Bilbon eta Bizkaian 161 filmaketa egin ziren 2021ean, eta horrek 13,85 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen

Martxoak 3

  • 2021. urtean ikus-entzunezko filmaketarik gehien egin ziren Bilbon eta Bizkaian, 2015. urtean Bilbao Bizkaia Film Commission sortu zenetik. Guztira, eta pandemia gorabehera, 232 ekoizpen gauzatu ziren, eta horietatik 161 filmazioak izan ziren, halako moldez non 598 grabazio-egun izan baitziren guztira gurean.

  • Jarduera horren eragin ekonomikoa 13,85 milioi eurokoa izan zen, eta filmaketei lotutako 1.186 kontratu egin ziren Bilbon eta Bizkaian.

  • Ikus-entzunezko sektorean erdietsitako ospea eta posizionamendua direla eta, Netflix bezalako nazioarteko plataformak guregana hurbildu dira; hain zuzen ere, Netflixek oso-osorik filmatu zuen “Intimidad” izeneko telesaila Hiribilduan eta Lurraldean. 2021ean egin ziren filmen artean, honako hauek nabarmentzen dira: “El Cuarto Pasajero”, “Una Vida no tan Simple”, “El Comensal”, “La Cima” edo “La Vida Padre”, Alex de la Iglesia bilbotarraren, Felix Viscarret eta Ángeles González-Sinderen mailako zuzendariekin, edo Alberto San Juan, Patricia López-Arnaiz, Enric Auqueredo Itziar Ituño bezalako aktore ospetsuekin.

  • Bilbao Bizkaia Film Commission, Udalak eta Aldundiak sortutako zerbitzua, ikus-entzunezko sektorerako erreferentziazko solaskide gisa finkatu da, eragile publiko eta pribatuekin bitartekari gisa jardunez eta Bilbo-Bizkaian filmaketa industria berri bat sortzea ahalbidetuz.

2021ean, Bilbo eta Bizkaia eszenatokirik hautatuenetako bat bilakatu dira sektoreko nazioarteko ekoiztetxe handien ikus-entzunezko ekoizpenetarako.

Horren lekuko dira Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak Bilbao Bizkaia Film Commission-en jardueraren 2021eko balantze gisa aurkeztu dituzten datuak. Bi erakundeek ikus-entzunezko industrian sartzeko sortu zuten zerbitzu hori.

Lehen datu garrantzitsu gisa, joan den ekitaldian –pandemiak eragindako murrizketekin ere– 161 ekoizpenek Bilbo eta Bizkaia aukeratu zituzten film luzeak, telesailak, publizitate-iragarkiak, dokumentalak edo bideoklipak filmatzeko, besteak beste. Orain arte izan ditugun zifrarik altuenak dira ekoizpenen arloari dagokionez. Ikus-entzunezko ekoizpen horiek guztiek 598 filmaketa-egun izan zituzten guztira.

Horrezaz gainera, Bilbao Bizkaia Film Commissionek 232 ekoizpen artatu zituen.

ERAGIN EKONOMIKOA ETA OSPEA

2021ean egindako filmaketa horiek guztiek 13,85 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuten. Horrek esan nahi du % 6,4ko igoera izan dela pandemiaren aurreko 2018ko datuekin alderatuta. Horri dagokionez, Hiribilduan eta Lurraldean egindako filmaketekin loturik egon diren 1.186 kontratu sinatu ziren urte horretan. Zifra horiek indartu egiten dute Bilbao Bizkaiaren posizionamendua eta ospea, ikus-entzunezko ekoiztetxeen erreferentziazko eszenatoki gisa.

Bilbao Bizkaia Film Commissionen 2021eko jardueraren balantzea “oso positibotzat” jo da; izan ere, datu kuantitatiboez gain, azken urteetan sektore horretan jadetsi den ospeari eta posizionamenduari esker, nazioarteko ikus-entzunezko plataforma handiek interesa erakustea eta Bilbora eta Bizkaira kalitate eta oihartzun handiagoko produktuak filmatzera etortzea erdietsi dugu.

NETFLIX edo AMAZON PRIME bezalako nazioarteko ekoiztetxeak dira beren ekoizpen handien eszenatokien aldeko apustu horren adibide, eta horrek hiriaren eta Lurraldearen irudia islatzen du nazioartean, mundu osoko ikus-entzunezko ekoiztetxeen aurrean jartzen dugun aurkezpen-gutuna baita.

  • Netflixen kasuan, 98 egunez hirian eta lurraldean filmatu du oso-osorik “Intimidad” deritzon telesaila. Zortzi kapitulu ditu, eta aktore ospetsuak parte hartzen dute bertan. Ondoko hauek dira, besteak beste: Itziar Ituño, Emma Suárez, Ana Wagner, Patricia López-Arnaiz, Verónica Echegui eta Yune Nogueiras.
  • Beste alde batetik, AMAZON PRIME bezalako plataformetako lanek ia bi milioi euro bildu dituzte, Bilbon eta Bizkaian filmatutako “García y García” eta “Descarrilados” bezalako film luzeekin.

Proiektu horiek eta euskal zinemaren kalitatea balioa ematen diote, mundu mailan, ikus-entzunezkoen industriaren lanbide-gaitasunari, tokiko esparruan garatzen den talentuari, bai eta Bilboko eta Bizkaiko sektore publiko eta pribatuaren arteko tokiko lankidetzaren sendotasunari eta garrantziari ere.

Horrezaz gainera, pandemiak ia bi urtez arlo guztiak baldintzatu ondorik, ikus-entzunezko edukien eskariaren hazkunde globalak, lehen aipatu ditugun plataforma digitalen arrakasta handiaren ondorioz, ikus-entzunezko kontsumoari buruzko eta audientzia berriak erakartzeari buruzko errekorrak ezartzen jarraitzen du.

URTEA ZIFRETAN

Bilbao Bizkaia Film Commissionek ikus-entzunezko 232 proiektu artatu zituen iaz. Proiektu horietatik 70 publizitate-iragarkiak izan ziren, 48 film labur, 29 bideoklip, 25 telebista-programa, 20 film luze, 19 dokumental, 12 telesail, 8 argazki-saio eta websail bat.

  • Beste alde batetik, GAUZATU ZIREN FILMAKETAK 161 izan ziren GUZTIRA; horietatik 78 euskal proiektuak dira, 59 estatukoak eta 24 nazioartekoak. Grabazio horietatik 48 publizitate-iragarkiak dira, 35 film labur, 21 bideoklip, 20 telebista-programa, 16 dokumental, 9 film luze, 7 argazki-saio, 4 telesail eta websail bat.

(*) Artatu diren ikus-entzunezko ekoizpenak: 232

  • Publizitate-iragarkiak: 70
  • Film laburrak: 48
  • Bideoklipak: 29
  • Telebistako programak: 25
  • Film luzeak: 20
  • Dokumentalak: 19
  • Telesailak: 12
  • Argazki-saioak: 8
  • Websailak: 1

(*) Urteko kudeaketek ez dute esan nahi urte horretan benetako filmaketak egin direnik

(*) Filmatu diren ikus-entzunezko ekoizpenak: 161

  • Publizitateko iragarkiak: 48
  • Film laburrak: 35
  • Bideoklipak: 21
  • Telebistako programak: 20
  • Dokumentalak: 16
  • Film luzeak: 9
  • Argazki-saioak: 7
  • Telesailak: 4
  • Websailak: 1

(*) Urteko filmaketak ez datoz bat nahitaez urte berean egindako kudeaketekin. Hasierako kudeaketak eta kontaktuak filmaketa gauzatu baino hilabete edo urte asko lehenago gertatzen dira.

BILBON ETA BIZKAIAN FILMATU DIREN FILM LUZEAK

Iaz, Bilbo eta Bizkaia film luze garrantzitsuen eszenatoki izan ziren, hala nola:

  • “El Cuarto Pasajero”. Alex de la Iglesia bilbotarrak zuzendutako filma da eta Bilbon, Loiun, Alonsotegin eta Erandion filmatu zen. Aktoreen artean, Alberto San Juan, Blanca Suárez, Ernesto Alterio eta Rubén Cortada daude, besteak beste.
  • La Cima”. Zuzendaria Ibon Comenzana da, eta Sopelan eta Getxon filmatu zen, Patricia Lopez-Arnaiz eta Javier Rey aktore sarituekin.
  • “El Comensal”. Zuzendaria Ángeles Gónzalez Sinde da, eta Bilbon, Getxon eta Mundakan filmatu zen, Adriana Ozores, Ginés García-Millán eta Susana Abaitua aktoreekin.
  • “La Vida Padre”. Joaquín Monzonek zuzendu eta Abandoibarra, Zazpikaleak, Bilbo Zaharra, Olabeaga eta Indautxu bezalako eszenatokietan egindako filma da. Aktoreen artean Karra Elejalde, Enric Auquer, Megan Montaner, Lander Otaola, Maribel Salas eta Gorka Aguinagalde daude, besteak beste.
  • “Irati”. Paul Urquijo Alijok zuzendutako filma da, Pozalaguako kobazuloetan (Karrantza) filmatua. Aktore taldean Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate daude.
  • “Una vida no tan simple”. Felix Viscarretek Bilbon, Basaurin eta Getxon zuzendutako filma da. Aktoreen artean, Miki Esparbé, Álex García, Olaya Caldera, Ana Polvorosa eta Ramón Barea daude.

BILBON ETA BIZKAIAN EGIN DIREN TELESAILAK ETA FILM LABURRAK

Estatuko zein nazioarteko ekoiztetxeen telesailek ere Hiribilduan eta Lurraldean aurkitzen dute filmaketak egiteko lekurik egokiena. Iaz lau telesail filmatu ziren Bilbon eta Bizkaian:

  • Intimidad”, Netflixek ekoiztua, nazioarteko ekoiztetxe honek eta Txintxua Filmsek Bilbon eta Bizkaian osorik filmatutako lehen telesaila da. Bilbon, Atxondon, Basaurin, Derion, Getxon, Gordexolan, Gorlizen, Ibarrangelun, Leioan, Plentzian, Sopelan, Sukarrietan eta Zeanurin egin zen 98 egunez.
  • Sin límites”. Amazon Prime eta RTVEren telesail bat da, Mono Films, Kilima Media, Amazon Prime Video eta TVEk ekoiztua. Aktoreen artean, Álvaro Morte, Rodrigo Santoro, Pepón Nieto eta Sergio Peris-Mencheta daude, besteak beste.
  • “El Internado”. Telesailaren bigarren denboraldi hau berriro ere Bilboko eta Bizkaiko agertokietan filmatu da. Amazon Prime Video, Atresmedia eta Globomedia dira telesail horren ekoizleak.
  • “La Fortuna”. Alejandro Amenabarrek zuzendu duen telesaila da, ModProducciones, Movistar+ eta AMC enpresek ekoiztua. Erandioko eszenatokietan filmatu zen.

Hiribilduan eta Lurraldean filmatutako film laburrei dagokienez, honako lan hauek nabarmentzen dira: Mikel Ruedaren «Ama» eta Aitzol Saratxagaren «Lanbroa» eta «Trumoiak».

MUNDU MAILAKO IZEN HANDIKO MARKEN PUBLIZITATE-IRAGARKIAK ETA BIDEOKLIPAK

Marka komertzial handiek Bilbok eta Bizkaiak ikus-entzunezko filmazioetarako agertoki egoki gisa izan duten gorakada ezagutzen dute. Hala, 2021. urtean, Xiaomi, Louis Vuitton, Land Rover, New Balance, Audi edo Volkswagen bezalako nazioarteko ospea duten markek iragarkiak egin dituzte Bilbon eta Bizkaian.

Hauek dira, besteak beste, 2021ean gure kaleetan ibili diren marka komertzial handietako batzuk: Zara Kids, Kutxabank, Kas, Orbea, Mahou eta Euskaltel, besteak beste.

Musika bideoklipei dagokienez, Fito y Fitipaldis taldearen filmaketak nabarmentzen dira, haren bideoek 2.600.000 bisita izan baitituzte Youtuben 6 hilabetetan; epealdi berean, La Oreja de Van Gogh taldeak ere 1.700.000 bisita jaso zituen Youtuben. Horrezaz gainera, Alemania eta Holandako telebista-saioek ere Bilbo eta Bizkaia aukeratu dituzte filmatzeko.

WEBGUNEAK, IKUSLEAK ERAKARTZEKO ETA POSIZIONAMENDURAKO TRESNA

Bilbao Bizkaia Film Commissionen webgunea filmaketak erakartzeko eta Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko merkatuan kokatzeko beste tresna bat da. Publiko profesional bati zuzenduta dago, eta 2021ean 10.429 saio baino gehiagotan 7.591 pertsonak baino gehiagok erabili zuten, ia aurreko urteko datuak bikoiztuz. Bisita bakoitzean batez beste lau minutu eta hogeita hiru segundo eman ziren, eta 2.700 saio baino gehiagotan ingelesezko bertsioa erabili zen; horrek argi eta garbi erakusten du online zerbitzu horrek mundu osoko profesionalen artean pizten duen interesa.

BILBAO BIZKAIA FILM COMMISSION

2015ean, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Bizkaia Film Commision zerbitzu publiko eta doakoaren sorrera bultzatu zuten, filmaketen arreta, kudeaketa eta erakarpena helburu dituena. Urte hauetan 1.294 filmaketa artatu dira eta 850 ikus-entzunezko proiektu gauzatu dira.

Bilbao Bizkaia Film Commissionen laguntza egonkor eta pertsonalizatua ekoizpenaren fase guztietan ematen da, lokalizazioetan, lanbide-zerbitzuetan, administrazio-kudeaketetan, ekoizpen-, ostatu- eta logistika-espazioetan, baita erakundeen laguntza eta konfiantzan, segurtasun juridikoan eta pizgarri fiskaletan ere.

Bilbao Bizkaia Film Commissionen lana lankidetza publiko-pribatuari esker burutzen da, ekoiztetxeen, eragile pribatuen eta erakunde publikoen arteko bitartekari lana egiten baitu. Lankidetza hori Bilboko eta Bizkaiko filmaketen industrian aurrera egiteko behar-beharrezkoa dela esan behar da.

2017. urtetik European Film Commission Networken kide da. 90 film commission baino gehiago ordezkatzen ditu, Europako Batzordearen laguntzarekin, eta AFCI, Association of Film Commissioners International elkartearen kide ere bada.