Bilboko Udalak Food 4 Future 2022ren aholku batzordearen lehen bileran parte hartu du

Urtarrila 28

  • Elikagaien sektoreko berrikuntzari buruzko nazioarteko ekitaldi honen bigarren edizioa maiatzaren 17tik 19ra bitartean egingo da Bilbao Exhibition Centren, Herbehereak herrialde gonbidatua delarik, nekazaritzako elikagaien industriaren negozio-eredua birdefinitzeko eta elikagaiak modu jasangarri eta osasungarrian ekoizteko.

Food 4 Future – Expo Foodtech azokaren bigarren edizioa hasteko bost hilabete eskas falta direnean, administrazioek eta elikagai eta edarien sektoreko puntako konpainiek elikagaien sektoreko berrikuntzari buruzko nazioarteko ekitaldi honen aholku-batzordearen lehen bileran parte hartu dute. Maiatzean, Food 4 Future topaketak mundu osoko 6.000 bisitari eta 250 enpresa erakusketari baino gehiago bilduko ditu Bilbon.

Bilboko Udalak, Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako Zuzendari Nagusiaren bitartez, Food 4 Futureren aholku-batzordeak atzo, osteguna, Madrilen egindako bilera honetan parte hartu du, eta bertan izan dira, halaber, Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordea; Rogelio Pozo, AZTI zentro teknologikoko CEOa eta Food 4 Future Biltzarreko Zuzendaria; Sergio Fabregat, Food 4 Future-Expo Foodtecheko Zuzendaria, eta Industria Merkataritza eta Turismo Ministerioaren zein Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren ordezkariak, baita konpainia liderren ordezkariak ere, Bolton Food, IBM, Lantern, Ibermática, Minsait, CaixaBank, Nueva Pescanova, Osborne eta Kaiku tarteko direla, besteak beste.

Bileran baieztatu dutenez, Herbehereak izango da maiatzaren 17tik 19ra Bilbao Exhibition Centren egingo den Food 4 Futureren bigarren edizioko herrialde gonbidatua.

Automatizazioa, prozesatzeko teknika berriak, belaunaldi berriko osagaiak eta jasangarritasuna izango dira Food 4 Future 2022an parte hartuko duten 300dik gora hizlarik gidatutako 6 osoko bilkuren eta 50 hitzaldi baino gehiagoren gai nagusietako batzuk. Berrikuntza da industria-iraultza bideratuko duen palanka eraldatzailea da, eta Food 4 Future 2022n ikusgai izango dira nekazaritza adimendunari, makineria eta prozesuei, kontserbazioari, logistika eta garraioari, ekonomia zirkularrari zein energia-eraginkortasunari aplika dakizkiekeen abangoardiako azken teknologiak.

Aurten ere, Food 4 Futurek Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, ICEX eta Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa izango ditu bidelagun, baita topaketa honekin bat egin duten sektore honetako elkarteak eta laguntzaile liderrak ere: HAZI, NEIKER, ELIKA, EIT Food, ILSI Europe, Food for Life, SPRI, Eatable Adventures, Santelmo Business School eta IASP (Parke Zientifikoen eta Berrikuntza Arloen Nazioarteko Elkartea), besteak beste.