Bilbao As Fabrik

Bilbao As Fabrik Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez sustatzen eta zuzentzen duen hiri-proiektu bat da, eta finantzaketarako Europako Batzordearen laguntza jasotzen du Eskualdeko Garapenerako Europako Funtsen bitartez, UIA (Urban Innovative Actions) proiektu gisa hautatua izan ostean. 

Helburua da 4.0 industriarako eta ekonomia digitalerako zerbitzu aurreratuak sustatzea Zorrotzaurre uhartea ekosistema berritzaile gisa egonkortzeari begira.

Bilboko Udalarekin batera beste bazkide estrategiko batzuk hartzen dute parte, hala nola, Corporación Mondragón, Mondragon Unibertsitatea, MIK, Orkestra, GAIA, IDOM eta EIKEN. Horri esker, lankidetza publiko-pribatuak hiriaren iraunkortasun ekonomikoa garatzen lagunduko duten ekimen handiak bultzatzeko orduan duen garrantzia azpimarratzen da.

Proiektuaren bidez, ezagutzako enpresa-zerbitzu intentsiboen (KIBS, Knowledge Intensive Business Services) sektoreko tokiko enpresen lehiakortasuna hobetu nahi da, industria-sektorearen transformazio digitalari lotutako erronkei erantzun egokia eman ahal izateko gaitasunak sortzeko lankidetza-prozesu baten bitartez. Horretarako, Zorrotzaurre uhartea izango da kokalekua, ekosistema berritzaile gisa, 4.0 industriarako eta ekonomia digitalerako zerbitzu aurreratuen eremuari dagokionez.

Beta 2 eraikina izango da proiektuaren epizentroa, eta aurreikusitako jardueretarako topaleku eta proiektuaren erreferentziazko zentro gisa egokitu da.

Hauexek dira proiektuaren barruko jarduketa garrantzitsuak:

  • Unibertsitateko ikasleei, pertsona ekintzaileei eta profesionalei zuzendutako prestakuntza-programak, ekonomia digitalean 4.0 industriako erronkei aurre egitea xede dutenak.
  • Alor publiko eta pribatuko eragile edo interes-talde nagusien artean networking-ekintzak gauzatzea, industria-sektoreko oraingo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko bideragarria nahiz eraginkorra den estrategia bakarra koordinatze aldera.
  • Bilbon egoitza duten start-upak merkaturatzea bultzatzeko eta errazteko proposamenak, 4.0 industriak nazioartean kokatzeko eskatzen duen ezagutzari, espezializazioari eta teknologiari lotutakoak.
  • Ideien laborategi eta behatoki bat abiaraztea, non alor teknologiko, 4.0 industriako eta ekonomia digitaleko joerak aztertuko diren tokiko enpresek aurre egin behar dituzten erronkak identifikatzeko eta erronka horietarako irtenbide berritzaileak proposatzeko.

Bilbao As Fabrik