Martxoak 11
-
Juan Mari Aburto Alkatea izan da ekitaldiaren buru, non Bilboko baldosak banatu dituzten iaz udal-zerbitzuen laguntzarekin sortutako 204 enpresa berrien artean: “Ematen duzuen aurrerapauso bakoitzean zuen ondoan egon nahi dugu, hiriko jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren sustatzaileak baitzarete. Zuen negozioek hiria egiten dute”.
-
Dagoeneko ohikoa bihurtu den “Bilbo Ekinean Galaren” hogeita batgarren edizioak amaiera eman dio ekintzailetzaren esparruan zifra errekorrez betetako urte bati, non Zabalgune eraikina Bilboko komunitate ekintzailearen epizentroa bihurtu den.
-
“Hogei urte baino gehiago igaro direnean, askotariko negozio eta profilak dituzten gero eta pertsona gehiagoren espiritu ekintzailea saritzen jarraitzen dugu, eta hori oso aberasgarria da”, esan die Kontxi Claverrek, Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotziak.
-
ARGAZKI GALERIA
Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea “XXI. Bilbo Ekinean Galaren” buru izan da. Ekitaldia gaur astelehena, martxoak 10, egin da Azkuna Zentroko entzunaretoan. Alkateak Bilboko Baldosak banatu ditu, iaz hirian 204 negozio berri abian jarri zituzten hiriko ekintzaileak aintzatesteko eta saritzeko.
Dagoeneko ohikoa bihurtu den galaren hogeita batgarren edizioa, Bilboko ekintzaileei esker ona emateko eta egindako lan aitortzeko egiten dena, berezia eta paregabea izan da, izan ere, 2024ko zifrek marka guztiak hautsi dituzte, agerian utziz Bilboko herritarren espiritu ekintzailea gero eta handiagoa dela: “Askok begiratu beharko luketen ispilua zarete, jarraitu beharreko adibidea; Bilboren oraina eta etorkizuna zarete, gure hiriaren benetako balioa, eta ahalegina, lana eta sakrifizioak egiten dituzue gero eta ekintzaileagoa den Bilboren mesedetan”, esan die Alkateak aintzatespena jaso duten ekintzaileei.
“Horregatik, ematen duzuen aurrerapauso bakoitzean zaindu eta lagundu nahi zaituzte Udalak, orain erdiguneko Zabalgune eraikinean biltzen diren doako udal-zerbitzuen bidez, ekintzailetzaren benetako komunitatea sortzen baita bertan. Eskerrik beroenak eta zorionak hiriko jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren benetako bultzatzaileak izateagatik”, esan du Juan Mari Aburtok, eta agerian utzi du Zabalgune eraikinak hiriko ekintzaileen artean loturak eta sinergiak sortzeko epizentroa izateko duen gaitasuna.
Alkateak ekitaldian nabarmendu duenez, “garrantzitsua da tokiko eremuan negozio berriak sortzea, zuek zaretelako gure hiriaren benetako funtsa, sortu dituzuen eta Bilboko herritarrei hainbeste ekarpen egiten dieten enpresa txikietan soilik sentitzen den hurbiltasuna, konfiantza eta lotura ematen duzuenak. Zuen enpresek hiria egiten dute. Onena opa dizuegu”.
Bestalde, Kontxi Claver, Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotzia, ere izan da “XXI. Bilbo Ekinean Galan”, eta espiritu ekintzaileak Bilbon izan duen hazkundea azpimarratu nahi izan du, gero eta profil anitzagoak daudela nabarmenduz: “Hogei urte baino gehiago igaro direnean, askotariko negozio eta profilak dituzten gero eta pertsona gehiagoren espiritu ekintzailea saritzen jarraitzen dugu, eta hori benetan aberasgarria da. Ekintzailetzaren esparruan iaz erregistratutako zifra bikainen aurpegia zarete”.
Galari hasiera emateko, Ohorezko Aurreskua eskaini du Bilbao es Ballet konpainiako Teresa Gonzalez Ardanazek, Pedro Ribeiro biolontxelo-jotzailearekin batera. Opera Prima konpainiak interpretatutako emanaldia ere eskaini da.
2024AN MARKAK HAUTSI DITUZTEN ZIFRAK
Bilbao Ekintzaren bidez eskaintzen diren udal-zerbitzuen laguntzarekin 2024an sortutako negozio eta enpresa berrien jarduera-balantzeak aurretik aipatutakoa berresten du, nabarmendu beharreko honako datu hauekin, eta markak hautsi dituen gala baten isla argia dira: 293 enplegu sortu dituzten 204 enpresa; ekintzaileen % 79ak 45 urtetik beherako adina du; negozioen erdiak emakumeek sortu dituzte; enpresen % 35 migratzaileek sortu dituzte, eta horien artean jarduera batzuen hazkundea nabarmentzen da, hala nola merkataritza (% 12,5), sormen-industriak (% 9,72), zerbitzu aurreratuak (% 4,17) edo eremu digitalarekin eta Internetekin lotutakoak (% 2,78).
Bilbao Ekintzako Ekintzailetza Zentroan ematen diren zerbitzu guztiak doan eskaintzen zaizkio ekintzailetzaren komunitateari, eta Europar Batasunak %40an finantzatzen ditu 2021-2027 Europako Plus Gizarte Funtsaren bidez.
SARE SOZIALAK