Maiatzaren 5etik aurrera, asteazkenean, turismoaren eta ehungintzaren eta zapatagintzaren sektoreei laguntzeko Bilboko Udalak kaleratuko dituen laguntza zuzenak eskuratu ahal izango dira

Maiatzak 3

  • Asteazkeneko, maiatzak 5, 10:00etatik aurrera sektore hauei pandemiari aurre egiten laguntzeko Bilboko Udalaren LAGUNTZA ZUZENAK eskatu ahal izango dira: turismoaren sektorea, eta arropa, zapata eta larruzko artikuluen txikizkako merkataritza telematikoki eskuratu ahal izango dira, esteka honen bidez: https://www.bilbaoaurrera.eus.

  • Guztira, 1,1 milioi euro baino gehiago emango dira, eta horietatik 877.000 euro merkataritzarako dira eta 268.000 euro turismorako.

Asteazkeneko, maiatzak 5, 10:00etatik aurrera, aktibatuta egongo da Bilboko Udalaren www.bilbaoaurrera.eus webgunean, eta TURISMOAREN sektoreari zuzendutako laguntza zuzenak eskatu ahal izango dira bertan, bai eta ehungintzako eta zapatagintzako MERKATARITZARI dagozkionak ere. Aparteko neurriak dira biak, eta pandemiari aurre egiteko Bilbao Aurrera 2021 Planean jasotako ekintza eta aurrekontura gehituko dira. Plana udal-ordezkaritza duten talde politiko guztiekin adostu da, eta, guztira, 15 milioi euro baino zertxobait gehiagoko inbertsioa egingo da. Era berean, Bilbao Ekintza udal-sozietatea arduratuko da izapide guztiak egiteaz, aipatutako webgunearen bidez. Eskabideak aurkezteko epea datozen 15 egun baliodunetan egongo da irekita, hau da, maiatzaren 20era arte.

Hiriko txikizkako MERKATARITZARI eta, zehazki, arropa, zapata eta larruzko artikuluen sektoreei zuzendutako laguntza zuzenen poltsaren kasuan, udalak 877.000 euro bideratuko ditu, eta, horrela, Eusko Jaurlaritzak ematen dituenak osatuko dira. Udalak bideratuko dituen laguntzen kopurua 1.000 eurokoa izango da 1 eta 9 enplegu arteko plantilla duten saltokientzat eta 1.500 eurokoa 10 langile baino gehiago dituztenentzat.

  • 1 eta 9 langile artean: Bilboko Udalaren 1.000 euro (+ Eusko Jaurlaritzaren 4.000 € ) = 5.000 €, GUZTIRA.
  • 10 langile edo gehiago: Bilboko Udalaren 1.500 euro (+ Eusko Jaurlaritzaren 4.500€ ) = 6.000 €, GUZTIRA.

Gaur egun, laguntza-sorta jaso ahal izango duten tipologia horretako 861 establezimendu daude Bilbon, gutxi gorabehera (EJSNren arabera).

Hauxe da aurrekontu-irismenaren kalkulua:

  • 1-9 langile dituzten establezimenduak: 829 saltoki X 1.000 € bakoitzak = 829.000 €, guztira.
  • 10 langile edo gehiago dituzten establezimenduak: 32 saltoki X 1.500 € bakoitzak = 48.000 €, guztira.

TURISMOAri zuzendutako laguntza zuzenen kasuan, udalak, guztira, 268.000 euro bideratuko ditu, eta Bilboko udalerriko turismo-sektoreko pertsona fisiko (autonomoak edo profesionalak, ondasun-erkidegoen bazkideak eta nortasun juridikorik gabeko sozietate zibilak) edo juridikoek, mikroenpresa edo ETE guztiek parte hartu ahal izango dute: turismo-garraioko enpresak, turismo aktiboko enpresak, kongresuak antolatzen dituzten enpresa profesionalak, turismo-gidariak eta bitartekaritzako turismo-enpresak.

Zenbatekoak langileen kopuruaren arabera emango dira, eta 1.000 euro, 1.250 euro edo 1.500 eurokoak izango dira. Beste mota batzuetako dirulaguntzen osagarriak izango dira.

  • 1-9 langile dituzten establezimenduak: MILA EURO (1.000,00 €).
  • 9 langile baino gehiago dituzten establezimenduak: MILA BERREHUN ETA BERROGEITA HAMAR EURO (1.250,00 €).
  • Bitartekaritzako turismo-enpresak: MILA ETA BOSTEHUN EURO (1.500,00 €).

Era berean, eskabide bat aurkeztu ahal izango da lantoki edo establezimendu bakoitzeko, enpresa bakarrak bat baino gehiago izan arren. Enpresek establezimendu edo lantoki bakoitzerako eskatu ahal izango dituzte laguntzak, bakoitzari dagokion eskabidea aurkeztuta. Bitartekaritzako turismo-enpresak (bidaia-agentziak) salbuespena izango dira; izan ere, eskaera bakarra egin beharko dute enpresa osatzen duten lantoki, sukurtsal eta salmenta-toki guztietarako.

Laguntzen bi lerroak telematikoki eskatu ahal izango dira, esteka honen bidez: https://www.bilbaoaurrera.eus. Horrez gain, kontsultak egiteko eta informazioa eskatzeko telefono-zenbaki hau erabili daiteke: 94.420.53.57. Edo, bestela, helbide elektroniko honetara idatzi: bilbaoaurrera@bilbaoekintza.bilbao.eus.