Udalak, 26 mentoreei eskerrak emateaz gain, ETE-etan eta Bilboko saltokietan egin duten lana goraipatu du

Ekainak 30

  • ‘Mentoring Bilbao’ programaren XVI. edizioko itxiera ekitaldia ospatu da; aurtengo edizioan inoizko parte hartzerik handiena egon da, eta horrek argi erakusten du programa hori tokiko enpresa-sarea indartzeko oinarrizko tresna dela.

  • Balio handiko laguntza estrategikoa ematen duzue eta horrek aukera ematen die hainbat sektoretako ETE eta merkatariei haien posizionamendua hobetu eta haien negozio-ereduak egokitzeko”, azaldu die mentoreei Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotziak.

‘Mentoring Bilbao’ programaren XVI. edizioko itxiera ekitaldiak parte hartzeak errekorra gainditu duen edizio arrakastatsu bati eman dio amaiera. Izan ere, 26 izan dira era altruistan, beren jakintza eta esperientzia hiriko ETE eta merkatariekin partekatu duten mentoreak. Zortzi hilabetetan zehar, merkataritza, zerbitzu profesionalak, kultura, teknologia, turismoa eta beste sektore batzuetako 26 enpresek laguntza estrategiko pertsonalizatua jaso dute, haien hazkuntzarako, posizionamendurako eta negozio-eredurako hobekuntzak sustatzeko.

Landu diren helburuen artean, mentoreek eta mentoretza horiek jaso dituztenek hainbat gairen inguruan hausnartzeko aukera izan dute, besteak beste, barne prozesuen berrikuspena edo optimizazioa akatsak murrizteko, negozio bide edo produktu berrien garapena, negozioaren errentagarritasunaren hobekuntza, denboraren kudeaketaren hobekuntza edo merkataritza-estrategiaren berrikuspena eta ekintzen planifikazioa.

‘Mentoring Bilbao’ ekimenaren edizio honetan, aurrekoan baino sei mentore gehiago egon dira. Igoerak argi uzten du ekintzailetza eta tokiko merkataritza-sarea indartzeko oinarrizko tresna bat dela.

2008an ‘Mentoring Bilbao’ sortu zenetik, 2024-2025 ikasturte honetan mentoretza bikote gehien (26) lortu dira, hiriko merkataritza garapenarekin konprometituta dauden bikoteen kopurua indartuz horrela. Martxan jarri zenetik, 100 mentore eta 248 enpresa baino gehiagok hartu dute parte lankidetzaren, partekatutako talentuaren eta tokiko garapen ekonomikoaren garrantzia azpimarratzen duen egitasmo honetan.

“Denbora, jakintza eta esperientzia partekatzeaz gain, gure enpresak hazi eta indartzeko bideak irekitzeko gai izan zarete, egun dituzten erronkei arrakastaz aurre egiteko gai izan daitezen”, adierazi du Kontxi Claverrek Arabiar Aretoan antolatu den errekonozimendu ekitaldian presente zeuden mentoreei zuzenduta. “Balio handiko laguntza estrategikoa ematen duzue, hainbat sektoretako ETE eta merkatariei haien posizionamendua eta hazkuntza hobetzeko aukera ematen diena, beren negozio ereduak geroz eta lehiakorragoa den ingurune batera egokitzearekin batera. ‘Mentoring Bilbao’ tokiko garapen ekonomikorako motore izugarria da, kolaborazio espazio bat, non talentuak eta esperientziak bat egiten duten etorkizuna eraikitzeko. Laguntzearekin batera hazi egiten den baloreen hiria sustatzen duzue. Eta hori da lortu nahi dugun Bilbo”.

OPARI GARRANTZITSU BAT

Ekitaldiaren baitan, mentoreek opari garrantzitsu bat jaso dute, mirespen, eskertze eta errekonozimendu instituzional gisa, The Real Studiok oraingo honetarako propio sortua eta mentoretza eta hiriaren arima irudikatu nahi dituena.

Hiru dimentsioko eskultura bat da, ‘M’ itxurakoa —‘mentoring’ hitzaren ikurra— eta Bilboko Alde Zaharreko hiri-sareak osatuta dago, gogora ekartzeko bai hiriaren bihotza bai mentoretza, hau da, laguntzea, gidatzea eta aztarna uztea. Bilbon bere osotasunean sortu den piezak, sustrai sendoekin eta etorkizunera begira lokaletik eraikitzeak duen balioa helarazi nahi du. Eragintza gizarteratze erakundeak egindako bilgarri batekin osatu da, era horretan, dimentsio soziala eta lan integrazioarekiko konpromisoa gehitu zaizkio errekonozimenduari.

26 PAREKATZEAK

Honako hauek dira ‘Mentoring Bilbao’ programaren XVI. edizioan parte hartu duten eta errekonozimendua jaso duten mentoreak eta mentoretza jaso duten enpresak eta pertsonak:

MENTOREEN ETA MENTORIZATUTAKO ENPRESA ETA PERTSONEN ZERRENDA:

  • Fernando Agos: Edúcame en Positivo (Sandra Martin)
  • Cristina Alonso: La Dolce Vita (Sonia Corrales)
  • Gorka Barrenechea: 1000curvasbilbao (David Abad)
  • Miguel Ángel Cervera: Tellmewow (Jose Maria Martinez)
  • Susana Dávila: Clínica Veterinaria Karmelo (Ainara Eguren y Ainhoa Leciaga)
  • Jose Luis Fierro: Meraki Estudio (Naiara Gallego)
  • Bernardo García: Magna Dea (Ainhoa Camara)
  • Fernando García: Arrikibar Gestión (Iñigo Trigo)
  • Aitor Gazteluiturri: Arduan (Abigail Palacios)
  • Iratxe Gurrutxaga: Bscooter (Harri Vergara)
  • Javier Gurrutxaga: Gestoría Asesoría Castaños (Alexander Castaños)
  • Iñaki Hernando Mendivil: Bohemian Lane (Sandra Mateo)
  • Javier Innerarity: Almarza Odontología (Nestor Almarza)
  • Koldo Lasala: Ascofi Berria (Lander Ahedo)
  • Javi Lezama: Marco Topo (Mikel Villa)
  • Raúl Lopez: Espacio Invisible (Ena Fernández)
  • Martha Machin Hecht: Enolviz (Marilo Moreno)
  • Iratxe Marian: Macrama Handmade (Jaione Bascones)
  • Mario Mazaira: Estudio Matrelle (Natalia Matrelle-Miriam Díez)
  • Gonzalo Mota: North Bike Tours (Alberto Larrondo)
  • Cristina Oñate: Aferso (Ana María Fernández)
  • Javier Pet: Apartelier (Tamara Fraile)
  • José Ramón Rivero: CustomTPV (Andoni García)
  • Tania Silvestrini: Centro de Estética Tania Lorenzo (Tania Lorenzo)
  • Inma Uzkudun: Customeus (Iker Udaondo)
  • Narciso Vaca: Marta Murgia Diseñadora Gráfica (Marta Murgia)

SARE SOZIALAK: