Erakundeen ustez, Bilbao Bizkaia 2022 Europako Kirol Anitzeko Triatloi Txapelketa arrakasta handia izan da, bai kirolaren aldetik, bai antolaketaren aldetik

Irailak 26

  • Guztira 8.000 lagun baino gehiago (3.000 kirolari), hau da, pandemiaren ondoren mundu errekor bat, egon dira kirol anitzeko ekitaldi handi honetan, ingurune zoragarri batean.

  • Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foro diputatua pozik agertu zen txapelketa arrakastatsua izan delako, eta “hurrengo urteetarako erronka Bizkaiko zonalde ezberdinen erakargarritasunak eta potentzial turistikoa bultzatzea dela” adierazi zuen.

  • Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan duenez, “berriro ere, ekitaldi handiak antolatzeko lehen mailako lekua garela erakutsi dugu nazioartean”.

Europako Kirol Anitzeko Triatloi Txapelketak erakutsi du Bilbo-Bizkaia bezalako lurralde handi batean kirolaren aldeko apustua egitearen amets hura, pandemian zehar jaioa, apustu errealista dela.

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Espainiako Triatloi Federazioak antolaketa-batzordea osatu dute (Europako Triatloi Federazioak babestuta), eta erakutsi dute eskarmentu nahikoa daukatela ekitaldi handiak antolatzeko. Eta hau, dudarik gabe, ekitaldi handia izan da.

Aurkezpen ofizialetik amaierako ekitaldira arte 13 egun joan dira. Egunotan, lau egoitzetan (Bilbo, Balmaseda-Enkarterri, Bermeo-Urdaibai eta Portugalete-Getxo), sei probetan, Europako bost txapelketa kategoria guztietan (Elitea, Sub-’23-Junior-Paratriatloia-Adin taldeak eta OPEN), kirolaren abantailak argi geratu dira. 3.000 kirolari eta laguntzaile baino gehiago egon dira. Beraz, sobera gainditu da aurreikuspena, hau da, 8.000 lagun biltzea kirol anitzeko ekitaldi batean. Ekitaldi hau, kirol lehiaketa handia izateaz gain, kirolarientzako festa bat izan da.

Triatletek eta euren laguntzaileek zirkuituez gozatu dute, itsasoaren, itsasadarraren, mendien eta hiriaren ardatzen inguruak diseinatuak, paisaia ikusgarriekin, eta leku gogoangarrietara bidaiatu dute. Baina, gainera, bizkaitarren adeitasuna ezagutu dute, eta esperientzia berezi bat bizi izan dute, gastronomia, turismoa eta aisia elkartuz. Eta hori guztia ekitaldi jasangarri batean, zeinak ingurumena errespetatzen duen. Horrela, pertsona horietako asko Bilbo eta Bizkaira itzuliko dira, eta ez bakarrik kirola egitera.

Europa osoa egon da kirol anitzeko triatloiaren festa honetan ordezkatuta, 26 herrialdetatik etorri diren kirolariei esker. Britaniarren ordezkaritza izan da jendetsuena, eta gero espainiarra, frantsesa eta alemana. Gainera, Europakoak ez diren bost herrialdetako parte-hartzaileek (Mexiko, Singapur, Tailandia, Argentina eta Zimbabwe) kirol anitzeko ekitaldi historiko honetan parte hartu dute. Historikoa, pandemiaren ostean diziplina honetan egin den lehenbizikoa izan delako eta mundu-krisiaren ostean suspertze ekonomikoaren sinbolo optimista delako; hain zuzen ere, lurraldean 10 milioi euroko inpaktua izan duela kalkulatzen da.

Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foro diputatua pozik agertu da proba guztiak ondo joan direlako. “Ekitaldi honen ondorioz, jauzi kualitatibo handia egin dugu lurralde gisa hitzordu handiak hartzeko dugun gaitasunean, eta hainbat eremutara eraman dugu ekintzaren erdigunea. Bizkaiko Foru Aldundiarentzat aurrerapauso handia da turismoaren garapenerako estrategia sendotzeko. Zentzu horretan, hurrengo urteetarako erronka ibarrek, mendiek eta parke naturalek dituzten erakargarritasunak eta potentzial turistikoa bultzatzea da, naturak, tradizioak eta turismo aktiboak funtsezko papera betetzen duten bisitak bultzatzeko”, diputatuak ziurtatu duenez.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak oso balorazio positiboa egin du Bilbao Bizkaia 2022 Europako Kirol Anitzeko Triatloi Txapelketa honetaz. Haren hitzetan, “10 egun hauetan diziplina guztietan parte hartu duten kirolariek eta haien laguntzaileek gure uriaz eta lurraldeaz gozatu ahal izan dute”.

Aburtok esan duenez, “lehiaketa honekin, berriro ere ekitaldi handiak antolatzeko lehen mailako lekua garela erakutsi dugu nazioartean”. Gainera, hiria kalitate handiko kirolarekin animatu dugu eta hotelak, jatetxeak eta komertzioak bete ditugu. Horrek inpaktu ekonomiko handia ekarri digu”.

José Hidalgo FETRIko presidenteak gogora ekarri du “proiektu hau pandemian sortu zela, ilusio askorekin. Hiru ardatz dauzka. Batetik, mundu mailako triatloiko ekitaldi handiei berriro heltzea. Hamar egun hauen ostean esan dezakegu lortu dugula. Pandemiaren ostean Europan eta munduan egin diren lehiaketa ofizial guztietako parte-hartze errekorrak hautsi ditugu. Bigarrenik, Bilbo-Bizkaia europar triatloiaren erreferente gisa posizionatu dugu. Hori diziplina guztietan lortu dugu. Pozik noa, uste baitut udalek eta beren egoitzek dena eman dutela ekitaldi honetan eta nazioarteko lehiaketa handi batez gozatu dutelaBilbo triatloiaren nazioarteko mapan jarri gura genuen, eta lortu dugula uste dut. Gainera, europar triatletentzako balio erantsi batekin. Izan ere, beraiek izango dira gure lurraldearen enbaxadorerik onenak, egunotan bizi izan dutenari esker. Azkenik, besteek ispilu gisa erabili dezaketen lehiaketa eredugarri bat egin gura genuen. Eta hala egin dugu, kirolariei lehiaketa handiak eskainiz, espazio handietan (naturalak nahiz urbanoak). Haien gogobetetze maila altuena izan da”.

Renato Bertrandi Europako Triatloi Federazioko presidenteak honela baloratu du lehiaketa hau: “Zoragarria izan da, ikuspegi guztietatik. Baldintzak ezin hobeak izan dira denontzat, batez ere adin-taldeentzat. Europako Kirol Anitzeko Triatloi Txapelketa ez da bakarrik elitearentzako, 23 urtetik beherakoentzako eta juniorrentzako lehiaketa bat; adin-taldeentzako festa bat ere bada. 3.000 kirolaritik gora izan dugu gurekin. Ziur nago lurralde honetan laster beste lehiaketa bat antolatuko dela. Presidenteak esan du antolaketaren ikuspegitik perfektua izan dela. Adierazi du erakundeak sari-banaketetan egotea garrantzitsua dela, ez bakarrik guretzat, baizik eta, batez ere, kirolarientzat”.