Bilbok ehun urtetik gorako hiriko saltokiak berraurkitzera gonbidatzen du, Uribitarte pasealekuan kokatutako erakusketa bat eginez

Apirilak 10

  • Bilboko Ehun Urteko Saltokien Egunarekin bat eginez, Uribitarte pasealekuan, Udaletxearen aurrean, apirilaren 21era arte ikusgai egongo den argazki-erakusketa inauguratu du Juan Mari Aburtok, hiriko Alkateak.

  • Ekimen honen helburua da bilbotarrei eta bisitariei hurbiltzea hiriaren historia komertziala, baita hiriko ehun urtetik gorako negozioen alderik gizatiarrena ere, gure dendarien lanbideak duen garrantzia azpimarratuz horrela”, azaldu du Alkateak.

  • Tamaina handiko berrogeita hamar bat panelek osatzen dute erakusketa, eta QR kode bat dute, zeinak sarbidea ematen baitu mendeurrena bete duen saltoki bakoitzaren kokapen-planora eta haien historia laburbiltzen duen katalogora.

Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok, gaur inauguratu du Bilboko Ehun Urteko Saltokien erakusketa. 26 egitura metaliko dira, eta bertan ageri diren 52 argazkiek Bilboko betiko negozioen historia eta horien alderik gizatiarrena erakusten dute.

Erakusketa ibilbide batean antolatuta dago, eta gaurtik, apirilaren 10etik —Bilboko Ehun Urteko Denden Eguna—, apirilaren 21era arte egongo da ikusgai, Uribitarte pasealekuan, Udaletxearen parean.

Panel bakoitzak QR kode bat izango du, eta, horri esker, Bilboko ehun urtetik gorako saltoki bakoitzaren kokapen-planora sartu ahal izango da, baita guztien historia jasotzen duen katalogora ere.

Ehun urtetik gorako Bilboko saltokien erakusketa, hirian lehenengoz antolatzen den proiektua, tokiko merkataritza babesteko hiri-estrategiaren baitan kokatutako ekintza bat da, Bilboko historia bizia diren eta izango diren merkatariei esker ona erakusteko eta omentzeko.

Erakusketaren aurkezpen eta inaugurazio ekitaldian, alkateak azpimarratu du oso garrantzitsua dela herritarrak hurbiltzea eta sentsibilizatzea hiriko ehun urtetik gorako saltokiak zuzentzen dituzten dendarien garrantzia nabarmentzeari dagokionez: “Gure dendariak eskertu eta omendu nahi ditugu, haien garrantzia nabarmendu nahi dugu eta Bilboko herritarrak eta bisitariak sentsibilizatu nahi ditugu dendariek Bilboren garapen ekonomikoari egiten dioten ekarpenaz, lanaz eta ahaleginaz”.

Kalean bertan egindako argazkien bidez, egunero adorez, irmotasunez eta ilusioz familia-negozioen kudeaketa aurrera ateratzen ari dutenei merezi duten lekua emateko eta aurpegia jartzeko unea da”, azpimarratu du AburtokKontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko zinegotziarekin batera izan denak. “Gure dendetan erosi behar dugu, eta gazteei hori egitearen onuren berri eman, gure betiko negozioak berriz deskubritzera animatuz”.

BILBOKO EHUN URTEKO SALGOKIEN EGUNA

Mendeurrena bete duten saltokiek apirilaren 10ean ospatzen dute Bilboko Ehun Urtetik Gorako Saltokien Eguna. Iaz lehen aldiz ospatu zen egun hori, establezimenduek proposatutako ekimenaren harira, urteko ehungarren egunean.

Ideia hori 2024an sortu zen, Bilboko Udalak hasitako proiektu hau sendotzeko asmoz: Mendeurrena bete duten saltokien elkartea, EHUN: Betiko dendak betirako – Comercios de toda la vida y para toda la vida.

90 urte baino gehiagoko merkataritza-jarduerak dira, kokapena aldatu arren belaunaldiz belaunaldi edo langileen artean eskualdatu direnak eta, urteek aurrera egin ahala, saltzen duten produktu-mota edo lan egiteko modua mantendu dituztenak.

Gaur egun 63 dira Bilboko ehun urteko saltokiak.

BILBAO BASQUE FEST JAIALDIAREKIN BAT EGIN DUEN PLANA

Uribitarte pasealekuan ikusgai jarriko den erakusketak bat egingo du Bilbao Basque Fest 2025 ekimenarekin. Aurten apirilaren 16tik 19ra bitartean egingo da jaialdia, eta Aste Santuan euskal kulturaren aberastasunaz bost zentzumenekin gozatzeko aukera emango du.

Bilboko Udalak antolatuta, Bilbao Basque Fest 2025 jaialdiak bete-beteko egitaraua eskainiko du lau egunetan: 112 jarduera, gehienak doakoak, hogei bat gunetan egingo dira eta pertsona guztientzat dira, hiriaren kultura-eskaintzarekin bat egiteko, bilbotarrek eta egun horietan hiria bisitatzen dutenek esperientzia ahaztezina bizi dezaten euskal kulturaren bitartez.

Aurten, Bilboko Aste Santuak keinu berezia egingo dio tokiko merkataritzari, Bilboko ehun urtetik gorako saltokien erakusketa honekin, bilbotarrek eta turistek apirilaren 21era arte bisitatu ahal izango dutena.

ERAKUSKETAN PARTE HARTUKO DUTEN SALTOKIEN ZERRENDA:

  • Otazua oinetakoak
  • Casa Rufo
  • Hermann Thate urdaitegi alemaniarra
  • Landa beirategia
  • Inchaustegui aizto-denda
  • López Oleaga delicatessen-denda
  • El Arratiano
  • Colón Museo farmazia
  • Víctor Llorente farmazia
  • Zaballa farmazia
  • Nossi-Bé izozki-denda
  • Ignacio Álvarez bitxi-denda
  • Los Encajeros
  • Alfa Bilbao josteko makinak
  • Arrese 1852 gozotegia
  • Martina De Zuricalday Bilbao gozotegiak
  • Cardenal jostundegia
  • Zubiri 1908
  • Erkoch Security
  • Larrinoa elikagaiak
  • Antonio Martínez
  • Bizkarguenaga oinetakoak
  • Muñoz alkandora-denda
  • Alonso saski-denda
  • La Tijera aizto-denda
  • Juan Torre drogeria-lurrindegia
  • El Equipo de Viaje
  • Uriarte farmazia
  • Viuda de Santiago Santos kautxuzko zigiluak eta grabatuak
  • Manolo bitxi- eta erloju-denda
  • Uralde bitxi-denda
  • La Belga
  • Azcarreta loteria
  • La Cruz loteria
  • Meltxora
  • Leoz euritako-denda
  • Larralde gozotegia
  • Pedro Salcedo
  • Mikel Zuazua landareak, haziak eta loreak
  • Gorostiaga txapelak
  • El Paraíso ehunak
  • Adelia Ivañez turroi- eta izozki-denda
  • Gregorio Martín janari-denda
  • Idoia janari-denda
  • Somera sarraila-denda
  • Pont farmazia
  • Rementería loradenda
  • Marisa arrandegia
  • Benito zapata konponketak

Erakusketaren PDFa deskargatzeko esteka

SARE SOZIALAK: