Covid-19aren aurkako materiala erosteko ete, mikroenpresa eta autonomoentzako dirulaguntza zuzenen bigarren deialdia onetsi du Bilboko Udalak

Azaroak 30

COVID-19aren aurkako materiala erosteko ete, mikroenpresa eta autonomoentzako dirulaguntza zuzenen bigarren deialdia onetsi du Bilboko Udalak.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, hiribilduko ETE, mikroenpresa eta autonomoentzako zuzeneko dirulaguntzen bigarren deialdia aktibatu du, langileen zein bezeroen segurtasuna bermatuko duen babes-materiala erostea errazteko.

Osasun-krisiaren bilakaera eta kalteak murrizteko hartutako neurriak ikusita, Bilboko Udalak 222.750 euroko beste zuzkidura ekonomiko bat aktibatu du, zeinaren bitartez Bilboko enpresa-ehunari babes-materiala erostean sortutako gastuei aurre egiten lagundu nahi dion. COVID-19ari aurre egiteko gastuak eta inbertsioak baino ez dira diruz lagunduko, bai eta arrisku biologikoei aurre egiteko norbera babesteko ekipamenduak ere.

Bigarren deialdia abian jarri ondoren, Bilboko Udalak, guztira, 722.750 euro bideratuko ditu helburu horretarako. Udalak bultzatutako Bilbao Aurrera Planaren barruan daude bi deialdiak. COVID-19ak eragindako egoeraren aurrean hirian kohesio sozialerako eta ekonomia, enplegua zein kultura berraktibatzeko premiazko neurriak jaso dira bertan. Guztira, 15 milioi euro erabiliko dira hiribilduko pertsona eta enpresei begira hartuko diren 50 neurri baino gehiagotan.