Bidaia instituzionala eta akademikoa Mexikora, STEM eta startup teknologikoak erakartzeko estrategia indartzeko

Maiatzak 16

  • Maiatzaren 11tik 15era, Bizkaiko Foru Aldundiko, Mondragon Unibertsitateko eta Bilboko Udaleko ordezkari instituzional eta akademikoen talde batek Mexikoko Querétaro eta Nueva Leóngo estatuak bisitatu ditu, berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta talentua erakartzearen arloko loturak estutzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Mondragon Unibertsitateak eta Bilboko Udalak, Mexikorako misio instituzional eta akademiko batean parte hartu du, maiatzaren 11tik 15Era bitartean, STEM talentua eta startup teknologikoak erakarrita lurraldearen lehiakortasuna indartzeko. Misioak gune estrategikoak bisitatu ditu, hala nola Querétaro eta Nueva León, non agenda trinkoa garatu den, instituzionala, akademikoa zein enpresa-arlokoa.

Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkarien taldeko burua Ainara Basurko izan da, Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatua, eta, harekin batera, Cristina Mugica Lurralde Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusia ere izan da. Bilboko Udaleko ordezkaria, berriz, Kontxi Claver izan da, Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia. Misioan Mondragon Unibertsitateko ordezkari talde garrantzitsu batek ere parte hartu du, ordezkariok honako hauek izan baitira: Vicente Atxa errektorea eta Mondragoneko presidenteordea, Jon Altuna errektoreorde akademikoa, Carlos García Goi Mailako Eskola Politeknikoko zuzendaria eta Lander Beloki Enpresa Fakultateko dekanoa.

HELBURUAK: EKINTZAILETZA ETA TALENTUAREN ERAKARTZEA

Misioak Bizkaiarentzat funtsezko diren helburuei erantzun die. Alde batetik, bertatik bertara ezagutu ahal izan dira Monterreyko Institutu Teknologikoak ekintzailetzaren eta talentua erakartzearen arloan dituen ekimenak; horrez gainera, Bizkaitik erakundeen arteko lankidetzarako bide berriak aztertu dira. Mexikoko Nueva León estatuan kokatua, Monterreyko Institutu Teknologikoa Latinoamerikako erakunde akademiko entzutetsuenetako bat da, nazioartean aitortua goi-mailako hezkuntzan duen ikuspegi berritzaileagatik eta haren ekintzailetza-ekosistemagatik; izan ere, inkugailu, azeleratzaile eta talentu globala erakartzeko programak barne hartzen ditu ekosistema horrek. Beste alde batetik, Mexikoko Querétaron dagoen Mondragon Unibertsitatearekin (UMX) nazioarteko STEM talentua erakartzeko eta garatzeko lankidetza-aukerak aztertzeko ere balio izan du bidaiak. Gainera, xehetasunez ezagutu dira hezkuntzarekin eta hirien etorkizunarekin lotutako berrikuntza institutuak.

Mexikoko Nuevo León eta Querétaroko estatuak nabarmentzen dira zenbait sektoretako enpresak  biltzen dituen erreferentziazko industrialdeen sarearen inguruan duten  enpresa-dinamismoagatik. Bizkaiko enpresen filial batzuk dira enpresa horietako batzuk. Estatuotan, agenda instituzional bat garatu da; besteak beste, bilerak egin dira Nuevo Leongo Garapen Ekonomikorako idazkariarekin eta Querétaroko Garapen Ekonomikorako eta Ekintzailetzarako zuzendariarekin.

MEXIKOKO ENPRESA-EHUNAREN ETA SARE AKADEMIKOAREN ARTEKO LOTURA

Misioak Mexikon ezarritako Bizkaiko enpresekin harremanak estutzeko ere balio izan du. Ildo horretan, ITPren, Walter Packen eta Eikaren instalazioak bisitatu dira, merkatu global lehiakorraren testuinguruan dituzten etorkizuneko erronketan sakontzeko. Halaber, UMXen egoitzan lan-bilera bat egin da Mexikon dauden enpresa batzuetako ordezkariekin- Cikautxo, Maier, Wolco, Sisteplant, Teknei edo Ekin  dira enpresa horietako batzuk

SARE SOZIALAK: