Bilboko Udalaren “Auzo Factory” sareak 21 enpresa berri hartu ditu bere lan-espazioetan, horiek abian jartzen laguntzeko

Irailak 1

  • “Auzo Factory” sarearen bidez, Bilboko Udalak lan-espazioak eskaintzen dizkie 21 enpresa-proiekturi eta enpresa sortu berriei, hirian 56 enplegu sortu dituztenak.

  • Auzo Factory sarea Bilbo Zaharrean, Boluetabarrin eta Irazabal-Matikon kokatutako hiru espaziok osatzen dute, zeinak berariaz birgaituak izan diren coworking espazioak, modulu itxiak eta espazio komunak eskaintzeko. Horrez gain, enpresak hazteko, finkatzeko eta indartzeko fase guztietan babesa eta jarraipena eskaintzen da.

Bilboko Udalaren Auzo Factory sareak 21 enpresa-proiektu eta enpresa sortu berri hartzen ditu gaur egun, horiek abian jartzen laguntzeko. 21 enpresa-proiektu horien bidez, guztira, 56 lanpostu sortu dira hiribilduan.

Auzo Factory izeneko ekimena hirian enpresa-proiektuak abian jartzeko pertsona eta enpresentzako laguntza-lerroaren esparruan dago. Sare hori berariaz egokitutako espazioek osatzen dute, eta enpresa-proiektuei eta enpresa sortu berriei coworking-eremuak, modulu itxiak eta espazio komunak eskaintzeko gaituta daude, denbora-tarte jakin batean abian jartzen eta finkatzen laguntzeko.

Ekintzaileei eta enpresa gisa eratu aurreko enpresa-proiektuei zuzendutako ekimen bat da, bai eta hiru urtetik beherako antzinatasuna duten enpresei zuzendutakoa ere. Gainera, enpresa-ekimen berri horiei laguntza eta jarraipena eskaintzen zaie hazteko, sendotzeko eta indartzeko fase guztietan, bai enpresen aldetik, bai profesionalen aldetik.

Auzo Factory sarearen helburua herritarren, auzoen, enpresen eta hiriaren arteko interakzio-gunea izatea da. Zentro horiek herritarrei eta enpresei irekita dauden erreferentzia-puntu izatea da asmoa. Horien ezaugarri nagusia da hiriaren garapen ekonomikoaren gune berritzaile eta dinamizatzaileak direla, metodologia berriak eta zerbitzu aurreratuak eskaintzen dituztenak, Bilborentzat estrategikoak diren sektoreak ardatz direnak.

Une hauetan, Bilboko Udalak lanerako espazioak eskaintzen ditu Harrobiko, Boluetabarriko eta Irazabal-Matikoko Auzo Factory-etan. Lanerako espazio horiek erabiltzeko interesa duten ekintzaileek edo enpresek oinarriak kontsultatu ditzakete esteka honen bidez.

AUZO FACTORY-AK HARROBIAN, BOLUETABARRIN ETA IRAZABAL-MATIKON

Harrobia Auzo Factoryn aldi baterako kokapena eskaintzen da Bilbon kokatu nahi duten enpresa-proiektuen sustatzaileentzat, enpresentzat eta profesionalentzat, jarduera ekonomia sozial eta solidarioaren (ESS) balioak eta printzipioak errespetatuz eta egokituz egiteko.

Harrobiko plazan dago, 5. zenbakian, eta 1.200 m2 ditu, honako hauetara bideratuta daudenak: enpresa-moduluak, ekintzailetza-gela bat, bilera-gelak eta espazio komunak; hori guztia enpresa sortzeko, finkatzeko eta sendotzeko fase guztietan laguntza eta jarraipena eskaintzeko.

Auzo Factory hori Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Poloan (EKONOPOLO) kokatuta dago. Haren helburua ekonomia sozial eta solidarioaren erreferentzia eta garapenerako gunea izatea da, eta, besteak beste, gizarte-ekintzailetza kooperatiboa errazten du, non sektore honen inguruan lan egiten duten hainbat eragilek esperientziak, proiektuak eta baliabideak aurkitu eta partekatzen dituzten.

Bestalde, Boluetabarriko Auzo Factoryn, Galdakao errepideko 10. zenbakian kokatuta dagoena, proiektu berritzaileei zuzendutako coworking-gunea eskaintzen da, batez ere sormen-industrien, zerbitzu aurreratuen eta, oro har, oinarri digital edo teknologikoko proiektuen esparruan.

Irazabal-Matikoko Auzo Factory Matiko kaleko 10. zenbakian kokatuta dago eta sormen-industriei, zerbitzu aurreratuei eta eremu digitalei lotutako ekintzailetza-proiektuetan zentratutako coworking-espazio bat du. Bertako jarduera B2B negozio-ereduetan ardazten da nagusiki.

EKINTZAILETZA BABESTEA

Gainera, Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez, aholkularitza-zerbitzu espezializatu bat eskaintzen du, enpresak, saltokiak edo startup-ak martxan jartzen laguntzeko: Ekintzailetza Zentroan. Bilbon negozio berri bat sortu nahi dutenek informazioa eska dezakete BIG Bilbao zentroan, telefono bidez 944 20 53 60 zenbakian edo big@bilbaoekintza.bilbao.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz

SARE SOZIALAK: