Bilbok Ekonomia Sozialaren 2021eko Foro Globalean parte hartuko du Mexiko hirian

Urriak 4

Bilbok parte hartuko du munduan garrantzi handiena duen Ekonomia Sozialaren Foro Globaleko edizio berrian (GSEF); bertan, hiriek duten eginkizuna jorratuko dute, pandemiaren ostean ekonomia berdeagoa eta inklusiboagoa eraikitzeari. Topaketan udalaren bi ekimen aurkeztuko dira: EKONOPOLO eta EKHILUR.

Bilbo izan zen GSEF 2018 foroaren egoitza ekimena Europan lehenengo aldiz antolatu zen urtean, eta, horrela, hiribilduak aukera izan zuen ekonomia sozialaren esparruan erreferentzia den sare horrekin bat egiteko, Seul eta Montrealekin batera, aurreko hiru urteetako hiri anfitrioiak. Helburua da lankidetza eta kooperazioko ikuspegiak eta esperientziak partekatzea Ekonomia Sozial eta Solidarioaren esparruan.

Bilboko edizioan, Mexiko izendatu zuten Foroaren 2020ko egoitza, baina Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz 2021. urtera arte atzeratu zen aurrez aurreko foroa.

Bilbok GSEF 2021 ekitaldian parte hartuko du, ekonomia sozialari buruzko munduko fororik garrantzitsuenean, urriaren 4tik 8ra Mexiko Hirian. Juan Mari Aburto Alkatearen hasierako esku-hartzearen eta agur instituzionalaren ondoren, gaur arratsaldeko 15:00etan, Herritarren Arreta eta Partaidetza eta Nazioarteko Gaiak Saileko zinegotziak, Oihane Aguirregoitia, foroaren osoko bilkuran parte hartuko du, besteak beste, Mexiko Hiriko, Montevideoko, Dakarko eta Bordeleko beste agintari batzuekin batera, non Covid-19ak eragindako pandemiaren ondoriozko krisialditik berreskuratzeko lanetan hiriek duten eginkizunaren inguruan jardungo diren.

Helburu nagusia da “ekonomia berde eta inklusiborako bidean ibilbide berriak sortzea”. Horrez gain, REAS eta EKHILUR erakunde kolaboratzaileetako ordezkarien bidez, Bilbok ekonomia sozial eta solidarioari lotutako bi ekimen aurkeztuko ditu foroan: EKONOPOLO eta EKHILUR.

Ekonopolo erreferentziazko espazio bat da eta enpresa-proiektuei, enpresei eta profesionalei laguntzea du helburu, zerbitzuen arloko enpresa-jarduera garatzeko xedez Bilbon kokatu nahi dutenei, hain zuzen ere. Edonola ere, ekonomia sozial eta solidarioaren balioekin eta printzipioekin bat eginez eta horiek errespetatuz egiten da lan.

Ekimen hori Alkatetzaren 2019-2023 Agintaldi Planetik abiatzen da, non Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Plan Estrategiko baten definizioa jasotzen den, ekonomia eraldatzailearen eredu hori Bilbon ekonomia eta enpresa garatzeko lehentasunezko aukera gisa bultzatzeko asmoz.

Bestalde, Ekhilur esperientziak, hau da, Ekonopolo esparruaren baitan dagoen proiektu pilotuak, kontsumo-eredu alternatibo bat sustatzen du Bilbon merkataritza dinamizatzeko eta bultzatzeko, ekonomia sozial eta solidarioaren poloaren baitan. Ekimen horren bidez ordaintzeko sistema bat garatu da, Bizum, Paypal edo Visaren modukoa. Sistema horri esker tokiko saltoki-sareak sor daitezke, fidelizazio-mailan zabalik dagoen merkataritza-zentro handi baten modura funtzionatzen dutenak, izan ere, sare horretan soilik erabil daitezkeen deskontuak ematen dira.

GSEF 2021 MEXIKO HIRIA: TOKIKO GOBERNUAK ETA EKONOMIA SOZIALA

GSEF foroaren V. edizioa, egun hauetan Mexiko Hirian egiten ari dena, 2020rako aurreikusita zegoen. Hala ere, pandemiaren testuinguruak behartuta, 2021eko urrira atzeratu zen. Aurtengo edizioa foro berritzaile baten modura eratu da eta modalitate mistoan garatuko da: aurrez aurre eta birtualki. Beraz, foro hibridoa izango da, honako gai zentral hau izango duena: “Tokiko gobernuak eta ekonomia soziala, ekonomia berde eta inklusiborako ibilbideen baterako sorkuntza”.

Tokiko gobernuen eginkizuna funtsezkoa da ekonomia berdeagoan, inklusiboagoan eta jasangarriagoan oinarritutako ekosistemak sortzeko. Hain zuzen ere, egungo erronkei erantzutea ahalbidetuko duen arkitektura berri baten bidez lor daiteke hori, horrela, aukera-berdintasuna eta ingurumenaren babesa bermatzeko, lan duina sustatzeko, ekintzailetza soziala babesteko eta tokiko enpresa eta produktuen gertutasuna suspertzeko.

Era berean, sektore pribatua, soziala eta akademikoa funtsezko eragileak dira helburu horiek lortzeko eta pandemiaren osteko xede berriak zehazteko. Hori dela eta, edizio honetan gizartearen hainbat sektore integratu dira, garapen berri bat sustatzeko ibilbide berriak bilatzeko lanetan parte hartu dezaten.

BILBO, NAZIOARTEKO ERREFERENTZIA EKONOMIA SOZIALAREN ESPARRUAN

“Ekonomia soziala eta hiriak. Tokiko garapen inklusiborako eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna” izenburupean, 84 herrialdetako 1.700 pertsona baino gehiago bildu ziren, mundu osoko hiri handietako tokiko agintariak, administrazio zein erakunde publikoetako ordezkaritzak, ekonomian sozialean adituak diren pertsonak eta hirugarren sektorea delakoaren barruan dauden erakundetako ordezkariak barne.

Bilbo GSEF 2018ko egoitza izendatu izanak ekonomia sozialaren esparruan munduko erreferente den sare batera gehitzea ahalbidetu zion hiriari, azken hiru edizioak hartu dituzten Seulekin eta Montrealekin batera. Edizio hori izan zen Europan antolatu zen lehena, eta ekitaldiak berme handia eman zion premia sozialak aintzat hartzen dituen enpresa-ereduari lotutako politikak bultzatzeko udalaren konpromisoari.

EKONOMIA SOZIALAREN FORO GLOBALA

Global Social Economy Forum (GSEF) gizarte zibileko eragileak eta tokiko gobernuak biltzen dituen nazioarteko erakunde bat da, ekonomia sozial eta solidarioaren garapenarekin konprometituta dagoena. Ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko erakundeen eta tokiko gobernuen arteko elkarlana bultzatzeko helburuarekin sortu zen, kalitatezko enpleguaren sorrera, bidezko hazkundea, demokrazia parte-hartzailearen aurrerabidea eta garapen iraunkorra sustatzeko asmoz.

Ekonomia Sozialaren Foro Globaleko (GSEF) eskubide osoko kidea da Bilbo. Titulu hori ekonomia sozial eta solidarioaren sareko kideentzat eta tokiko gobernuentzat gordeta dago, eta biltzarrean bozkatzeko eskubidea ematen du. 2015eko abenduan, hiribildua sarean sartu zen ohorezko batzordeko kide gisa, eta, 2016tik aurrera, eskubide osoko kidea da.