Bilbao Bizkaia Kirol Anitzeko 2022ko Triatloi Txapelketa aurkeztu da: 8.000 pertsona, sei proba, lau egoitza eta hamar egun

Irailak 15

  • Bilbao Bizkaiak Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketa hartuko du, triatloiaren arloko ekitaldirik handiena, 8.000 pertsona baino gehiago bilduko dituena eta irailaren 17tik 24ra Bilbon, Balmaseda-Enkarterrin, Bermeo-Urdaibain eta Portugalete-Getxon jokatuko dena.

  • Europako txapelketa honen aurkezpen ofizialean politika- eta kirol-erakunde guztiek parte hartu dute; txapelketak kirolariei, laguntzaileei eta bisitariei esperientzia paregabea ematearen aldeko apustua egin du, kirol-arloa ez ezik, aisia, gastronomia edo turismoaren arloko esperientziak ere eskainiz.

Europako Txapelketaren aurkezpen ofiziala egin den prentsaurrekoan oso argi ikusi da 2022an egingo den kirol anitzeko triatloi ekitaldi handienaren garrantzia.

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Espainiako Triatloi Federazioak osatzen duten Batzorde Antolatzailearentzat, kirolariek, laguntzaileek eta bisitariek, triatloia praktikatzeko ingurune paregabean kirol-esperientzia handia izateaz gain, aldi berean horientzat guztientzat esperientzia bakarra eta apartekoa izan daiteke aisia, gastronomia edo turismoa bezalako beste esparru garrantzitsu batzuekin osatuko delako.

Ekitaldian Europako Txapelketaren egoitzak izango diren udalerrietako ordezkaritza gorenak izan dira: Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Aitor Larrinaga, Balmasedako alkatea; Aritz Abaroa, Bermeoko alkatea; Mikel Torres, Portugaleteko alkatea eta Álvaro González, Getxoko Kirol zinegotzia eta Getxo Kirolakeko zuzendaria. Bizkaiko Foru Aldundiari dagokionez Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, ordezkatu du erakundea. Ekitaldian izan dira, halaber, José Hidalgo, Espainiako Triatloi Federazioko lehendakaria, Jorge García, lehiaketen zuzendari teknikoa, eta Chris Kitchen, Europako Triatloi Federazioko lehendakariordea.

Bilboko alkatearen, Juan Mari Aburtoren, ustez, txapelketa hau egitea “aukera paregabea da, berriz ere nazioarteko mailan erreferente bihurtzen gaituelako Europako milaka kirolari eta zaleri harrera egiteko gai diren ekitaldi handien antolaketan”.

Bilboko agintari gorenak azpimarratu du, gainera, proiektu hau pandemia betean sortu zela, eta “une hartan, egoera gorabehera, Aldundiarekin eta Triatloi Federazioarekin lanean jarraitu genuen irailaren 17tik 24ra jokatuko den gertakari handi hau errealitate bihurtzeko. Aukera paregabea izango da Bilbo eta Bizkaia helmuga oso erakargarri gisa erakusteko”. Alkateak, txapelketari hiribilduaren ongietorria eman ondoren, hilabete hauetan zehar antolatzaileekin egin den talde-lan handia goraipatu du. Izan ere, tarte horretan “Covidak berak ez du kirol-diziplina hain anitza ikusteko gure gogoa eta ahalegina zapuztu, eta ziur nago asko gozatuko dugula”.

Bestetik, Espainiako Triatloi Federazioako presidentea, José Hidalgo, pozik agertu da “pandemia bezalako une ziurgabeetan gure buruari planteatu genizkion erronka handinahiak laster gauzatuko direlako eta Europako Txapelketa hau antolatzeko plangintza osoak bere fruituak emango dituelako”. Horrez gain, adierazi du “gai izan garela ingurumena errespetatzen duen proiektu bat sortzeko, jasangarritasunarekin konprometitua eta erakundeek elkarren ondoan lan egiteko aukera eman duena; hala, ekitaldi bat gauzatu dugu, kirolaren, ekonomiaren eta turismoaren esparruan, herritarrei eta txapelketaren hamar egunetan lurralde honetan izango diren 8.000 kirolari eta laguntzaileei balioak helaraziko dizkiena. Hain zuzen ere, pandemiaren ondoren triatloiaren arloan egingo den munduko ekitaldirik jendetsuena izango da, eta horrek agerian jartzen du benetako susperraldia bizi dugula”.

Chris Kitchen, Europako Triatloi Federazioko presidenteordeak, zera esan du: “pozik gaude Bilbao Bizkaiak gure ekitaldi enblematikoenetako baten hirugarren edizioa hartuko duelako, eta eskerrak eman nahi dizkiegu Udalari eta Aldundiari hori posible egiteagatik”. Gaineratu duenez, “mendia, itsasoa, itsasadarra eta barnealdea dituen leku zoragarri batean gaude, eta ziur nago kirolariak liluratuta egongo direla”. Azkenik, honako hau adierazi du: “eskerrak eman nahi dizkiet Espainiako Triatloi Federazioari, José Hidalgo presidentea buru duela, eta bere lantalde osoari erakundeekin batera lan egiteagatik, kirolari, laguntzaile eta bisitarientzat ekitaldirik gogoangarriena izan dadin. Horiek guztiak lehiatzera animatzen ditut, baina baita haiek hartzeko prest dagoen lurralde baten erakargarritasun osoaz gozatzera ere. Halaber, kirol- eta opor-egonaldirako bide-orri gisa Bilbao Bizkaia aukeratu duen jende-andana lurraldearentzako onuragarria izatea espero dut”.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatua den Ainara Basurko izan da mintzaldiei amaiera emateko arduraduna, eta nabarmendu egin du zein garrantzitsua izan den Europako txapelketa lurraldeko leku hain ezberdinetan antolatu ahal izatea. Horrez gain, txapelketaren antolaketa-taldearen eta tokiko erakundeen konpromisoa eta ahaleginaren garrantzia azpimarratu du. “Ekitaldiari esker, jauzi kualitatibo garrantzitsu bat emango da lurralde gisa hitzordu handiak antolatzeko dugun gaitasunean. Bizkaiko Foru Aldundiari dagokionez, honekin aurrerapen handia egin dugu Bizkaiko turismo-garapenaren estrategia finkatzeko orduan, zeina Bizkaiko udalerri eta eskualdeekin batera sustatzen eta garatzen ari garen”.

6 PROBA LAU EGOITZATAN: 10 EGUN KIROL EKITALDI HANDI BATERAKO

Txapelketa hau sei kirol diziplinak osatzen dute: Duatloia, Duatloi Krosa, Akuatloia, Triatloi Krosa, Aquabikea eta Distantzia Ertaineko Triatloia, guztiak triatloiaren ingurukoak. Europako txapelketa honek lau egoitza ditu: Bilbo, Balmaseda-Enkarterri, Bermeo-Urdaibai eta Portugalete-Getxo.

Guztira 10 egun 10 milioi euroko inpaktu ekonomikoa zenbatesten den ekitaldi handi baterako.

31 HERRIALDETAKO 8.000 PERTSONA

Ekitaldiak 8.000 pertsona baino gehiago bilduko ditu, kirolarien eta laguntzaileen arteanProba jendetsuenak, Duatloikoak, bai modalitate estandarrean bai esprintean, 850 kirolari izango ditu eta Bilbon jokatuko da.

Bilboko hiriburuan, halaber, Distantzia Ertaineko Triatloia eta Aquabike probak egingo dira, eta horietan 710 eta 325 kirolari erregistratu dira, hurrenez hurren. Akuatloiak, Portugalete eta Getxo artean egingo den probak, 538 triatleta bilduko ditu, eta Balmaseda-Enkarterriko egoitzan egingo den Duatloi Croseko probak 226 parte-hartzaile bilduko ditu; azkenik, Bermeo-Urdaibain egingo den Triatloi Kroseean 293 kirolari lehiatuko dira.

Guztira kategoria guztien artean (elitea, 23 urtez azpikoa, juniorra, paratriatloia, adin taldeak eta OPEN proba) 2.942 kirolarik jokatuko dute triatloiaren festa handi hau eta 31 herrialdetako triatletak bilduko dira. Erresuma Batuak izango du ordezkaritza handiena 1.345 parte-hartzailerekin, ondoren Frantzia (112), Alemania (102), Italia (69) eta Portugal (68) daude. Beste alde batetik, Espainiako ordezkaritzak 942 kirolari ditu.