Bilboko Alkateak Gabonetako Azoka bisitatu du

Abenduak 29

Juan Mari Aburto Erripako kaira hurbildu da; bertan, hiriko hogei bat saltokik elikagaiak, moda, Gabonetako opariak eta jostailuak eskainiko dituzte urtarrilaren 5era arte Azokako etxoletako bat Bilboko Balioen Gutuna eta Garapen Jasangarrirako Helburuak ezagutaraztera bideratu da.

Gabonetako Azoka #BilbaoGabonak proiektuaren parte da, zeinaren helburua baita hiria garai honetan ere gune erakargarri eta aisialdi, merkataritza eta kulturako erreferente gisa indartzea.

Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, Erripako kaian dagoen Gabonetako azoka bisitatu du. Bertan dauden hogei etxoletan, hiriko zenbait saltokik elikagaiak, jantziak, opariak, Gabonetako artikuluak eta jolasak eskainiko dituzte, 2023ko urtarrilaren 5era arte.

Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziarekin, Xabier Ochandianorekin, batera egin duen bisitan, alkateak azokako eskaintza zabal eta anitzarekiko interesa agertu du, egunotan hiritarrengana hurbildu dena, tokiko merkataritza-jarduera sustatzeko asmoz.

Honako hauek dira Gabonetako Azokan dauden saltokietako batzuk: Kiliken Euritakoak euritako- eta osagarri-denda, Koloreak Juguetes liburu- eta jostailu-denda, Kai Denda arropa- eta osagarri-denda, El Gallo de Oro argitaletxea, Lakarola Kintana opari-denda, Arce Bilbao osagarri-denda, Viento Norte arropa-denda, larruzko-produktuak saltzen dituen Revoluciona Taller de Cuero, Xaboi Pubpuila xaboi naturalen denda, produktu ekologikoak eta birziklagarriak eta osagarriak saltzen dituen The Su Life, Bilbo Dulce y Salado gozogintza-produktuen saltokia, Bizkorna okindegia, Garrarte artisau-gozokiak, Delitxia gozo-denda KC Chocolatier txokolate-denda, Magora Bakery okindegi eta gozo-denda, Polvorones Solokoetxe, Ositos con Alcohol eta Tu bola de Navidad opari-denda.

Gabonetako Azoka 12:30etik 21:00etara dago zabalik.

BALIOEN GUTUNA ETA GJH

Alkateak, Juan Mari Aburtok, bisitatutako etxoletako bat Udalak Bilboko Balioen Gutuna eta Garapen Jasangarrirako Helburuak ikusarazteko jarri duena da. Horren helburua da herritarrak kontzientziatzea Gutunean jasotako 17 balioek eta garapen jasangarrirako 17 helburuek duten garrantziaren inguruan. Etxola hori familiei zuzendutako jolas-gune bat da, eta Lambe Lambe Kutxa baten bidez (miniaturazko antzerki-ikuskizuna) istorioak ezagutu eta Garapen Jasangarriaren Helburuetara hurbilduko dituzten sentsazioak esperimentatu ahal izango dituzte.

Gainera, Bilboko Balioen Gutunari online atxikitzeko puntu bat eta sinadura-liburu bat jarri dira, parte-hartzaileek modu sinbolikoan baloreekin eta GJHekin duten atxikimendua eta konpromisoa finkatu ahal izateko.

#BILBAOGABONAK

Gabonetako Azoka #BilbaoGabonak proiektuaren parte da, zeinaren bidez udalak bere programaziorik anitzena aktibatu baitu, adin guztietako herritarrei zuzenduta, baina batez ere haurrei, honako helburu hau bete nahian: garai honetan ere Bilbo erakarpen-gune handi eta erreferente gisa finkatzea, aisialdiari, merkataritzari eta kulturari dagokienez.

Eskaintza komertziala Gabonart azokarekin osatzen da, Areatzako kaian dagoen eta Arbaso elkarteak kudeatzen duen Gabonetako Artisautza Azokarekin.

#BilbaoGabonak-en beste jarduera erakargarri batzuk Areatzako eta Erripako kaietan kokatutako izotz sintetikozko pista eta txirrista dira, hurrenez hurren, Gabonetako jai hauetan Bilboko haurrek gehien eskatzen dituzten jolasetako batzuk baitira. Sarrerak instalazioetan bertan edo ahal bada online eskuratu daitezke, bilbaopistadehielo.com webgunearen bidez.

Erripako kaian baita ere, 0 eta 12 urte arteko haurrek Txikigune bat dute, haientzat bereziki diseinatutako jardueraz betetako 450 metro karratuko karpa bat: labirintoa, jolastokia, argazki-erakusketa, tailerrak eta haurrentzako ikuskizun ugari, hala nola ipuin-kontalariak, magia-emanaldiak, diskofesta eta globoflexia erakustaldiak. Jardueretan parte hartzeko, nahitaezkoa da aldez aurretik izena ematea ahal bada esteka honen bidez edo karpan bertan.

SARE SOZIALAK:

Bilbao Udala: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
Bilbao EkintzaFACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM

#BilbaoGabonak