Bilboko Udalak triptiko bat kaleratu du saltoki eta jatetxeen digitalizazioa bultzatzea xede duen “Bilbao Zurekin” zerbitzuari buruz

Urriak 31

  • Guztira, 6.000 ale plazaratu ditu, hiri osoko saltoki, jatetxe eta elkarteen artean banatzeko asmoz.

  • “Bilbao Zurekin” doako zerbitzuaren hasieran, auditoretza digital pertsonalizatua egingo da kanal digitalen hobekuntza-alderdiak zehazteko, eta atxikitako saltoki eta jatetxeak bezeroak fidelizatu eta erakartzeko mezuak landu eta planifikatzeaz arduratuko dira, marketin digitaleko talde batek bidal ditzan.

Bilboko Udalak saltoki eta jatetxeen digitalizazioa bultzatzea xede duen “Bilbao Zurekin” zerbitzuari buruzko informazio-kanpaina abiarazi du, Bilbao Ekintza udal sozietateak zuzendutako ekimen honen helburuak laburbiltzen dituen triptiko baten argitalpenaren bitartez.

Hartara, Udalak 6.000 ale plazaratu ditu, eta hiri osoko saltoki, jatetxe eta elkarteen artean banatzen hasiak dira dagoeneko.

Bilboko Udalaren argitalpen honetan zehaztu den bezalaxe, “Bilbao Zurekin” zerbitzuaren helburu nagusia saltoki eta jatetxeei salmentak handitzen laguntzea da, merkatuan duten ikusgaitasuna eta bezeroen fidelizazioa handitzeaz gain, mezularitza-tresna profesional baten bitartez.

Zerbitzua erabat doakoa da, eta hasieran, atxikitako negozioen auditoretza digital pertsonalizatua lantzen da marketin digitalean trebatutako agenteen eskutik, kanal digitaletan (webgunea, sare digitalak, etab.) dituzten balizko hobekuntza-alderdiak zehazteko.

“Bilbao Zurekin” zerbitzuarekin bat egiten duten saltoki eta jatetxeek (epea azaroaren 30ean amaituko da) bezeroak fidelizatu eta erakartzeko mezuak landu eta planifikatuko dituzte, eta marketin digitaleko talde bat arduratuko da mezu horiek email edo SMS bidez bidaltzeaz. Aldian-aldian, lortutako emaitzak neurtuko dira abiarazitako ekintzen egiazko errentagarritasuna baloratu ahal izateko.