Vicomtech-ek, Bilbao Ekintzarekin elkarlanean, antolatutako adimen artifizialari eta hizkuntzaren teknologiei buruzko jardunaldiak hasi dira

Azaroak 26

  • Zazpi jardunalditik lehena Bilboko hainbat sektoreko enpresei zuzenduta dago. Jardunaldi hauen helburua adimen artifiziala eta teknologia berriak hurbiltzea eta teknologia eta digitalizazio beharrak bertatik bertara ezagutzea da.

Asteazkenean, azaroaren 17an honako jardunaldi hau egon zen Bilbon: “Adimen Artifiziala eta Hizkuntzaren Teknologiak: Interakzioa, eraginkortasuna eta automatizazioa hobetzeko irtenbideak”. Ekitaldian parte hartu zuten Xabier Ochandianok, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak, eta Julián Flórezek, Vicomtech zentroko zuzendari nagusiak, zeinak zentroaren eta bertan garatzen diren teknologien aurkezpena egin zuen.

Vicomtechek Bilbao Ekintzarekin elkarlanean antolatutako jardunaldi hau lehena da zazpi jardunalditik, eta denak daude lotuta hainbat sektoretako enpresetan adimen artifizialeko irtenbideak aplikatzearekin. Modu horretan, duela gutxi Bilbon ezarri den Vicomtech enpresaren gaitasunak inguruko enpresetara hurbildu nahi dira, bai eta enpresa horien teknologia eta digitalizazio beharrak zuzenean ezagutu ere.

Hainbat enpresa eta administraziotako ordezkariek teknologia horiek beren produktu eta prozesuetan duten eragina azaldu zuten ekitaldian. Adibide horiek osatze aldera, Vicomtecheko ikerlariek  zentroan garatzen diren eta Adimen Artifizialaren aplikazioa oinarri duten teknologiak azaldu zituzten.

Jardunaldira bertaratutakoek, gehien bat kudeatzaileak, Bilboko enpresen zein administrazioen berrikuntzako edota zerbitzuetako teknikari arduradunak, zuzenean ezagutu ahal izan zituzten teknologia horiek eskaintzen dituzten aukerak, eta baita beren prozesuetan eta produktuetan horiek nola gehitu ditzaketen ere.

VICOMTECH ZENTROARI BURUZ

Vicomtech teknologia zentroa 2001. urtean sortu zen eta adimen artifizialean eta Visual Computing & Interaction arloan espezializatuta dago. Gaur egun ikerketa aplikatuaren arloko 200 profesionalek lan egiten dute bertan. Vicomtech zentroan teknologia digitalak ikertzen eta garatzen dira, betiere merkatuaren eskariari erantzunez eta konponbide berritzaileak emanez enpresei, haien prozesuak eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko asmoz.