Bilboko Udalak izaera ekintzailea bultzatuko du gazteen artean Sortzearen Abentura programaren seigarren edizioarekin

Azaroak 2

  • Programa Bilboko ikastetxeei bideratuta dago, batez ere DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleei, eta helburu nagusia ekintzailetzarako ezagutza, gaitasunak eta jarrerak garatzea izango da.

  • Ikasleek taldetan egingo dute lan, TBL edo Thinking Based Learning metodologiaren barruan benetako proiektuak eginez, eta aurrez aurre zein prozesu digital baten bidez egiteko aukera izango da.

  • Programan interesa duten zentroek 2022-2023 ikasturteko edizioan parte hartu nahi izanez gero, BIG Bilbao Ekintzailetzako Udal Zentroarekin harremanetan jar daitezke big@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez eta 94 420 53 60 telefono-zenbakira deituz.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez, abian jarri du Sortzearen Abentura programaren seigarren edizioa, helburu gisa duena hiribilduko DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleen izaera ekintzailea, sortzailea eta berritzailea sustatzea. Programa aurrez aurre eta prozesu digital baten bidez egin ahalko da. Horri esker, gaitasun digitalak ikasteko aukera ere izango da.

Saioetan ikasleek iniziatiba eta izaera ekintzailearen zeharkako oinarrizko gaitasunak ikasiko dituzte esperientzia praktikoaren bidez. Gazteek ekintzailetzari lotutako oinarrizko kontzeptu eta balioak barneratzea lortu nahi da, besteak beste, sormena, taldean lan egitea, arazoak konpontzea, komunikazioa, benetako inguru batean inplikatzea, garapen pertsonala eta autoezagutza, sormen-gaitasuna eta jarrera ekintzailea. Horretarako, benetako erronka zehatzei erantzuteko irtenbideak diseinatzeko proposamena egingo zaie ekimeneko ikasle parte-hartzaileei.

Ikasleek taldetan egingo dute lan, TBL (Thinking Based Learning) metodologiaren barruan benetako proiektuak eginez. Metodologia hori beste biren hibrido bat da: batetik, Design Thinking delakoa, arazoak modu kreatiboan konpontzea, eta, bestetik, Mondragon Team Academy metodologia, ekintzaileen taldetan eta horien garapena neurtzean oinarritutakoa. Proiektuok euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz egin ahalko dira.

Sortzearen Abenturarekin, ikastetxeek ekintzailetza sustatzen duten programetan parte hartzea bultzatu nahi du udalbatzak, hiriaren garapen ekonomikoan eragile inplikatu gisa sartuz. Aurreko edizioetan Bilboko hamasei ikastetxek, 71 lineak eta 1.500 ikaslek baino gehiagok hartu zuten parte Sortzearen Abenturan.

Bilbon dauden eta programan interesa duten ikastetxeek aukera izango dute 2022-2023 ikasturtean zehar Sortzearen Abenturaren zazpigarren edizioan parte hartzeko. Parte hartu nahi dutenak BIG Bilbao Ekintzailetzako Udal Zentroarekin harremanetan jar daitezke big@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoaren bitartez edo 94 420 53 60 telefono-zenbakira deituz.