Zorrotzaurrek beste urrats bat egin du talentuaren eta ezagueraren uharte bihurtzeko bidean, Bilbao As Fabrik delakoa inauguraturik, zerbitzu aurreratuen fabrika, hain zuzen

Urtarrila 18

  • Behin obra amaituta eta Mondragon Unibertsitateko ikasleek lehenengoz bertaraturik, Bilboko Udalak BILBAO AS FABRIK delakoaren barnea agertu du, alegia, antzinako torloju fabrika gaur Zorrotzaurren berrikuntzaren itsas-argi berri gisa ageri den egoitzarena, beste urrats bat talentuaren eta ezagueraren uharte bihurtzeko bidean.
  • Egoitza berri hori, non zura eta beira diren nagusi, industriazko iraganean ondo erroturik, 4.0 industriarako zerbitzu aurreratuen eta ekonomia digitalaren “fabrika” izango da orain, eta han egingo dute bat unibertsitateko formazioak, ekintzailetzak, StartUps direlakoen abiarazteak, enpresa-ekimen berritzaileek eta bestek.
  • Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, zeinean Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa izan baitira buru, BILBAO AS FABRIK proiektuak hedatzeko fase berri bati ekin dio, berrikuntza eta ekintzailetzako ekosistema bihurtzeko bidean; esan behar da, bestalde, europar erakundeen finantzaketa esanguratsua izan duela proiektuak.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea izan dira gaur buru BILBAO AS FABRIK delakoa inauguratzeko ekitaldian; proiektu hori asmo handikoa da, eta udala izan du aitzindari, bazkide estrategikoen sare baten laguntzarekin eta Europako erakundeen finantzaketa handiarekin.

Erakunde-ekitaldi bat izan da, beraz, eta Udalak, behin obra amaiturik eta lehenengoz eraikina irekirik iragan urtarrilaren 7an Mondragon Unibertsitateko lehenengo 228 ikasleentzat, eraikin ospetsuaren barnea erakutsi nahi izan du, zeinak 4.0 industriarako zerbitzu aurreratuen eta ekonomia digitalaren fabrika izateko xedea baitu, beste urrats bat eginik Zorrotzaurre Talentuaren eta Ezagueraren Uharte bihurtzeko bidean. Azken batean, lan egiteko modu berriak, garai berrietarako.

Alkateak azaldu duen legez, BILBAO AS FABRIK izan zen “gure eskuetara iritsi zen” lehenengo proiektuetako bat, agintaldia hasi berritan. “Proiektu gaitz bat, hasiera-hasieratik hartu genuena desafio handi baten moduan. Goitik behera aztertu ostean, ausartu ginen hura Europar Batzordearen deialdi oso zorrotz batean aurkeztera, bide honetan guztian lagundu diguten bazkide estrategiko batzuekin batera”, hala nola Orkestra, Eiken, Gaia, IDOM eta Mondragon Korporazioa, MIK eta Mondragon Unibertsitatea, betiere Udala zelarik liderra.

Ekimenaren lehen xedea zen bertako enpresen lehiakortasuna hobetzea eta ZORROTZAURREKO hiri-eremu jasangarria eta hedatzen ari dena finkaraztea ekosistema berritzaile legez eta 4.0 industriarako zerbitzu aurreratuen eta ekonomia digitalaren eremuko erreferentzia legez, bertara bilduz unibertsitate-formazioa eta enpresa-ekimen berritzaileen eragile izango diren pertsonen komunitate bat.

Prozesu horren guztiaren “erramua” , hala deitu baitio Juan Mari Aburtok, zera zen: bertan behera utzita zegoen eraikin bat birgaitzea, industriazko iragana zeukana, proiektu guztiaren erdigune bihur zedin. BETA 2 izan zen horretarako hautatutako pabiloia, Zorrotzaurren baitzegoen, antzinako torloju-fabrika bat, joan den mendeko 70eko hamartekoa, guztiz utzita zegoena.

Bilbao As Fabrik proiektua hautatu zen herrialde batzuek eta besteek aurkeztutako 400 proposamenen artean, eta, hala, “abentura eder” bati ekin zitzaion, hala deitu dio alkateak, zeina, orain, “itsas-argi” berri baten legez ageri baita, zeinaren egituran beira eta zura baitira nagusi, baina industria eremuaren izaera sendoari eutsiz, betiere.

Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak berriz, aipatu du, “Bilbao AS Fabrik proiektu estrategiko bat da Mondragon Unibertsitatearentzat. Bertan, Bilboko Udalaren lankidetzarekin inguru bat garatuko dugu non, bizikidetzan arituko diren, StarUps-ak, zerbitzu aurreratuak eskainiko dituzten enpresak eta gure ereduarekin bat datorren unibertsitate eskaintza, hau da, enpresekin harreman zuzenean”. Epe laburrera begira esan du baita ere “Gure helburua da, 800 ikasleri enpresa kudeaketarekin, 4.0 industriarekin, robotikarekin, big datarekin, digitalizazioarekin eta honek humanitateetan eta hezkuntzan duen inpaktuarekin besteak beste formazioa eskaintzeko gune batekin kontatzea.”

“Une honetan, Bilbao AS Fabrik-en, Mekatronika Ingeniaritza Gradu Duala, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradu Duala, Business Data Analytics Gradua eta Humanitate Digital Globalak Gradua eskaintzen ari gara” adierazi du Mondragon Unibertsitateko Errektoreak, Vicente Atxak.

Obra: beira,zura eta industria espiritua

Beta II Eraikina berritzeko eta birgaitzeko lanek 9,6 milioi euroko aurrekontua izan dute (bi fasetan), eta Bilboko Udalak eginarazi ditu guzti-guztiak. Pabilioia Udalaren jabetzakoa zen; 5 solairu ditu (estalkiaz gainera): zero solairua, solairuartea, 1. solairua, 2.a eta 3.a.

  • Lehenengo fasean, egiturazko hobekuntzak egin dira, eta, ondoren, beheko solairua, solairuartea eta lehenengo solairua egiteko lanei ekin zaie; dagoeneko, han dira Mondragon Unibertsitateko ikasleak.

Udalak eraikina birgaitu du, solairu guztietara zabalik egongo den PATIO BATEN INGURUAN antolatuta geratu delarik. Kanpoan nola barruan, industria eremu baten izaerari eutsi nahi izan dio obrak. Horretarako, eraikinaren barrualdea industria-kontzeptu ireki batetik abiatuta eraiki da, zurezko eta beirazko kutxetan sartutako espazioekin. Eraikinak harmailadi gisako bi auditorio ireki ditu, eta haietako batek beheko solairua eta lehenengoa lotzen ditu.

  • Eraikinaren kanpoaldea ere birgaitu egin da osoki, eta beirate zabal-zabalak ezarri dira, eraikinaren barrualdera argi naturala sartzeko bidea emanez. Bistako adreiludun fatxadak osorik berreraiki dira, eta gainerakoak egurrezko xaflen bidez zaharberritu dira.

Kanpoko sarbideei dagokienez, aldez urbanizatu dira, behin-behinean, arranpa, eskailera eta Beta I eraikinerako sarbidearekin lotuta; izan ere, eraikin horretan dago DIGIPEN, bideojokoen unibertsitatea izenarekin ere ezagutzen dena.

  • Datozen hilabeteetan, Bilboko Udalak eraikin horietara bietara sarbidea ematen duen plaza berrurbanizatuko du, bai eta goiko solairuak birgaituko ere (bigarren eta hirugarren solairuak). Haien diseinuak dagoeneko egokituta dauden solairuen estetikari eta funtzionalitateari jarraituko die, industriazko gune irekiaren izaerari eutsiz, eta eraikin osoa patio ireki baten inguruan antolatuz. Obra horiek datorren udan gauzatuko direla jotzen da, ikasturtea amaiturik.

Gune berri hauek, halaber, Mondragon Unibertsitateak okupatu eta kudeatuko ditu, irakaskuntzarako eta enpresa-jarduerarako.

BIlbao As Fabrik aurrera doa

Lehen esan den moduan, BILBAO AS FABRIK irekita, ALDI BERRI bati ekingo dio orain proiektuak, zeina dagoeneko hasi baita, iragan urtarrilaren 7an Mondragon Unibertsitateko 228 ikasle lehenengo bider bertaratu zirelarik, eta dagoeneko beheko solairua, solairuartea eta lehenengo solairuak erabiltzen hasi direlarik. Solairu horietan, gelak, laborategi urbanoa eta makery-a (prototipoetarako espazioa) daude.

Aria-arian, start up direlakoak hasiko dira sartzen, eta baita aurreikusita dauden gainerako jarduerak ere: guztira, 1.000 lagun har ditzake guneak, ikasle nahiz eragileak, eta haiek eraikiko dute berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosistema, hori baita egoitzaren xedea.

Europako finantziaketa esanguratsua

Proiektua hain handia izanik, BILBAO AS FABRIK egitasmoak europar finantzaketa handi samarra jaso du, eta Zorrotzaurren egindako lanaren berme izan da etengabe.

Guztira, 9,4 milioi euro izan da Europako erakundeek finantzatutakoa (6,4 milioi euro EGEF Funtsen bitartez; 3,6 milioi euro erdi bana finantzatuak Hiri Garapen Jasangarri eta Integratuko Estrategia- Zorrotzaurre Proiektuaren bitartez; eta beste 5,8 milioi euro Hirigintza Ekintza Berritzaileen Programa – Bilbao As Fabrik Proiektuaren bitartez.

Pieza berria Zorrotzaurreko uharteko berrikuntza puzzlean

BILBAO AS FABRIK abian jarrita, beste proiektu batzuei batzen zaie, haiek ere Bilboko Udalak lagunduak, betiere Zorrotzaurre Talentuaren eta Ezagueraren Uharte bihurtzeko asmoarekin, bai eta unibertsitate-hiri bihurtzeko ere, egoitza espezializatu ospetsuak bilduz bertara, gazteek han ikasi eta lan egin dezaten, eta bizi ere bai.

Horien artean dago DIGIPEN, bideo-jokoen unibertsitatea ere deitu izan zaiona, eta mugakide dena Bilbao As Fabrik-ekin, edo KUNSTHAL IED BILBAO Diseinuko Europar Institutuarekin, zeina Paper-fabrikaren eraikin berrituan baitago kokatuta, eta nazioarteko erreferentzia baita diseinuarekin zerikusia duten gaietan, eta zeina italiar jatorriko taldearen hirugarren egoitza izango baita Estatuan, Madrilekoarekin eta Bartzelonakoarekin batera.

Mondragon Unibertsitatea Bilbao As Fabrik-en

Mondragon Unibertsitateak BILBAO AS FABRIK-en bildu eta kudeatuko du eskaintza berritzaile eta praktiko bat, enpresen eta gizartearen eraldaketa eta beharrizan zinezkoei egokitua, non formazioa ez ezik, networking ekintzak, start up direlakoak abiaraztea eragin eta faboratuko duten proposamenak eta ideien behatoki eta laborategi bat abiaraztea ere konbinatuko baitira. Azken xedea da BILBAO AS FABRIK proiektuak hiriari enplegu berezituagoa eskaintzea Talentuaren eta Ezagueraren Uharte honetan.

Eraikin honetan, lehenengo unetik, 5 unibertsitate titulu eskaintzen dira:

Ingeniaritza Mekatronikoko gradu bikoitza (40 ikasle ari dira); Business Data Analytics gradua (83 ikasle), Humanitate Digital Globalak (HDG) gradua (27 ikasle), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gradua (72 ikasle) eta Ikaskuntza Errazten unibertsitate masterra (6 ikasle). Arian-arian, berezko unibertsitate tituluak gehitzen joango dira.

  1. Ingeniaritza Mekatronikoko gradu bikoitza (iraila eta abendua bitartean Zabalguneko eraikinean eman da) izango da Mondragon Unibertsitateak Bilbon martxan jarriko duen ingeniaritzako lehen gradua. Titulua Somorrostro Prestakuntza Zentroarekin lankidetzan eskaintzen da, eta, horrela, Lanbide Heziketaren eta unibertsitatearen arteko lankidetza sustatzen da, zeina Eusko Jaurlaritzaren 2019-2022 aldirako Euskal Unibertsitate Sistemaren Planaren ardatz estrategikoetako bat baita, eta zeinean Mondragon Unibertsitatea estatuko erreferentzia baita.
  2. Unibertsitateak Bilbon bakarrik ematen duen gradu berri bat ere izango da Bilbao AS Fabrik eraikinean: Humanitate Digital Globalen gradua, fenomeno sozialak eta erronka globalak sakon ezagutzea helburu duen gradu hirueleduna eta presentziala. Gradu honek aukera ematen du Ikasketa Globaletan eta Humanitate Digitaletan espezializatzeko.
  3. Business Data Analytics gradua (BDATA), Datuen azterketari buruz Euskadin ematen den lehen gradua da, eta enpresa-kudeaketaren, matematikaren, estatistikaren eta teknologiaren arloko ezagutzak modu integralean uztartzen ditu.
  4. Duela bi urte Bilbon ematen hasi zen beste gradu bat ere hartuko du Bilbao AS Fabrikek: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradu bikoitza (myGADE). Gradu horrek lau urteko (bikoitza) lan-esperientzia esanguratsua eskaintzen du prestakuntza-aldian, eta aukera erakargarria da praktikan oinarritutako prestakuntza-esperientzia bilatzen duten ikasleentzat.
  5. Azkenik, Unibertsitateak Ikaskuntza Errazteari buruzko Unibertsitate masterra emango da Bilbao AS Fabrik-en. Masterra modu erdi presentzialean egiteko aukera izango da, eta ikasketa eta berrikuntza prozesuak sustatzera bideratutako Estatuko titulazio bakarra izango da. Aurten, lehen aldiz, Bilbon eta Madrilen emango da.