• Lau egituren instalazioa hasi da Areatzako kaian eta Erripako kaian, Udalaren  #BilbaoGabonak Gabonetako proiektuaren baitan.

  • Patinajeko pista, izotz sintetikozko txirrista eta umeentzako Gabonetako Ametsen Faktoria karpa azaroaren 22an irekiko dira, iaz baino astebete lehenago. Beste alde batetik, Gabonetako Merkatua abenduaren 5ean inauguratuko da, 2023an baino 5 etxola gehiagorekin.

Bilboko Udala hasi da Gabonetako lau instalazio muntatzen, Udalaren #BilbaoGabonak proiektuaren barruan: patinajeko pista, izotz sintetikozko txirrista, Gabonetako Ametsen Faktoria umeentzako jardueren karpa eta Gabonetako Merkatua.

Aurten muntaia hau iaz baino astebete lehenago hasi da, herritarrek eta Bilbo bisitatzen duten pertsonek azaroaren 22tik aurrera txirrista, pista eta umeentzako karpaz gozatzeko aukera izan dezaten. Lau egiturak, aurten ere, Itsasadarraren bi aldeetan kokatuko dira, Areatzako kaian eta Erripako kaian.

Areatzako kaian kokatuko den izotz sintetikozko patinajeko instalazioari dagokionez, berriz ere 800 metro karratuko azalera izango du eta modalitate horretako Estatuko handienetakoa izango da.

Oraingo honetan azaleraren %60 estalita egongo da eta, beraz, askoz ere hobeto ikusiko da hiriko hainbat tokitatik. Jendearentzat azaroaren 22an,  16:30ean, irekiko da eta zabalik egongo den azken eguna 2025eko urtarrilaren 6a izango da. Eskola egunetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era egongo da zabalik; asteburuetan, jaiegunetan eta Gabonetako eskola-oporretan ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara izango da. Salbuespen gisa, abenduaren 24an eta 31n 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean 17:00etatik 21:00etara.

Irristatzeko sei errei dituen izotz sintetikozko txirristaren kasuan ere azaroaren 22an irekiko da, 16:30ean, eta 2025eko urtarrilaren 6ra bitartean egongo da zabalik, eta patinajeko pistaren ordutegi bera izango du.

Bilboko Udalak #BilbaoGabonak proiektuaren barruan antolatu duen programazioa doakoa da, patinajeko pista eta izotz-txirrista izan ezik.

Prezioei dagokienez, izotz-pistaren kasuan 4 euro izango dira patinajeko 30 minutuko, patinak barne, eta 3 euro patinajeko 30 minutuko familia ugarientzat. Jarduera hori publiko guztiei zuzenduta dago (3 urtetik gorakoak), baina 3 eta 7 urte bitarteko umeek pertsona heldu batek lagunduta egon beharko dute beti, eta pertsona horrek bere sarrera propioa erosi beharko du.

Izotz-txirristak 3 euroko prezioa izango du pertsonako, eta horren barruan lau jaitsiera sartzen dira. Kasu honetan 2 urtetik gorako pertsona guztientzat da eta doakoa izango da sarrera propioa edukiko duen heldu batek lagunduta sartuko diren 2 eta 3 urteko umeentzat.

Izotz-pistarako eta/edo txirristarako taldeen erreserbak (20 pertsona edo gehiago) helbide honetara mezu elektroniko bat bidaliz egingo dira:  reservasgabonak@proasur.com.

Bi jardueretarako, sarrerak instalazioetako leihatilan erosi ahal izango dira, irekitzen diren egunetik aurrera (leihatila zabalik egongo da instalazioak itxi baino ordu erdi lehenago arte) edo, bestela, online www.bilbaopistadehielo.com webgunean, aste honetan zehar jarriko dena martxan. Zalantza guztiak  670 347 556 telefonora deituta argitu ahal izango dira.

UMEENTZAKO JARDUEREN KARPA

Era berean itsasadarraren beste aldean, Erripako kaian, Gabonetako Ametsen Faktoria haurrentzako gunea muntatzen hasi dira. Faktoria hori 450 metro karratuko karpa da eta bertan 12 urtera arteko haurrentzako emanaldiak eta jarduerak egongo dira. Zabalik egongo da azaroaren 22tik urtarrilaren 5era, astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:30era, eta asteburu eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean goizez egongo da zabalik, 11:00etatik 14:00etara. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an gune hau itxita egongo da.

Umeen karpara sartzea guztiz doakoa da, baina beharrezkoa izango da online izena ematea egun eta ordutegi jakin baterako, edo karpan bertan izena ematea, jarduera bakoitzerako edukiera bete arte.  Izen-emateak esteka honetatik egin daitezke, aste honetan zehar jarriko dena martxan: https://www.eventbrite.es/o/bilboko-udala-ayuntamiento-de-bilbao-35384619543

Guneak adinaren arabera bereizitako bi gune ditu: alde batetik 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzat. Esparru honek Baso Magikoa izeneko ludoteka-gunea, tailerrak, Olentzerori eta Errege Magoei gutunak bidaltzeko postontzia… edukiko ditu. Bestetik, kasu honetan 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, Ganbara guneak bitxikeriez, ipuinez, altzarien labirintoaz, sorkuntza guneaz, ipuin kontalarien guneaz, argazki erakusketaz… gozatzeko aukera eskainiko du.

Gabonetako Ametsen Faktoria jarduera horrekin batera hasi da muntatzen, halaber, Gabonetako Merkatua. Aurtengo edizioan Merkatuak 26 etxola ditu guztira, 2023an baino 5 gehiago. Saltoki horiek guztiek Gabonetako produktu tipikoak saltzen dituzte. Abenduaren 5etik urtarrilaren 5era bitartean bisitatu ahal izango da Erripako kaian, 11:30etik 14:30era eta 16:30etik 21:00etara, itxita egongo den abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik.

SARE SOZIALAK:

#BilbaoGabonak

  • Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diseinuaren astearen hamargarren edizioa aurkeztu dute, Bilbo UNESCOren Hiri Sortzaileen Sarean Diseinuaren Hiri izendatu zutenetik hamar urte betetzen direnean.

  • Azaroaren 14tik 22ra BBDW24k hogei bat jarduera eskainiko ditu sormen-industriak garapen ekonomikoaren eta nazioarteko proiekzioaren faktore gisa sustatzeko, diseinua bere alderdi guztietan herritarrei hurbilduz.

  • “Biotik Design: bizitzarako lurraldeak” izenburupean edizio berezi honek diseinua pertsonen benetako beharrekin lotuko du, jasangarritasunaren, berdintasunaren, aniztasunaren, berrikuntzaren, lankidetzaren eta komunitatearen ikuspegitik. Horretarako nazioarteko ospea duten hizlarien esku-hartzea egongo da eta Maider López euskal artistak proposatutako hiri-ekintza bat edo ikasleen eta enpresen arteko  ‘Diseñatón’ ekimena burutuko dira.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak “Bilbao Bizkaia Design Week 2024” (BBDW) aurkeztu dute gaur. Jarduera hau erreferentziazko ekitaldia da diseinuaren munduan eta aurten hamar urteko ibilbidea ospatzen du, Bilbo UNESCOren Hiri Sortzaileen Sarean Diseinuaren kategorian sartu zeneko hamargarren urteurrenarekin bat eginez.

BBDWk argi eta garbi islatzen du garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko bokazioarekin eta gaitasunarekin hiri-eraldaketaren ardatz egituratzaile gisa Bilbok eta Bizkaiak diseinuaren alde egindako apustua.

“Biotik Design: bizitzarako lurraldeak” izenburupean, hamargarren edizio honek prozesu sortzaileetan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak, gero eta konplexuagoa den egungo testuinguruaren aurrean ikuspegi eraldatzailea hartzen lagunduz.

Azaroaren 14tik 22ra bitartean elkarrekin hausnartuko da nola diseinatu modu biotikoan, hau da, sorkuntzak begirada ekologiko, inklusibo, kolaboratibo, kode ireki eta esperimental batetik behatuz eta proposatuz. Diseinuko profesionalek, ikasleek, prestakuntza-zentroek, administrazio publikoek, erakundeek, elkarteek eta, oro har, herritarrek, proposatutako jarduera guztietan parte hartu eta izena eman ahal izango dute, edukiera bete arte: https://bilbaobizkaiadesignweek.eus/es/actividades

Kontxi Claverrek, Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko Zinegotziak, eta Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak, ostegun honetan, azaroak 14, hasiko den edizio bereziaren xehetasunak aurkeztu dituzte.

Kontxi Claverrek azaldu duenez, “edizio oso berezia da, eta Bilbo epizentroa izatea nahi dugu, diseinua etorkizun jasangarriago, bidezkoago eta berritzaileago batera bideratzen duten praktika sortzaileei buruz hausnartzeko. Jakin dakigu diseinuak gizartearen benetako beharrei erantzun diezaiekeela, eta jarduera hauek horretarako balio izatea nahi dugu. Profesionalak herritarrekin konektatu nahi ditugu eta gure agente sortzaileen harremanei balioa eman nahi diegu, baita tokiko talentua sustatu ere”.

Beste alde batetik, Ainara Basurkok azpimarratu du “kultura- eta sormen-industriek funtsezko zeregina dute Bizkaiko ekonomian, bai jarduera ekonomikoan eta enpleguan duten eragin zuzenagatik, bai beste sektore ekonomiko batzuen berrikuntza eta eraldaketa bultzatzeko duten gaitasunagatik. Berrikuntza irekiaren paradigma eta eredu, eta hainbat eremu eta sektorerekiko lotura sinergikoak diren kultura- eta sormen-industriek bereizi egiten gaituzte, eta kohesio eta gizarte-ongizate handiagoaren katalizatzaileak dira. Edizio honetan diseinuak pertsonen benetako beharrei eskainitako erantzunean duen balio-ekarpenean sakonduko dugu, jasangarritasuna, berdintasuna, aniztasuna edo komunitatearen kontzeptuaren indartzea azpimarratuz”.

Elisa de los Reyesek, Pezestudio enpresaren bidez BBDW24 ekimeneko komisarioak  ere aurkezpenean parte hartu du eta hamargarren edizio honen garrantzia laburbildu du, honakoa azpimarratuz “Biotik Design, bizitza sustatzeko diseinatzea, kontzeptuari buruzko hausnarketa kolektiboa egitera gonbidatzen dugu, gaur egungo premia delako. Jarduerak gizartearen espektro zabala inplikatzeko pentsatuta daude, hala nola diseinuaren arloko eskolak eta profesionalak, eta baita erakundeak eta herritarrak ere. Aztarna ukigarria utzi nahi dugu, Biotik Design Dekalogoa bezalako ekimenetan gauzatzen dena, Bilbon eta Bizkaian diseinu-filosofia hori bultzatzeko printzipio-multzoa; Diseñatón-en bidez tokiko erakundeentzako proposamen zehatzak diseinuan; eta elkarlaneko esperientziak, hala nola hiri-ekintza.”

SEKTOREAREN GARRANTZIA ZENBAKITAN

Azpimarratzekoa da, Eustaten Jarduera Ekonomikoen Direktorioaren arabera, Bilbo-Bizkaian sormen-ekonomiak 21.228 pertsona enplegatzen dituzten 5.934 enpresa-establezimendu dituela 2023an, hain zuzen ere 2022. urtearekin alderatuta urtebetean establezimenduen kopurua % 0,9 eta horiei lotutako enplegua % 2,8 hazi ondoren.

Sormen-jardueretarako enpresa horiek enpresa-sare osoaren % 6,9 dira, eta sortutako enpleguak lurraldeko enplegu absolutuaren % 4,6 izan ziren 2023an.

Enpresen eta enpleguaren hazkundea nagusi da “Soinua grabatzeko eta musika editatzeko jardueretan” eta “Arte eszenikoetan”, “Diseinu espezializatuan” gertatu den bezalaxe.

20 JARDUERA BAINO GEHIAGO, 5 ARDATZETAN OINARRITUTA

Hamargarren edizio honen gaiari dagokionez “Biotik Design: bizitzarako lurraldeak”, bizitza sustatuko duen diseinuaren ideia azpimarratu nahi izan da, Zabalgune Eraikina,

Azkuna Zentroa-Bilboko Alondegia, BBK Kuna edo Perrera bezalako espazioetan egingo diren hogei ekintza baino gehiago proposatuz. Bost ardatz nagusi izango dira, diseinua eta herritarren beharrak lotuko dituztenak.

BBDW24k diseinuaren bidez, baliabideak optimizatuz, kanpo-efektuak minimizatuz eta ingurune naturalarekin harreman harmoniatsua sustatuz, etorkizun jasangarria, ekologikoa, arduratsua eta kontzientea sustatzea planteatzen du. Era berean  diseinuaren bidez berdintasuna eta aniztasuna eraiki nahi dira, berdintasuna balioetsi eta sustatuko duten ingurune inklusibo eta bidezkoak sortuz, paradigma tradizionalak desmuntatuz eta askotarikotasuna eta elkarrekikotasuna sustatuz.

Hamargarren edizio honetako hirugarren ardatza hiri- eta komunitate-diseinuan baterako sorkuntza sustatuko duten elkarlaneko komunitateak bultzatzea da, beharrak eta itxaropenak baloratuz eta adimen kolektiboa indartuz. Era berean sormen irekian oinarritutako jardueren aldeko apustua egiten da, sarbide librea, banaketa eta berrerabilera ziurtatuko duten kode irekiko diseinu-soluzioak garatuz. Azkenik, aurtengo Bilboko eta Bizkaiko diseinuaren asteko bosgarren ardatza berrikuntza esperimentala da, ikuspegi sortzaile eta espekulatiboen bitartez diseinuan ideia eta teknologia berriak aztertuz, jakin-mina, pentsamendu kritikoa eta eraldaketa soziala sustatuz.

Aldi berean edizio honek, berriz ere, sektoreko erakunde eta enpresa ugari biltzea lortu du hala nola EIDE (Euskal Diseinuaren Elkartea) eta BIAAF (Bilbao International Art and Fashion) elkarte sektorialak, eta baita beste erakunde garrantzitsu batzuk ere, hala nola eta besteak beste, Selected Inspiration, Espacio Open, Getxo Sormen Hub, Estudio Bokashi, Colaborabora, Duara Design, Media Attack, Azkuna Zentroa  edo Asociación Develop.

HIRI-EKINTZA

Bilbao Bizkaia Design Week 2024” ekimenak, hamar urteko ibilbidea burutu ondoren,  lotura berezia ezarri nahi du herritarrekin. Horretarako, azaroaren 17an, 11:30ean, “Balkoiak” izeneko ekimena programatu da. Hiri-ekintza horretan Maider López euskal artistak Bilboko erdigunean hautatutako 4 balkoiko landareak Zabalgune eraikinera lekualdatzea proposatzen du, espazio horien jatorrizko konfigurazioa birsortuz.

Kaleko ekintza horrek, landareak oinez garraiatzeko prozesio parte-hartzailea barne hartzen duenak, hiria balkoiak apaintzen dituzten lorategi pertsonalen bidez berraurkitzera gonbidatzen ditu herritarrak. Ikuspegi parte-hartzailea eta interaktiboa da, Bilboko herritarren parte-hartze aktiboa eragingo duena.

‘DISEÑATON’: ENPRESAK ETA IKASLEAK

Aurtengo berrikuntzetako bat ‘Diseñatón’ deritzona da, Bizkaiko enpresak Euskadiko bost diseinu-zentro nagusietako ikasleekin konektatzen dituen BBDW24ren ekintzetako bat, bost erronkari erantzuteko. Ekimen hau Cooperativa Tipik koordinatzen du.

Bi egunez, IDARTE (Euskadiko Arte eta Goi-Mailako Diseinu Eskola), IED Kunsthal (moda,  barnealde eta produktuen diseinua eta diseinu grafikoa), TECNUN (Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola), Deustuko Unibertsitatea (Industria Diseinuko Ingeniaritza Gradua) eta UPV/EHUko (Arte Ederren Fakultatea eta Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoa) berrogeita hamar ikasle inguruk tokiko bost erakunderentzako konponbideak landuko dituzte, ekologiari, inklusioari, lankidetzari, ezagutza irekiari eta esperimentazioari lotutako edizio honetako bost narratibei dagokienez.

IHOBE, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikita dagoen sozietate publikoa da eta planteatu duen erronka honakoa da: “Nola erraztu diezaiekete tokiko gobernuek kontsumitzaileei produktu konpongarriak eta konponduak hautatzea eta erostea?”.

GRUPO SSI kooperatibaren xedea gizarte-zaurgarritasuna eta mendekotasuna duten pertsonen gizarte-premiei erantzun integrala eta berritzailea ematea da. Kasu honetan jarduera erronka honi lotuta dago: “Nola azal daiteke, diseinuaren eta komunikazio- eta dibulgazio-estrategien bidez, SERPAC programa (parte-hartze komunitariorako zerbitzua), zerbitzuaren erabiltzaile izan daitezkeen pertsonen artean nahia eta konfiantza sortzeko?”.

IBILKARI autoaren erabilera arduratsua sustatzeko asmoz sortutako ekimena da eta honako galdera hau planteatuko du: “Nola eralda daiteke Ibilkari Bilbo zerbitzuaren erabiltzaileekiko harremana elkarlaneko antolaketa-eredu batean aurrera egiteko eta proiektuaren jasangarritasunari dagokionez komunitate aktibo eta konprometitua eraikitzeko?”

H-ENEA Living Lab etxeko sektorean berrikuntza irekia inplementatzen duen irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta planteamendu honi erantzutea proposatuko du: “Nola diseinatu sare sozial presentzial/digital bat nahi ez den bakardadea murrizten lagunduko duen interkonektatutako sukaldeen inguruan belaunaldien arteko konexioa sustatzeko ?

Azken erronka GOIENER, energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko kooperatibak planteatzen du, eta honakoa da:  “Nola bermatu zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen hitza eta parte-hartzea abian jartzeko prozesuetan, komunitate horiek gero inklusiboagoak eta pluralagoak izan daitezen?”.

‘5X5 BILBAO’ PROIEKTUA: LEHEN ALDIZ EUSKADIN

Diseinuaren alderdi guztiekin zerikusia duten pertsonak Bilbon egongo direla aprobetxatuz “5X5 Bilbao” proiektu berritzailea jarriko da abian. Ekintza bateratua da, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen, Designregio Kortrijk erakunde flandestarraren eta EIDEren artean garatzen dena.

Euskadin lehen aldiz egiten den programa honen bidez diseinuaren arloko bost profesionalek, hiru Bilbokoak eta bi Kortrijkekoak (Belgika), bost euskal enpresari lagunduko diete urtebetez produktu edo zerbitzu bat garatzen edo birdiseinatzen. Lan horretan diseinuaren metodologiak erabiliko dituzte 2025eko udazkenean erakusketa batean aurkeztuko den prototipo bat garatzeko helburuarekin.

Datorren azaroaren 18anBBDW24aren barruan, proiektuan parte hartuko duten bost pertsonen eta enpresa hautatuen aurkezpen ofiziala egingo da, baita taldeen lehen lan-jardunaldi bateratua ere.

‘KAIXO!’ ETA ‘PARTEKATU!’

Ostegun honetan, azaroaren 14an, 18:30etatik aurrera, BBDW24 ekitaldiaren irekiera ospatuko da Bilboko Zabalgune Eraikinean. “Kaixo!” izenpean nazioarteko hiru hizlarik diseinua bizitza sustatzeko zeharkako tresna gisa planteatzearen ideiari buruz hausnartuko dute: Gabriela Rendón, Nueva Yorken bizi den arkitektoa eta hiri-planifikatzailea, bere ikuspegi disruptiboengatik ezaguna dena, hiri-eremuko eraldaketarako imaginario eta praktika desafiatzaileei buruz arituko da; Pau Aleikumek, datuak emozio bihurtzen aditua den Domestic Streamers sormen-agentziaren sortzaileak, hitzaldi interaktiboa eskainiko du eraldaketa eko-sozialari buruz, ikuspegi esperimentalean  oinarrituta; eta Martí Guixék, Food Design Fiction-en aitzindariak, janariak nola duen aldaketa eta eraldaketarako eragile bihurtzeko gaitasuna planteatuko du.

Gainera bertaratzen direnek aukera izango dute modu interaktiboan  “Biotik Design” DEKALOGOA sortzen laguntzeko. Lan hau asteko gainerako egunetan ardatz eta gida izango diren eta BBDW24ren edizio berezi honen ondare eta legatu izango diren “Bizitzarako lurraldeak” sortzeko irizpide eta kontzeptu giltzarriak definituz egingo dute.

Azaroaren 22an, “PARTEKATU!” izango da BBDW24ri amaiera emango dion ekitaldiaren izena. “PARTEKATU!” Zabalgune Eraikinean egingo den topaketa- eta sormen-gunea da eta bertan Diseñaton-en lorpenak partekatuko dira eta tokiko talde sortzaile emergenteak bilduko dira, hala nola Herética(S)  eta DJ Puñales.

Itxiera-ekitaldiak tokiko diseinuari buruzko esplorazio-interpretazioa izango du, networking eta ospakizun giroa sortuz “Bilbao Bizkaia Design Week 2024” ekitaldiaren hamargarren edizioko hamar egunetan lortutako lorpenen inguruan.

BILBAO BIZKAIA DESIGN WEEK 2024’ ekitaldiari buruzko informazio guztia: https://bilbaobizkaiadesignweek.eus/eu

  • Egindako inbertsioari dagokionez, nazioarteko kirol-ekitaldiaren itzulkina (ROI) Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak aplikatutako aurrekontuaren halako 17koa izan da.

  • Ikertaldek egin duen eraginaren azterlanaren arabera, euskal herritarrak UWCLren finalean inplikatuta sentitu dira eta tokiko hazkunde ekonomikorako eta gizarte berdinzaleagoa sustatzeko aukera handitzat jo dute.

  •  San Mamesen jokatutako partidak kategoriako final batera bertaratutakoen errekorra lortu zuen, Bilboko estadioan 50.827 pertsona bildu zirelako, eta guztira 72.518 pertsona mobilizatu ziren.

San Mamesen joan den maiatzaren 25ean  jokatutako UEFA Women’s Champions League (UWCL) 2024 Finalak 23 milioi euroko inpaktua eragin du euskal ekonomian. Zenbateko horrek esan nahi du egindako inbertsioari dagokionez lortutako itzulkina (ROI) aipatu den kirol-ekitaldi hori egiteko hiru euskal erakundeen (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala) artean aplikatutako aurrekontuaren halako 17koa izan dela; aldi berean 13,18 milioi euroko ekarpena egin du Euskadiko BPGd-n eta zuzeneko itzulkin ekonomikoa administrazioan 4,37 milioi eurokoa izan da.

Diru-sarreren guztizkoaren banakapenari dagokionez, 2,9 milioi euro baino gehiago 87 euskal enpresaren zerbitzuak kontratatzetik datoz; beste ia 2,7 milioi euro egoiliarrak ez diren pertsonek antolaketa-arrazoiengatik Euskadin egindako egonaldiari eta gastuei dagozkie; 8,8 milioi euro partidara bertaratutako pertsonek egindako gastuari dagozkio (gaualdiak, ostalaritza, merkataritza, garraioa, turismo-jarduerak…), eta 1,1 milioi euro baino gehiago gehitu behar dira, kasu honetan girotzearekin bat egin zuten pertsonek egindako gastuan arlokoak. Azkenik, gainerako 7,4 milioi euroak sektore arteko balio-katean —euskal ekonomian eragindako inpaktuak— injekzio ekonomiko horiek eragindako tarteko ekoizpenei dagozkie.

Hala berresten du Ikertaldek antolaketa-batzordearentzat egindako 2024ko UWCLren Finalaren eraginari buruzko txostenak. Txosten horrek ekitaldiaren irismena neurtzen du ekonomiaren, gizartearen, ingurumenaren eta komunikabideen ikuspegitik. Txosten hori egiteko, ekitaldiaren antolatzaileek emandako datuak eta laguntzaileekin eta sustatzaileekin izandako elkarrizketak kontuan hartzeaz gain, aldi berean 1.301 inkesta egin dira partidara joan zirenen, girora hurbildu zirenen eta, oro har, euskal herritarren artean.

San Mamesen 50.827 ikusle bilduz Emakumezkoen Champions Ligako final batera bertaratutakoen errekorra erregistratzeagatik historiara pasatzeaz gain, txostenean egiten diren kalkuluen arabera partidara joateko sarrerarik eduki ez arren 21.691 pertsona izan ziren egun horretan hirian sortutako girodun aldeetan modu aktiboan parte hartu zutenak. Horrela, Europa mailako kirol-hitzorduak 72.518 pertsona mobilizatu zituen.

Mobilizatutako pertsona guztien %58 emakumeak izan ziren, baita San Mamesen Finala bertatik bertara gozatu zutenen %60 ere. Horien guztien jatorriari dagokionez, mobilizatutako pertsonen herena baino gehiago (25.000 pertsona) Euskadikoak ziren, eta pertsonen %28 katalanak izan ziren, bi talde finalistetako bat FC Barcelona izan baitzen. Datu horien arabera, parte-hartzaileen %65,4 ez ziren Euskaditik etorri, beste norako batzuetatik etorri ziren Bilbao-Bizkaia-Euskadira.

Ekitaldian izandako parte-hartzearen ezaugarri nagusiak kontuan hartuta batez ere gazteak izan ziren (%72, 45 urtetik beherakoak), senide- edo lagun-talde zabaletan mugitu ziren eta jai-giroa, familiakoa, segurua, kolaboratiboa eta atsegina nabarmentzen eta goraipatzen dute.

33.719 pertsonak igaro zuten gaua Euskadin, eta horietatik % 84k Bizkaian igaro zuen, batez ere Bilboko hotel eta apartamentu turistikoen sarean, eta batez besteko egonaldia 2 gauekoa izan zen. Derrigorrez azpimarratu behar da gaua eman zuten 10 pertsonetatik ia 8k Bilbo-Bizkaia-Euskadin turismoa egiteko aprobetxatu zutela eta kultura- eta aisialdi-eskaintza turistikoan parte hartu zutela. Beste alde batetik, nabarmendu behar da sortutako turismoaren %71k biziki gomendatuko duela Bilbo, eta mobilizatutako turisten %76k itzultzeko prestasuna erakutsi zutela, eta etorkizunean hori pizgarri turistikoa izango dela gurean.

KALITATEZKO ESPERIENTZIA

Oro har UWCL 2024 Finala esperientzia oso positiboa izan da estadiora bertaratu ziren pertsonentzat, batez beste 10etik 8,7 puntuko gogobetetze-mailarekin. Era berean sarrerarik gabe mobilizatutako pertsonek 10etik 8,4ko nota eman zioten esperientziari.

 

Ondoen baloratutako alderdien artean, puntuazio bikainarekin, San Mames estadioaren erosotasuna, funtzionaltasuna eta girotzea daude (9,2/10), eta horren atzetik datoz sarreraren prezioa (9/10), hiriaren segurtasuna (8,9/10), hiriko ostalaritza-eskaintza (8,8/10), herritarren berotasuna eta laguntza (8,7/10), eta Bilboko turismo-eskaintzaren kalitatea (8,7/10), eta baita ekitaldiaren antolaketa (seinaletika, informazioa eta erraztasunak) eta bi taldeetako zaleen elkarguneak ere (Fan Meeting Points), biak ere 8,6/10 puntuazioarekin baloratuak.

Kontsultatutako pertsonek aipatutako hobekuntza-aukeren artean, ostatuen eta ostalaritzaren prezioak garestiak direla nabarmentzen da.

ERAGIN SOZIALA ETA AUKERAK

Kontsultatutako euskal herritarren %75,8k uste du UWCL 2024 Finala egitea urrats bat gehiago izan dela kirolean genero-aukera berdintasunean eta uste dute ekarpen ona izan dela genero-berdintasunaren aldeko lanean. Halaber, galdetutako 10 pertsonatik 8k uste dute ekimenari esker futbola eta kirola erakargarriagoak izango direla Euskadiko neskentzat eta uste dute Bilbo-Bizkaia-Euskadik etorkizunean ekitaldi handiak antolatzeko duen gaitasuna hobetuko duela, familia- eta kooperazio-balio berriekin futbol-zaletasun kontingente berria erakartzea eta sendotzea lortuz.

Legatuari dagokionez kontsultatutako euskal herritarrak bat datoz erakundeen itxaropenekin: oro har %81 pozik agertu dira UWCL 2024 lehiaketaren finalarekin, eta uste dute tokiko hazkunde ekonomikorako eta euskal enpresen garapenerako aukera bat izan dela.

ERAGIN MEDIATIKOA

Urtarriletik ekainera bitartean UWCL 2024 Finalak 4.512 inpaktu izan ditu prentsan, irratian, telebistan eta sare sozialetan, eta inpaktu horien publizitate-balio baliokidea adieraziz balio ekonomiko metatua 39,1 milioi eurokoa izan da. Finalarekin lotutako aipamen gehienak hedabide digitaletan eta sare sozialetan egin dira (%72). Garrantzitsua da nabarmentzea aipamen guztien %43 nazioarteko estaldura duten komunikabideetan sortu direla.

Ekitaldi handiak erakartzeko estrategiaren esparruan, 2023ko uztailean Grand Départ Pays Basque ekitaldiak izandako arrakastaren ondoren eta aipatu diren 2024ko UEFA Women’s Champions Leagueko Finaleko zifra positiboekin, hurrengo kirol-hitzordu nagusia 2025eko maiatzaren 21ean izango da, egun horretan lehen aldiz Euskadin UEFA Europa Leagueko Finala jokatuko delako San Mamesen.

  • Lehendik iragarri genuen Scott Cohen, Alexandra Lioutikoff, Maria José Llergo edo Kase O izango zirela parte-hartzaile, eta orain izen gehiago baieztatzeko moduan gaude, hala nola Axel Voss (DE), diputatu europarra, Europako Parlamentuan adimen artifizialari buruzko batzordearen txostenaren arduraduna; Los Prieto Flores,  Está Pasando sormen-agentziaren sortzaileak; edo Darío Manrique, Spotify plataformako senior editor.

  • BIME Live barruan musikaz eta kulturaz gozatzeko aukera izango dugu aire zabaleko bi agertokitan, eta Fermin Muguruza euskal artista ikonikoari omenaldia egingo zaio kontzertu batekin, Verde Prato, HOFE x 4.40, eta Nakar taldeen eskutik.

Bilbo prest dago jada mundu osoko 4.500 parte-hartzaileri harrera egiteko musikaren industrian erreferentziakoa den BIME topaketaren hamabosgarren edizioan; gaur iragarriko da aurtengo programazio osoa, 300 profesional eta artista baino gehiagorekin.

Hamar eguneko egitaraua urriaren 24an hasiko da eta hiria Iberoamerikako musikaren eta kulturaren hiriburu bihurtuko da; izan ere, elkarrizketak, tailerrak eta masterclassak antolatu dira BIME Pro barruan urriaren 29tik 31ra, eta 100 jarduera baino gehiago egingo dira herritarrentzat BIME Live ekitaldietan, urriaren 24tik azaroaren 2ra bitarte.

BIME LIVE: MUSIKAREN ETA KULTURAREN OSPAKIZUNA HIRIAREN ERDIALDEAN

Zuzeneko musika izango da protagonista urriaren 29an, 30ean, 31n eta azaroaren 1ean. Urriaren 29tik 31ra bitarte, Kafe Antzokia, Bilborock by Santander S Music, BBK Sala, Stage Live, Crystal, La Ribera, Muelle, Cotton Club, Dock BBF, Crazy Horse eta Oker aretoetan 90 showcase, kontzertu eta dj set baino gehiago egingo dira, profesional akreditatuek eta herritarrek Iberoamerikako eta Europako proposamen abangoardistenak ezagutu ditzaten (edukiera mugatua. Profesional akreditatuek izango dute lehentasuna). Irailean iragarritako kartelari izen berriak gehitu behar zaizkio, hala nola Fillas de Cassandra (ES) galiziar musikaren promesak; La Paloma (ES) noise rock taldea; Lua de Santana (BR/ES) artistaren funk erritmo brasildarrak; Quinto Escalón lehian parte hartu zuenetik ezagun egin den Lucho SSJ (AR) rapero argentinarra; Suave (ES) artista bilbotar gaztea, edo Depol (ES) artista katalana, LOS40-ren eskutik, besteak beste.

Azaroaren 1ean, aire zabaleko musikaren txanda izango da bi agertokirekin; San Miguel eta San Miguel OnAir, Uribitarte pasealekuan egongo dira Bilboko udaletxearen aurrean, eta besteak beste, Depresión Sonora (ES); bere post-punk gordinarekin; El Columpio Asesino (ES), pop nazionalean eragin handiena duen taldeetako bat, edo trap, rap eta R&B Juicy Bae (ES) abeslaria, izango ditugu ikusgai eta entzungai. Emanaldi horien ondoren, itxiera festa bat izango da Crystal aretoan, Nítidoren kuradoretza duena, eta bertaratzen direnek Mark Luva (ES), Puñales (ES) eta Wost (VE) artisten Dj setez gozatu ahal izango dute.

BIME Live barruko kultur jardueren eskaintza osatze aldera, herritar orori zuzendutako emanaldi berezi bat prestatu dugu: Fermin Muguruzaren 40 urteko ibilbideari eskainitako omenaldi-kontzertua, urriaren 31n Kafe Antzokian.

Ekitaldi honetan, Izar & Star kolaborazioarekin, HOFE x 4.40, Nakar eta Verde Prato artistek, Fermín Muguruzaren pieza mitikoak berrinterpretatuko dituzte – Kortatutik gaur egunera arte, Negu Gorrietatik pasatuta –, Euskal Rock Erradikalaren ikono baten omenez. Ikono hori gure kulturan sartu da eta euskaldun garaikideen soinuan eragina izan du. Tokiko eszenaren eferbeszentzia irudikatzen duten hiru artistak omenaldia egingo diote kontzertu bakar eta errepikaezin batean.

Stereorocks Clubaren edizio berezi bat ere izango da, tokiko klub eszenari balioa eta ikusgaitasuna emateko asmoz; horretarako, Bendiak, Aitana Rodriguez eta J-3Ø3 DJen saioak antolatu dira, deialdi ireki baten bitartez hautatu ostean; Lotura irundarrak dira haien kuradore. Gainera, Enkarnazio elizan emanaldi berezi-berezi bat antolatu du Fever-ek: Candlelight: Ludovico Einaudi-ren tributua.

BIME Live emanaldien bitartez, programazioa topaketara datorren publiko profesionalarengana ez ezik, musikazaleengana ere hurbiltzea lortu nahi da, hiriaren erdigunean bertan kultura- eta musika-proposamen aberatsa eskainita herritar orori. Bestalde, Bilboko Udalaren babesa nabarmendu nahi dugu, baita erakunde hauen laguntza ere: Sormen Industrien Fundazioa, Fever, San Miguel/La Salve, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila, INAEM, Filmin, Donostia Zinemaldia, Dock of The Bay, Basque Dock Festival, StereoRocks, BASQUE.MUSIC., Liburuak, Feria del Disco, Digital Fems, eta Izar & Star.

INDUSTRIAREN ETORKIZUNA DEFINITZEN LAGUNDUKO DUTEN FUNTSEZKO ERAGILEAK

BIME Pro ekimenean sektoreko eragile eta ahots garrantzitsuen ordezkaritza zabala izango dugu, hala nola, Scott Cohen, CEOa JKVX etxean, musika-industriaren bilakaeran aitzindaria; Andreas Katsambas, Chartmetric etxearen presidentea; Alexandra Lioutikoff, Universal Music Publishing etxean LATAM eta US Latin eremuetako presidentea; Blanca Salcedo (ES), Sony Music Spain etxearen zuzendari nagusia; eta George Drakoulias (US); artistei dagokienez,  Kase O (ES)Albert Pla (ES), Maria José Llergo (ES) eta Villano Antillano (DO) arituko dira, besteak beste.

Lehendik baieztatutako izen horiei beste hauek gehitu behar zaizkie: Axel Voss (DE), Europako Parlamentuan adimen artifizialari buruzko batzordearen txostenaz arduratu den diputatua; Alejandra Olea (US), Ameriketako zuzendari erregionala Believe etxean; Colomba Molina (CL), Latineo-ren sortzaileetako bat; Jan-Willem Van de Ven (NL), CEOa Amsterdam Dance Event ekitaldian; Jaime Villalobos (TX), Vibra Marketing SPA etxeko zuzendari exekutiboa eta bazkidea; Manuela Villa (ES), Espainiako Gobernuaren Presidentetzako kultura-gaietarako zuzendari nagusia; Miguel Arias (ES), K FUND proiektuko bazkide nagusia; Imarú Aledo (ES), Tomavistas jaialdiaren zuzendarikidea; edo Darío Manrique (ES)senior editor Spotify plataforman. Honako hauek ere nabarmendu behar ditugu: Sofía Conti (ES) komunikatzailea ; Aïda Camprubí (ES), BAM Jaialdiaren zuzendarikide artistikoa; Chiara Oliver (ES) artista; Vicent Argudo (ES), musika-zuzendaria Prisa Media etxean; María Eizaguirre (ES), komunikazio eta partaidetza zuzendaria RTVE etxean; David Jordan (ES), Chief Revenue Officer ELROW Family etxean; Dani Fletcher (ES)Chief Innovation Officer Primavera Sound jaialdian; Devin Landau (US)partner & agent TBA Agency etxean; Erica Romero Pender (ES), LIVE DMA sarearen koordinatzailea; Borja Prieto (ES) eta Natalia Flores (ES), Está Pasando sormen-agentziaren sortzaileak; edo La Furia (ES) artista.

Agenda osoa hemen aurki daiteke: https://bime.org/eu/pro/agenda/

MUSIKA-INDUSTRIAREN EZINBESTEKO HITZORDUA

Egitarau osoa bime.org webgunean ikus daiteke, eta topaketa online jarraitu ahal izango da plataformaren bitartez; plataforma aktibo dago jada webgunean eta aplikazioan.

BIME nazioartean erreferentziako gune bihurtu da, Europa eta Amerikaren arteko nazioartekotze-zubi sendoa. Profesionalen eta artisten elkarlanak sustatu eta bi kontinenteetarako sarbidea ahalbidetzea izanik xede, mundu osoko profesionalak ikusgai egiteko gune eta bozgorailu nagusietako bat bihurtu da. Elkarrizketa eta networkinga beti daude erabilgarri bime.org webgunearen eta online plataformaren bitartez, 365 egunetan aktibo egoten baita, eta munduko edozein tokitatik parte hartzeko aukera ematen du, networkinga ere noiznahi izanik eskura. Mundu osoko musikaren arloko profesionalekin harremanetan egoteko topagune birtuala, eta aurreko edizioetako eztabaida eta hitzaldi guztiak ikusgai dauden tokia.

SARE SOZIALAK:

  • Higiezinak, azpiegiturak eta aktiboak estandarizatzeko eta baloratzeko lanetan liderra den RICS erakunde profesionalak antolatutako foroa lehen aldiz egingo da hirian, eta sektoreko 300 profesional bilduko ditu. 

  • Azkuna Zentroa – Alhondiga Bilbao-n egingo da ekitaldia, non eraikitako ingurumen-sektoreko adituek ideiak partekatuko dituzten eta konponbide berritzaileak emango dizkieten hiriei eta eraikitako beste ingurune batzuei eragiten dieten premiazko erronkei.

  • Astelehen goiz honetan, Juan Mari Aburto Alkatea mundu-mailan erreferenteak diren eta Bilborekin lotura estua duten higiezinen sektoreko hiru sustatzailerekin bildu da: Adolfo Ramírez, Carlos Ruiz-Garma eta Javier Ochoa.

Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, bihar, urriaren 15ean, inauguratuko du World Built Environment European Summit 2024 biltzarra. RICS (Royal Institute of Chartered Surveyors) erakundeak antolatu du, zeina munduko liderra baita lurzoruen, higiezinen eta azpiegituren balorazioa, kudeaketa eta garapena sustatzeko eta estandarizatzeko lanetan, eta Bilboko Udalaren laguntza ere jaso du Invest in Bilbao-ren bitartez.

Hiriak lehen aldiz hartuko du ekitaldi hau, jasangarritasunaren ikuspegitik hiri-inguruneak berroneratzeko esparruan erreferentziazko hitzordua izateko helburuarekin.

World Built Environment European Summit 2024 biltzarra Azkuna Zentroa – Alhondiga Bilbao-n egingo da eta hiri-garapenaren eta higiezinen industriaren sektoreko 300 profesional bilduko ditu, bai eta maila goreneko nazioarteko 30 hizlari baino gehiago ere.

Iaz Venezian egindako Europako lehen eskualde-edizioak izandako arrakastaren ondoren, RICS erakunde ospetsuak Bilboren aldeko apustua egin du, Europan urtero egiten den biltzar nagusiari jarraipena emateko. Helburua da gaur egun hiriek jasangarritasunaren ikuspegitik dituzten funtsezko erronken inguruko eztabaida sustatzea, eta inplikatutako eragileak kontzientziatzea, besteak beste, alderdi hauek duten garrantziaren inguruan: ESG irizpideak sozialki arduratsua den inbertsiorako (ingurumen-, gizarte- eta gobernu korporatiboko faktoreak), higiezinen sektorearen deskarbonizazioa, jasangarritasuna higiezinen inbertsio-estrategietan txertatzea, klima-aldaketarekiko erresilienteak diren hirien kontzeptua edo tradizioaren eta berrikuntzaren arteko batasuna higiezinen ikuspegian, euskal eredua adibidetzat hartuta, besteak beste. Hirian hasitako lanaren erakusgarri, Asier Abaunza Udaleko Obrak, Hiri-plangintza eta Proiektu Estrategikoetako Zinegotziak ere parte hartuko du biltzarrean.

Foroa astelehen arratsalde honetan hasiko da, Zorrotzaurre ezagutzeko bisita tekniko batekin, aukera handiko espazioa baita. Bertan, bertatik bertara ezagutu ahal izango dute eremu horren garapena, gaur egun hiri-berroneratzearen eta birmoldaketa ekonomikoaren adierazgarri baita, non jasangarritasunak berebiziko garrantzia baitu.

Aukera paregabea da Bilbok hiri-berroneratzearen eredu eta inbertsio jasangarriak egiteko hiri gisa duen konpromisoa in situ helarazteko.  Izan ere, higiezinen inbertsiorako helmuga onenaren saria (Best Real Estate Investment Destination) eman diote berriki Bilbori World Class District Awards 2024 sarietan, Zorrotzaurren hiria berroneratzeko lanaren inguruan aurkeztutako hautagaitzari esker.

ALDEZ AURREKO BILERA HIGIEZINEN SUSTATZAILEEKIN

World Built Environment European Summit 2024 biltzarra abiarazi baino lehen, Juan Mari Aburto Alkateak bilera bat izan du astelehen goizean nazioarteko real estate sektoreko hiru preskriptorerekin, Bilborekin lotura estua dutenak:

  • Adolfo Ramírez Escudero, CBRE Espainia multinazional estatubatuarraren presidentea da 2013tik eta CBRE Latinoamerikaren arduraduna iaztik. Finantzetan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean.
  • Carlos Ruiz-Garma, Europa hegoalderako Cross Border higiezinen inbertsioen zuzendaria da Savills higiezinen aholkularitzan eta inbertsioen enbaxadorea eta RICS Kontseiluko kidea Espainian. Zuzenbidean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean.
  • Javier Ochoa Bilbon jaio zen, eta gaur egun Luxury Commercial RE/MAX España nazioarteko higiezinen enpresa zuzentzen du. Espainia eta Latinoamerikarako RICS enbaxadorea da, baita European World Regional Board (EWRB) erakundeko kidea ere.

Hirigintzaren garapenari dagokionez Bilboren egoera lehen eskutik partekatzeaz gain, garapenerako aukerak eta hirigintza- eta higiezin-arloko etorkizuneko lan-ildoak identifikatzeko asmoz, Bilboko Alkate Juan Mari Aburto, Adolfo Ramírez, Carlos Ruiz-Garma eta Javier Ochoak, Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko Zinegotzi Kontxi Claverrekin batera, hiri-inguruneetako joera berriak ere aipatu dituzte eraikuntzari, mugikortasunari, energia-eraginkortasunari eta jasangarritasunari dagokienez. Bileran, halaber, gogoeta egin dute Bilbok real estate sektorean dituen balioei eta markari buruz, bai eta inbertsioak erakartzeko eta lankidetza publiko-pribatua indartzeko aukerei buruz ere, hiribildua Europa mailan erreferente izan dadin.

SARE SOZIALAK:

  • Bizkaiko hiru BERC ikerketa zentrok antolatutako Be Zientziaren lehen edizio honetan, Bilboko ikastetxetako 150 ikasle bildu dira.

  • Kontxi Claver, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismo zinegotzia, eta Javier Garcinuño, Bilbao Ekintzako zuzendari nagusia, ekitaldian izan dira.

Gaur, urriaren 11n, ostirala, Bilboko Zabalguneko Eraikina Be Zientzia azokaren lehen edizioaren lekuko izan da. Zientzia zabaltzeko azokak hiriko bi ikastetxetako Lehen Hezkuntzako eta DBHko 150 ikasle baino gehiago bildu ditu, jarduera interaktiboz eta zientzia modu dibertigarri eta didaktikoan hurbiltzeko diseinatutako tailerrez betetako goiz batean.

Bizkaiako hiru BERC zentroek, Achucarro Neurozientziako Ikerketarako Euskal Zentroak, BC3 Klima Aldaketari buruzko Ikerketarako Euskal Zentroak eta BCAM Matematika Aplikatuko Euskal Zentroak antolatu dute, eta sorpresaz betetako jardunaldiari hasiera eman diote.

Be Zientziaren lehen edizio honetan ikasle eta irakasleek gogotsu parte hartu dute, eta askotariko jarduerez gozatu ahal izan dute: estatistika, kalkulu-jokoak, papiroflexia logikoa, banana baten DNAren esplorazioa eta ping pong-eko pilotekin egindako karbono-aztarnaren kalkulua.

Ikasleek askotariko gaiei buruz ikasi dute, hala nola klima-aldaketari buruz, garunak animalia-espezie ezberdinetan duen bilakaerari buruz eta matematikei buruz, hiru zentro antolatzaileetako ikertzaile garrantzitsuek emandako tailer praktikoen bidez.

Gainera, goizean zehar, Be Zientzia-k Kontxi Claver, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismo zinegotzia, eta Javier Garcinuño, Bilbao Ekintzako Zuzendari Nagusia hartu ditu. Ekitaldia ezagutzeko aukera izan dute, horrela Bilbok zientziarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa indartuz.

“Eskerrak ematen dizkiegu parte hartu duten ikastetxeei, bai eta ikertzaile- eta antolatzaile-talde osoari ere, elkarrekin egindako lanari esker, laster errepikatuko delakoan baikaude”, adierazi dute Achucarro, BC3 eta BCAM erakundeek.

  • BIME Live jaialdiari esker, musikaz eta kulturaz blai egongo da hiria urriaren 24tik azaroaren 2ra bitarte, kultur jardueren eta showcaseen programazio zabala osatuta 14 herrialdetako baino gehiagotako artistekin, hala nola J Noa, Rubio, Ezezez, Sistema de Entretenimiento, Çantamarta eta Juanpalitochinos, besteak beste.  

  • BIME PRO ekimenean izen berriak gehitu zaizkio hitzaldien programazioari, musikaren industriako ahots garrantzitsuenek musika-industria globalaren egungo egoeraren eta etorkizunaren gakoei buruz eztabaidatzeko.

BIME musika-industriaren nazioarteko topaketa erreferenteak gaur emango ditu BIME Live jaialdiaren xehetasunak; izan ere, ehun jarduera baino gehiago antolatuko dira hiriko areto eta gune esanguratsuenetan, urriaren 24tik azaroaren 2ra arte.

BIMEren hamabosgarren edizioa da hau, eta talentu hasiberri disruptiboak eta nazioartean proiekzio handiena dutenak ezagutarazteko showcaseen programazioaz gain, sorkuntzaren beste diziplina batzuetako jardueren eskaintza zabala egingo da, hala nola zinema, dokumentalak, literatura edo argazkigintza. Sarrera libreko programazioa izango da musikazale guztientzat, Bilboko erdialdean bertan kultur proposamen aberatsa eskainita. 

GORABIDEAN DOAN TALENTUA ENTZUNGAI BIME LIVE JAIALDIAN

BIME Live jaialdiaren barruan, urriaren 29tik 31ra bitarte, 90 showcase baino izango dira hainbat herrialdetako artistekin, hala nola Alemania, Argentina, Kanada, Txile, Kolonbia, Espainia, Hungaria, Mexiko, Herbehereak, Palestina, Peru, Portugal, Dominikar Errepublika eta Venezuela.

Hiri areto garrantzitsuenetan, askotariko musika-estiloak eta egungo musika-panoraman gorabidean doazen talentuak ezagutzeko aukera izango dugu. Proposamen ugari izango dira, hala nola Portugaleko Bad Tomato (PT) talde gaztearen groove dantzagarrien eta post-punk energiaren fusioa; Çantamarta (ES/VE) taldeak latinoamerikar karibeko eraginekin ezin dotoreago uztartzen dituen Hip Hop, elektronika eta R&B estiloak; EZEZEZ (ES) euskal taldearen underground ukitua eta sormena; J Noa (DO) raperoaren lirismo gordina eta bertso zorrotzak; edo Juanpalitoschinos (MX) mexikar bikoaren melodia gogoraerrazak eta iragaren eta etorkizunaren arteko fusioa.

Zerrenda horri honako izen hauek ere gehitu behar zaizkio: Maestro Espada (ES), Murtziako kuadrillen azentua elektroniko futuristarekin eta folklorearekin fusionatzen duen bikoa; LosPetitFellas proiektuan makina-gidari den Nicolai Fella (CO) errimari, argonauta eta MCa; Txiletik datorren Oye, Elizabeth (CL) pop alternatiboko taldea; edo arcade punk doinuak eta sintetizadore itsaskorrak egiten dituen Sistema de Entretenimiento (ES) taldea, besteak beste.

BIME Live jaialdiko showcaseak iberoamerikar agertoki garrantzitsuenetako bat dira etorkizunean arrakasta-zerrendetan eta nazioarteko agertokietan jo ta su arituko diren artistak ezagutzeko. Musikaren ospakizun honek talentu artistiko berriaren alde egiten du, publiko orokorrari sarrera librea eskainita (edukiera mugatua du, eta akreditatutako profesionalek dute lehentasuna), eta Bilboko Udalaren laguntza izateaz gain, eragile eta organismo askok ere parte hartzen dute bertan: ICEX-Sounds From Spain, Sociedad de Artistas, Intérpretes o Ejecutantes (AIE), BASQUE.MUSIC., Navarra Music Commission, Catalan Arts, Agencia Andaluza de Instituciones Culturales, Institut d’Estudis Baleàrics, Instituto de las Industrias Culturales y las Artes (Murtzia), Ministerio de las Artes, las Culturas y los Saberes (Kolonbia), Ministerio de las Culturas, las Artes y el Patrimonio (Txile), Initiative Musik, Portugaleko enbaxada, Why Portugal, Dutch Music Export, Keychange, Factor Canadá, Hungarian Oncoming Tunes (HOTS); era berean, komunikabideen eta marken babesa ere badugu: ADA, edo NPR ALT.Latino besteak beste.

MUSIKAZ HARATAGO DOAN PROGRAMAZIOA

Kultura- eta sormen-ekosistema sendo bat lortzeko eta sustatzeko lan egiteko konpromisoaren ildotik, BIMEren aurtengo edizioan tokiko, nazioko eta nazioarteko kultura-ekimenekin lankidetzan antolatutako jardueren eskaintza zabala aurkeztuko da, musika bestelako diziplina artistikoekin uztartuta, urriaren 24tik azaroaren 2ra bitarte. Besteak beste, argazkigintzako tailer bat Jon Rodriguez profesionalarekin; DJen tailer bat Dabadaba aretoarekin elkarlanean; hainbat proiekzio, hala nola Anthony Lapia zuzendariaren “After” eta Gaspar Noé zuzendariaren “Climax”, Filmin etxeari esker; Roberto Mosok “Puto Boomer” liburua aurkeztuko du; BIME Luthier Show artisau-azokaren lehen edizioa; eta programazioaren barruan sartzen diren beste hainbat jarduera, hala nola Biniloaren Nazioarteko Azoka, edo Guggenheim Bilbao Museoaren ART&MUSIC zikloa, Kutxabankek babestua, Rita Payés artista kataluniarrarekin.

Gainera, aurten ere, Donostia Zinemaldiarekin kolaborazioa egingo du BIMEk, irailaren 24ko solasaldiaren bitartez. Harto Rodriguez, Yerai Cortés eta Antón Álvarez (C. Tangana) solasean arituko dira Álvarezen La guitarra flamenca de Yerai Cortés filmaren inguruanizan ere, Álvarezen opera prima izaki, Zinemaldiko New Directors sailaren inaugurazioan izango da ikusgai. Irailaren 25ean, Tabakaleran izango den Keler Topagunean ere izango du tartea BIMEk. Networking gune bat Zinemaldian akreditatuta daudenentzat, honako hauen musika-proposamenak ezagutzeko: Puñales, Gonz.ne, Divorce From New York eta Gela.

INDUSTRIAKO AHOTS NAGUSIAK BIME PRON BAT EGINIK

BIME Pro ekimenaren barruan, Bilboko Euskalduna jauregian egingo diren hitzaldien egitarauari gehitu zaizkion izenak aurkeztuko dira gaur: Kase O (ES) raperoak, Nicolai Fella (CO) kolonbiarrak eta J Noa (DO) dominikarrak rap musikaren iraganari, orainaldiari eta etorkizunari buruz hitz egingo dute; Villano Antillano (DO) artista; latinezko musikan emakumeen diskurtsoaren etsipenari buruz hitz egingo duen elkarrizketan; Ana Tijoux (FR/CL), sustapen-formatu berriei balioa emanda; edo Saikoneta proiektuko Andrés Pérez (ES) eta Ferni (ES), Saiko artistarekin Espainiako historian inoizko ezagutarazte-kanpainarik onena egin zuen lantaldea.

Gurean izango dira, halaber, George Drakoulias (US), Premier Music Groupeko zuzendari sortzailea, Grammy baten irabazlea, eta Barbie, Joker edo Batman bezalako filmen ikuskapen musikalaren arduraduna; Blanca Salcedo (ES), Sony Music Spain etxearen zuzendari nagusia; Itzel González (MX), sustatzailea OCESA etxean eta Vive Latino jaialdian; Michael Vega (US), CEOa Magnus Talent Agency etxean; eta Lilttle Spain lantaldea eta Toni Segarra (ES) solasean arituko dira mugarik gabeko sormenari buruz eta musikaren arloko branding estrategiei buruz.  “Lurraldeak” izanik ildo nagusia, honako gai hauen inguruan arituko dira: espainiar musikaren esportazioa eta deskubrimendua, Adimen Artifizialak musikaren arloan duen testuingurua, erabilera eta horri buruzko eztabaidak; zuzeneko musikaren eta kontzertu-aretoen etorkizuna, edo UK-Koreako arrakasta-estrategiak musikaren esportazioari dagokionez, besteak beste.

Horretaz guztiaz gain, umoreak ere izango du tartea: La Ruina podcastaren edizio berezi batean, BIMEn akreditatutako profesionalen pasadizoen berri izango dugu, eta Albert Plá artista katalanak ere parte hartuko du bertan.

Aurtengo edizio honetan, lehen aldiz,  musika-industriari eskainitako AUPA sariak banatuko dira, ostegunean, urriak 31, Euskalduna jauregian. Ekitaldi bateratzaile eta adierazgarria izango da, musika-industriaren garapenean egindako ekarpenagatik esker ona adierazteko eragileei, beren proiektu berritzaile, arriskatu eta sormenezkoengatik.

Komunitatea eta networkinga izanik ardatz, BIME guztiok eta guztiontzat egindako ekimena da, ekintzailetza ere biltzen duen programazioarekin,  Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker; gainera, sektoreko startup disruptiboen sorta bat ere bilduko da BIME Start Up! ekimenean eta, horren barruan, StartUp Competition lehiaketari hasiera emango dio Antonio Garamendik,  Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioaren (CEOE) presidenteak.

MUSIKA-INDUSTRIAREN EZINBESTEKO HITZORDUA

Profesionalen eta artisten arteko sinergiak sustatu eta Europaren eta Amerikaren artean lankidetzarako bideak ahalbidetzeko konpromiso sendoarekin, mundu osoko profesionalak ikusgai egiteko gune eta bozgorailu nagusietako bat da jada BIME. Hainbat herrialdetako ordezkaritzak etorriko dira edizio honetan: Alemania, Kanada, Kolonbia, Txile, Hungaria, Portugal, Dominikar Errepublika eta Venezuela, besteak beste. Gainera, 2022. urtean Espainiako Kultura Ministerioarekin abiarazitako lankidetzaren bideari jarraituko dio BIMEk, programazioaren esparruan musikaren arloko enpresak eta profesionalak trebatzeko eta nazioartekotzen laguntzeko Conexiones i ibilbidearen bitartez.

Elkarrizketa eta networkinga beti daude erabilgarri bime.org webgunearen eta online plataformaren bitartez, 365 egunetan aktibo egoten baita, eta munduko edozein tokitatik parte hartzeko aukera ematen du, networkinga ere noiznahi izanik eskura. Mundu osoko musikaren arloko profesionalekin harremanetan egoteko topagune birtuala, eta aurreko edizioetako eztabaida eta hitzaldi guztiak ikusgai dauden tokia.

PRESSKIT
BIME Bilbao

  • BIME Pro – urria 29-31
  • BIME Live – urriak 25 – azaroak 2

BIME Bogota 2025eko maiatza

info+ bime.org/eu/

@bimenet_ #bime 

All about music and more

  • Fair Saturday Awards sarien zazpigarren edizioak kulturaren bidez gizartea eraldatzen laguntzen duten proiektu inspiratzaileak sortzen dituzten nazioarteko 8 erakunde eta artista aintzatetsiko ditu.

2017az geroztik, Fair Saturday fundazioak urtero antolatzen ditu Fair Saturday Awardsak, artearen eta kulturaren bidez gizartean duten eraginagatik nabarmentzen diren nazioarteko erakunde eta pertsonei egindako aintzatespenak.

Sari horiek hazkunde inklusiboagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa lortzen lagunduko duten jarduera-eredu berriak sortzeko eta sustatzeko beharra azpimarratzen dute.

Sortu zenetik, 27 herrialde ezberdinetako 51 ekimen eta pertsona aitortu dira.

VII. edizio honetan, zortzi erakunde eta/edo artista aintzatetsiko dira:

  • Abhijit Banerjee2019ko Ekonomiako Nobel Saria (Mumbai, India), garapenaren ekonomian eta pobrezia globalaren aurkako borrokan egindako ekarpenengatik.
  • Salvador Sobralmusikaria (Lisboa), musikaren bidez emozioak transmititzeko duen sentsibilitate eta trebetasun sakonagatik.
  • Sharmeen Obaid Chinoyzinema-zuzendaria eta ekoizlea (Karachi, Pakistan), zinemaren bidez giza eskubideen eta justizia sozialaren alde egindako lan ausartagatik.
  • Keishia ThorpeGlobal Teacher Prize 2021 (Washington DC), hezkuntzaren bidez bizitzak eraldatzeagatik, ikasle guztien inklusioa eta aukera-berdintasuna sustatuz.
  • Tumaini Festival (Lilongwe, Malaui), eskala handiko arte eta musika jaialdi hau antolatuz kultur integrazioa eta elkar ulertzea sustatzeagatik.
  • Bernardine Evaristoidazlea (Londres), literaturaren munduan aniztasuna defendatzeagatik.
  • Javier Sádabafilosofoa (Portugalete – Madril), etika garaikidearen esparruan duen eraginagatik.
  • Sociedad Coral de Bilbao – Bilboko Koral Elkartea, musikaren bidez (bereziki musika koralaren bidez) Bilbon eta Bizkaian duen eragin sozial positiboagatik.

Aurtengo ekitaldia Guggenheim Bilbao Museoan izango da, irailaren 23an, astelehena, 19:30ean, eta, hainbat arte-emanaldi egiteaz gain, sarituak ere bertan izango dira, baita Bilboko, Bizkaiko eta nazioarteko erakunde, kultura, gizarte eta enpresa ordezkaritza zabala.

Fair Saturday Awards sarien banaketa ekitaldiaren ondoren, BBK Bilbao Kultura SociaForumari emango zaio hasiera, kulturaren potentzial eraldatzailearen inguruan esperientzia eta hausnarketa humanistak partekatzen dituzten lider kultural eta sozial nabarmenen topagune globala. 2017an sortu zenetik, ekimen honek 170 kasu arrakastatsutik gora bildu ditu gizarte-berrikuntzaren arloan.

Hain zuzen ere, aurten 18 lider kultural eta sozial izango dira, 9 herrialdetatik etorriko direnak. Lider horiek beren ikuspegiak partekatuko dituzte, pertsonen, hirien eta kulturen arteko harremanak sustatu eta estutzeko. Saritutako erakunde eta pertsonez gain, aipatzekoak dira Espido Freire idazlea, Zahara abeslari eta konpositorea eta Noa eta Mira Awad artisten arteko berrelkartze zirraragarria, zuzeneko emanaldi bat ere egingo baitute.

Forumeko saioak irailaren 24an eta 25ean izango dira, hiriko bi gune nabarmenetan: Guggenheim Museoko auditorioan (irailaren 24an, asteartea, 09:30etik 20:40ra) eta BBK Kuna eraikinean (irailaren 25ean, asteazkena, 10:00etatik 13:00etara).

Programa osoa bksforum.org webgunean kontsulta daiteke. Fororako sarbidea librea izango da, webgune horretan emandako erregistro-esteken bidez.

    • Bilboko Triatloiak distantzia olinpikoa berreskuratu du, eta Half distantzia proba puntuagarri gisa mantendu da Distantzia Ertain eta Luzeko Triatloiaren Ranking Nazionalean.

Datorren zapatuan, irailak 14, Bilbon paregabea den ekitaldiaren 13. edizioa egingo da, diziplina horretako kirolari onenekin, uriaren erdigunean. Bilboko Triatloia erreferentziako ekitaldia bihurtu da estatuan (2020an eta 2021ean Espainiako Txapelketa izan zen), eta atzerrian harrera handia izan du (2022an Europako Txapelketa izan zen). 13. edizio honetan, Half modalitatea puntuagarria da Distantzia Ertain eta Luzeko Triatloiaren Estatuko Rankingerako. Horregatik, trofeo horren alde borrokan ari diren Estatuko eta Euskadiko triatletarik onenetako batzuek gure Triatloian parte hartuko dute. Baina aipagarriena modalitate Olinpikoaren itzulera da, ibilbide erakargarria eta aurreko edizioetatik desberdina daukana.

Bilboko hirigunea eta itsasadarra izango dira protagonista nagusiak, igeriketako eta oinezko lasterketako segmentuetan.    Eszenografia horretara uriko beste puntu enblematiko batzuk gehituko dira, eta horrek kirolarien, zaleen, bisitarien eta, oro har, herritarren arteko lotura handiagoa indartu dezake, publiko osoarentzat oso hurbileko ekitaldia izatea ahalbidetuz.

IRTEERAK

Irteerak 13:30etatik aurrera egingo dira, Ramon de la Sota kaitik, Bilboko Itsasmuseoaren parean. Txanda jarraituak egingo dira eta, lehenik, Half modalitateko kirolariak aterako dira uretara; ondoren, Aquabike modalitatekoak, eta, azkenik, modalitate olinpikokoak.    2.000 metroko joan-etorriko ibilbidea egingo dute modalitate luzeenetan eta 1.500 metrokoa olinpikoan; gero kaira itzuliko dira eta bizikletara aldatuko dira.

Bizikleta segmentua 83,2 km eta 45 km-ko bira bakarra da, hurrenez hurren, Bizkaiko lurralde historikoa erakargarrian zehar.   Euskalduna zubitik irtengo da Bilbotik eta Bernaola tuneletarantz joko da, Asuarantz joateko.  Puntu horretan, modalitate Olinpikoa Laukiz aldera joango da, Loiutik barrena, eta Butroen distantzia luzeekin bat egingo dute; Half eta Aquabike modalitateak Txorierritik jarraituko dute (BI-737 errepidean) eta Sondika, Loiu, Derio, Zamudio, Lezama eta Larrabetzu zeharkatuko dituzte; gero Morgako gaina igoko dute eta Fruiz eta Meñaka udalerrietan zehar jarraituko dute. Han, BI-631 errepidetik jarraituko dute Bakiotik Mungiara joateko, Larrauri auzoa zeharkatuko dute Markaida aldera joateko eta Maruri-Jatabera iritsiko dira. Puntu horretan, Mungiatik Gorlizera doan errepidearekin konektatu eta Gatikatik Urdulizerako BI-2124 errepiderantz joko dute, Butroetik igaroz. Urdulizko sarrerako biribilgunean, gune horretako modalitate guztiek elkarrekin, Unbeko gainera joateko irteera hartuko dute Akarlanda parkera iritsi arte, hortik EHUrantz joateko. Handik, Astrabuduara jaitsi beharko dute berriz ere Axpeko erriberara irteteko, Bilborako norabidean, eta berriz ere Euskalduna zubitik sartu beharko dute, trantsizio-eremura itzultzeko eta lasterketa-segmentura oinez irteteko.

Ibilbidean, azkar joan daitezkeen errodadore onentzako tarteak nabarmendu behar dira; gain bi dauzkate, zailtasun handirik ez daukatenak: Morgako gaina (4,1 km, % 5,5eko batez besteko maldarekin eta % 8,3ko gehieneko maldarekin) eta Unbe (7,4 km, % 2,5eko batez besteko maldarekin eta % 6,1eko gehieneko maldarekin).

Oinezko lasterketan, Bilbon ia 500 triatleta izango dira berriz ere. Parte-hartzaileak itsasadarraren pasealekuan zehar joango dira, Itsas Museoaren zabalgunetik Udaletxeko zubiraino, itsasadarraren alde bietatik. Joan den zapatuan, entrenamendu eguna egin ahal izan zen ibilbide horretan “eta parte-hartzaile guztiak bat zetozen esatean lasterketa bat leku hauetan egin ahal izatea dela proba honen erakargarritasunetako bat.”

SARIAK BANATZEA

Triatleten harrera Bilboko Itsasmuseumaren zabalgunean egingo da, barikuan, 17:30etik aurrera.Une horretan hasiko dira dortsalak eta opariak ematen; besteak beste, motxila bat, kamiseta klasikoa eta retro itxurako txirrindularitza-txano bat. Era berean, barikuan berritasun gehiago egongo dira eta hitzaldi teknikoak emango dituzte triatleta handi eta profesional bik, (Julen Díez entrenatzaileak eta Pablo Navarro nutrizionistak) 19:00etan Bilboko Itsasmuseumeko Auditoriumean, probaren inguruko informazioa emateko saio batekin batera.

Zapatuan09:30etik aurrera, idazkaritza teknikoa irekiko da berriz ere, dortsalak ematen, materiala biltzen eta boxak irekitzen jarraitzeko.

Gizonezkoetan, aurreikuspenen arabera, lehenengo txirrindularia 14:50ean (Olinpikoa) eta 15:45ean (Half modalitatea) itzuliko dira da bizikleta-ibilbidetik eta 15:20an eta 17:00etan iritsi daiteke helmugara. Emakumeen kasuan, lehenengo sailkatuak 15:30 eta 17:30 inguruan heltzea espero da.

Sariak 19:00etan banatuko dira.

  • Jaialdiaren hirugarren edizioa, Bilboko Udalak sustatua eta guztiz doakoa dena, igandera arte luzatuko da, hilak 28, eta Areatza izango da agertoki nagusia.

  • Lehenengo egunean, Del Toro Blues band, Sirjo Cocchi & Balta Bordoy-The Blues Way, Tòfol Martínez Blues band eta The Lazy Tones arituko dira Volotea Blues Challenge 2025 jaialdian Estatuko ordezkari izateko lehian.

  • The Fabulous Thunderbirds eta D.K. Harrell-ek Estatuan eskeiniko dituzten kontzertu bakarrak izango dira jaialdian. T-Birdsetako liderra den Kim Wilson harmonizista ospetsuak, gainera, aurtengo Bilbao Blues Festival saria jasoko du bere musika-ibilbide apartagatik.

Udako musika hitzordu garrantzitsuenetako bat da. Bilbao Blues Festival jaialdiaren hirugarren edizioa ostegun honetan, uztailaren 25ean, hasiko da, estatuko eta nazioarteko hogei bat artista handik osatutako salbuespenezko kartel batekinAurten, Areatzan burutuko diren kontzertuen doako programazioan, The Fabulous Thunderbirds, D.K. Harrell, Ana Popovic, Martha High & The Soul Cookers, Anson Funderburgh, Mike Morgan, Shawn Pittman, Southern Avenue, Annika Chambers, Terrie Odabi, Chino Swingslide Trio, La Perra Blanco, Kid Carlos Band eta Ibai García Blues Project izango dira.

Lehen jardunaldian orain arte ikusi ez den hitzordu bat izango da: Volotea Blues Challenge txapelketako finala, eta hortik aterako da Spliten (Kroazia) egingo den European Blues Challenge 2025 jaialdira joango den taldea.

Del Toro Blues band, Sirjo Cocchi & Balta Bordoy-The Blues Way, Tòfol Martínez Blues band eta The Lazy Tones dira lau talde finalistak. Bakoitzak 30 minutuko emanaldia eskainiko du, uztailaren 25ean, 19:30etik aurrera, Areatzako kioskoan.

KIM WILSON: BILBAO BLUES JAIALDIAREN SARIA

The Fabulous Thunderbirds eta D.K. Harrell, 26 urte baino ez dituen jenioa, Bilbao Blues Festival jaialdiaren hirugarren edizioko emanaldi nabarmenetako bi izango dira, Estatuan emango dituzten kontzertu bakarrak izango baitira; gainera, Harrell-ek lehen aldiz joko du hemen. T-Birds taldeko liderrak, Kim Wilson harmonizista ospetsuak, aurtengo Bilbao Blues Festival Saria jasoko du bere musika ibilbide sendo eta distiratsuagatik.

LA PERRA BLANCO KARTELEAN SARTU DA

Bilbao Blues Festival jaialdiko “line up” -arekin bat egiten duen azken taldea La Perra Blanco da, Alba Blanco cadiztarra buru duen laukoteaGuillermo González del Campo kontrabaxu-jotzaile basatienak, Gerart Vercherrek (saxoa eta teklatuak) eta bateria handi batek, Jesús López Benítez, lagunduta, abeslari indartsuak inor axolagabe uzten ez duten zuzenekoak oparitzen ditu.

BOOGIE-WOOGIE KLASEAK

Igandean, hilak 28, 11:00etan, boogie-woogie-ko doako eskola arrakastatsuak itzuliko dira Areatzako kioskora, dantzan eskarmentua izan edo ez, edonork parte hartzeko irekiak daudenak. Dibertigarriak eta dinamikoak, swing-arekin mugimenduak partekatzen dituen boogie woogie saioek jende ugari erakarri zuten aurreko edizioetan.

NAZIOARTEKO ONESPENA DUEN ERAKUNDEA

Jaialdiaren sustatzailea den Crazy Blues erakundeak nazioarteko saririk handienak ditu musika-genero honen bultzadari dagokionez: European Blues Unionek Azoreetan 2019an emandako sustatzaile onenaren BBSA saria (Blues Behind the Scenes Award) eta K.B.A saria (Keeping the Blues Alive) nazioarteko jaialdi baten antolakuntza onenari, munduko aintzatespen handiena dena, 2015ean Memphis-en Blues Foundation-ek emandakoa.

BILBOKO MISSISSIPPIA

Bilbao Blues Festival 2024 jaialdiko kartelaren irudia gurpil-lurrunezko ontzi bat da, Mississippi estilokoa, eta itsasadarra Areatzaren parean zeharkatzen du, jaialdiaren alderik nagusiena igarotzen den tokian.

Ilustrazioa Moriskette euskal estudioak egin du, duela ia 25 urtetik Sergio Pérez Berasategik zuzentzen duena. 2022ko irudia (bluesman bat eta Bilboko ikurra den bere baldosa esanguratsua protagonista zituena) eta 2023koa (emakumezko ahotsei omenaldi bat zena karolina gozoei keinu eginez) ere sinatu dituzte.

IBAI GARCÍA BLUES PROJECT, JAIALDIAREN ATARIKOA

Jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan, Ibai García Blues Project aritu da, hitzaurre gisa. Ostiralean, hilak 26, 19:00etan izango da bere emanaldia jaialdian.

Ibai García gitarra jotzaile eta konpositore barakaldarra Ibai García Blues Project boskotearen buru da, duela gutxi bere lehen LPa plazaratu zuena: “Chasing the blues”. Bertan, blues-rockak eta ñabardura souleroak primeran bat egiten duten kalitate bikaineko lan fresko bat sortzeko. Lomoken Hoboken blues/southern bandarekin bi LP eta hamar urteko birak argitaratu ondoren, Ibai Garciak luxuzko lau taldekiderekin osatu zuen abentura berria: Charlie Santiago (ahotsa), Aritza Castro (bateria), Fernando Solla “Fo” (baxua) eta Israel Santamaría (teklatuak), guztiak ere Bizkaiko blues eta jazz agertokietan curriculum nabarmena eta ezaguna duten musikariak.

Jaialdiaren programazio osoa eta taldeen informazioa webgune ofizialean daude.

EGITARAUA

Osteguna 25

Areatzako kioskoa. Volotea Blues Challenge finala
19:30 | Del Toro Blues band
20:15 | Sirjo Cocchi & Balta Bordoy-The Blues Way
21:00 | Tòfol Martínez Blues band
21:45 | The Lazy Tones
22:30 | Emaitzak

Ostirala 26

Areatzako agertokia
19:00 | Ibai Garcia Blues Project
20:45 | Texas Blues Guitar Summit feat. Anson Funderbourgh, Mike Morgan eta Shawn Pittman
22:30 | Southern Avenue

Larunbata 27

Oro agertokia
12:30 | Chino Swingslide Trío
14:00 | Shawn Pittman

Areatzako agertokia
19:00 | Martha High & The Soul Cookers
20:45 | D.K. Harrell
22:30 | The Fabulous Thunderbirds

Igandea 28

Oro agertokia
11:00 | Boogie Woogie klaseak
12:30 | Kid Carlos Band
14:00 | D.K. Harrell

Areatzako agertokia
19:00 | La Perra Blanco
20:45 | Rockin’ Soul Sistas featuring Terrie Odabi & Annika Chambers Paul DesLauriers-ekin
22:30 | Ana Popovic

ARTISTA BATZUK

Texas Blues Guitar SummitFunderburgh, Morgan eta Pittman musikariek ibilbide luze eta arrakastatsua dute elkarrekin. Lehenengoak, Anson Funderburgh & The Rockets-eko egungo kideak, eszenatokietara igota darama 15 urte zituenetik, eta eragin handienen artean Freddie King eta B.B King nabarmentzen dira.
Blues elektrikoa du ezaugarri Morganek, eta 14 album kaleratu ditu, gehienak The Crawl taldearen buru gisa. Shawn Pittman kantautore eta gitarristak, berriz, ibilbide oparoa du, eta Matt ‘Guitar’ Murphy, Hubert Sumlin edo Lou Ann Barton bezalako artistekin egin du lan.

Marta High & The Soul Cookers. Berretsitako bigarren taldea Marta High & The Soul Cookers da. Haren ‘front woman’ 30 urtez egon zen James Brown mitikoarekin agertokian, eta, ondorioz, bere emakumezko kantari beteranoena bihurtu zen. Gaur egun, bere taldearekin ez ezik, mundu osoan zehar dabil biraka Maceo Parkerren taldeko abeslari nagusi gisa, Brownekin batera jotzeagatik ere ezaguna.

Ana Popovic (Belgrad, Serbia, 1976) 25 urteko ibilbide artistiko nabarmena duen gitarrista eta abeslaria da. Fender Stratocaster bereizezina sorbaldan duela, teknika bikaina erakusten du, baita eszenatokien gaineko presentzia dotorea eta kementsua ere. Popovic blueswoman bat da, power blues, soul eta rockaren eremuetan uretan arrain gisa mugitzen dena. Bonnie Raitt eta Susan Tedeschirekin batera generoaren “triunbiratu” femeninoa osatzen du, eta bere aurkezpen txartelean B.B.King, Buddy Guy, Jeff Beck edo Joe Bonamassarekin partekatutako emanaldiak agertzen dira, bai eta Blues Music Awards sarietarako izendapen ugari ere.

Southern Avenue. Talde gazte hau soul, blues eta rock tradizioen arteko nahasketa bikaina da. 2015ean sortu zuen Ori Naftalty israeldar jatorriko gitarra-joleak, eta izenerako Memphis-eko kale bat hartu zuen oinarritzat. Kale hau hiriaren muga ekialdekoenetik Soulsvilleraino hedatzen da, Stax Records-en jatorrizko bizilekua dena. Naftaltyz gain, taldea osatzen dute Tierinni Jackson abeslaria, haren arreba, Tikyra Jackson bateria-jotzailea, Evan Sarver baxu-jotzailea, Ava Jackson (koruak) eta Jeremy Powell teklatuetan. Bere ‘Keep on’ diskoa Billboardeko ‘Top Blues Albums’ zerrendako bosgarren postura iritsi zen, eta Grammy sarietarako izendatu zuten, ‘Blues Garaikideko Album Onena’ atalean.

Rockin’ Soul Sistas: Annika Chambers, Terrie Odabi eta Paul DesLauriersAnnika Chambersek eta Terrie Odabik luxuzko proposamena osatzen dute, Rockin Soul Sistas, Paul DesLauriers-ekin batera, soul bluesaren ospakizun musikal ikusgarria eskaintzen duena. Chambers (Houston, 1985) eliza batean abesten hazi zen, hortik bere gospel eragin nabarmenak.

Zazpi urte eman zituen Estatu Batuetako indar armatuetan izena emanda, non bere talentua ez zen oharkabean pasa eta ereserki nazionala abestera gonbidatu zuten zeremonia batean. Gertaera horrek Kosovora eta Irakera zuzendutako tropa militarrentzako bira batean parte hartu zuen talde batean sartzera eraman zuen. 2019an eta 2022an, Blues Music Award saria irabazi zuen, soul blueseko emakumezko artista onenaren kategorian.

Kid Carlos BandLaukote honek Sevillako Carlos Moreno gitarra-jolea, “Kid Carlos” izenez ezagunagoa dena du buru eta bluesean ditu sustraiak. Hala ere, taldeak gainerako kideen eragin musikaletatik edaten du, hala nola jazzetik, rocketik edo funketik. “Kid Carlos”-ek ondoan izango ditu Txako Jones (ahotsa), Raúl Cordón (baxua) eta Stefano Di Rubbo (bateria). “Cannonball” aurkeztu zuten 2018an, Freddie King gitarra-jolearen omenezko albuma, eta aurten kaleratuko den disko berri batean lan egiten ari dira. Kid Carlos Band ohikoak dira blues-jaialdi garrantzitsuenetan, eta Espainiako ordezkariak izan ira European Blues Challenge 2024 ospetsuan.

Chino Swingslide TríoHernán Senraren (Buenos Aires, 1980) alter egoa da, 2001etik Bartzelonan bizi den artista polifazetikoa, musikari bakarlari, konpositore, moldatzaile eta “showman” lanak egiten dituena. Gitarra jotzaile nabarmena da, batez ere barietate erresofonikoarekin eta “slide” estiloa aplikatuta, bere ikuskizunetan publikoa dardararazteko eta inoiz oharkabean ez pasatzeko erraztasuna du. Chinok bluesa eta swinga estilo desberdinak fusionatzen ditu, hala nola gipsyarekin, jazzarekin, tangoarekin, boleroarekin, flamenkoarekin edo Hego Amerikako folklorearekin, Europako eta Amerikako areto eta jaialdietan arrakasta handiz aritu da.
Bere hirukotearekin batera, 2013ko European Blues Challengean bigarren saria lortu zuen, Espainia ordezkatuz. Azken urteetan Down Home, Shine, The Acoustic Blues Company, Chino & The Big Bet eta Chino & The Sharps bezalako taldeen buru izan da.