Bilbao Bizkaiak bere nazioarteko promozioa suspertu du udazken-neguko ekitaldi eta azoka turistiko garrantzitsuenetan

Urriak 11

  • Parte hartuko duen lehenengo ekitaldia World Routes 2021 izango da, aire-sektoreko profesionalen munduko bilgunerik handiena, eta helburu bikoitza du: pandemiaren ondorioz operatzeari utzi zioten ibilbideak berreskuratzea eta estrategikotzat jotzen diren helmugekiko konektibitatea handitzea, hala nola Europako iparraldeko eta Ekialdeko herrialdeekiko konexioa.

  • Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Londresko World Travel MarketTurespañako Roadshow Italia, luxuzko turismoari eskainitako ILTM Cannes nazioarteko azokan eta Stockholmeko Travel News Market azokan parte hartuko dute.

  • Halaber, barne-merkatuan turismoa sustatzeari ekin zaio berriro, Mercat de Mercats eta Intur Valladolid barne turismoaren nazioarteko azokan parte hartuz.

  • Udalak eta Foru Erakundeak sektoreko enpresek lagunduta jotzen dute ekitaldi horietara, touroperadoreekin eta turismo-eragileekin harremanetan jartzeko eta, horrela, haiekin akordio profesionalak ezartzeko aukerak indartzeko.

Bilbao Bizkaiak nazioarteko sustapen-estrategia berrabiarazi du udazken-neguko ekitaldi eta azoka turistiko garrantzitsuenetan, pandemiak behartutako geldialdiaren ondoren aktibatzen hasi den eta promozio-ekitaldi horietan berriro ere presentzialtasunera itzultzen den sektorean une honetan irekitzen diren aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko.

Ekitaldi horietan parte hartzearen helburua da helmuga berraktibatu eta seguruaren irudia transmititzea, bisitariak hartzeko prestatua, turismo-eskaria berreskuratzeko eta sektoreak pandemiaren aurretik zuen hazkunde-bideari ekin ahal izateko.

Bilbao Bizkaiak parte hartuko duen lehen ekitaldia World Routes-en aurtengo edizioa izango daaireko konektibitatearen arloko nazioarteko ekitaldi profesional garrantzitsuena eta pandemiaren ondoren munduko aire-sektorearen lehen bilera handia. Bihartik hilaren 12ra bitartean Milanen egingo den hitzordu honetan, helburu bikoitza izango du Bilbao Bizkaiko ordezkaritzak: pandemiaren ondorioz operatzeari utzi zioten ibilbide guztiak berreskuratzea (Istanbul, Oslo, Viena…), eta estrategikotzat jotzen diren helmugekiko konexioa areagotzea, zehazki Europako iparraldeko eta ekialdeko herrialdeekiko konexioa; horregatik, Helsinki, Kopenhage edo Varsoviarekiko konexioak lortzeko lan egingo da, adibidez.

Ildo horretan, bilerak egingo dira hegazkin-konpainia nagusietako funtsezko eragileekin, bai Bilbao Bizkaian jarduten dutenekin, bai lurraldearen konektibitatea indartzeko interesa izan dezaketenekin. Bileren agendan hogei bat hitzordu daude, baina kongresuaren amaieran kopuru hori 50 ingurukoa izatea espero da. Vueling, Volotea, Easyjet, Finnair, Scandinavian Airlines (SAS) edo LOT poloniarra dira Bilbao Bizkaiko ordezkaritzako ordezkariak bilduko diren konpainietako batzuk.

Bilbao Bizkaia Eusko Jaurlaritzak babestutako Euskadiren standean egongo da. Euskadiko beste aireportuen sustapenerako sozietateak ere bertan izango dira.

Nazioarteko hurrengo hitzordua World Travel Market izango da, Londresen azaroaren 1etik 3ra bitartean egingo dena eta nazioarteko azokarik garrantzitsuenetako bat izango dena, Britainia Handiko sektoreko operadore eta eragileen proiekzio eta presentzia berezia eta guzti (Bilbao Bizkairako merkatu garrantzitsuenetako bat).

“Berkonektatu. Berreraikitzea. Berritu” lelopean azokak hitzaldien eta networking guneen programa zabala eskaintzen du, eta bertan, ordezkaritza instituzionalarekin batera arituko diren Bilbo eta Bizkaiko enpresa turistikoek negozio-aukera berriak bilatzeko aukera izango dute.

Azaroaren 11n Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Stockholmeko Travel News Market azokan parte hartuko dute, herrialde nordikoetako merkatuarekiko loturak sendotzeko (batez ere Suediakoarekikoak), turista-iturri estrategikotzat jotzen baitira.

Azaroaren 22tik 25era bitartean, Bilbao Bizkaiak parte hartuko du Tourespañak antolatutako Italiako Roadshow azokan, eta abenduan (6tik 9ra), ITLM Cannes luxuzko turismoari eskainitako nazioarteko azokan. Azoka honek aukera ematen du bidaia-diseinatzaile esklusiboenekin harremanetan jartzeko, bezero berriak sortzeko eta harreman profesional iraunkorrak ezartzeko, aldez aurretik programatutako bileren eta networking-aren bidez.

Nazioarteko sustapena indarberritzearekin batera, Bilbao Bizkaiak barne-merkatura bideratutako sustapen-lanei ere ekin die berriro, estatukoari alegia; izan ere, azken hilabete hauetan oso merkatu garrantzitsua izan da eta bere pisu espezifikoa nabarmen handitu da, eta joera horri epe labur eta ertainean eustea aurreikusten da.

Hala, Bartzelonako Mercat de Mercats azokan parte hartuko du (urriaren 18tik 21era), hurbileko gastronomiari eta gastronomia osasungarriari lotutako ekitaldi batean. Bertan, Enkartur izango da Bilbao Bizkaiaren ordezkaria, Kataluniako publikoari (estatuko merkatu igorle nagusietako bat gure lurraldean) Bilbao Bizkaiko gastronomiaren aberastasuna ezagutarazteko.

Bilbao Bizkaia azaroaren 18tik 21era egongo da Intur Valladoliden, barne turismoaren nazioarteko azokan. Bertan, sektoreko profesionalentzako jardunaldi esklusibo bat egongo da, azokan dauden eragileen arteko topaketak bultzatzeko eta bilerak egiteko, produktu turistikoen azken kontsumitzaileari irekitako hiru jardunaldi eta guzti.