Bilbao Bizkaiak lan-bilerak antolatu ditu Los Angelesko 35 agentziarekin eta destinoa sustatu du 18 hedabide artean.

Abenduak 14

  • Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatutako workshopean parte hartu duten Bizkaiko zazpi enpresek oso balorazio positiboa egin dute topaketei dagokienez, eta, erakundeek bezala, egiaztatu dute AEBetako sektoreko eragileek oso ondo ezagutzen dutela Bilbao Bizkaia turismo-eskaintza eta interes handia dutela gure destinoarekiko.

  • Foru Erakundeak eta hiribilduko Udalak prentsa eta operadore turisikoen bidaia antolatuko dute datorren urtean Kaliforniako merkatua aktibatzen jarraitzeko. Merkatu hau, New Yorkekin batera, Estatu Batuetatik Bilbao Bizkaira datozen turisten emisio-gune nagusia da.

  • Luxuzko turismoa eta FIT (For Individual Travellers) bidaiak dira Kalifornian arrakasta handiena dutenak, eta destinoan egiten duten gastua, horregatik, handienetakoa da Bilbao Bizkaian.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Los Angelesen antolatutako workshopean Bilbao Bizkaia ordezkaritza osatu duten zazpi enpresen eta Kaliforniako 35 turismo-agentziaren arteko lan-topaketak egin dira.

Bilera horietan Bizkaiko enpresek egiaztatu dute Kaliforniako merkatuan interes handia dagoela gure destinoko turismo-eskaintzarekiko eta AEBko Estatu horretako turismo-eragileek oso ondo ezagutzen dutela eskaintza hau. Interes eta ezagutza hau agerian geratu da 18 komunikabide espezializaturen artean destinoa sustatzean ere. Horregatik guztiagatik eta parte hartzen duten Estatu Batuetako turismo-eragileen kalitateagatik, Bizkaiko ordezkaritza osoak ekimen honen balorazio erabat positiboa egin du.

Gainera, eta egiaztatu den interesa kontuan hartuta, Foru Erakundeak eta Bilboko Udalak prentsa-bidaia eta turismo-operadoreen bidaia antolatuko dute datorren urtean, Kaliforniako merkatua aktibatzen jarraitzeko. Merkatu hau, New Yorkekin batera, Estatu Batuetatik Bilbao Bizkaira datozen turisten emisio-gune nagusia da.

Kalifornia –eta, bereziki, Los Angeles– merkatu estrategikoak dira Bilbao Bizkaiarentzat, bai sortzen duen bisita-bolumenagatik, bai gure lurraldera etortzen diren pertsonen erosteko ahalmenagatik. Izan ere, luxuzko turismoa eta FIT (For Individual Travellers) bidaiak dira AEBko Estatu honetan arrakasta handiena dutenak, eta destinoan egiten duten gastua, horregatik, gure destinoan egiten den handienetakoa da. Gainera Bilbao Bizkaiaren eskaintzarekin bat egiten duen merkatua da, pertsona horiek bidaiatzeko duten motibazioa kultura, historia eta gastronomia baitira.

2022ko urtarriletik urrira bitartean 47.833 estatubatuarrek bisitatu dute Hiribildua eta Lurraldea, atzerritik etorritako pertsona guztien % 8,9. Horrek esan nahi du % 0,3ko igoera izan dela herrialde horretako turismoak 2019ko aldi berean izan zuen pisuarekin alderatuta. Ostatu-gauei dagokienez, berriz, pandemiaren aurreko urteko lehen hamar hilabeteetan 92.089 izan ziren Estatu Batuetatik iritsitako turisten gaualdiak, atzerriko pertsona guztien % 8,2, eta 2022an 92.945 izan dira. Horrek adierazten du ehuneko puntu erdiko hazkundea (% 0,5) izan dela Estatutik kanpoko turismo osoa kontuan hartuta, eta % 8,7ra igo da.

Horrela, Estatu Batuak, ia 48.000 bisitarirekin, Bilbao Bizkaira turista gehien ekartzen dituen herrialde ez-europarra direla berresten da. Bere aurretik Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua baino ez daude, eta azken honekin alderatuta 2022an atzerritik etorritako pertsonen sarreren ehunekoak ia berdinak dira. Zalantzarik gabe, Guggenheim markak, New Yorken sortua eta duela 25 urtetik Bilboren eta Bizkaiaren ikurra dena itsasadarraren ertzean dagoen museo ikusgarriaren ondorioz, erakarpen eragin nabarmena du merkatu horretan. Gainera Estatu Batuek, oro har, eta Los Angelesek, bereziki, Europako aireportu nagusien bidez Bilbao Bizkaiarekin duten konektibitate bikainak erraztu egiten du Atlantikoaren beste aldeko bisitarientzat helmuga gisa aukeratzea.