Bilbao Bizkaiak bere turismo eskaintza aurkeztuko du Valladolideko INTUR Barne Turismoaren Nazioarteko Azokan

Azaroak 18

  • Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia INTUR azokara joango dira stand propio batekin. Stand horretan, jendeak abenduko zubirako eta Gabonetako egunetarako turismoaren arloan diren alternatiba erakargarri nagusiak ezagutu ahal izango ditu.

  • Halaber, Bilbao Bizkaia erakustokira hurbiltzen direnek Udalak eta Foru Aldundiak elkarlanean abian jarri dituzten turismo-bonuak erosi ahal izango dituzte, baita txakolin dastaketetan parte hartu ere.

Bilbao Bizkaiak turismo eta negozio eskaintza aurkeztuko du gaurtik igandera bitartean Valladoliden, INTUR Barne Turismoaren Nazioarteko Azokan. Stand propioa izango dute, eta bertan hiriko eta lurraldeko kultura, gastronomia eta aisialdiko eskaintza zabalari buruzko informazio guztia jaso ahal izango dute standera hurbiltzen diren pertsona guztiek.

Ekimen honen helburua Gaztela eta Leongo Erkidegotik bisitari gehiago erakartzea da, bereziki abenduko zubian eta Eguberrietan. Hain zuzen ere, Gaztela eta Leongo Erkidegoa Bilbo eta Bizkaira turista gehien bidaltzen duen toki klasikoetako bat da.

Bilbao Bizkaiak 20 urte baino gehiago daramatza barnealdeko turismoaren azoka horretan parte hartzen, eta datozen egunetarako turismoaren arloan diren alternatiba erakargarri nagusiak ditu ardatz, sektorea lehentasunezko helburu gisa hartuta. Izan ere, Gaztela eta Leongo bisitariek gastronomiari, merkataritzari, museoei eta kulturari lotutako proposamenak eskatu ohi dituzte.

Aurtengo edizioan, turismo-bonuen eskaintza izango da azokan: Bilbao Bizkaia Turismo Bonuak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak irailean elkarrekin abian jarritakoak. Horrela, INTURren standean, bisitariek berehala erosi ahal izango dituzte hirira eta Lurraldera egingo dituzten bisitetarako turismo-bonuak. Era berean, hainbat txakolin dastaketa egingo dira azokan, egun indarrean dauden segurtasun neurri guztiak betez.

Gaur, Bilbao Bizkaiak INTURek profesionalen arteko topagune gisa eskaintzen dituen aukerak baliatuko ditu, eta turismo-jarduerarekin zerikusia duten nazioarteko eragileen eta enpresen arteko harremanak eragingo ditu. Antolakundeak uste du 13.500 kontaktu komertzial baino gehiago izango direla. Azken edizioan 126 eroslek eta 323 saltzailek hartu zuten parte INTUR azokan.

INTUR, BARNE TURISMOAREN ERREFERENTZIAZKO EKITALDIA

1.300 erakusketari eta 46.000 bisitari baino gehiagorekinINTUR erakusketa-gunea Gaztela eta Leongo Erkidegoan egiten den turismo-azoka nagusia da. 2021. urterako, INTURrek erakusketari eta bisitari profesionalen eskaeretara egokitu du bere eskaintza, eta egitura berri batekin aurkezten da. Egitura hori estatu mailan egiten diren turismo-segmentu honetako erreferentziazko ekitaldia izaten jarraitzeko taxutu da. Profesionalentzat eta azken kontsumitzaileentzat xedaturik dauden edukiak ez dira egun berean aurkeztuko, eta, horri esker, erakusketariek eta bisitariek ahalik eta errentagarritasunik handiena aterako diote azokari.