Bilbao Bizkaiak Europako Kirol Anitzeko Triatloi Txapelketako ibilbide eta ordutegi ofizialak zehaztu ditu

Otsailak 23

  • Bilbon irailaren 17 eta 18an hasiko da txapelketa duatloi probarekin, eta irailaren 24an amaituko aquabike eta MD probekin; denak ere inguru enblematikoetatik igaroko dira, hala nola itsasadarra, Guggenheim Museoa edo Itsasmuseuma.

  • Enkarterriko paraje ikusgarrietan egingo da duatloi kros proba irailaren 20an, eta ondoren Getxo-Portugaletek hartuko du lekukoa, gizadiaren ondare den Bizkaia Zubian akuatloi proba eginez, irailaren 23an.

  • Guztira hamar egun, horietatik zazpi lehiaketa-egunak, non ustez 8.000 pertsonatik gora bilduko baitira, kirolari, entrenatzaile nahiz laguntzaile, kontinente zaharreko 30 herrialdetatik etorrita, kirolerako, aisiarako, gastronomiarako eta turismorako aukera ezin hobeak dituen eskualdeaz gozatzera.

2022ko Bilbao Bizkaia Europako Kirol Anitzeko Triatloi Txapelketak jarraitzen du Bizkaiko lurraldean eta hiriburuan biziko den kirol jai handiaren xehetasunak marrazten. Bertan 8.000 pertsonatik gora bilduko dira kirol gertakari handi batean. Triatloiari dagozkion sei diziplina jokatuko dira, mota eta adin guztietako kirolarientzako kategorietan (elitea, paratriatloia, 23 urtez azpikoak, juniorrak eta adin taldeak). [Txapelketari buruzko argibide gehiago ikus ditzakezu gertakariaren web-orrian ]

Antolatzaileek aditzera eman dituzte ibilbideak eta ordutegiak. Kirol Anitzeko Europako Txapelketa 2022ko irailaren 17tik 24ra bitartean jokatuko da, eta Bilbon, Enkarterrin, Urdaibain eta Getxo-Portugaleten izango ditu bere egoitzak.

Zaleen babesa, segurtasunaren bermea eta hainbat gertakari nagusi (Eivissa 2018, Pontevedrako 2019ko Mundu Txapelketa, Duatloi Kroseko eta Triatloiko mundu txapelketak El Anillon eta 2021eko Duatloiko Mundu Txapelketa Avilesen) hartu izanaren esperientzia abal ederrak dira erakargarritasuna bermatzeko kontinente zaharreko 30 herrialdetatik helduko diren kirolariei. Jarraipena 2023an etorriko da, Eivissako Kirol Anitzeko Mundu Txapelketarekin.

BILBO, GERTAKARI HANDIAREN HASIERA ETA AMAIERA LEKUA: IRAILAREN 17AN ETA 24AN, DUATLOIA, AQUABIKEA ETA MDA

Bilbon hasi eta amaituko da Europako Kirol Anitzeko Triatloi Txapelketa. Parte-hartzaileak 2.500 bat izango dira, duatloiaren, aquabikearen eta distantzia ertaineko triatloiaren artean banatuta. Gertakari erraldoiari duatloiak emango dio hasiera irailaren 17an. Oinezko eta bizikletazko lasterketak uztartzen dituen diziplina horretako proba Bilbon zehar egingo da, kategoria guztietako duatloiko 1.100 bat kirolari elkartuta. Bilboko itsasadarra izango da lehiaketaren lekuko nagusia. [egoitzari buruzko argibide gehiago ikus ditzakezu hemen].

Irailaren 24an, MDak emango dio amaiera Europako Txapelketari. Mila kirolari inguru batuko ditu diziplina horrek, non triatloiaren muina konbinatzen baita: 1.900 metro igerian, 90 kilometro bizikleta gainean eta 21 oinez lasterka. Bilboko itsasadarra agertoki bikaina izango da igerian ibiliko diren triatloilariei jarraitu eta adore emateko, betiere segurtasun protokoloa betez. Ibarra zeharkatzen duten errepideek, Bilboko hiriburuari atxikitako zenbait herri lotzen dituen trazadura ikusgarri batean, bizikletaz egin beharreko tartean parte hartuko duten kirolarien trebetasuna ikusteko balioko dute. Bi diziplina horien ondoren oinezko proba etorriko da. Lasterkariak toki enblematikoetatik igaroko dira, hala nola Guggenheim Bilbao museotik edo Itsasmuseumetik.

ENKARTERRIKO BAZTER IKUSGARRIAK, DUATLOI KROSAREN EGOITZA IRAILAREN 20AN

Enkarterriko eskualdeak, Balmaseda buru duela, duatloi krosa jokatuko duten laurehun kirolari inguru hartuko ditu. Diziplina horrek mendiko bizikleta eta oinezko lasterketa uztartzen ditu, eta hor ere jokoan egongo da Europako titulu bat. Irailaren 20an egingo da proba, eta irteera eta helmuga XV. mendeko San Severino eliza dotorean izango ditu. Udaletxearen ondoan dago elizaren estilo barroko-klasizistako ate nagusia, 1743an datatua. Bien bitartean, 20 kilometro bizikleta gainean eta 3 kilometro oinez lasterka, Foruen plaza, Harrizko Etxea, Zubi Zaharra edo San Juan plaza bezalako toki enblematikoetan zehar, hango lurretan txapelketa are ikusgarriago bihurtzen duten bazter eta zidor ezin ederragoetatik. [egoitzari buruzko argibide gehiago ikus ditzakezu hemen].

AKUATLOI PROBA IRAILAREN 23AN, GIZADIAREN ONDARE DEN BIZKAIA ZUBIAN

Getxoko eta Portugaleteko herrietan egingo da akuatloiko lehiaketa. Bertan garrantzi berezia hartuko du Bilboko itsasadarrak, Europako Kirol Anitzeko Triatloi Txapelketaren ardatzetako batek. Diziplina horrek igeriketa eta oinezko lasterketa konbinatzen ditu. Irailaren 23an egingo da, Unescok gizadiaren ondare izendatu duen Bizkaia Zubian. Bi herriak lotzen dituen zubi horren azpitik pasatuko dira parte-hartzaileak 1.000 metroko igeriketa proban. Europan lehenengoz egin zen metalezko zubi-transbordadorea da, Europako arkitektura industrialaren emaitza bikainenetarikoa, eta 125 urteurrena ospatzen ari da. Oinezko proban bost kilometro egingo dituzte lasterkariek, lehenengo Getxon, Areetako hondartzako itsas pasealekuaren eta Bizkaia Zubiaren inguruetan, eta gero Portugaleten, eta bertan egingo da sariak banatzeko zeremonia. [egoitzari buruzko argibide gehiago ikus ditzakezu hemen].

INORK EZ DU DORTSALIK GABE GERATU NAHI

Inskripzioak erritmo onean doaz eta oraindik hilabete asko geratzen dira txapelketarako. Espainiako Triatloi Federazioaren lizentzia duten kirolariek datorren uztailaren 31ra arte % 40rainoko hobaria izan dezakete inskripzioan, antolaketa batzordeak parte-hartze nazionala sustatzeko emandako dirulaguntzari esker; gainera, gertakariaren antolatzaileek ahalegina egin dute FETRI triatloilariei hurbiltasuna eta erosotasuna eskaintzeko, aurreko lehiaketetan egin izan den bezala. [inskripzioei buruzko argibide gehiago ikus ditzakezu hemen].