatuko merkatuetarako helmuga turistiko gisa duten eskaintzaren berri emateko.

Duela gutxi jakinarazi denez 2022an Hiribilduak eta Lurraldeak marka guztiak gainditu dituen uda bizi izan dute, pandemiaren aurreko urteekin alderatuta bisitari gehiago etorri baitira, eta udazkena lan intentsiboa egiteko garai aproposa da. Horrela, abenduaren hasieratik, egutegian hainbat ekitaldi nabarmentzen dira, herrialde desberdinetan banatuta; ekitaldi horietan Bilbao Bizkaia eragile espezializatuekin eta publiko orokorrarekin harremanetan jarriko da lehentasunezko helmuga gisa kokatzeko.

Londres izango da udazkeneko biraren lehen geralekua eta, gainera, bertan bi ekitaldi garatuko dira. Britainiar hiriburuan bihar, osteguna, eta ostiralean, hilak 4, Global European Marketplace burutuko da, ETOAk (European Tourism Association) antolatzen duen topaketarik garrantzitsuena.

Bi egun horietan sektoreko adituek hitzaldiak emango dituzte eta jardunaldi osoa hartuko da sektoreko eragileekin eta turoperadoreekin bilera profesionalak egiteko. Bilbao Bizkaia lan-mahai batekin bertaratzen da eta bertan bilerak egingo dira harreman berriak ezartzeko eta lehendik dauden harremanak sendotzeko.

Londresen, halaber, World Travel Market London egingo da, hilaren 7tik 9ra. Nazioarteko bidaia-ekitaldi aitzindaria da merkatuan, eta aukera komertzialak zabaltzen dizkie turismo hartzaile eta igorleko profesionalei.

WTMk sektoreko erakunde publikoei eta nazioarteko bidaia-hornitzaileei laguntzen die munduko turoperadore garrantzitsuenekin negozioak egiten, baita nazioarteko prentsa espezializatuari beren zerbitzuak erakusten ere. Bilbao Bizkaia Basquetourrek, Turismoa Sustatzeko Euskal Agentziak, azokan izango duen standean egongo da ordezkatuta. Bertan hiru egunez harremanak garatuko dira turismoko profesionalekin, eta bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte hiribilduaren eta lurraldearen erakargarritasun nagusiak.

Europa iparraldea, potentzial handiko merkatua denez eta Bilbao Bizkaiaren eskaintza turistikoarekin bat datorren bisitari-profila duenez, kanpo-sustapeneko ekintzen protagonista izango da berriro. Horrela duela gutxi Kopenhagen (Danimarka) antolatutako workshoparen arrakastaren ondoren, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritza Stockholmera joango da azaroaren 10ean Travel News Market azokan parte hartzeko; azoka hau Suediako B2B bidaia-azokarik handiena da eta bere ekintza-eremua Eskandinaviako beste herrialde batzuetako agenteengana iristen da.

Eta datorren hilaren hasieran Bilbao Bizkaiak ohiko hitzordua beteko du Cannesko ILTM azokan, luxuzko bidaien industriaren azokarik garrantzitsuenean. Hiribilduarentzat eta Lurraldearentzat interes handia duen merkatu-segmentua da, eta horregatik abenduaren 5etik 8ra bitartean bi erakundeak Frantziako Kosta Urdinera joango dira berriro, erosteko ahalmen handiko bezeroak erakar ditzaketen erreklamo-sorta zabala erakusteko, goi-mailako gastronomiatik hasita.

ESTATUKO MERKATUA, VALLADOLIDEKO INTUR AZOKAN

Estatuko merkatuak ere lekua izango du udazken honetako hitzorduen egutegian Bilbao Bizkaiarentzat. Horrela stand bat izango du Intur, Barne Turismoaren Nazioarteko Azokan, azaroaren 17tik 20ra bitartean, Valladoliden.

Jardunaldiaren lehen eguna berariaz profesionalentzat izango da, eta bertan lau kontinentetako dozena bat herrialdetatik etorritako ehun erosle inguru egotea aurreikusten da. Aurten, berrikuntza moduan, prestakuntzarako gune bat izango du, Intur Talks. Bertan turismo-esperientzien eta helmugen merkaturatzearekin, turismo-ostatuen jasangarritasun energetikoarekin, salmenta-kanalekin, nazioartekotzearekin, negozio-turismoarekin eta abarrekin lotutako alderdiak jorratuko dira. Jardunaldiaren gainerako hiru egunetan jende guztiarentzat irekitzen da topaketa, eta, besteak beste, turismo kulturala, natura eta enogastronomia bezalako arloak nabarmentzen dira.

Bilbao Bizkaiak 20 urte baino gehiago daramatza azoka honetara joaten bereziki Abenduko Zubian eta Gabonetan Gaztela eta Leongo Erkidegoko bisitari gehiago erakarri nahi dituen ekintza batean. Horretarako, Mikel Garaizabal sommelier ospetsuaren eskutik, Bizkaiko txakolin-dastatzea bezalako jarduerak garatzen ditu.