Bilboko Udalak bi deialdi berri abiarazi ditu kulturaren, sorkuntzaren eta ikus-entzunezkoen arloetako proiektuetarako, bilbao aurrera 2021 planaren barruan

Martxoak 31

  • Kultur eta sorkuntza proiektuetarako deialdiak 59 proposamen diruztatuko ditu, guztira 500.698 euroko aurrekontuarekin, eta proposamenok Uriaren programazioan txertatuko dira aurtengo urtean zehar.

  • Bilbon ikus-entzunezkoak sustatzeko “Proiektuen poltsa” delakoa ikus-entzunezkoen eta zinemagintzaren sektorerako da, eta gehienez ere 3 lan hautatuko dira, 14.000 eurorekin diruztatuko delarik bakoitza.

  • Bilbok, aurrerantzean ere, jarrera errimea izango du kulturaren sektorearen alde eta COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren ondorioak arintzearren, eta, ostera ere, neurri berriak ezarri ditu Urian kultur jarduera berpizteko.

Bilboko Udalak, aurrerantzean ere, jarrera errimea izango du kultur sektorearen lanaren alde eta COVID-19 gaitzak eragindako krisi sanitarioaren ondorioak arintzearren.

Hala, Udalak, ostera ere, neurri berriak ipiniko ditu pandemiaren ondorioak leuntzeko, eta, aldi berean, Urian kultur jarduera bizkortzeko, eta bi deialdi berri prestatu ditu horretarako. Alde batetik, kultur eta sorkuntza proiektuen hautapen bat, eta, bestetik, proiektuen poltsa bat Bilbon ikus-entzunezkoak sustatzeko; biak ere Bilbao Aurrera 2021 Plan Berezian Bizkaiko hiriburuan gizarte-kohesioaren alde, ekonomia eta enplegua suspertzeko eta kultura bizkortzeko jasotako neurrien artean.

KULTUR ETA SORKUNTZA PROIEKTUAK HAUTATZEKO DEIALDIAN, Bilboko kulturaren eta sorkuntzaren sektoreko profesionalen eta entitateen proposamenak sartzen dira. Ekimen horiek Uriko kultur jardueren programazioan sartuko dira, eta 2021ean zehar egikaritu beharko dira.

Ahalik eta eragile gehienengana iristearren eta ahalik eta jarduerarik gehien eragitearren, guztira 59 proiektu hautatuko dira, eta 500.698 euroko aurrekontuarekin diruztatuko dira; lau kategoria ezarri dira, balorazio ekonomikoaren arabera: 2.000 euro, 5.000 euro, 10.000 euro eta 14.900 euro.

Deialdia honako kultur eta sorkuntza sektore hauetako proiektuetarako da: arkitektura; arte eszenikoak; ikusizko arteak; artisautza; ikus-entzunezkoak; eduki digitalak; diseinua; edizioa; hizkuntzaren arloko industriak; moda; musika; ondarea; publizitatea eta marketina; antolakuntza zerbitzuak (hezkuntza artistikoa, bitartekaritza, ekitaldiak antolatzea eta produzitzea, kultur aholkularitza eta kudeaketa,…); bideo-jokoak; eta zeharkako kultur jarduerak.

Kultur proposamen guztiek unean uneko osasun-egoerara egokituta egon behar dute, indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatuz eta, zehazki, Covid-19ari aurre egiteko beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak (edukiera, pertsonen arteko distantzia, pertsonak elkartzeko mugak, ordutegiak, etab.).

Proiektuak euskarazkoak nahiz gaztelaniazkoak izan daitezke, eta 2021eko maiatzaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira, posta elektronikoaren bidez, helbide honetan: cultura@bilbao.eus.

Deialdiaren oinarriak esteka honetan ikus daitezke.

2021erako, bestalde, Udalak ostera ere jarri du abian deialdi hau, bigarren aldiz: “BILBO IKUS-ENTZUNEZKOEN BIDEZ SUSTATZEKO PROIEKTUEN POLTSA, URIKO IKUS-ENTZUNEZKOEN ETA ZINEMAGINTZAREN SEKTORERAKO”

Bilboko Udalak Bilbo Aurrera 2021 Plana delakoren bidez onartutako neurrien artean, urian ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta laguntzearren, deialdi bat egin zaie aurten ostera ere, Arriaga Antzokiak eta ZINEBI jaialdiaren bidez, ikus-entzunezkoen eta zinemagintzaren sektorearekin zerikusia duten Bilboko enpresei, parte har dezaten ikus-entzunezkoen funts bat sortzen, Bizkaiko hiriburua sustatzearren.

2020an bezala, deialdi honek helburu bikoitza du: alde batetik, Bilboko ikus-entzunezkoen eta zinemagintzaren sektorea babestu, lagundu eta sustatu nahi du; eta, bestetik, Bilbo sustatzen duen ikus-entzunezkoen funtsa eguneratu, aberastu eta osatu nahi du, abiapuntutzat hartuz, esate baterako, Bilboko ondarezko eraikinak, Uriak hirigintzaren aldetik izan duen eraldakuntza, Bilboko auzo bereziak, uriaren jarduera etengabea, kultur eskaintza, saltokiak eta elkarteak, jaiak, bizilagunak, ohiturak, eskaintza turistikoa.

Proposamen honen bidez, gonbidapena egiten zaie Uriko sortzaileei pentsa eta birpentsa dezaten uriaren oraina eta etorkizuna. Proposamen berri eta ezezagunak bildu nahi dira, luzeenez ere 45 minutukoak, sormenezkoak eta askotarikoak, uria sustatzen lagunduko dutenak, baina uriari buruzko gogoeta ere eragingo dutenak: “Nola aldatu da Bilbo azken urteotan? Nola egiten dio aurre uriak normaltasun berriari, nola zerbitzuek edo nola kultur eta/edo turismo eskaintzak? Zer erakargarri eskaintzen ditu uriak ondarearen, kulturaren, jaien eta besteren aldetik? Zer kultur sare osatzen du uriak, eta zer erronka ditu? edo, zer uri mota, askotarikoa, inklusiboa eta berdinzalea, eraiki beharko genuke kulturaren bidez?

Proiektuen Poltsaren” aurrekontua, guztira, 50.820 euro da, eta gehienez ere 3 proiektu hautatuko dira, eta 14.000 eurorekin diruztatuko da bakoitza.

Ikus-entzunezkoak 2021eko abuztuaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira posta elektroniko bidez, helbide honetan: zinebi@zinebi.eus

Deialdi honen oinarriak esteka honetan ikus daitezke.

BILBAO AURRERA PLANA

Bilbao Aurrera 2021 Plana delakoa iaz lehenengoz abiarazi zen “Bilbao Aurrera 2020 Plana” zenaren jarraipena da, orduan sortu baitzen pandemia mundu osoan, COVID-19 gaitzaren krisi sanitarioak uriko pertsonen eta enpresen artera ekarritako ondorioak arintzeko eta haietatik oneratzeko eta suspertzeko.

Iazko maiatzean udal-ordezkaritza zuten alderdi politiko guztiek adostutako #BilbaoAurrera2020 Planak izandako harrera onaren ondoren, Bilboko Udalak ezohiko plan berri bat jarri du abian, #BilbaoAurrera2021 izenekoa. Plan horrek jarraipena ematen dio azken hilabeteetan egindako lanari, eta 15,1 milioi euroko aurrekontua jartzen du mahai gainean, gizarte-kohesioaren, kulturaren eta ekonomiaren eta enpleguaren arloko 43 neurri zehatz aurrera ateratzeko.

SARE SOZIALAK:

www.bilbaokultura.eus