Urteroko WindEurope ekitaldia Bilbora itzuliko da 2022an

Ekainak 3

  • WindEuropek eta Bilbao Exhibition Centrek gaur jakinarazi dute 2022an WindEurope urteroko ekitaldia Bilbon izango dela apirilaren 5etik 7ra.

  • Bigarren aldiz hartuko du Bilbok ekitaldia, 2019ko edizio arrakastatsuaren ondoren.

  • Egitarau zabalak erakusketa eta hitzaldiak izango dira, eta onshore eta offshore haize-turbinei buruzko azken berriak erakutsiko du, hamarkada honen amaieran haizea Europako elektrizitate-iturri nagusia izateko prestatzen ari baita.

2022ko urteko WindEurope ekitaldia Bilbon izango da, apirilaren 5etik 7raEnergia eolikoaren azken garapenak erakutsiko dituen erakusketa bat eta merkatuaren, teknologiaren eta politikaren funtsezko gai guztiak biltzen dituen hitzaldiak izango ditu barne. 2019an Bilbao Exhibition Centre-en egin zen urteko WindEurope ekitaldiak 300 erakusketari eta 8500 bisitari erakarri zituen, eta 10.533.629 euroko inpaktu ekonomikoa eragin zuen Barne Produktu Gordinari dagokionez.

Ekitaldia une erabakigarrian iritsiko da Europako industria eolikorako. EBk eta gobernu nazionalek industriaren beharra dute Europako klima- eta energia-helburuak betetzen laguntzeko. Gaur egun, Europako elektrizitate-kontsumoaren % 16 suposatzen du haizea. EBk erdia izatea nahi du 2050erako, eta elektrizitatea, energia-nahastean paper askoz handiagoa izan dezan. Horrek esan nahi du energia eolikoa izugarri hedatu beharko litzatekeela: gaur egungo 180 GWtik EBan 1300 GWra 2050. urterako. 2020ko hamarkadaren amaieran, haizea izango da Europako elektrizitate-iturri nagusia.

Energia eolikoak gero eta garrantzi handiagoa du Europako ekonomian. 300 000 langile ditu Europa osoan, eta 37 mila milioi euro ematen dizkio EBko BPGri. Haize-turbina berri bakoitzak 10 milioi euroko jarduera ekonomikoa sortzen du batez beste.

Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak inauguratu du gaurko prentsaurrekoa, eta Bilbora etorritako Europako haize eolikoaren industriari ongietorria egin dio. “Klima aldaketaren aurkako borroka erronka globala da eta horrekin bat egin behar dugu, inolako baldintzarik gabe. Energia garbiek oinarrizko betekizuna izango dute, eta Euskadik apustu sendoa egin du arlo horretan lan egiteko. Haize-energia bultzatzea ezinbestekoa eta oinarrizkoa da gizarte moduan ditugun erronkak betetzeko. Bidezko garapen jasangarria sustatzen duen Basque Green Deal estrategiaren ildotik doazen herri politika sendoak eta beharrezkoak diren gaitasunak ditugu. WindEuropek haize-energiaren inguruko azken joerak ezagutzeko aukera emango digu, eta egin dezakegun guztia bistaratzeko plataforma ere izango da, aldi berean”, esan du Tapiak.

“WindEurope pozik dago Bilbora itzultzearekin. Bilbo, Euskadi eta Espainia haizearen balio ekonomikoaren adibide bikainak dira. Bilbo Iberdrolaren eta Siemens Gamesaren egoitza da, energia eolikoan aitzindari diren enpresetako bi. Euskal Herria eta inguruak funtsezkoak dira energia eolikoaren katean. Espainiak 27 000 lanpostu ditu haize-energian, eta haize-energiaren 2 GW berri ari da eraikitzen urtero. Bilbo leku ezin hobea da haizeak enpleguak, hazkundea eta susperraldi ekonomikoa dakartzala frogatzeko”, baieztatu du Giles Dickson-ek, WindEuropeko CEOa.

Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko Sailaren foru diputatuaren (Bizkaiko Foru Aldundia) hitzetan: “Oso albiste ona da Bizkaia energia berriztagarrien ekitaldi handienetako baten arretagunea izatea berriz ere. Nazioarteko ekitaldi hau aukera aparta da energia berriztagarrien inguruan erakundeen batasuna adierazteko, eta baita haize-energiaren merkatuko gure enpresetako batzuk sektorean duten indarra eta nazioarteko mailan duten lidergoa bistaratzeko. Ingurumenaren eta energiaren trantsizioei aurre egiteko posizio hobezinean kokatzen gaitu. Eta, ekitaldi handien itzulerak, WindEuropea esaterako, gainera, mezu baikor garrantzitsua dakar jarduera berreskuratzeko, hazteko eta kongresu eta topaketa profesional handiak berriz antolatzeko”.

Xabier Ochandianok, Bilboko Udalaren Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko Zinegotziak, ondorengoa adierazi du: “2019ko esperientzia atseginaren eta arrakastatsuaren ondoren, Kongresu handien bidean berriz jartzen gaituen ekitaldi hau itzuli da, zalantzarik gabe, Europa mailan garrantzitsuena. WindEurope 2022 etorkizuna, talentua, berrikuntza, gurea bezalako herrialde txiki batean, non industria eta enpresa ondare handia dugun, gauzak egiteko eta ekoizteko modu berriak esan nahi du guretzat. Aurreko edizioa oso arrakastatsua izan zen eta ziur nago 2022ko apirileko kongresuan berriz lortuko dugula arrakasta hori, non 8.000 profesionaletik gora, Bilboko hirira eta gure hoteletara itzuliko dira, horrek izango duen eragin ekonomikoarekin eta nazioarteko proiekzioarekin. Espero dut, berriz ere, kalitatezko ekitaldi handiak antolatzeko hiri gisa dugun gaitasun handia agerian uzteko gai izatea. Eta bisitatuko gaituzten enpresek eta ikerketa-zentroek gure hiriak jarduera ekonomikoaren, industriaren, talentuaren eta ekintzailetzaren bultzatzaile gisa duen irudia sendotzea, teknologia berrien eta energia iturrien aldeko apustu argiak eta sendoak bultzatuta”.

Gainera, Espainiar Estatua Europako bigarren herrialde indartsuena da energia eolikoari dagokionez. 27 GW ditu parke eolikoetan. Haizea bere elektrizitatearen % 22 da. Espainiako Gobernuak 50 GW lortu nahi ditu 2030erako. Bere diferentzia-kontratuko enkante berriak Europako haize-energia merkeena eskaintzen du orain: 20-28 €/MWh. Energia eoliko flotatzailearen aurrerapen azkarrari esker, Espainia itsasoko parke eolikoak garatzen hasiko da. Eta Espainiako enpresak aitzindari dira sortzen ari den Europako hidrogeno-ekonomia berriztagarrian.

Espainiako industria eolikoaren ordezkari gisa, Juan Diego Díaz, Espainiako Energia Eolikoaren Elkarteko (AEE) presidenteak, gehitu du: “Energia eolikoa gure mix elektrikoaren bizkarrezurra da dagoeneko. Egun, Espainiako mixaren lehenengo teknologia da, instalatutako 27,4 GWtik gorakoekin. Azken 12 hilabeteotan ere energia-sorreraren lehen teknologia izan da, 60 TWh baino gehiagorekin. Potentzian eta sorreran lehenengo postu horrek bere horretan jarraituko du hurrengo hamarkadan, 2030ean 50,3 GW-ra iritsi arte, gure PNIEC beteaz. Orain bizi dugun errealitatea energia, industria eta berrikuntza sektoreen etengabeko lan arduratsuaren ondorioa da, zeina estrategikoa den Espainiako eta Europako ekonomientzat. Dakizuen bezala, Espainian sektoreko industria eta teknologia balio-katearen % 100 dugu, eta hori sektore eolikoaren ADNan dago hasiera-hasieratik. Gure herrialdeetan 230 industria zentrotik gora egoteak sektorearen indarra eta erresilientzia uzten du agerian. Espainian teknologia sortzen da eta ekipo eta osagai eolikoak fabrikatzen dira. Ondorioz, mundu mailan 3. herrialde esportatzailea da. Europar sektore eolikoan, erronka nagusiei egin beharko diegu aurre elkarrekin2030era arte, elektrikoei zein industriarenei, eta haiek eztabaidatzeko eta esperientziak partekatzeko tokia Bilbon dago, WindEurope Conference&Exhibition 2022 Azokan”.

Bilbo, Bizkaia eta Euskadi funtsezkoak dira Espainiar Estatuko industria eolikoan. Eskualdea energia eolikorako kluster industrial garrantzitsu bihurtu da, eta lanpostuak, balio ekonomikoa eta tokiko diru-sarrera fiskalak sortu ditu. Siemens Gamesa Renewable Energy-k eta Iberdrolak Bilbon duten egoitzak industriak Bilbon eta inguruan duen garrantziaren adibide batzuk besterik ez dira.

Andreas Nauen Siemens Gamesako CEO eta WindEuropeko presidenteak, aitortu du: “Oso pozik gaude urteroko 2022ko WindEurope ekitaldiak industria guztia Bilbon biltzeaz, Siemens Gamesaren egoitza dagoen tokian, alegia. Agerian uzten du horrek Euskadi eta Espainia sektore eolikoan liderrak direla, berrikuntzari eta teknologiari dagokionez, bereziki. Ziur gaude ekitaldi honetan gure industria arrakastaren bidean bultzatuko duten eztabaida aberasgarriak sortuko direla”.

Xabier Viteri, Iberdrola Renewables-eko zuzendari nagusiaren esanetan: “Iberdrolak urteko WindEuropeko ekitaldia Bilbora itzultzea babesten du, etorkizun hobea bultzatzeko estrategikotzat jotzen dugun plataforma, energia eolikoa ekonomia deskarbonizatzeko funtsezko elementu eroale izanik. Denok berriro hemen ikustea espero dugu, networking aukera berriak aurkitzeko euskal sukaldaritza bikainaz gozatuz”.

José Ignacio Hormaechek, Euskadiko Energia Klusterraren zuzendari nagusiak, prentsaurrekoa amaitu du esanez: “2022an WindEuropeko ekitaldia egiteko Bilbo aukeratu izanak, berretsi egiten du Euskadi Europako sektore eolikoko “hub” industrial garrantzitsuenetako bat dela. Euskal balio-kate eolikoaren lehiakortasuna eta nazioarteko kokapen bikaina dira mundu osoko enpresa eta adituak berriro Bilbon biltzeko arrazoi nagusia, energia eolikoa energia-trantsizioaren funtsezko zutabe gisa bultzatzen jarraitzeko. Izan ere, Euskadin energia eolikoa “arnasten” dugu, eta aberastasuna eta enplegua sortzeko giltzarritzat jotzen dugu”.