Bilboko Udalak hiriko kultura sektorea indartu nahi du 30.500 bonutik gorako kanpaina berri baten bidez

Irailak 29

  • Ostiral honetan, urriak 1, 16:00etatik aurrera, kultura sektoreari laguntzeko Bilboko Bonuak erosi ahal izango dira www.bonobilbao.eus webgunean. Kanpaina honen helburua da kultura- eta sormen-industrietan enplegua eta ekonomia suspertzea, diruz lagundutako bonuen bidez herritarren zuzeneko kontsumoa sustatzeko asmoz.

  • Guztira 30.500 bonu baino gehiago aktibatuko dira, 20 eta 40 eurokoak, eta zenbateko horien erdia udalak ordainduko du.

Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Gonzalo Olabarria, Kulturako zuzendaria den Iñaki López de Aguiletarekin eta Bilbao Ekintza udal-sozietatearen zuzendaria den Javier Garcinuñorekin batera, kultura sektoreari zuzendutako Bilboko Bonuen kanpaina berria aurkeztu dute gaur bertan egindako prentsaurrekoan. Ekimen horren helburua da herritarrek industria horretan egiten duten zuzeneko kontsumoa sustatzea, bereziki udazken eta neguko hilabeteetan eta, batez ere, Gabonetan.

Guztira 30.529 bonu jarriko dira martxan, Udalak % 50ean diruz lagundutakoak, koronabirusaren pandemiak gogor jotako sektorea lagundu eta indartzeko asmoz. Iaz egindako lehenengo kanpainaren ondoren, udalak bigarren edizioa abiarazi du, eta herritarrek ostiral honetatik, urriaren 1etik, aurrera eskuratu ahal izango dituzte bonuak, arratsaldeko 16:00etan, www.bonobilbao.eus webgunean.

Gonzalo Olabarriaren esanetan, “programa erakargarri hau onuragarria izango da herritarrentzat (aplikatuko diren deskontu onengatik), negozio-mota horietan lan egiten duten pertsonentzat eta, oro har, gizarte osoarentzat; izan ere, hiribilduko kultura- eta sormen-industrian jarduera kontsumitzera eta sustatzera animatuko ditugu.”

BONU-MOTAK ETA DATAK

Bi motatako bonuak egongo dira:

  • 20 eurokoak: horietatik 10 € bezeroak ordaintzen ditu, eta beste 10 € udalak.
  • 40 eurokoak: horietatik 20 € bezeroak ordaintzen ditu, eta beste 20 € udalak.

Udalaren aurrekontua 400.000 eurokoa da, eta milioi bat eurotik gorako eragina aurreikusten du.

Arestian esan bezala, herritarrek urriaren 1etik 2022ko otsailaren 15era (edo bonuak agortu arte) bitartean erosi ahal izango dituzte bonuak. Bestalde, bonuak erabiltzeko epea datorren urteko martxoaren 15ean amaituko da.

Bonuak www.bonobilbao.eus webgunean erosi ahalko dira, zeina kulturaren arloko enpresek eta establezimenduek kanpainarekin bat egiteko ere erabili den. Era berean, sarrerak saltzeko aukera ematen duten Kutxabank-en kutxazainetan ere eskuratu ahalko dira bonuak.

Pertsona bakoitzeko (NAN) gehienez ere 10 bonu erosi ahalko diraeta tiket bakoitzeko lau bonu erabili ahalko dira gehienez. Tiketaren zenbatekoak bonuen zenbateko berekoa edo handiagoa izan beharko du. Horrez gain, bonuak bateragarriak izango dira beste administrazio batzuek eskaintzen dituzten bonu batzuekin; beraz, erosketa berean pilatu ahal izango dira. Aurreko kanpainetan bezala, bonuak erabiltzeko, establezimenduan bertan erakutsi beharko da QR kodea edo paperean inprimatutako bonua.

ESTABLEZIMENDUAK ETA ATXIKIPENAK

Establezimenduen kasuan, gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa izango da. Laguntzak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen, Udalak transferentziak egingo ditu astero, erabiltzaileek bonua establezimenduan erabili ondoren.

Bat egiteko epea kanpaina amaitu arte egongo da zabalik (2022ko otsailaren 15era arte).

  • Ondokoek eskuratu ditzakete bonuen dirulaguntzak:

Ikuskizunak aretoetan, lokaletan, aire librean eta ikuskizunak antolatzen dituzten enpresak; liburuen, egunkarien eta abarren txikizkako merkataritza, zinema-aretoak eta bideo-filmen alokairua. Arte-galeriak, liburutegiak eta museoak. Margolari, eskultore, zeramikari, artisau, grabatzaile eta antzeko artistak. Honako salgai hauen txikizkako merkataritza: musika instrumentuak eta horien osagarriak, zigiluak, txanponak, oroitzapenezko dominak eta bildumazaleentzako billeteak, artelanak, antzinako objektuak, mineralak…

Produktu hauek Kultura Bonutik kanpo geratuko dira: papergintza-produktuak; informatikako eta elektronikako ekipamendu, software eta kontsumigarriak; jokoak eta bideo-jokoak, bai eta ikasteko testuliburuak eta testuliburu profesionalak ere.

BILBAO AURRERA

Udalak bultzatutako bonu-kanpaina horiek BILBAO AURRERA 2020 eta 2021 planaren —udal-ordezkaritza duten talde politiko guztien adostasunarekin sustatutakoa— baitan jasotako neurri nabarmenetakoak dira, eta pandemiak hirian eragindako kalteei aurre egiteko xedea dute.

Bilboko Kultura Bonuak aste honetan bertan aktibatutako Ostalaritza Bonuei eta Bilbao Bizkaia Turismo Bonuei batuko zaizkie, hiriko ekonomia, enplegua eta kultura suspertzeko helburuan indarrak batzeko.