Food 4 Future ekimenari esker, foodtech industriako munduko erreferente bihurtuko da Bilbo, eta nazioarteko inbertsioa zein talentua erakarriko ditu

Martxoak 26

  • Ekainaren 15etik 17ra, Food 4 Future – ExpoFoodTech ekitaldia antolatuko da Bilbon. Bertan, datozen urteetan sektorea eraldatuko duten enpresa-esperientzia berritzaileenak, azken aurrerapen zientifikoak eta elikagaien zein edarien produktuak garatzeko joerak bilduko dira

  • Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren eta elikagai eta edarien elkarte zein enpresa nagusien babesa du ekitaldiak, bai eta Bilbo Foodtech berrikuntzaren hiriburu bihurtzeko EIT Food ehun ekintzaile eta berritzailearena ere

Food 4 Future – ExpoFoodTech 2021 ekitaldi profesionalaren aurkezpena egin dute gaur. Elikagaien eta edarien sektoreko profesionalak bilduko dira bertan ekainaren 15etik 17ra, Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan. Hiru eguneko foro bat izango da, eta datozen hamarkadetan elikagaien industriak aurre egiteko izango dituen erronkak aztertuko dira bertan, bai eta eredu jasangarriagoen bilaketa eta osagaien eta produktuen berrikuntza ere.

Food 4 Future ekitaldian, balio-kate osoko profesionalak bilduko dira Bilboko BECean zientzia eta teknologia elikagaien industrian hain beharrezkoa zen iraultza sortzen ari direla erakusteko. «Food 4 Future berritasun teknologikoak, berrikuntza disruptiboak eta ezagutza zientifikorik aurreratuena aurkezteko Europako eta nazioarteko erreferentziazko ekitaldi bihurtzeko sortu zen, nekazaritzako elikagaien sektoreari eraldatzen laguntzeko», azpimarratu du Alberto Planas NEBEXTeko zuzendari nagusiak gaur, HIP-Horeca Profesional Expo erakusketan egin den aurkezpen-saioan (ostalaritzako berrikuntzari buruzko ekitaldi profesionala).

Food 4 Future ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren babesa du, eta, gainera, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea ere han izan da, eta hauxe adierazi du: «Food 4 proiektuari esker, FoodTech-ean lurralde aurreratua da Euskadi, elikagaien ekosistema egituratu batekin, non sektoreko erronka estrategikoetarako irtenbide berritzaileak garatzen diren. Horrela, dagoeneko existitzen diren gaitasunak eta lankidetza sustatzen dira nazioarteko eragileekin, elikagaien sistema jasangarri, seguru, osasungarri eta berezi bat lortzeko».

Bestalde, ekonomia sustatzeko Bilboko Udaleko Bilbao Ekintzako agentziako zuzendari nagusia den Javier Garcinuñok hauxe esan du: «ekitaldia antolatzeko arrazoia gure enpresetarako negozio-aukera berriak bilatzea eta identifikazioan aurrera egitea da, zeinen bitartez produkzio-eraginkortasunak, merkatu-irtenbide berriak edo produktu berritzaileak eskainiko dizkieten elikaduraren alorrean».

Ordezkari publikoekin batera, ICEXeko Nazioartekotzeko zuzendari nagusia den Javier Sierrak ere parte hartu du, eta hauxe nabarmendu du: «Ekitaldi hau hitzordu estrategikoa da gure herrialdeak garrantzia bereganatu dezan hazten ari den eta nazioarteko ekonomiarako ezinbestekoa den sektore batean». Food for Life plataforma teknologikoko presidentea den Mauricio García de Quevedok aipatu du «Food 4 Future ekimena Euskal Autonomia Erkidegora iristearekin batera, Bilbo Foodtech berrikuntzako munduko hiriburu bihurtuko dela».

Food 4 Future World Summit kongresuko zuzendaria eta AZTIko zuzendari nagusia den Rogelio Pozok ekitaldiaren kongresua egituratuko duten gakoak aurkeztu ditu bere hitzaldian. «Digitalizazioa, jasangarritasuna eta osasuna dira elikagaien industria goitik behera aldatzeko eta kontsumo zein ekoizpen-eredu jasangarriagoak eta osasungarriagoak sortzeko gakoak. Hain zuzen ere, horixe aurkitu nahi dugu Food for Future proiektuan», adierazi du.

Amaitzeko, San Telmo Business School-eko zuzendariondoko nagusiak food tech arloari buruzko zertzelada batzuk partekatu ditu elikagaien industriako eta hotel, jatetxe eta kafetegien sektoreko ordezkariekin HIPeko Leadership Summit-ean.

Nazioarteko 280 adituk munduko BPGd-ren % 11 sortzen duen industria ordezkatuko dute

Elikagaien industriak munduko BPGd-ren % 11 hartzen du, eta, aurreikuspenen arabera, 2050. urtean % 70era arteko hazkundea egongo da elikagaien produktuen eskarian. Bestalde, industriaren digitalizazioak 300 bilioi euro baino gehiagoko eragina izan dezake 2021. urtetik 2025. urtera. Kopuru horiek argi uzten dute zein garrantzitsua den industria, bai eta elikadura-produktuak sortzeko prozesu berriak diseinatzen dituzten digitalizazio eta teknologiak bultzatzea ere.

Food 4 Future – ExpoFoodTech ekitaldian, elikadura-segurtasunari, paketeak egiteari, elikagaiak prozesatzeari, garraio eta logistikari eta abarri aplikatu dakizkiekeen irtenbide teknologiko berritzaileenak aztertuko dira hiru egunetan zehar, prozesuak optimizatzeko eta negozio-eredu eraginkorragoak lortzeko. Food 4 Future-en agendan nazioarteko 280 aditu baino gehiago bilduko dira, eta merkatuko joera berriak jorratuko dituzte 56 hitzaldi baino gehiagotan, baina 6 foro bertikaletan egituratuta: Meat Forum, Beverage, Bakery, Sea Food, Dairy eta Agro. Bestalde, bertaratzen direnek lehen-lehen eskutik ezagutu ahal izango dituzte alor hauei lotutako irtenbide teknologikoak: adimen artifiziala, Blockchain, Gauzen Internet Industriala (IIoT), bioteknologia, Data Analytics, zibersegurtasuna, Cloud eta automatizazioa eta robotika.