Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak kanpaina bat aurkeztu du gaueko aisialdi arduratsua sustatzeko

Abenduak 14

  • Gure aisiak errespetuzkoa izan behar duela kontzientziatzea da kanpainaren helburua, beste pertsona batzuentzat gogaikarriak izan daitezkeen egoerak saihestuz.

  • Dagoeneko 28 dantzalekuk egin dute bat kanpainarekin. Estrategia global baten barruan kokatzen da, gaueko aisiaz gozatu nahi dutenen eta eremu horietan bizi diren bizilagunen arteko bizikidetza sustatzeko.

  • Ikuspegi baikor batetik, Latxik, kanpainaren protagonista den ardiak, hainbat mezu azpimarratzen ditu. Mezu horiek erraz sartuko dira, sinpleak eta originalak direlako, gauez gerta daitezkeen hainbat egoeraren bidez.

  • Mezuak herritar guztiei eragiten die zeharka bada ere, baina kanpaina gaueko aisialdirako lokalak erabiltzen dituzten gazteei bideratuta dago bereziki.

  • Kanpaina gabon guztietan egongo da aktibo, eta lokaletan, kanpoan, Metro Bilbaon, prentsa digitalean eta sare sozialetan ikusi ahal izango da.

Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak, Bilboko Udalarekin lankidetzan, gaueko aisialdi arduratsua sustatzeko kanpaina berri bat aurkeztu du gaur.

Gaueko aisialdi arduratsu baten alde #BilboGauOn” lelopean, dagoeneko 28 dantzalekuk egin dute bat kanpainarekin. Estrategia global baten barruan kokatzen da, gaueko aisiaz gozatu nahi dutenen eta eremu horietan bizi diren bizilagunen arteko bizikidetza sustatzeko.

Aurkezpenean parte hartu dute, Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen aldetik, Héctor Sánchez gerenteak eta, Bilboko Udalaren aldetik, Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak eta Álvaro Perez Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak.

Kanpainaren ideia argia da: zure dibertsioak ez du izan behar gogaikarria beste pertsona batzuentzat, eta, horregatik, egoera gogaikarriak saihestu behar dira (zaratak, zikinkeria eta abar). Ideia hori helarazteko, pertsonaia bat sortu da, Latxi, ardi latxa bat. Ikuspuntu baikor batetik, Latxik gogoraraziko digu egoera horiek erraz saihets daitezkeela eta, zertxobait arduratsuak bagara, eremu publikoa pertsona guztientzako gune partekatua eta bizikidetzakoa izan daitekeela.

Hainbat “claim” garatu dira, beren sinpletasunagatik eta originaltasunagatik erraz sartuko direnak: “Beeeendito silencio”, “Beeeella noche para respetar Bilbao”, “Beeeerba baxu egin, mesedez”, besteak beste. Gainera, bideo labur batzuk prestatu dira; horietan egunerokotasuneko egoerak islatzen dira, eta egoera horiek nola birbideratu daitezkeen ikus daiteke, gizatasun pixka batekin.

Mezuek herritar guztiei eragiten diete zeharka, baina kanpainak publiko gazteenarengana iristeko ahalegina egingo du; horretarako, sare sozialak zeregin garrantzitsua izango dute. Latxik bere profilak ditu sare sozialetan (Instagram, Tik Tok eta Facebook) eta, horien bidez eta #BilboGauOn hashtag-aren bidez, kanpaina osoa jarraitu ahal izango da. Kanpaina zabaltzen laguntzeko, gure inguruko influencer batzuek parte hartuko dute, hala nola Bocabeats Comedia edo Oihan Vegak.

Kanpaina gabon guztietan egongo da aktibo, eta lokaletan ikusi ahal izango da (kartelak, pegatinak eta mezuak proiektatuta), baita kanpoan, Metro Bilbaon, prentsa digitalean eta sare sozialetan ere.

OSTALARITZAREN INPLIKAZIOA

Kanpaina hau, Bilboko Udalaren lankidetzarekin batera burutua, ostalaritza-negozioek agertutako kezka honen ondorioz sortu da: ondo pasatzera irten eta, aldi berean, beste pertsonak ez gogaitzea bateragarri egitea. Bilboko dantzaleku nagusiek bat egin dute kanpainarekin, 28 lokal guztira.

Izan ere, diskoteka eta dantzaleku horietako askok hainbat ekintza jarri dituzte martxan beren lokaletako sartu-irtenetan sor daitezkeen eragozpenak arintzen saiatzeko, eta hori beste aurrerapauso bat besterik ez da bizikidetzaren aldeko dinamika horretan.