Bilboko Udalak eta BCAM-ek bat egin dute Hiribilduan talentua erakartzeko eta atxikitzeko

Azaroak 22

  • Bilboko alkate den Juan Mari Aburtok eta BCAMeko presidente eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak, Adolfo Moraisek, hitzarmen bat izenpetu dute, eta bi erakundeek konpromisoa hartu dute hiri-eremuan zientzia-dibulgazioko jarduerak indartzeko, hiribilduan talentua atxikitzeko, erakartzeko eta lotzeko.

Bilboko Udalak eta BCAMek, Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroak, lankidetza-hitzarmen bat izenpetu dute gaur. Horren bidez Udala Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailera adskribatutako zentro horren kide bihurtu da.

Hitzarmenaren helburua hiribilduan talentua atxikitzea, erakartzea eta lotzea da, aurrerapenerako eta berrikuntzarako eragilea den heinean, baita hiri-eremuan zientzia-dibulgazioko jarduerak indartzea ere.

Bilboko Udaletxean egin den ekitaldian Juan Mari Aburto alkateak eta Adolfo Moraisek, BCAMeko presidentea eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburua denak, bi erakundeen arteko lankidetza-ibilbide luzea indartzen duen hitzarmen hori sinatu dute. Aurretik, besteak beste, dibulgazioaren alorrean egin dute lan elkarrekin, eta ikerketa-proiektuak aurkeztu dituzte esparru europarrean.

Bilboko alkatearen hitzetan, hitzarmena «bat dator garapen adimenduneko hiri-eredu baterantz egingo dugun eraldaketa-prozesurako talentuaren eta berrikuntzaren oinarriei lotutako ekosistema bat sortzearekin. Horregatik, Bilbo harro dago BCAM bezalako zentro bat izateaz, zeina ikerkuntzan duen bikaintasunagatik ospetsua baita».

Ekitaldian, gainera, honako hauek egon dira: Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia, Xabier Ochandiano; BCAMeko zuzendari zientifikoa, Jose Antonio Lozano; eta BCAMeko gerentea, Lorea Gómez.

BATERAKO LANA

Bi erakundeek aurretik hainbat proiektutan parte hartu dute elkarrekin, hala nola BilbaoTIKek Bilboko tranbiaren erabiltzaileak profilatzeko egindako datuen analisirako Ezagutza Transferitzeko Unitatean eta Bilbao Zero 2 proiektuan, zeinak berrikuntzatik heltzen baitie hiribilduaren erronka berriei.

Etorkizuneko lankidetzei dagokienez, dibulgazioko, berrikuntzako eta talentua erakartzeko ekintzak sustatzeaz gain, diziplina anitzeko nazioarteko ikerketa-espazioak indartzeko topaguneak bilatu nahi dituzte, adibidez TRANSMATH, EHUk eta BCAMek Bordeleko Unibertsitatearekin batera osatutako Matematika Aplikatuko Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategia, zeinak egonkortasun-esparru bat eskaintzen baitie Euskadiko eta Akitania Berriko taldeen arteko lankidetzei.

BCAM – MATEMATIKA APLIKATUAREN EUSKAL ZENTROARI BURUZ

Basque Center for Applied Mathematics delakoa (BCAM) matematika aplikatuaren alorreko nazioarteko ikerketa-zentro bat da, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak sustatutakoa, BERC (Basque Excellence Research Centers) izeneko sarearen kide dena.

Eusko Jaurlaritzak 2008an sortu zuen Ikerbasquen bidez. Halaber, EHU, Bizkaiko Foru Aldundia, Innobasque eta Petronor Innovación erakundeen babesa du. Zentroaren helburu nagusietako bat matematika gizartearen zerbitzura jartzea da, ezagutzaren transferentziaren bidez, ikerketaren emaitzak biozientziak, osasuna, energia edota fabrikazio aurreratua bezalako sektoreetara hedatuz eta tokiko eta nazioarteko erakunde eta enpresekin batera lan eginez.

Egun, 25 nazionalitateko 120 langile baino gehiago ditu plantillan, askotariko alorretan aritzen direnak, besteak beste, datuen zientzian, matematika konputazionalean edota modelatze matematikoan. BCAMek hiru aldiz jarraian jaso du Estatuko Ikerketa Agentziaren «Severo Ochoa» akreditazioa bikaintasun-zentro gisa. Sari hori dagokien arloko munduko ikerketa-erakunde onenei ematen zaie.