Sormen- eta kultura-industriak: Bilborentzako sektore estrategikoa

Sormenaren eta kulturaren sektoreak gero eta aintzatespen gehiago jasotzen ditu hiri-inguruetan ekonomia eta berrikuntza garatzeko katalizatzaile gisa egiten duen lanagatik. Alabaina, zer jarduera txertatu behar dira sektore horren barruan? Zein da ekonomian benetan duten eragina? Eta are garrantzitsuagoa dena, zer egiten ari gara zeregin hori aitortzeko?  

Sektorea zedarritzen

KEA aholkularitzak Europako Batzordearentzat egindako definizioaren arabera, sektorea zirkulu zentrokideetan egituratzen da, honela: nukleoan arteak eta ondarea daude; hurrengo zirkuluan liburu, musika, zinema eta bideo, irrati-telebista, bideo-joko eta prentsaren kultura-industriak; ondoren, diseinuari, arkitekturari eta publizitateari lotutako enpresa eta erakundeak, eta, amaitzeko, jarduera horiei lotutako industriak.

Izan ere, sormenak eta arteak uste baino eremu gehiago barne hartzen dituzte, eta gizartea zenbat eta garatuagoa izan, orduan eta gehiago ikusiko ditugu. Esnatzen garenetik berriz ere lo hartzen dugun arte, gure jarduera ugaritan ikus ditzakegu diseinua eta artea: arropan, lanean, komunikazioan, zerbitzu publiko batzuetan, liburuetan, musikan, artelanetan eta abarretan.

Ekonomian duen garrantzia

Europar Batasunaren datuen arabera, sektoreak 12 milioi pertsona baino gehiagori ematen die lana (guztien % 7,5), eta % 4ko ekarpena egiten dio barne produktu gordinari (BPGd). Bilboren kasuan, 2019. urtean enpleguen % 4,7 sortu zituen sektoreak, eta arkitektura eta ingeniaritzakoak ziren langile gehienak (guztien % 40), gero, publizitatekoak (% 12), irrati-telebistakoak (% 11) eta sormen, arte eta ikuskizunetakoak (% 9). 

Datu horien bitartez egiaztatu da ezagutzaren eta sormenaren ekonomia intentsibo batera jotzen ari garela, eta ezaugarri hori oso begi-bistakoa da sektore horretan. Beraz, beste sektore batzuetako ekintzailetzaren eta berrikuntzaren katalizatzaile gisa jarduten du, zuzenean zein zeharka. 

Alde batetik, hiriei eta hiri-inguruei hertsiki lotuta dagoen sektore bat da; izan ere, bertan dauden pertsona-pilaketak eta konexio-sareak gakoak dira berrikuntzarako eta sormenerako prozesua errazteko, bereziki, ingurumena hobetzea eta enplegu kualifikatua sortzea ekarriko duen ekonomia-eredu berri bati lotuta.

 

Garrantzia aitortzea

Horren jakitun gara, eta Europako 2020ko Agendan jada «hazkunde adimendunaz» hitz egin zen, non sormen- eta kultura-industriek zeregin erabakigarria izango duten. Era berean, Europako Horizontea programa (EBren 2021-2027ko Ikerketa eta Berrikuntzarako Esparru Programa) berriaren hiru oinarrietako bat da Europako industriaren lehiakortasunaren munduko erronkei erantzuna ematea sei klusterren bitartez. Kluster horien artean dago, besteak beste, “Kultura, Sormena eta Gizarte Inklusiboa”, eta, hain zuzen ere, sektorea modu hain adierazgarrian nabarmentzen den lehenengo aldia da. 

Euskadiren eta Bilboren kasuan, Europako Batzordeak babestutako Regional Innovation Strategy for Smart Specialization (RIS3) delakoaren barruan, espezializazio adimenduko lehentasun estrategikoak identifikatu dira, eta horren barruan dago kultura- eta sormen-industrien aukera-eremua. 

Bilbo: kulturari lotutako eraldaketa-eredu bat 

Bilbok kulturari eta sormen-diziplinei lotutako ibilbide luzea egin du, eta azken hamarkadetako hiri- eta ekonomia-eraldaketa handiaren ardatz nagusi bihurtu ditu. 

Erreferentziazko azpiegiturak eta proiektuak bereganatu ditu, eta, horrela, hiriari ikusgarritasuna eman ahal izan zaio arlo horretan. Horrek, aldi berean, nazioarteko aintzatespena eta ikusgarritasuna ekarri dizkio. Era berean, tokian tokiko sektorea finkatzen eta hazten laguntzeko proiektuak garatu dira, Zorrotzaurre eta Bilbo Zaharra, esaterako. Hiriarentzako erreferentziazko espazio nagusiak izan dira alor horretan, eta tamaina handiagoko zein txikiagoko organizazio, enpresa eta entitate ugarik modu esanguratsuan lagundu dute Bilboren sormen- eta kultura-sektorea garatzen.

Gaur egun eta Covid-19ari lotutako krisi honen testuinguruan, erronka, inolako zalantzarik gabe, tokiko sektore honen lehiakortasuna babestea eta indartzea izango da, datozen urteetan ere hiriarentzako sektore estrategiko gisa egiten ari den bidea finkatu eta hazi dadin.