Mugi Adin-en hirugarren fasea amaitu da, COVID-19aren ondorioz adinekoek jasaten duten ahultasuna jorratzeko Bilboko Udalaren programa

Uztailak 9

  • Fase honen baitan Deustu, Santutxu eta Zurbaranbarri auzoetako adinekoen hiru talderekin lan egin da, pandemiaren ondorioz nagusiek jasaten duten ahultasun funtzionala eta erlazionala arintzeko programa bat diseinatu eta garatzeko asmoz.

  • #BilbaoAurrera2020 Planaren parte da Mugi Adin programa eta UPV/EHUko ikertzaile-talde baten, ekintzaileen eta enpresa adituen (SSI taldea, esaterako) inplikazioari esker gauzatzen ari da.

Aste honetan amaitu da Mugi Adin proiektuaren hirugarren fasea. Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez martxan jarritako ekimen bat da, #BilbaoAurrera2020 Planaren baitan kokatuta dagoena eta Covid-19aren ondorioz nagusiek jasaten duten ahultasun funtzional eta erlazionala jorratzen dituena.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen eskutik, erakunde publikoek, UPV/EHUk eta enpresa adituek osatutako lantalde bat sustatu du. Enpresa horietako bat dugu Grupo Servicios Sociales Integrados S. Coop. (SSI), zeinak 30 urte baino gehiago daramatzan ekimen sozialaren eta zahartzearen ekosistemaren arloan lan egiten. Era berean, Silver Economy Taldea (SET) komunitateko kide diren enpresa ekintzaile, eragile eta pertsonen sare oso batek parte hartuko du proiektuan. SSI Taldearen ekimen bat da, zeinaren bitartez zilarrezko ekonomiaren esparruan negozio-aukera berriak eta sinergiak sortu nahi diren. Bestalde, UPV/EHUko Ageing ikerketa-taldeak ere parte hartu du.

LAU FASETAN GARATZEKO PROGRAMA BAT

Neurri hori hainbat fasetan banatuta dago. Lehenengoan, erronka definitu eta talde ekintzailea osatuko da; bigarren fasean, proposamena diseinatuko da eragile adituen laguntzarekin, eta, hirugarren fasean, prototipo bat garatuko da esperientzia pilotu batekin. Amaitzeko, garatutako prozesua ebaluatuko da, eta merkatuan eta ekonomian zein finantzan duen bideragarritasuna aztertuko da. Mugi Adin ekimenaren bidez, konpromiso soziala indartzen duten zenbait egoera ebazteaz gain, enpresa-ikuspegia bultzatu nahi da.

#BilbaoAurrera