Bilboko Udaletxea Netflixeko “Intimidad” telesail berriaren grabaketaren eszenatokia

Ekainak 30

  • Juan Mari Aburto Alkatea bi egunez Udaletxearen instalazioetan grabatuko den telesailaren grabaketan izan da gaur. Topaketa honetan NETFLIX Txintxua ekoiztetxearekin egiten ari den “Intimidad” telesail berriko aktoreekin eta teknikariekin hitz egin du.

Bi egunez –gaur asteartea eta bihar asteazkena– Bilboko Udaletxea Netflix gure hirian “Intimidad” izenburupean filmatzen ari den telesail berriaren eszenatokia izango da.

Juan Mari Aburto alkatea filmatzeko setean izan da gaur bi egun hauetan udal-instalazioetan lan egingo duten talde teknikoarekin eta aktoreekin.

Alkateak azaldu duenez, beti esan izan dugu Bilbo zinema-hiria dela eta Udaletxe hau eta gure bulegoak plato aparta dira filmaketak egiteko. Oso pozik gaude Netflixek serie honetarako gure hiria eta, batez ere, gure Udaletxea aukeratzeagatik, Udaletxea bilbotar guztien etxea delako. Nolabait geure buruak pelikulan islatuta ikusiko ditugu”.

Intimidad” telesailean protagonistak Itziar Ituño (La casa de papel, Ilargi guztiak), Patricia López Arnaiz (Feria, Ane), Emma Suárez (Criminal, Julieta), Verónica Echegui (Días de Navidad, 3 Caminos), Ana Wagener (El inocente, Bienvenidos a Edén) eta Yune Nogueirasen (Akelarre) mailako aktoreak dira.

Txintxua Films ekoiztetxeak Netflixentzat egiten duen jatorrizko telesail berri honen zuzendariak Jorge Torregrossa (Hache, ÉLITE, Fariña), Ben Gutteridge (The Naked Man, Steak Knife), Marta Font (Mira lo que has hecho) eta Koldo Almandoz (Oreina) dira.

TXINTXUA FILMS

2008an sortu zen ekoiztetxe donostiarra da, eta Marian Fernandez Pascal eta Asier Altuna ditu buru. Azken urteetako euskal ekoiztetxe garrantzitsuenetakoa da, besteak beste Amama (Asier Altuna, 2015), Dantza (Telmo Esnal, 2018) eta Oreina (Koldo Almandoz, 2018) filmekin. Duela gutxi Hondar Ahoak (Koldo Almandoz, 2020) minitelesaila ekoitzi du.

NETFLIX

Netflix streaming bidezko entretenimendu zerbitzu liderra da munduan. 190 herrialdetan baino gehiagotan dago eta ordainpeko bere 208 milioi harpidedunek genero askotako telesail, dokumental eta film luzeez gozatzen dute hizkuntza askotan. Netflixeko harpidedunek telesailak eta filmak Internetera konektatutako edozein pantailatan ikus ditzakete.