• Parekoen Topaketaren laugarren edizioa Zabalgune eraikinean egin da. Ekimen hori Bilboko Udalak Elhuyarrekin lankidetzan bultzatzen duen “Bizilabe Bilbao” proiektuaren barruan sartzen da.
  • 21 emakume profesionalek euren esperientziak eta erronkak partekatu dituzte 10 eta 16 urte bitarteko 70 haur eta gazterekin, aldi berean euren STEM esparruko proiektuak konpartitu dituztenak.

Elhuyarrekin lankidetzan Bilboko Udalak bultzatzen duen Bizilabe Bilbao’ proiektuaren baitan kokatzen den Parekoen Topaketak 2025 ekimenak zientziaren eta teknologiaren arloko profesionalen eta adingabeen arteko elkarrizketa zuzena eta noranzko bikoa garatzeko aukera eman du. Ekimen horren helburua da sektore horri dagokionez hirian talentu gaztea sustatzea.

Erdigunean dagoen Zabalgune eraikinak topaketaren laugarren edizioa hartu du astearte arratsaldean. Ekitaldian 21 emakume profesionalek euren esperientziak eta erronkak partekatu dituzte 10 eta 16 urte bitarteko Bilboko 70 ume eta gazterekin, eta horiek STEM esparruko (Science, Technology, Engineering and Mathematics) proiektuak erakutsi dituzte.

Lan-mahai bakoitzean zientzia eta teknologiaren arlo profesionaleko emakume bat eta gazte talde bat bildu dira. Lehenik eta behin, emakume profesionalek egiten duten lanaren berri eman zaie gazteei, eta, ondoren, gazteek “Bizilabe Bilbao” ekimenaren barruan  egiten ari diren STEM proiektuak ezagutarazi dizkiete profesionalei.

Parekoen Topaketaren IV. edizioaren bidez 21 profesionalek aholkuak eta iradokizunak eskaini dizkiete umeei, eta, aldi berean, zientziari eta teknologiari lotutako lanbideen esparruan egiten duten lana sakonago ezagutarazteko aukera eman dute. Saioan zehar profesionalak adingabe talde batekin baino gehiagorekin egon dira ideien trukea dinamikoa eta aberasgarria izan dadin.

Parekoen Topaketari esker gazteek emakume erreferenteak ezagutu dituzte zuzenean, baita zientzia eta teknologiako profesionalen egunerokoa ere; halaber, euren proiektuak hobetzeko orientazioa jaso dute.

Ekimen hau Bilboko gazteen etorkizunerako zubi sendoa eraikitzeko beste urrats bat da, ikerketa eta berrikuntza egunerokotasunean txertatzen lagunduz.

“Bizilabe Bilbao” 2017an jarri zen abian eskolaz kanpoko programa gisa. Programa horretan umeek eta gazteek modu praktikoan eta esperimentalean lantzen dituzte zientzia eta teknologia. Horrelako ekimenak Bilboko hainbat erakunderen arteko lankidetzari esker egin daitezke. Erakundeak, ikastetxeak, enpresak eta familiak elkarrekin lotzen dira eta sare honen emaitza, besteak beste, Parekoen Topaketa da. Gainera, urtean zehar STEM profesionalen bisitak antolatzen dira, baita enpresetara egindako irteerak ere, lan-eremuak, enpresa horien testuinguruak eta profesionalak gertutik ezagutzeko.

PAREKOEN TOPAKETA 2025 EKIMENEAN PARTE HARTU DUTEN STEM EMAKUME PROFESIONALAK:

  • Ibone Mancisidor – Formula Student Bizkaia
  • Maialen Garcia Sarasa – Vicomtech
  • Alazne Berguices – Mtech-Energy Saving Consulting
  • Iraide Ruiz – Twilio
  • Isabel Barriocanal – Benito Ingeteam
  • Maialen Martinez Preciado – EHU
  • Adhara Gaminde Blasco – Achucarro Basque Center for Neuroscience
  • Beatriz Navarro – Innarima Consulting S.L.
  • Tania Payó Barrenetxea – Grunver Sostenibilidad
  • Cristina Galán García-Arcicollar –  IDISCAM
  • Eva Epelde Bejerano – UPV/EHU
  • Itziar Cabanes Axpe – Bilboko Ingeniaritza Eskola/Escuela de Ingeniería de Bilbao (UPV/EHU)
  • Raquel Justo Blanco – UPV/EHU
  • Irene Gallardo Gómez – Virtualware
  • Elena Santa Cruz – AZTI
  • Saioa Ramos – AZTI
  • María Mateo Santos – AZTI
  • Esther Blanco Rayón – UPV/EHU eta Algaverso
  • Maite Fuentes – Gestamp
  • Elisa Pérez Pérez – Bilbao Ekintza
  •  Veronica Palomares – Dpto. de Química Orgánica e Inorgánica (UPV/EHU)
  • Juan Mari Aburto Alkatea izan da ekitaldiaren buru, non Bilboko baldosak banatu dituzten iaz udal-zerbitzuen laguntzarekin sortutako 204 enpresa berrien artean: “Ematen duzuen aurrerapauso bakoitzean zuen ondoan egon nahi dugu, hiriko jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren sustatzaileak baitzarete. Zuen negozioek hiria egiten dute”.

  • Dagoeneko ohikoa bihurtu den “Bilbo Ekinean Galaren” hogeita batgarren edizioak amaiera eman dio ekintzailetzaren esparruan zifra errekorrez betetako urte bati, non Zabalgune eraikina Bilboko komunitate ekintzailearen epizentroa bihurtu den.

  • “Hogei urte baino gehiago igaro direnean, askotariko negozio eta profilak dituzten gero eta pertsona gehiagoren espiritu ekintzailea saritzen jarraitzen dugu, eta hori oso aberasgarria da”, esan die Kontxi Claverrek, Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotziak.

  • ARGAZKI GALERIA

Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea “XXI. Bilbo Ekinean Galaren” buru izan da. Ekitaldia gaur astelehena, martxoak 10, egin da Azkuna Zentroko entzunaretoan. Alkateak Bilboko Baldosak banatu ditu, iaz hirian 204 negozio berri abian jarri zituzten hiriko ekintzaileak aintzatesteko eta saritzeko.

Dagoeneko ohikoa bihurtu den galaren hogeita batgarren edizioa, Bilboko ekintzaileei esker ona emateko eta egindako lan aitortzeko egiten dena, berezia eta paregabea izan da, izan ere, 2024ko zifrek marka guztiak hautsi dituzte, agerian utziz Bilboko herritarren espiritu ekintzailea gero eta handiagoa dela“Askok begiratu beharko luketen ispilua zarete, jarraitu beharreko adibidea; Bilboren oraina eta etorkizuna zarete, gure hiriaren benetako balioa, eta ahalegina, lana eta sakrifizioak egiten dituzue gero eta ekintzaileagoa den Bilboren mesedetan”, esan die Alkateak aintzatespena jaso duten ekintzaileei.

“Horregatik, ematen duzuen aurrerapauso bakoitzean zaindu eta lagundu nahi zaituzte Udalak, orain erdiguneko Zabalgune eraikinean biltzen diren doako udal-zerbitzuen bidez, ekintzailetzaren benetako komunitatea sortzen baita bertan. Eskerrik beroenak eta zorionak hiriko jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren benetako bultzatzaileak izateagatik”, esan du Juan Mari Aburtok, eta agerian utzi du Zabalgune eraikinak hiriko ekintzaileen artean loturak eta sinergiak sortzeko epizentroa izateko duen gaitasuna.

Alkateak ekitaldian nabarmendu duenez, “garrantzitsua da tokiko eremuan negozio berriak sortzea, zuek zaretelako gure hiriaren benetako funtsa, sortu dituzuen eta Bilboko herritarrei hainbeste ekarpen egiten dieten enpresa txikietan soilik sentitzen den hurbiltasuna, konfiantza eta lotura ematen duzuenak. Zuen enpresek hiria egiten dute. Onena opa dizuegu”.

Bestalde, Kontxi Claver, Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotzia, ere izan da “XXI. Bilbo Ekinean Galan”, eta espiritu ekintzaileak Bilbon izan duen hazkundea azpimarratu nahi izan du, gero eta profil anitzagoak daudela nabarmenduz: “Hogei urte baino gehiago igaro direnean, askotariko negozio eta profilak dituzten gero eta pertsona gehiagoren espiritu ekintzailea saritzen jarraitzen dugu, eta hori benetan aberasgarria da. Ekintzailetzaren esparruan iaz erregistratutako zifra bikainen aurpegia zarete”.

Galari hasiera emateko, Ohorezko Aurreskua eskaini du Bilbao es Ballet konpainiako Teresa Gonzalez Ardanazek, Pedro Ribeiro biolontxelo-jotzailearekin batera. Opera Prima konpainiak interpretatutako emanaldia ere eskaini da.

2024AN MARKAK HAUTSI DITUZTEN ZIFRAK

Bilbao Ekintzaren bidez eskaintzen diren udal-zerbitzuen laguntzarekin 2024an sortutako negozio eta enpresa berrien jarduera-balantzeak aurretik aipatutakoa berresten du, nabarmendu beharreko honako datu hauekin, eta markak hautsi dituen gala baten isla argia dira: 293 enplegu sortu dituzten 204 enpresa; ekintzaileen % 79ak 45 urtetik beherako adina du; negozioen erdiak emakumeek sortu dituzte; enpresen % 35 migratzaileek sortu dituzte, eta horien artean jarduera batzuen hazkundea nabarmentzen da, hala nola merkataritza (% 12,5), sormen-industriak (% 9,72), zerbitzu aurreratuak (% 4,17) edo eremu digitalarekin eta Internetekin lotutakoak (% 2,78).

Bilbao Ekintzako Ekintzailetza Zentroan ematen diren zerbitzu guztiak doan eskaintzen zaizkio ekintzailetzaren komunitateari, eta Europar Batasunak %40an finantzatzen ditu 2021-2027 Europako Plus Gizarte Funtsaren bidez.

SARE SOZIALAK

  • ‘Bilbao Silver Lab’ -ek lehen aldiz eskaini die herritarrei ingurune errealetan testak egiteko hiri-laborategi bat, adinekoei eta haiek zaintzen dituztenei zuzendutako soluzio berritzaileekin.

  • 49 erakunde parte-hartzailek, inplikatutako 216 pertsonak eta banakako 29 mentoretza-saiok laburbiltzen dute Bilboko Udalak zuzendutako eta SSI Taldeak koordinatutako proiektua.

  • Kontxi Claverrek, Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotziak, itxiera-jardunaldian nabarmendu duenez, proiektu honek “erakutsi du hiriak zer nolako ahalmena duen hiri-laborategi gisa zilarrezko ekonomian testak egiteko”.

Bilbao Silver Lab’ proiektua, Bilboko Udalak Bilbao Ekintzaren bidez zuzendua eta SSI Taldeak (Grupo Servicios Sociales Integrados Cooperativa – Gizarte Zerbitzu Integratuen Kooperatiba) koordinatua, arrakasta handiz amaitu da, Bilboko adinekoen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako zazpi produktu eta zerbitzu Bilboko benetako inguruneetan testatu ondoren.

Beren zahartze naturalaren zikloan, adinekoen etxeko bizi-kalitatea luzatzeko erronkari erantzuten dioten zazpi proiektu izan dira. Horretarako, arreta berezia jarri da prebentzioan eta adinekoen eta haien zaintzaileen zaintzan (fisikoa zein mentala), hartara, ahal den neurrian, hauskortasuna eta/edo mendekotasuna atzeratzeko asmoz.

Zabalgune eraikinak ostegun goiz honetan hartu du ‘Bilbao Silver Lab’-i amaiera eman dion topaketa. Bertan, zilarrezko ekonomiaren esparruan probak egitearen beharra eta onurak nabarmendu dira, berrikuntzak egunerokoan duen benetako eragina bilatzeko, kasu honetan, hiriko adinekoena eta haiek zaintzen dituztenena.

49 erakunde parte-hartzailek, inplikatutako 216 pertsonak eta banakako 29 mentoretza-saiok laburbiltzen dute ‘Bilbao Silver Lab’ -ek izan duen irismena: “Lehenengo proiektu pilotu honek aukera bikaina eman digu laguntza profesionalarekin irtenbide berritzaileak probatzeko”, azpimarratu du Kontxi Claverrek Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotziak, topaketari hasiera emateko Zabalguneko eraikinean egin den ekitaldian. “Bilbao Silver Labek erakutsi du hiriak baduela ahalmena zilarrezko ekonomiaren esparruan hiri-laborategi gisa probak egiteko. Eskerrak eman nahi dizkiegu gure hiria adinekoei —kolektibo garrantzitsua osatzen dutenak eta arreta bereziarekin zaindu behar ditugunak— zuzendutako probak egiteko gune bihurtzea ahalbidetu duten eragile guztiei”.

SALUTA APP, CONECTAD@S ETA VAMOS A CUIDARNOS

Saluta Bizkaia enpresaren Saluta App aplikazioa adinekoen zaintzaileen ongizate psikologikoa hobetzeko diseinatu zen, eta proiektu irabazlea izanik 10.000 euro jaso zituen Bilbao Ekintzaren eskutik. Bilboko ingurune erreal batean probatu zen, sei hilabetez, erabiltzaile potentzialekin, iazko urtearen bigarren erdian. Saluta App-ek Bilboko adinekoak zaintzen dituztenen osasun mentala hobetzea du xede, eta zerbitzu ugari eskaintzen ditu, hala nola erlaxatzeko ariketak, autoebaluazio-probak, eskarmentua duten profesionalen aholkuak, estresa, antsietatea eta depresioa arintzeko erlaxazio- eta konexio-teknikak…

Bestalde, honako hauek izan ziren Bilbao Silver Lab-en bi proposamen finalistak, hain zuzen ere SSI Ekin Silver Economy-ren aholkularitza- eta mentorizazio-zerbitzua eskuratu zutenak, 2024an talde-saio batean eta banakako sei saiotan parte hartuta, sei asteko pilotajearekin:

  • Alicia y Guillermo Fundazioaren Conectad@s-ek biztanleriaren zahartzeari heltzen dio, konektatutako komunitateak sortuz. Proiektu sozial eta teknologikoa da, eta telebista erabiltzen du adinekoarengana iristeko eta bideo-deiak, tailer interaktiboak, bideoteka, oroigarriak eta boluntariotza eskaintzeko.
  • Vamos a cuidarnos elkartearen Vamos a cuidarnos aplikazioak informazioa eta baliabideak ematen ditu adinekoen autonomia eta bizitza aktiboa eta osasungarria sustatzeko beren ingurunean; interfaze erraz bat du, jarduerak, zerbitzuak, ongizatea, albisteak eta prestakuntza barne hartzen dituena.

Aipatutako proiektu irabazleaz eta bi proiektu finalistez gain (negozio-ideiaren perspektibak handitu dituzte probetan parte hartu ondoren), beste lau proiektuk aukera izan zuten Bilbon proba laburrak egiteko eta banakako aholkularitza jasotzeko, Bilbao Silver Lab-en esparruan:

  • Guataplan: adinekoek elkar ezagutzeko eta euren artean planak egin eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko aplikazioa.
  • aMAYAn: bizitzaren amaieran laguntzeko proiektu bat.
  • habitaTU: pertsonak bizi diren espazioen diseinua hobetzea helburu duen gida.
  • Yuj Bilbao: yoga egokituaren proiektua.

‘BILBAO SILVER LAB’

‘Bilbao Silver Lab’ proiektua Bilboko Udalak gidatzen du, Bilbao Ekintzaren bidez, eta SSI Taldeak koordinatzen du (Grupo Servicios Sociales Integrados Cooperativa-Gizarte Zerbitzu Integratu Kooperatiba Taldea). 2023ko azaroan hasi zuen bere ibilbidea, adinekoei zuzendutako silver produktuak edo zerbitzuak dituzten enpresa eta ekintzaileentzako testatze-inguruneak sustatzeko helburuarekin.

2024ko apirilean, deialdi bat egin zen erronkari erantzungo zion irtenbide bat aukeratzeko eta irtenbide hori Bilbon probatzeko. Iazko apirilean eta maiatzean erronkari erantzun zioten proiektuak jaso ziren, eta, proiektuok baloratu ondoren, horietako sei elevator pitch izeneko fasera igaro ziren. Fase horretan, Bilbao Silver Lab-eko talde eragileko lau ordezkarik osatutako epaimahai baten aurrean defendatu zituzten proiektuak.

SARE SOZIALAK:

  • Bilbon, udal-zerbitzuen laguntzarekin 293 lanpostu sortu dituzten 204 enpresa sortu dira 2024an; zifra historiko horiek %28 eta %40ko hazkundea dakarte, hurrenez hurren, aurreko urteko datuekin alderatuta.

  • Hirian sortutako enpresa berrien %40 merkataritza- eta ostalaritza-jarduerei dagozkie, eta 45 urtetik beherakoek sortutako negozioak guztien %79 izan dira.

  • Azpimarratzekoa da Bilbon migratzaileek ezarritako enpresen ehunekoa gero eta handiagoa dela: 2024an %35 ziren, eta horietatik %55 emakumeek sortu dituzte, zeinen negozioak gero eta sektore espezializatuagoei dagozkien.

  • Kontxi Claverrek, Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotziak, nabarmendu duenez, “udal-zerbitzuek balio handia ematen diete ekintzaileei, laguntza pertsonalizatua eta doakoa ematen baitie ibilbide osoan, ideia sortzen denetik hasita eta garatzen den bitartean”.

Bilboko Udalak ezagutzera eman du udal-zerbitzuen laguntzarekin —Bilbao Ekintzaren bidez— 2024an sortutako negozio eta enpresa berrien jardueraren balantzea; zifrek marka guztiak hautsi dituzte eta ekintzailetzari laguntza integrala emateko zerbitzuak sendotu. Azpimarratzekoa da 293 enplegu sortu dituzten 204 enpresa sortu direla; horrek %28 eta % 40ko hazkundea dakar, hurrenez hurren, aurreko urteko zifrekin alderatuta (160 enpresa eta 209 enplegu).

Bilbao Ekintzako Ekintzailetza Zentroak 2.372 pertsonari eman die arreta 2024an Ensanche eraikinean (2023an baino %16 gehiago), eta 597 enpresa-ekimenen proposamenak jaso ditu (2023an 482 izan ziren). Horietatik, azkenean, aipatutako 204 enpresak sortu dira, 3.867.259 euroko guztizko inbertsioarekin. Sortutako 204 enpresek azken zazpi urteetako daturik onena ekarri dute: 2017an, adibidez, 130 enpresa sortu ziren, 181 lanpostu sortuz, eta 2022an 185 negozio izan ziren, 234 enplegurekin.

2024an hirian sortutako enpresa berri guztien %40 merkataritza-jardueren eta ostalaritzaren esparrukoa da: 21 saltokiak izan dira, 29 osasunaren eta ongizatearen arloari lotutako negozioak, 22 ostalaritzaren ingurukoak eta 11 ile-apainketa eta estetikaren esparrukoak. Gainera, sormen- eta kultura-industriak dagoeneko sortutako saltoki berrien %25 dira (2023an %19), eta enpresentzako zerbitzu aurreratuek %10 osatzen dute (2023an %8), goraldian diren lehentasunezko jarduera-sektoreak.

Negozioen forma juridikoei buruzko datuari dagokionez, %82 banakako enpresaburuek sortu dituzte. Enpresen kokapenari dagokionez, %27 Abandon daude, %23 Ibaiondon, % 14Errekalden, %10 Deustun, %9 Begoñan, %8 Uribarrin, %6 Basurtu-Zorrotzan eta %3 Otxarkoaga-Txurdinagan.

Hirian sortutako negozioen bideragarritasunari dagokionez, horien biziraupen-ehunekoa %94,38ra igo da, kontuan hartuta 2023an sortutako enpresak (2022an %86,4), eta horrek Bilboko Udalaren eskutik sortutako negozio berrien bizitza eta luzera sendotzen eta indartzen ditu.

Negozio horien sustatzaileen profilari erreparatzen badiogu, gazteen kolektiboa nabarmentzen da, Bilboko ekintzaileen %79ak ez duelako 45 urteko adina gainditzen (25 eta 35 urte bitarteko gazteak %43 dira). Negozio guztien erdiak emakumeek sortu zituzten, eta %54 enplegua zuten pertsonak izan ziren, udalaren ekintzailetza-zerbitzuen eskutik ekitea erabaki zutenak.

Kontxi Claverrek, Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko zinegotziak, nabarmendu duenez, “udal-zerbitzuek balio handia ematen diete ekintzaileei, laguntza pertsonalizatua eta doakoa ematen baitiete ibilbide osoan, ideia sortzen denetik hasita eta garatzen den bitartean, aholkularitza espezifikoa eskainiz, kaudimenarekin eta bermeekin ekin ahal izateko”.

MIGRATZAILEEN EKINTZAILETZA

2024an sortutako enpresen herena baino gehiago, zehazki, % 35, migratzaileek sortu dituzte, 2023an baino %4 gehiago. Ehuneko hori pixkanaka hazten joan da urteetan zehar; esaterako, 2021ean, sortutako enpresen %4 baino ez ziren migratzaileek sortutakoak. Gainera, udalaren laguntzarekin kolektibo horrek sortutako enpresek enplegu berriaren % 38 sortu dute hirian.

Migratzaileek sortutako enpresa guztien %55, hau da, erdia baino gehiago, atzerritar jatorriko emakumeek sortu zituzten. Negozio berri horien sektoreei dagokienez, jarduera batzuen hazkundea nabarmendu behar da, hala nola merkataritza (%12,5), sormen-industriak (%9,72), zerbitzu aurreratuak (%4,17) edo eremu digitalarekin eta Internetekin lotutakoak (%2,78). Enpresa horiek sortu dituzten migratzaileen adinari dagokionez, 10etik 8 baino gehiago 45 urtetik beherakoak izan dira.

“2017an, Bilbao Ekintzaren laguntzarekin sortutako enpresen % 5 bakarrik sortu zituzten migratzaileek, baina, ildo horretan izandako hazkundeaz gain, egiaztatu dugu migratzaileek gero eta enpresa espezializatuagoak sortzen dituztela eta ez dutela soilik enplegu berria sortzen ostalaritzako sektoreetan. Aitortu beharra dago espiritu ekintzaileak eta kolektiboaren ekintzailetza-tasa altuak eragin erabakigarria dutela hiri-inguruneak suspertzeko eta dinamizatzeko. Zalantzarik gabe, hurbileko ekonomiaren eragile garrantzitsuak dira”, adierazi du Kontxi Claverrek, migratzaileen ekintzailetzari dagokionez. “Ekintzailetzak erakutsi du bitarteko garrantzitsua dela migratzaileak eta errefuxiatuak gizarteratzeko eta laneratzeko, bai eta haien mugikortasun ekonomiko eta sozialerako ere, batez ere besteren konturako enplegua lortzeko oztopoak dituzten pertsonentzat”.

GUNE BERRIA ZABALGUNE ERAIKINEAN

Zinegotziak azpimarratu duenez, “guztira 2.657 enpresa jarri dira martxan Bilbon 2004az geroztik, udal-zerbitzuen laguntzarekin. Zerbitzuok, orain, Zabalgune eraikinean biltzen dira, eta ideia berrien motorra izaten jarraitu dezaten nahi dugu, ekintzaileei negozio berrien bizi-garapen osoan laguntzeko. Hori guztia, gure hiriko komunitate ekintzailea indartuko duen baliabideen ekosistema aberats baten bidez. Herritarrak animatzen ditugu Zabalgunean eskaintzen ditugun zerbitzu guztiak ezagutzera etor daitezen, dagoeneko Bilboko herritar ekintzaileen atea baita”.

Bilboko erdigunean dagoen Zabalgune eraikina Bilboko Udalaren jardueraren motorra da hiriaren dinamizazio ekonomikorako eta ekintzailetzarako, eta enpresa berrien sorkuntzarekin lotutako baliabideak zentralizatu eta biltzen dituen lekua da. Bertan, dagoeneko martxan da coworking gune berria, beren enpresa-proiektua aztertzeko prozesuan diren Bilboko ekintzaileei zein Bilbao Ekintzak lagundutako enpresa sortu berriei eskainitako lekua.

Partekatutako lan-eremu garden horrek 100 metro koadro ditu eta bi eremutan banatuta dago: bata, negozioaren azterketa-fasean dauden pertsonei zuzenduta dago eta esleipen finkorik gabeko espazioak eskaintzen ditu; besteak, ordea, hiru urtetik beherako bizitza duten enpresak dagoeneko sortuta dituzten ekintzaileentzako espazio finkoak ditu. Bi kasuetan, ezinbestekoa da Bilbao Ekintzako ekintzailetza-zerbitzuen laguntza jaso izana.

“Espazio berri honek, Bilboko erdigunean egoteaz gain, aukera ematen du instalazioez gozatzeko eta gure ekintzaileek komunitatea sortzeko eta euren artean indartzeko, une oro doan eta aurrez aurre lagun diezaiekeen lantaldetik gertu egoteak dakarren balio erantsiarekin”, adierazi du amaitzeko Kontxi Claverrek.

MERKATARITZA-EKINTZAILETZA

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bidez, babesa, laguntza, aholkularitza eta prestakuntza emateko ibilbide bat eskaintzen du, ekintzaileek beharrezko gaitasunak eskura ditzaten eta beren negozio-plana azter dezaten, merkaturatzea bermatzeko: negozio-ideiatik hasi eta negozioa martxan jarri eta hazi arte. Bilbao Ekintzako Ekintzailetza Zentroan ematen diren zerbitzu guztiak doakoak dira ekintzaileentzat, eta %40an Europar Batasunak kofinantzatzen ditu, Plus 2021-2027 Europako Gizarte Funtsaren bidez.

2024an ekintzaileek jasotako laguntzari dagokionez, 393 proiektuk enpresa-proiektuari buruzko aholkularitza eta tutoretza jaso dute, 353 proiektuk negozio-plana egiteko aholkularitza jaso dute, 83 proiektuk markari eta komunikazio-estrategiei buruzko aholkularitza, 67 proiektuk IKT aholkularitza, 55 proiektuk lokalaren egokitzapenari buruzko aholkularitza…

Bestalde, sektore-espezializaziorako aholkularitza zerbitzua ere eman da, trebetasun komertzialei, sektore digitalari edo merkataritza-sektoreari buruzkoa, eta programa espezifiko bat eskaintzen du Bilbon saltoki bat ezarri nahi duten ekintzaileentzat; horren bidez, doako laguntza eskaintzen da digitalizazioan, omnikanalitatean, erabiltzaileen esperientzian, kudeaketa komertzialean, salmenta-puntuan edo lokalaren egokitzapenean, besteak beste.

Ildo horretatik, Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bitartez, merkataritza-arloko ekintzaileek jaso ditzaketen dirulaguntzak ere eskaintzen ditu:

Alde batetik, negozio berrien ezarpenerako laguntzak daude, Alde Zaharreko eta Bilbo Zaharreko lokalen alokairuaren % 50eko itzuli beharrik gabeko dirulaguntza jasotzen dutenak, merkataritza-dentsitate txikiko eremuetan, non ekitea konplexuagoa den. Orain arte, 21 saltokik jaso dute, baina 2024-2025 aldirako deialdiak zabalik jarraitzen du.

Lokalen itxura hobetzeko laguntzei dagokienez, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako 25 lokal komertzialek beheko solairuko lokal komertzialen fatxadak, erakusleihoak eta sarbideak hobetzeko, egokitzeko eta/edo modernizatzeko obretarako laguntzak baliatu dituzte momentuz, 2024-2025 deialdiak zabalik jarraitzen baitu. Gainera, aipatutako eremuetako hamar pertsiana komertzialek merkataritza-erabilerarako hutsik dauden lonjetako pertsianen dekorazio artistikorako laguntzak jaso dituzte.

Era berean, kontrataziorako laguntzak ere eskuragarri daude hirian negozio berriak abian jartzen dituzten ekintzaileentzat, laguntza ekonomikoa ematen baitute Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeen kontratazioa errazteko.

BILBO EKINEAN XXI. GALA

Bilboko Udalak, urtero bezala, XXI. Bilbo Ekinean Gala egingo du datorren astelehenean, martxoaren 10ean, hiriko ekintzaileak aintzatesteko ekitaldia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru dela. Azkuna Zentroko entzunaretoan egingo da ekitaldia 20:00etan, eta bertan bilduko dira Bilbao Ekintza udal-sozietatearen Ekintzailetza Zentroaren laguntzarekin Bilbon sortutako 204 enpresa eta negozioen ordezkariak. Alkateak Bilboko Baldosa emango die ekintzaileei, haien ekintzailetza-lana, hiriaren garapen ekonomikoarekin duten konpromisoa eta enplegua sortzeko duten bultzada eskertzeko.

SARE SOZIALAK:

  • Gaur Bilbon aurkeztutako Global GEM 2024-2025 txostenak agerian uzten du ekosistema ekintzaile globalak erronka garrantzitsuei egin behar diela aurre, baina baita aldaketarako aukerei ere. Porrotaren beldurra gainditzea, genero oztopoak murriztea, ekosistema ekintzaileak indartzea eta berrikuntzaren eta jasangarritasunaren alde egitea funtsezkoak izango dira datozen urteetan ekintzailetza dinamikoagoa eta erresilienteagoa bultzatzeko. Euskadi berrikuntza maila handiagatik eta jasangarritasunarekin duen konpromisoagatik nabarmentzen da.

  • GEM Global 2025 Nazioarteko Konferentzia EEB-OVEk (Ekintzailetzaren Euskal Behatokia) antolatu du, GEM Global eta GEM Spain erakundeekin lankidetzan. Hala, Bizkaia Aretoan mundu osoko 52 herrialde baino gehiagotako 400 aditu, akademiko eta ekintzailetza-lider baino gehiago bildu ditu bere bigarren jardunaldian. Inaugurazio-ekitaldiko buru izan dira Aileen Ionescu-Somers, GEMeko zuzendari exekutiboa, Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Andoitz Korta, Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordea.

Bilbo, Bizkaia eta Euskadi ekintzailetzaren munduko nodo dira egun hauetan, GEM Global 2025 Nazioarteko Konferentziaren egoitza izanik. Estatuan aurrekaririk ez duen hitzordua da, eta Euskadik berrikuntzan eta ekintzailetzan nazioarteko erreferente gisa duen posizioa indartzen laguntzen du.

EEB-OVEk (Ekintzailetzaren Euskal Behatokia), GEM Global eta GEM Spainekin lankidetzan antolatutako ekitaldi hau otsailaren 17an, 18an eta 19an ari da garatzen, eta gure inguruko erakunde nagusien babesa du: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (SPRIren bidez). Gainera, hitzorduak Industria eta Turismo Ministerioaren (ENISA) eta Euskadiko hiru unibertsitateren babesa du: Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.

Gaurko hitzorduak mundu osoko 52 herrialde baino gehiagotako 400 aditu, akademiko eta ekintzailetzako lider baino gehiago bildu ditu Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko paraninfoan. Jardunaldiak, ekintzailetza globalaren joera eta erronka nagusiak lantzeko diseinatutako hitzaldi, mahai-inguru eta tailer praktikoekin osatutako programa oso bat eskaintzeaz gain, GEM Global 2025 txostenaren azken ondorioak aurkezteko eta funtsezko gaiak lantzeko balio izan du, hala nola emakumeen ekintzailetza, enpresa jasangarritasuna eta ekosistema ekintzaileen dinamikak.

Bigarren jardunaldiaren hasieran Euskadiko politika eta ekonomia arloko pertsona nabarmenek parte hartu dute. Aileen Ionescu-Somers, GEMeko zuzendari exekutiboa lagun, bertan izan dira Bizkaia Aretoko Mitxelana Aretoan Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Andoitz Korta, Eusko Jaurlaritzako Industria Sustapeneko sailburuordea; eta Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusia. Ekitaldiaren irekiera akademikoa Joxerramon Bengoetxea (UPV/EHU), Juan José Etxeberria (Deustuko Unibertsitatea) eta Vicente Atxa (Mondragon Unibertsitatea) euskal unibertsitateetako errektoreek egin dute María Saiz EEB-OVEko lehendakariarekin batera, eta ekitaldiak unibertsitatea eta enpresa arloan duen garrantzai nabarmendu dute.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak bere hitzaldian adierazi duenez, Udalarentzat oso pozgarria da kongresuaren egoitza Bilbo izatea: “Bilbo Ekintzailetzaren Hiria izatea nahi dugu letra larriz, baina ekintzailetza jasangarria, arduratsua, kalitatezkoa eta balioduna, garapen ekonomiko jasangarria ekarriko duena. Gure talentua zaintzen eta fidelizatzen dugu, baina munduari irekitako hiria ere bagara, gaian adituak diren pertsonekin partekatu, hausnartu eta sinergiak sortu nahi dituena. Horren erakusle da Bilbo atzerriko inbertsiorako Europako hiri onenen top 10ean dagoela. Hitzaldi entzutetsu honetan, hiri dinamikoa, aktiboa, aukerazkoa eta etengabe eraldatzen ari dena bihurtzeko egiten dugun lana ere ikustea nahi dugu ”.

SARE SOZIALAK

  • Asteleheneko lehen jardunaldi honetan, tailer eta saio paralelo ugari egin dira, eta arreta berezia jarri da ekintzailetzari, luzetarako azterlanei eta enpresa-ekosistemako genero-arrakalari buruzko datuen analisian.

  • Gaur arratsaldean Bilboko BAT Dorrean egin den ongietorri instituzionalean ekonomia eta enpresa-arloko agintari nabarmenak izan dira, hala nola Kontxi Claver, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotzia; Borja Cabezón, ENISAko CEOa; Ane de Ariño, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza eta Nazioartekotze zuzendaria; eta Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko diputatua.

Global Entrepreneurship Monitor (GEM) 2025 Konferentziak ateak ireki ditu gaur Bilboko BAT Dorrean, ekintzailetza globalari buruzko analisian eta ikerketan erreferente gisa finkatu den espazioan. Ekitaldian zehar, tailer eta saio paralelo ugari egin dira, eta arreta berezia jarri da ekintzailetzari, luzetarako azterketei eta enpresa-ekosistemako genero-arrakalari buruzko datuen analisian.

Ekitaldiari hasiera emateko, jarduera-programa zabala prestatu da, besteak beste, tailer espezializatuak eta saio paraleloak egin dira, ekintzailetzaren funtsezko joeretan oinarrituak. Gairik nabarmenen artean hurrengoak jorratu dira: adimen artifizialak eta ikaskuntza automatikoak enpresa berrien sorreran duten eragina eta hainbat sektore eta eskualdetako dinamika ekintzaileen bilakaera.

Bertaratutako pertsonek luzetarako datuak aztertzeko tresnak erabiltzera bideratutako saio praktikoetan parte hartu dute. Tresna horiek GEMeko ikerketa-taldeak eman ditu. Azterlan horiek denboran zehar nazioarteko ekosistema ekintzailearen eraldaketari buruzko ikuspegi zehatza ematen dute.

ERAKUNDEEN BABESA ETA AGINTARIEN PRESENTZIA

Jardunaldian ekonomia eta enpresa-arloko agintari nabarmenak izan dira.

Kontxi Claver Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotziak berretsi egin du hiriak ekintzailetzaren alde egiten duen apustua: “Bilbo Ekintzailetzaren Hiri izatea nahi dugu. Ikerketan eta datuetan, iraunkortasunean, berdintasunean eta balioetan oinarritutako ekintzailetza“. Claverrek, gainera, migratzaileen ekintzailetzaren garrantzia azpimarratu du: “Nabarmendu nahi dugu ekintzailetzak aukera bikaina ematen diela Bilbo aukeratu duten pertsonei beren bizi-proiektua garatzeko“.

Bestalde, Borja Cabezón ENISAko CEOak politika publikoek herrialdearen lehiakortasunean duten garrantzia azpimarratu du: “Politika publikoak sustatzea herrialde lehiakor batean inbertitzea da. ENISAk ia 8.000 enpresari 1.410 milioi euro baino gehiagoko 9.200 mailegu inguru eman dizkie. Mailegu horiek talentu berritzailea distirarazten dute, kalitatezko enplegua sustatzen dute eta Espainiako ekosistema ekintzailearen garapenean zuzenean eragiten dute“.

Ane de Ariño Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza eta Nazioartekotze zuzendariak euskal ekosistema ekintzailearen nazioarteko aintzatespena nabarmendu du: “Gaur egun, GEMek erreferentziazko ekosistema gisa kalifikatzen du gure ekintzailetza-ekosistema, Europar Batasuneko eta Estatu Batuetako batez besteko mailak gainditzen dituen balorazio batekin“. Gainera, Bilbon egingo den GEM Global 2025 konferentziak “gure jarduera ekonomikoaren dibertsifikazioan egindako ahaleginak eta lortutako emaitzak erakusteko” balioko duela ziurtatu du.

Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak, lurraldeak berrikuntzarekin duen konpromisoa azpimarratu du: “Bizkaian etorkizun ekintzailea, berritzailea, digitala, iraunkorra eta inklusiboa eraikitzen ari gara pertsona guztientzat. Hori egiten ari gara gaur, bihar enpresari finkatuak izango diren ekintzaileei laguntzen“. Gaineratu du Bizkaiak ekosistema ona eskaintzen duela, inkubagailuekin, azeleratzaileekin eta laguntza ekonomiko eta gaikuntza-programa ugarirekin.

Lehen jardunaldi hau BAT Dorrean egin da, Euskadiko eta nazioarteko berrikuntza gune nagusietako batean. Inkubagailu gisa egiten duen lanak ekintzaileen, inbertitzaileen eta finkatutako enpresen arteko lotura errazten du, negozio-aukera berriak sortzeko ingurune egokia bultzatzeko helburuarekin.

FUNTSEZKO HITZORDUA NAZIOARTEKO EKOSISTEMA EKINTZAILEARENTZAT

Ekitaldia EEB-OVEk antolatu du GEM Global eta GEM Spain erakundeekin lankidetzan, eta Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du (SPRIren bitartez). Halaber, Industria eta Turismo Ministerioaren (ENISA) eta Euskal Herriko hiru unibertsitateen laguntza ere badauka: Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.

SARE SOZIALAK

  • Konferentziaren irekiera instituzionala datorren asteartean, otsailak 18, izango da, 9:00etan, Bizkaia Aretoan. Inaugurazio-ekitaldian izango dira Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Aileen Ionescu-Somers, Global Entrepreneurship Monitor-eko zuzendari exekutiboa, eta Andoitz Korta, Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordea.

  • EEB-OVEk (Ekintzailetzaren Euskal Behatokia) antolatuta, GEM Global 2025 Biltzarrak 52 herrialde baino gehiagotatik etorritako ekintzailetzaren munduan eragina duten 400 pertsona baino gehiago bilduko ditu otsailaren 17tik 19ra Bilbon. Hitzaldiaren programari eta hizlariei buruzko informazio gehiago: gemconferencebilbao.org.

Hiru egunez, Bizkaiko hiriburua erreferentzia global bihurtuko da, ekintzailetzaren etorkizunaren inguruan hausnartuko duten pertsona akademiko esanguratsuen, erakundeetako ordezkarien, pertsona ekintzaileen eta enpresa-liderren topagune, hain zuzen ere. Konferentziaren irekiera instituzionala datorren asteartean, otsailak 18, izango da, 9:00etan, Bizkaia Aretoan, Mitxelena auditorioan. Inaugurazio-ekitaldian izango dira Aileen Ionescu-Somers, GEMeko zuzendari exekutiboa;, Andoitz Korta, Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordea; Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatea; eta Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Ahaldun Nagusia.

Gogoratu beharra dago, konferentziak otsailaren 17an irekiko dituela ateak B Accelerator Tower (BAT) eraikin enblematikoko auditorion Global Entrepreneurship Monitor sareko parte-hartzaile guztiei instituzioen partetik egingo zaien ongietorri-ekitaldiarekin. Bertan politika eta ekonomia arloko pertsona esanguratsuek parte hartuko dute. Horien artean, Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko saileko foru diputatua; Kontxi Claver, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotzia izango dira; Borja Cabezón, ENISAko CEOa, eta Ane de Ariño, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza eta Nazioartekotze zuzendaria.

Inaugurazio-jardunaldia harrera batekin amaituko da, eta horrek aukera bikaina emango die bertaratutakoei networking saio bat egiteko eta inpresioak partekatzeko, giro lasaian eta elkarreraginerako egokia den giroan. Bilbo biltzar honen egoitza gisa aukeratu izanak, sendotu egiten du Bizkaian eta Euskadin berrikuntza eta ekintzailetzarako nodo estrategiko gisa duen posizioa.

IRISMEN HANDIKO NAZIOARTEKO EKITALDIA

GEM Global 2025 Biltzarrak 52 herrialde baino gehiagotatik etorritako ekintzailetzaren munduan eragina duten 400 pertsona baino gehiago bilduko ditu. Dagoeneko, Euskadiko ekintzailetza-sektoreko 260 parte-hartzaile baino gehiagok eman dute izena, ekitaldi garrantzitsu honek sortutako interes globala azpimarratuz. Gainera, GEMen Estatu espaniarreko delegazio guztietako ordezkariek parte hartuko dute.

Garrantzitsua da gogoratzea hilaren 17a eta 19a GEM sareko kideentzat soilik egongo direla erreserbatuta, eta 18an, berriz, programa Estatuko zein Euskadiko ekosistema ekintzaileari irekita egongo dela. Egun hauetan zehar, hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailer praktikoak eskainiko dira, ekintzailetza globalaren joera eta erronka nagusien inguruan hausnartzeko.

EKOSISTEMA EKINTZAILERAKO FUNTSEZKO TOPAGUNEA

Ekitaldi hau komunitate ekintzailearen benetako aktibatzaile eta azeleratzailea izango da, eta ekosistemako eragileen arteko nazioarteko lankidetza, berrikuntza eta ezagutza-trukea sustatuko ditu. Ekintzailetzaren arloko akademiko handien topagune izango da eta Euskadiko hiru unibertsitateak ere presente egongo dira: UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.

SARE SOZIALAK

  • Datorren otsailaren 20an, Slush-ek gure eskualdean lehen aldiz egingo duen edizioa izango da Bilbon. Mundu mailako berrikuntzako ekitaldi ospetsu hori, zeinak ardatz dituen inbertsioa erakartzea, startupak sortzea eta lankidetza globala, Euskadira iritsiko da, eta baieztatuta dago 200 inbertitzaile baino gehiago bertan izango direla, VCak eta business angels-ak batuta.

  • Europako hegoaldearen eta Europako iparraldeko eta Baltikoko ekosistemen arteko zubia.

Slush-ek, urtero Helsinkin (Finlandia) egiten den berrikuntzako topaketa global ospetsuak, Bizkaiko eta Bilboko ekosistema aukeratu du eskualdean lehen aldiz egingo duen ediziorako egoitza gisa. Eusko Jaurlaritzak —SPRI enpresen garapenerako agentziaren bitartez—, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak emandako laguntzari esker, ekitaldia otsailaren 20an izango da Bilbao Exhibition Centren (BEC). Bertan, nazioarteko 200 inbertitzaile baino gehiago bilduko dira, VCak, venture debt-a, corporate venture capital-a eta business angels-ak batuta, 150 startup baino gehiagorekin eta nazioarteko berrikuntzaren funtsezko eragileekin, zubi bat sortzeko Europako hegoaldearen eta Europako iparraldeko eta Baltikoko ekosistemen artean.

Bilbao Slush’D ekimena Slush ekitaldi globalaren hedapena da, startupen hazkundea bizkortzeko eta tokiko berrikuntza-ekosistemak nazioarteko komunitatearekin konektatzeko diseinatua. Euskadin, ekitaldia eskualdearen ezaugarri berezietara egokituko da, eta bidea emango du lotura ezartzeko, batetik, Europako iparraldeko eta Baltikoko ekosistemen eta, bestetik, Europako hegoaldean liderra den berrikuntzarako hub baten dinamismo ekintzailearen artean, ekintzailetza-politikek eta enpresen eta startupen sustapenak babestuta.

EKOSISTEMAKO LIDERREK BABESTUTAKO EKITALDIA

Bilbao Slush’D-k panelen programa oso bat izango du, mundu mailako adituekin, eta, horrez gain, startupen lehiaketa bat, eskalagarritasunaren, jasangarritasunaren eta negozio-eredu globalen inguruko tailer interaktiboak, eta lankidetza estrategikoa eta ekosistemaren eraldaketa globala sustatuko duten networking-saioak.

Jarduera nabarmenenak dira, besteak beste, pitch competition, non startupek nabarmendu eta ikusgarritasuna lortu ahal izango duten EmprendeXXI sarien bidez (CaixaBank DayOne, ENISA eta SPRIrekin lankidetzan emandakoak), eta reverse pitch berritzailea, non inbertitzaileek beren funtsen inbertsio-tesiak partekatuko dituzten parte hartzen duten startupekin.

Ekitaldiak, BayLoop Ventures eta haren sortzaileak diren Elena Popovici eta David Cabezón buru izateaz gain, Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren (CEBEK) eta BBKren babes instituzionala ere badu, baita bazkide estrategikoak ere, hala nola ICEX, Endeavor, Google for Startups, Deloitte, Letslaw eta Letsfinance.

Horrez gain, Finlandiak Espainian duen enbaxadak, Business Finland-ek, Team Iberia-k, Estoniako Errepublikak —e-Residency ekintzaile globalentzako programaren bidez—, Industria eta Turismo Ministerioak —ENISAren bidez— eta CaixaBank DayOne-k ere parte hartzen dute, ekosistema ekintzailea eta teknologikoa indartzeko helburuarekin.

NAZIOARTEKO ADITUAK ETA EKOSISTEMA ETORKIZUN-SENEZ IRUDIKATU ZUTENAK

Bilbao Slush’D-n parte hartuko dute maila handiko hizlariek, hala nola, topaketaren beraren eta Angry Birds-en sortzailea den Peter Vesterbacka-k, Softonic-eko CEO Fiona Garvey-k, Penneo eta Sepior-eko sortzaile eta inbertitzailetako bat den Nicolaj Højer Nielsen-ek eta Espainian Finlandiako enbaxadorea den Sari Rautio-k; eta, kartelburu gisa, Estoniako 10 unikornioetako bat den Pipedrive-ko CTO Agur Jõgi-k, SolarMente erakundearen sortzaile Wouter Draijer-ek eta F-Secure Corporation-en Mehatxuen aurkako Inteligentziako zuzendari Laura Kankaala-k, zeina zibersegurtasuneko mundu mailako aditu handienetako bat den.

Nazio mailan eta nazioarte mailan, Slush’D-k funts garrantzitsuak izango ditu, besteak beste, JME Ventures, Notion Capital, Tenity, Plug and Play, Kfund, Adara Ventures, Cometa VC, Lumo Labs, Cardumen Capital, Enzo Ventures, Perseo Ventures (Iberdrola), G+D Ventures, Acurio Ventures, Actyus edo Encomenda Capital Partners, zeinak edizio honetan partaide izango diren North-to-North estrategiaren pean. Horrez gain, ekitaldiaren izaera sortzaileari berezko zaizkion jarduerak egingo dira, esaterako, BBK Unicorn Night edo haren Afterparty berdingabea.

BBK UNICORN NIGHT: ETORKIZUN JASANGARRIRAKO KONEXIOAK BULTZATZEA

BBK Unicorn Night, zeina Bilbao Slush’D-ren ekitaldi ofizial bat den, Finlandiako Hanken Business School-en sortu zen, eta orain BBKk babesten eta Estoniako Errepublikak laguntzen du gure eskualdean. Aurrekitaldi hori otsailaren 19an izango da, eta bertan bilduko dira Europako iparraldeko herrialdeetako ekosistema etorkizun-senez irudikatu zuten sortzaileak, ekosistema horretako inbertitzaile eta liderrak eta gehiago. Ekitaldiaren helburua da euskal eta estoniar startupen potentziala nabarmentzea, eta jasangarritasuna eta inklusioa sustatuko duten mugaz gaindiko sinergiak bultzatzea. Ikuspegia hazkunde jasangarrian jarrita, BBK Unicorn Night-en hitzaldiak eta mahai-inguruak egongo dira, baita networking-aukerak ere, lankidetza eta berrikuntza sustatzeko, etorkizun hobe batera bidean.

BILBAO SLUSH’D-REN SORTZAILEEN BALORAZIOAK

«Bilbao Slush’D 2025 ez da ekitaldi bat bakarrik, Euskadi munduarekin lotzen duen topagunea da. Europako iparraldeko berrikuntza tokiko ekintzailetza-senarekin fusionatuko dugu, enpresa-kulturen arteko zubiak eraiki, startupak eskalagarritasun globalerantz katapultatu, eta Euskadi berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta inpaktu disruptiboaren epizentro gisa kokatuko dugu», adierazi du Elena Povici Bilbao Slush’D 2025eko zuzendarikideak.

«Ekitaldi honek erakusten du txikiak izateak ez gaituela mugatzen, baizik eta arinak, ausartak eta disruptiboak izateko aukera ematen digula. Hemen, etorkizun-senik handieneko inbertitzaileekin, sortzaileekin eta venture capital-ekin elkartuko gara, eta arauak desafiatuko ditugu berrikuntza eskalagarria sortzeko eta etorkizuna eraikitzeko. Euskaditik Europako unikornioen faktoriara eta mundura», adierazi du David Cabezónek, Bilbao Slush’D 2025eko zuzendarikideak.

  • Etengabeko aldaketek gaitasun berritzaile eta eraldatzaile aparta eta iraunkorra eskatzen dute, eta hori administrazio publikoetatik bultzatu behar dugu”, baieztatu du Juan Mari Aburtok Bizkaia Aretoan ospatu den ekitaldian.

  • Eurocities Europako hirien sarearen Garapen Ekonomikorako 2024 Foroa aste honetan lehen aldiz ospatzen ari da Bilbon eta Europako hirietako 100 ordezkari baino gehiago eta EBko arduradunak biltzen ditu Hiribilduan.

Eurocities Europako hirien sarearen Garapen Ekonomikorako 2024 Foroa atzo arratsaldean hasi zen Iberdrola Dorrean harrera ofiziala egin ondoren; Juan Mari Aburtok, Bilboko Alkateak, foroaren lan-jardunaldien aurreko irekiera ofizialean parte hartu du gaur.

Ekitaldia Bilboko Bizkaia Aretoko Mitxelena auditorioan ospatu da eta berarekin egon da, beste agintari batzuen artean, André Sobczak, Eurocities Sareko idazkari nagusia. Bertan izan dira, halaber, Eider Inunciaga, Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaiak arloko Zinegotzia eta Kontxi Claver, Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zinegotzia.

Eurocities Sarearen Garapen Ekonomikorako 2024 Foroak Europako hiri nagusietako 100 ordezkari baino gehiago eta Europar Batasuneko arduradunak biltzen ari da aste honetan, lehen aldiz Bilbon, “Trantsizioan dauden hiriak: etorkizun jasangarri, inklusibo eta oparorantz” izenburupean.

Alkateak bere irekiera-hitzaldian adierazi duenez, “gure hirietan aurrekaririk ez duten aldaketen lekuko gara, klima-aldaketatik edo ingurumen-degradaziotik gizarte-desberdintasuneraino eta ezegonkortasun ekonomikoetaraino; administrazio publikoetatik bultzatu beharreko gaitasun berritzaile eta eraldatzaile aparta eta etengabea beharrezko egiten duten aldaketak”, esan du. Juan Mari Aburtok, halaber, herritarren, sektore pribatuaren, akademikoaren eta gainerako gobernu mailen eskutik sarean lan egitearen garrantzia azpimarratu du. “Eurocities-ek sare hau osatzen dugun hirien interesak batzen dituen plataforma moduan egindako lana eskertu nahi dut”.

ZORROTZAURRE ADIBIDE MODUAN

Funtsezkoa da hiri-trantsizioen finantzaketari buruzko eztabaidarekin eta posizionamenduarekin jarraitzea”, azpimarratu du bere esku-hartzean. Gainera, Aburtok Zorrotzaurreko eredua ere azaldu du, “bizitzeko, bisitatzeko eta lan egiteko diseinatutako espazioaren adibide argia delako; ezagutza, talentua, berrikuntza eta hiri-irtenbide jasangarriak sortzen dituen uhartea, hiriko gainerako lekuetan ere aplikatu daitekeena”.

Ez dugu Garapen Jasangarrirako Helburuen ikuspegi inplizituetatik jasangarria ez den hazkunderik planteatu nahi, ezta planteatu behar ere”, esan du 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako 17+1 Helburuei dagokienez. “Eredu berriak bilatu behar ditugu politika publikoak diseinatzeko eta ezartzeko, eta hori gobernantza kolaboratiboaren bidez egin behar dugu, hainbat eragile sozial eta ekonomiko inplikatuz, ordezkari politikoak herritarrengana hurbiltzea lortzen duten espazio publikoak demokratizatuz”, nabarmendu du Bilboko Alkateak Europar Batasuneko 100 arduradun baino gehiagoren eta besteak beste Bartzelona, Belgrad, Berlin, Cardiff, Florentzia, Madril, Manchester, Milan, Nantes, Oporto, Oslo, Pisa edo Praga hirietako liderren aurrean. “Egin dezagun lan, baina ez bakarrik egun hauetan Bilbon, baizik eta urteko egun guztietan, gure hiriak gero eta jasangarriagoak, inklusiboagoak, oparoagoak eta bikainagoak izan daitezen lortzeko”.

EUROCITIES, EUROPAKO HIRI HANDIEN KOMUNITATEA

Eurocities hiriek elkarrekin egiten dute lan hiri horietako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko. Ezagutza eta jardunbide egokiak trukatzen dituzte herritarren ongizatean zuzenean eragiten duten gaiei dagokienez, adibidez klima-aldaketa, energia-egokitzapena, mugikortasun jasangarria, hiri-zahartzea, lankidetza, migrazioa eta integrazioa. Eurocities Sareak tokiko gobernuei ere laguntzen die Europar Batasunak aldarrikatzen dituen politikak praktikan jartzen, eta Batasunaren finantzaketa-aukerak lantzen ditu.

SARE SOZIALAK:

  • “Trantsizioan dauden hiriak: etorkizun jasangarri, inklusibo eta oparorantz” izenburupean, Europako hiri nagusietako ordezkariek eta Europar Batasuneko arduradunek hiriek erronka global handiei aurre egiteko duten zereginari buruz hausnartuko dute.

  • Eurocities Europako hirien sareak 38 herrialdetako 200 hiri baino gehiagotako 130 milioi pertsona ordezkatzen ditu, eta edizio honetan Bilbo aukeratu du mundu osoan erreferentziazkoa den foro ekonomiko hau lehen aldiz hartzeko.

  • Juan Mari Aburto Alkateak asteazken arratsaldean Iberdrola Dorrean egingo den harrera ofizialean parte hartuko du. Ekitaldi horrekin hasiera emango zaio Bilboko proiektu estrategikoak bisitatzeko eta lan-saioak egiteko hiru eguneko programari.

Aste honetan gauzatuko den Eurocities Europako hirien sareko Garapen Ekonomikorako 2024 Foroaren epizentroa Bilbo izango da; ekitaldi honetan Europako hiri nagusietako 100 lider baino gehiago eta Europar Batasuneko arduradunak bilduko dira Hiribilduan. “Trantsizioan dauden hiriak: etorkizun jasangarri, inklusibo eta oparorantz” izenburupean, hiru egunetan hiriek erronka global handien aurrean duten eginkizunarekin zerikusia duten gaiak jorratuko dira: hiri-trantsizioen finantzaketa, elkarlaneko gobernantza, berrikuntzako hiri-barrutiak, ekintzailetza, talentua, garapen ekonomiko jasangarria, hirigintza taktikoa, hurbileko ekonomia edo kontratazio publikoa izango dira hausnartuko diren gaietako batzuk.

Aurreko edizioak Helsinkin, Mannheimen, Oulun edo Munichen egin ondoren, Bilbok Eurocities foro bat hartzen duen lehen aldia da; edizio honetan foroa esparru ekonomikoari buruzkoa da, besteak beste, hiri-garapenaren, tokiko politika ekonomikoen, berrikuntzaren eta nazioarteko harreman ekonomikoen arloko ezagutza eta jardunbide egokiak trukatzeko plataforma gisa erabiltzen den urteroko topaketa. Izan ere, Bilbok hogei urte baino gehiago daramatza Eurocities Sareko kide izaten.

Asteazken arratsaldean, urriaren 23an, Juan Mari Aburtok, Bilboko Alkateak, harrera ofiziala egingo die bertaratutako guztiei Iberdrola Dorrean, André Sobczak Eurocities-eko idazkari nagusiarekin batera. Ostegun goizean, urriaren 24an, hainbat osoko bilkura egingo dira Bizkaia Aretoan; Bilboko alkatea izango da bigarren egun horretako lanaldiei ekiteko irekiera ofiziala egingo duena. Arratsaldean Bilboko erreferentziazko hainbat gune bisitatuko dituzte, hala nola BBK Kuna, Zorrotzaurre (Digipen, Open Espazioa eta IED Kunsthal Bilbao) eta BAT dorrea, garapen ekonomikoarekin lotuta hirian bultzatzen ari diren proiektu estrategiko batzuk bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Hirugarren eta azken egunean, urriaren 25ean, ostirala, hainbat saio tematiko paralelo egingo dira Bizkaia Aretoan.

EUROCITIES, EUROPAKO HIRI HANDIEN KOMUNITATEA

Eurocities hiriek elkarrekin lan egiten dute egoiliarren bizi-kalitatea hobetzeko. Ezagutza eta esperientziak trukatzen dituzte herritarren ongizatean zuzenean eragiten duten gaiei dagokienez, adibidez klima-aldaketa, energia-egokitzapena, mugikortasun jasangarria, hiri-zahartzea, lankidetza, migrazioa eta integrazioa. Eurocities sareak tokiko gobernuei ere laguntzen die Europar Batasunak aldarrikatzen dituen politikak praktikan jartzen eta Batasunaren finantzaketa-aukerak lantzen ditu.

SARE SOZIALAK: