Bilboko Udalak eta KUTXABANKek datuak aztertzeko plataforma bat sortu dute hiribilduan merkataritza hobetzeko

Uztailak 13

  • Bi erakundeek indarrak batu dituzte PROIEKTU BERRITZAILE bat martxan jartzeko. Horren bitartez, merkatariek, ekintzaileek eta udalak hiriko merkataritzaren sektorearen gaur egungo errealitatearen eta bilakaeraren berri izango dute, eta, horrela, erabaki estrategikoak hartu, hobeto kudeatu, lehiakorragoak izan eta auzoetan ardatz eta kokapen berriak proiektatu, beste erronka batzuen artean.

Bilboko Udalak eta KUTXABANK finantza-entitateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, hiriko MERKATARITZAREN sektoreko datuen PLATAFORMA berritzaile bat sortzeko eta abian jartzeko lehentasunezko helburuarekin. Horrela, bultzada ekonomiko berri bat eman nahi diote sektoreari.

Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandianok eta finantza-entitateko zuzendari nagusia den Eduardo Ruiz de Gordejuelak prentsaurreko batean eman dute ezagutzera hitzarmenaren edukia.

Plataformari esker, teknologiaren bidez eta datuak elkartuz, guztiz ezagutu ahal izango dugu Bilboko merkataritzaren gaur egungo benetako egoera, bai eta bilakaera ere. Horrela, erabaki estrategikoak hartu ahal izango dira, bai hiriari dagokionez, bai establezimenduei dagokienez, eta kudeaketa hobetu etekin zein enpresa-lehiakortasun handiagoa lortzeko. Bestalde, udalak hipotesiak sortu eta kontrastatu ahal izango ditu, besteak beste, merkataritza eremu eta ardatz berriak, zenbait auzotan sektoreka proiektatzea…

Bi erakundeen arteko hitzarmenaren muina, hain zuzen ere, txikizkako merkataritza indartzen laguntzea eta tokian tokiko merkataritza-jarduera dinamizatzea da, datuak eta punta-punta teknologiak uztartuz.

«Aspalditik lortu nahi den xedea da, baina pandemiak prozesua azkartu du», adierazi dute.

DATUEN PLATAFORMA: HIRIKO MERKATARITZA PROIEKTATZEN

DATUEN PLATAFORMA honek erabilera ugari eta garrantzitsuak eskainiko ditu. Besteak beste:

1.- KONTSUMORAKO, MIX KOMERTZIALERAKO ETA KOKAPENERAKO EREDU BATEAN LAN EGIN AHAL IZATEA

Merkataritza-eremuetako (kaleak, auzoak edo barrutiak) biztanleen profil soziodemografikoa identifikatuko du adinaren, ikasketen, errenta-mailaren edo kontsumo-ohituren arabera. Gainera, produktu eta zerbitzuen eskaintzaren ezaugarrien berri izateko aukera eskainiko du, dagoeneko bertan dauden merkatariei zein ekintzaileei gai hauen inguruan aholkuak eman ahal izateko: kokapena, produktu-/zerbitzu-mota, prezioak, marketin-politikak eta abar.

2.- KONPARATZEKO TRESNAK, erabakiak hartzeko

Adierazle gakoen eta banakako aholkularitzaren definizioaren bitartez, merkatariak establezimenduaren egoera ebaluatu ahal izango du lurraldean edo hirian sektoreak duen bilakaerari, auzoko jarduerari edo lehiakortasunari dagokienez. Era horretan, saltokiaren inguruko ezagutza hobetuko du, eta datuen araberako erabaki estrategikoak hartu ahal izango dira.

3.- EKITALDIEN ERAGINA HIRIAN

Pertsonen mugikortasunarekin eta transakzio-kopuruen bilakaerarekin zerikusia duten datuen bitartez, ekitaldi guztien (kirolekoak, kulturalak, sozialak…) eragina ebaluatu ahal izango du udalak, bai hiribilduari begira, bai saltokiari begira. Horrela, ekintzen plangintza antolatu ahal izango da sektorearen errentagarritasuna hobetu ahal izateko.

UDALAREN ETA KUTXABANKEN ARTEKO LANKIDETZA

Hastear dagoen proiektu hau ekimen konplexu bat da, irismen handikoa eta berrikuntzarako osagai ugari eta garrantzitsuekin. Lau urteko iraupena aurreikusi da, bi fasetan banatuta:

Lehenengo fasea 2023. urtean amaituko da, eta hauxe gauzatuko da: plataforma garatzea eta datuak biltzea. Bigarren fasea, martxan jartzen denetik, informazioa eguneratzeko, mantentzeko, ustiatzeko eta aztertzeko erabiliko da.

Udala, BILBAO EKINTZA sozietatearen bitartez, tresna teknologikoa garatzeaz arduratuko da, non merkataritzaren sektorearen esparruko informazio sozioekonomikoa biltegiratu, aztertu, partekatu eta erakutsi ahal izango den, betiere, datuak emanez.

KUTXABANKek, bere aldetik, estatistika-datu anonimoak eta babestuak eskainiko ditu, eta erakundearen txartelekin eta saltokietako TPVekin egindako transakzioei gehituko zaizkie.

AURREKARIAK

Datuak aztertzeko tresna bat garatuko da, merkatari, ekintzaile eta udalari sektorearen egoera hobetzeko erabakiak hartzen laguntzeko, gaur egungo hiri-merkataritzaren bilbea eta kontsumitzaileen joera hobeto ezagutuz. Udalak aspalditik gauzatu nahi zuen proiektua dugu.

Aldez aurretik, hiribilduko gastuarekin eta mugikortasunarekin zerikusia duten zenbait esperientzia aztertu dira, eta, gainera, iturri ofizial batzuetatik jasotako datuak daude, Bilboko Behatokia delakoaren bitartez bildutakoak, esaterako.

Garatuko den plataformaren bitartez, azterketa deskriptibo bat egingo da, baina baita eskura dauden datuen azterketa aurreratu bat ere.

  • Honako hau egingo da AZTERKETA DESKRIPTIBOAN: datu historikoak bildu eta agregazioak egingo dira, eta grafiko, taula edo mapen bitartez jarriko dira ikusgai, hiriko merkataritza-sektorearen gaur egungo eta iraganeko egoera ulertzen laguntzeko.
  • AZTERKETA AURRERATUAri dagokionez, ohiko datuen azterketak gainditzen dituzten teknika, tresna eta metodo analitiko konplexuen multzo bat erabiliko da, zeinak erantzun, erabaki eta ekintza hobeagoak emateko aukera emango duten informazioaren iragarpen eta harreman sakonak erabiliz (iragarpen-azterketa, gomendio-sistemak, denborazko sailen iragarpena, optimizazio-algoritmoak eta abar).

DATUEN AZTERKETAREN ADIBIDEAK

AZTERKETA DESKRIPTIBOAREN kasuan: Salmenten sailkapena auzoka Jarduera eta barrutien araberako establezimenduen kopurua Auzo-profila errentaren, adinaren eta ikasketen arabera Salmenta eta transakzioen urte arteko bilakaera Pertsonen mugikortasunaren bero-mapa Merkataritza-jardueren kontzentrazioa…

AZTERKETA AURREATUan: Kokapenen inguruko aholkuak Eremu bikien identifikazioa irekiera berrietarako Denbora-sailen iragarpena Salmenta-palanken ebaluazioa….

BILBOKO MERKTARITZA ZENBAKIETAN

2021eko balantzearen arabera, Bilbok txikizkako 4.395 merkataritza-establezimendu ditu, eta, kopuru handia dutelako, nabarmentzekoak dira hauek: elikadura, edariak eta tabakoa, ehuna eta zapatak, etxeko ekipamenduak eta eraikuntza eta farmazia-produktuak, ortopedia, edertasuna eta drogeria.

Gutxi gorabehera, EAEko merkataritza-eskaintzaren % 20 hartzen dute, eta, gainera, merkataritza horren % 40k 10 urte baino gutxiagoko antzinatasuna du (merkataritza gaztea da).

14.177 pertsonari ematen diete lana, eta hirian enplegu gehien ematen duten jardueren artean laugarrena dugu, hezkuntza, osasuna eta administrazio-jarduerak eta zerbitzu osagarriak direlakoen atzetik.

Txikizkako merkataritzan online erosketak egiteari dagokionez, sektorerako arrisku-faktore bat dela kontuan izanda, 2020. urtean erosketa guztien % 17,8 izan ziren, Statista estatistika-atariaren azken azterketaren arabera, eta 2021. urtean % 19,6 izan zela kalkulatu da.

2025. urterako ehuneko hori % 24,5era iristea aurreikusi da. Kopuru garrantzitsuei dagokienez, adierazi beharra dago pertsonen % 85ek online erosten duela eta, agertokia hori izanda ere, aurreikuspenen arabera denda fisikoak % 75,5 izango dira 2025. urtean.