• BBK Bilbao Music Legends Festak ziurtatuta du DEEP PURPLE, CANNED HEAT, THE SCREAMIN’ CHEETAH WHEELIES eta SUSAN SANTOSen parte-hartzea, 2024ko ekainaren 14an eta 15ean egingo den zazpigarren ediziorako

BBK-k eta Bilboko Udalak babestutako eta Dekker Eventsek antolatutako jaialdia Bilbao Arenan egingo da. Lehenbiziko bonuak salgai daude jada, merkaturatze-sustapen berezi batean: 80 € + gastuak (kopuru mugatua).

Hard rockaren aitzindari eta inoizko banda onenetako bat, DEEP PURPLE, ibilbide geldiezineko taldea, BBK BILBAO MUSIC LEGENDS FESTaren zazpigarren ediziorako ziurtatutako lehen kartelburua da. Rockaren kulturaren zenbait doinu klasiko bikainen egileak dira, eta hainbat belaunalditako jarraitzaileak erakartzea lortu dute. Orain, baieztatu dute “Legends” jaialdiaren agertokian egongo direla; hartara, bertaratzen direnek rock onenaren saio batez gozatzeko aukera izango dute. 150 milioi disko baino gehiago saldu eta mundu osoko estadioak bete dituzte zenbait hamarkadatan zehar, eta, beraz, ez da harritzekoa Planet Rock britainiar irratiak “historiako 5. talderik garrantzitsuena” izendatu izana.

Britainiarrekin batera, “Legends”-ean joko du, halaber, CANNED HEATek, 1965ean Los Angelesen sortutako blues-rock/boogie talde ospetsuak. Hala, berriz programatuko da iazko edizioko kontzertua. Nashvilletik (Tennessee) etorrita, eta aurten egindako biran sarrera guztiak saldu ostean, Mike Farrisen taldea, THE SCREAMIN’ CHEETAH WHEELIES, jaialdian arituko da bere rock klasiko eta kementsuarekin, 2024an Espainian egingo duen emanaldi bakarrean. Azkenik, SUSAN SANTOS power trioa dugu, Susan bera buru. Blues-rock onena jotzen duen talde hori dugu ziurtatutako lehen multzo honetako atzena.

BILBAO ARENAN

BBK BILBAO MUSIC LEGENDS FESTa Bilbao Arenan egingo da, 2024ko ekainaren 14an eta 15ean. Ondo finkatutako jaialdiak, berriz ere ekarriko digu urtero askotariko entzuleak biltzen dituen musika-eskaintza, nazioartean, nazio barruan eta gurean ospea duten eta adin guztietako musikazaleak Miribillaraino erakarriko dituzten artistekin.

Sarrera doakoa da 14 urteetara arte (adin hori barne), eta giroa belaunaldi askorentzat egokia izatea da helburua. Hala, jaialdia Bilbo ikuspuntu kultural zein sozialetik aberasteko zutabeetako bat da, eta haren balioak sendotzen ditu, kultur agertoki bizi eta irmo gisa.

Gainera, aurreko edizioetan bezala, jaialdiak musika-eskaintza dibertsifikatzen lagunduko du, beste behin ere tokiko artistek jardungo baitute Voodoo Child terrazan (Bilbao Arenaren kanpoaldean). Aire zabaleko eremu horretan aukera gastronomiko askotarikoa eta zabala egongo da, tokiko eskaintza eta guzti, eta jaialdiaren merchandising ofizialaren salmenta-gune bat ere jarriko da.

Antolatzaileek hurrengo edizioaren kartela osatuko duten izen gehiago iragarriz joango dira, nazioarteko mito handiak hartu dituen jaialdia egiteko: Van Morrison, The Beach Boys, Jeff Beck, Steve Winwood, Jethro Tull, Bob Geldoff, Nina Hagen, Mavis Staples, John Cale, Steven Van Zandt, Graham Nash, Paul Carrack, Status Quo eta Chris Isaak, besteak beste.

Jaialdira joan nahi dutenek bi eguneko bonua eskuratu dezakete dagoeneko, Kutxabanken bidez edo jaialdiaren webgune ofizialean (www.musiclegendsfestival.com), merkaturatze-prezio berezian: 80 € gehi gastuak (kopuru mugatua).

  • Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko turismoaren arloko zenbait profesionalek, tokiko 18 enpresarekin batera, sustapen-topaketa batean parte hartuko dute bihar, martitzena, Zurich hirian. Bertan, Suitzako 70 agente eta tour-operadore baino gehiago biltzea espero da.

  • Horrela, berriro hasiko da bi erakundeek urtean zehar antolatzen duten workshop-zikloa, Bilbao Bizkaia erakargarria izatea eta kanpoko merkatuan lotura komertzialak izatea sustatzeko programatzen dena.

Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko Turismoko talde teknikoak topaketa profesional berri bat egingo du bihar, martitzena, Suitzako Zurich hirian, Bilbao Bizkaia turismo-jomuga gisa sustatzeko eta merkataritza-loturak indartzeko.

Oraingo honetan, tokiko 18 enpresak ere parte hartu dute bidaian: horietatik 14 ostatuen sektorekoak dira (hotelak, elkarteak…), eta beste 4 agentziak. Gainera, bi hirien artean zuzeneko lotura eskaintzen duen Vueling hegazkin-konpainiaren ordezkariek ere hartuko dute parte.

Workshop berri honetan, Suitzako 70 eragile inguru biltzea espero da, eta Bilbao Bizkaia-ren aurkezpen zabala eskainiko zaie, hiri kultural gisa dituen lehentasunezko ardatzen eta ikonoen inguruan (museoak…), eta baita arlo hauetan ere: gastronomia, ibilbideak, paisaiak, merkataritza, kirolak, Athletic esperientzia…hori guztia, zuzeneko euskal musika eta dantza tradizionalez lagunduta.  Aldi berean, negozio-bilerak egingo dira Zurichen, turismo-eragile horiekin enpresa-harremanak ezartzeko edo, hala badagokio, indartzeko.

Jomugaren esperientzia bizia eta iradokitzailea lortzeko, nobedade gisa, Bilboko Txistularien Banda ere joango da ordezkariekin, topaketa girotzeko eta gure kulturaren eta nortasunaren musika- eta dantza-errepertorio bat aurkezteko. Errepertorio horretan, gainera, gure gastronomia oinarri duen afari bat eskainiko da, 0 kilometroko produktuekin.

TOPAKETA BERRIAK

Topaketa berri honekin, Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariek hasiera eman diote udagoieneko denboraldiari, Bilbo eta Bizkaia atzerrian sustatzeko topaketen zikloarekin. Aurten, hainbat intentsitate-maila ezarri dira sustapen-ekintzetan, bost irizpideren arabera:

  • Merkatu bakoitzak Bilbao Bizkaiari ematen dion bisitari-kopurua, termino absolutuetan.
  • Merkatu horretako sarreren eta gaualdien hazkundea urtean zehar.
  • Herrialde bakoitzarekin aireko konektibitatea areagotzea, bai maiztasunari dagokienez, bai plaza kopuruari dagokionez.
  • Merkatu bakoitzaren errentagarritasunaren azterketa, herrialde bakoitzeko turistek gure lurraldean egiten duten batez besteko gastuari eta erosteko ahalmenari lotuta.
  • Eta azken urteotan ezarritako harreman komertzialetan edo instituzionaletan antzemandako aukerak.

Suitzan 2023an jarduketa ugari egingo direla aurreikusi da, baita Irlandan, Ameriketako Estatu Batuetan eta Herbehereetan ere.  Beste merkatu batzuetan –Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan, Italian, Portugalen eta Belgikan- ekintzak intentsitate ertainarekin egin dira, eta intentsitate txikiagoarekin Danimarkan, Norvegian, Suedian, Finlandian eta Baltikoko herrialdeetan, hegazkin bidezko konexio berriak direla eta.

Urtea amaitzeko falta diren hilabeteetan Londresko turismo-azoka (World Travel Market), Valladolideko Barne Turismoko Azoka (INTUR) eta Canneseko ILTM luxuaren segmentuko turismo-azoka daude aurreikusita. 2023a Stockholmen, Italian eta Mexiko hiriko amerikar merkatuetan bitartekaritza turistikora zuzendutako beste ekintza profesional batzuekin amaituko dugu.

  • Aste Santuan kultura-jardueren eskaintza zabal bat egongo da Bilbon, besteak beste, dantza, monologoak, kaleko antzerkia edo erromeriak. Bilbao basque FEST apirilaren 5etik 9ra ospatuko da

  • Kukai Dantza konpainiaren “Gelajauziak (fragments)” ikuskizun zirraragarria edo Lekittoko Deabruak taldearen “Akelarre” ikuskizuna izango dira Gasaren plazan; “Humor & Basque” zikloko monologoak Bilborocken; Trapu Zaharra konpainiaren “Turisteando” kale-antzerki barregarria Erripa kaian, edo Bilboko anfitrioien ibilbide antzeztuak Alde Zaharretik eta Mirentxu eta Begotxurenak itsasadarretik. Horiexek izango dira bederatzigarren edizio honetako unerik magikoenetako batzuk.

  • Gainera, euskal kulturako jaialdiak 200 jarduera baino gehiago eskainiko ditu, doakoak eta publiko guztientzat, hiriko 30 bat espaziotan banatuta. Jarduerek, besteak beste, gastronomiarekin, herri kirolekin, musikarekin edo zinemarekin zerikusia izango dute. Bilbao Basque FEST jaialdiaren bidez, hiria jarduera ekonomikorako eta bisitariak erakartzeko gune finkatu da, Bilbo dinamizatzeko eta Aste Santuan bertako merkataritza eta ostalaritza indartzeko.

Apirilaren 5etik 9raBilbao basque FEST jaialdiaren bederatzigarren edizioa antolatuko da hiribilduan. Aurten ere, KULTURA izango da elementu garrantzitsuenetako bat Aste Santuan milaka turista erakarri eta bilbotarrei hiriaz gozatzeko aukera ematen dien jaialdi arrakastatsu honetan.

Gasaren plaza eta Bizikidetasun plaza izango dira dantzak Bilbao basque FEST jaialdiaren ibilbideari ekiteko aukeratu dituen agertokiak. Hori horrela, ostegunean, apirilak 6, Kukai Dantza taldearen Gelajauziak (fragments) ikuskizun zirraragarria eskainiko da 20:30ean. Ikuskizunean eszena garaikideko bi artista handi bilduko dira: Jon Maya eta Cesc Gelabert. Bi dantzariek dantza klasikoaren kontzeptuak berrikusi dituzte gaur egungo ikuskizun bat sortzeko, Néstor Barrenetxearen eszenografiarekin, zeinak bi MAX sari jaso zituen, besteak beste.

Agertoki berean baina egun bat beranduago, ostiralean, apirilak 7, Lekittoko Deabruak taldeak ikusleak hipnotizatuko ditu Akelarre ikuskizunaren mugimendu erritmikoekin. Bertan, belagileek, sorginek eta Akerbeltz pertsonaiak arbasoen zeremonia hori ospatuko dute musika, sua eta piroteknia uztartuko dituen koreografia batekin.

Beste alde batetik, Isozaki Dorreek inguratzen duten Bizikidetasun plaza agertoki bikaina izango da Kresala Dantza Taldearen body-art eta dantza ikuskizunaz gozatzeko apirilaren 7an, ostirala, 19:30ean. Talentua eta energia uztartuko dira Aztarnak izenburua duen lanean, eta dantza eta pintura nahastuko dituen aparteko erakustaldia izango da.

Beste estilo batekin, Sekai konpainiak Breaking Beethoven lana aurkeztuko du agertoki berean, larunbatean, apirilak 8, 19:30ean. Lan horretan, ospe handiko musikari alemaniarraren konposizioak, break dance estiloa eta dantza garaikidea batuko dira ikuskizun bakarrean, eta ez du inor epel utziko.

ERRITMOA ETA JAI-GIROA ERROMERIETAN

Bilbao Basque Fest jaialdiaz dantzatzen gozatu nahi duten pertsonek, hain zuzen ere, egunero egin ahal izango dute Gasaren plazan 19:00etan, erromerietan. Hasiberriak eta eskarmentudun dantzariak bilduko dira bertan euskal dantzak ikasteko asmoz. Ortzadar, Lorratz eta Gaztedi Dantzari Taldea arduratuko dira betiko musika jotzeaz, ikusleak dantzan jartzeko asmoz.

Urtero bezala, tontor ospetsuenetako batera iritsiko da jaialdia: Artxanda Bilbao basque FEST jaialdiaren azken egunean, igandea, apirilak 9, milaka pertsona bilduko dira 12:00etan Inguma Dantza Taldearekin. Taldeak gure betiko dantzen pausoak erakutsiko dizkie bertaratzen diren guztiei, sagardoa eskuan dutela, euskal folklorearen atalik garrantzitsuenetako batez gozatu dezaten.

BARREZ LEHERTZEKO EUSKAL UMOREA BILBOROCKEN ETA ERRIPA KAIAN

“Euskal zigilua” duten barrez lehertzeko antzerkiak Bilborock jaialdiko arratsaldeak eta Erripa kaia bizituko ditu. Hala, “Humor and Basque” Bilborockera itzuliko da ostegunean, apirilaren 6an, 20:00etan“Kiero ser vasco, palabra de catalán” lanarekin, Raül Supervia komikoarena. Katalunian jaio arren, komikoak euskaldun izateko baldintza guztiak betetzen ditu.

Ostiralean, apirilaren 7an, Kolektibo Monstrenkoren txanda helduko da, eta “Espejismo” taularatuko du. Antzezlanak zuzeneko musika testu “epiko” eta poetikoekin konbinatuko du, umorea galdu gabe.

Azkenik, larunbatean, apirilaren 8an, María Urzelai, Getari Etxegarai eta Leire Orbe aktoreek ikus-entzuleen barre-algarak piztuko dituzte, “Los cuatro elementos” interpretazioarekin, Ibon Belandia musikariarekin batera. Lekua bete arte egongo dira eserlekuak.

Umore-eskaintzak ere bere lekua izango du Erripa kaian ostegunean, apirilaren 6an, 18:00etan, Trapu Zaharra konpainiaren “Turisteando” kale-antzerki barregarriarekin. Roulotte batetik abiatuko den tramak etxekoandre bat du protagonista. Etxekoandreak itsas bidaia birtual bat irabazten du, eta horri esker irudimena hegan egiten uzten ahal du eta fantasia oso ezohikoak bete.

BILBAO BASQUE FEST JAIALDIAREN KLASIKOAK

Bilboko anfitrioiak Alde Zaharretik ibiliko dira eta Mirentxu eta Begotxu, berriz, itsasadarretikBilbao basque FEST jaialdiaren protagonista handiak izango dira.

Bilboko anfitrioiak klasikoek hiribilduaren historiaren berri emango digute modu berezi, atsegin eta dibertigarri batean San Antongo elizan hasiko diren ibilbide antzeztuetan, ostegunean, ostiralean eta larunbatean, apirilak 6, 7 eta 8, 12:00etatik aurrera. Alde Zaharreko kale nagusietatik eta Areatzatik ibiliko dira, eta istorio zirraragarriak eta gutxi ezagutzen diren berezitasunak kontatuko dizkigute.

Bestalde, Mirentxu eta Begotxurekin ere beste ibilbide oso berezi bat egin ahal izango dute Bilboats itsasontzian Bilboko itsasadarretik. Bikote komikoak Frantziako Tourraren etapa guzti-guztiak hiribilduan egitea defendatuko du; izan ere, Tourraren hasierako etapa Bilbon izango da aurten. Lagun dibertigarriek ondo pentsatu dute dena: maskota, instalazioak eta inaugurazio-zeremonia, bai eta hiribilduaren ezaugarri arkitektonikoetan eta tradiziorik bilbotarrenetan oinarritutako txapelketako etapa berriak ere. Hori guztia Frantziako Tourra Bilboko Tour bihurtu dadin lortzeko.

Ibilaldi antzeztuak ostegun, ostiral eta larunbatean —apirilak 6, 7 eta 8— egin ahal izango dira 11:30ean, 12:30ean, 13:30ean, 16:30ean, 17:30ean eta 18:30eanTxartelak (3 euro) Bilboatsen Pio Baroja plazako bulegoan eta webgune honetan daude eskuragarri: www.bilboats.com.

BILBAO BASQUE FEST ZIFRETAN

Bilbao Basque FEST euskal kulturako jaialdia, apirilaren 5etik 9era bueltan izango dugu, Bilboko Udalak antolatutako 200 jarduera baino gehiagorekin. Jaialdiak sei gai (Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport) izango ditu hiriko 30 bat espaziotan zehar.

Bilbao Basque FEST jaialdia Euskal nortasun kutsua duen kultura eta aisialdi proposamena da eta hiria jarduera ekonomikorako eta bisitariak erakartzeko gune gisa finkatzea lortu du, Bilbo dinamizatzeko eta Aste Santuan bertako merkataritza eta ostalaritza indartzeko.

360 jatetxe, taberna, merkataritza, denda espezializatu… parte hartuko dute 230 artista baino gehiago barne hartzen dituen eta 150 pertsonari baino gehiagori lana emango dien edizio honetan, jaialdia ekoizteko eta gauzatzeko..

Jendeak honako jarduera hauetaz gozatzeko aukera izango du, besteak beste: musika, dantza eta antzerkiko 69 ikuskizun, euskal kiroleko 25 jarduera eta zero kilometroko produktuen 900 dastatze espres eta 400 tailer gastronomiko txiki baino gehiago.

Gainera, Bilboko Udalak euskarazko, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko 15.000 informazio liburuxka banatuko ditu, jarduerei eta ordutegiei buruzko xehetasun guztiekin eta herritarrentzako informazio erabilgarriarekin.

Hemen duzu Aste Santuan Bilbon Bilbao basque FEST jaialdiaz gozatzeko behar duzun informazio guztia eta programa osoa: basquefest.bilbao.eus.

SARE SOZIALAK:

#BilbaoBasqueFEST

  • Joan berri den asteburuan, Destinos Euskadi elkarteak turismo informazio puntu bat hartzen zuen karpa bat jarri du Zaragozako Plaza del Pilar delakoan, eta bertan adituek gidatutako dastaketak antolatu dira, zeinetan 380 lagunek parte hartu baitute, bai eta herri-kiroletako ikuskizunak ere.

Bilboko eskaintza kulturalak eta gastronomikoak arrakasta handia izan du asteburuan Zaragozan. Destinos Euskadi izeneko elkarteak bultzatutako sustapen-ekintza horretan, martxoaren 3tik 5era arte, Plaza del Pilar delakoa mila lagunen interesa piztu duten hainbat dastaketaren eta herri-kiroletako ikuskizunen agertokia izan da.

400 bat lagunek aukera izan dute Idiazabal Gazta bikaina, Arabako, Bizkaiko zein Getariako txakolinak eta Arabako Errioxako ardoak dastatzeko. Horrez gain, karpan herri-kiroletako ikuskizunak ere antolatu dira, harri-jasotzaile, altxatzaile, aizkolari eta guzti.

Inaugurazioan Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Irun/Hondarribiko eta Zarauzko turismo ordezkariak izan dira, bai eta Sara Fernández Escuer, Zaragozako Udaleko alkateordea eta Kultura eta Kanpo Proiekzioko sailburua ere.

Aragoi merkatu estrategikoa da Bilborentzat, gertu baitago eta hazteko potentzial handia baitu. Basquetour – Turismoaren Euskal Agentziaren datuen arabera, joan den urtean Aragoiko Autonomia Erkidegoko 75.105 lagunek bisitatu zuten Euskadi2021. urtean baino % 30 gehiago. Eskualde horretako turista-kopurua dagokion serie historikoko zifrarik handienetako batera iritsi da.

SARE SOZIALAK:

  • Abenduaren 7an Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritza batek workshop bat antolatuko du Kaliforniako metropoli nagusian.

  • Erakundeetako ordezkaritzarekin batera turismoaren sektoreari lotutako zazpi enpresa joango dira, eta bilerak izango dituzte bidaia-antolatzaileekin eta bertako profesionalekin.

  • Bibao Bizkaiaren eskaintza turistikoak, zeinaren erakargarri nagusia Guggenheim Bilbao Museoa baita, harrera ezin hobea du Ameriketako Estatu Batuetako merkatuan. Izan ere, hiribildura eta lurraldera atzerriko bisitari gehien bidaltzen dituen laugarren herrialdea da, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batuaren atzetik.

Bilbao Bizkaiak Ozeano Atlantikoa gurutzatuko du abenduko zubian, Ameriketako Estatu Batuetan bere burua turismoko helmuga gisa sustatzeko.

Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritza batek workshop bat antolatu du asteazkenean, abenduaren 7an, Los Angelesen (Kalifornia). Helburua potentzial ikaragarri handiko merkatu estatubatuarrarekin loturak sendotzea da, hiribilduaren eta lurraldearen turismo-eskaintzak harrera bikaina baitu bertan.

Erakundeetako ordezkariekin batera, gure inguruko zazpi enpresetako arduradunak joango dira, besteak beste, ostatu, eremu hartzaileko konpainia eta turismo aktiboko agentzietakoak.

Los Angeles hiriko Tatel aurkezpenetarako lokal eta jatetxe ospetsuan antolatuko da workshopa, eta Udaleko eta Foru Aldundiko ordezkariek Bilbao Bizkaia helmuga turistikoa aurkezten hasiko dira. Ondoren, enpresetako arduradunek lan-bilerak izango dituzte tokiko eragile eta bidaia-antolatzaileekin, negozio-bide bateratuak finkatzeko.

Era berean, Kaliforniako turismoan espezializatutako prentsarekin topaketa bat egingo da Bilbao Bizkaiaren erakargarri nagusiak ezagutzera emateko. Horretarako, 360º-ko formatuko aurkezpenak egingo dira, eta, errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz, hiribilduaren eta lurraldearen erakargarritasunez gozatzeko aukera emango diete tokiko kazetariei, murgiltze-esperientzia batean.

Jardunaldiari amaiera emateko, Euskadiko gastronomia dastatuko dute, euskal musika tradizionalarekin girotutako saio batean.

Workshop horrek turismoaren esparruko harreman komertzialak sendotu nahi ditu Ameriketako Estatu Batuetako merkatuarekin, pandemiak kontinenteen arteko joan-etorrian izandako eraginaren ostean argi eta garbi suspertzen ari den merkatu bat den heinean. 2022ko urtarriletik urrira bitartean, 47.833 estatubatuarrek bisitatu dituzte hiria eta lurraldea, atzerritik etorritako pertsona guztien % 8,9. Horrek esan nahi du % 0,3ko igoera izan dela herrialde horretako turismoak 2019ko aldi berean izan zuen pisuarekin alderatuta.

Ostatu-gauei dagokienez, pandemiaren aurreko urteko lehen hamar hilabeteetan Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako turistek 92.089 ostatu-gau igaro zituzten (atzerritarren guztizkoaren % 8,2), eta 2022an 92.945. Horrek adierazten du ehuneko puntu erdiko hazkundea (% 0,5izan dela estatutik kanpoko turismoan, eta % 8,7ra igo da.

Horrela, berresten da Ameriketako Estatu Batuak, ia 48.000 bisitarirekinBilbao Bizkaira turista gehien ekartzen dituen herrialde ez-europarra direla. Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua baino ez ditu aurretik, eta azken horrekin aski parekatuta dago 2022ko atzerriko pertsonen sarreren ehunekoari dagokionez. Dudarik gabe, New Yorken sortutako Guggenheim marka, itsasadarrean kokatutako museo ikusgarriari esker azken 25 urtetan Bilbo eta Bizkaiko ikurra izan dena, oso erakargarria da merkatu horretarako.

Turista estatubatuarrek gastu-ahalmen handia dute, eta bi eguneko egonaldiak egiten dituzte batez beste. Profil hori guztiz bat dator hiribilduaren eta lurraldearen eskaintzarekin, zeinaren barruan goi-mailako gastronomiak lehentasunezko tokia baitu. Gainera, Ameriketako Estatu batuek, orokorrean, eta Los Angelesek, bereziki, lotura bikainak dituzte Bilbao Bizkaiarekin Europako aireportu nagusien bidez, eta horrek bide ematen du Atlantikoko beste ertzeko bisitariek gure lurraldea aukeratzeko.

PROMOZIOZ BETERIKO UDAZKEN BATEN AMAIERA

Ameriketako Estatu Batuetara egingo den bidaia hori Bilbao Bizkaia helmugaren kanpoko promozioari dagokionez bete-beteta egon den udazken honen barruan dago. Hala, Kopenhagen beste workshop baten eta Frankfurten zein Düsseldorfen zentraturik Alemanian egindako roadshow baten ostean, hiribilduak eta lurraldeak nazioarteko ekitaldietara hurbildu dute eskaintza turistikoa, hala nola Global European Marketplace delakora eta World Travel Marketerabiak Londresen, baita Stockholmeko Travel News Marketera ere.

Horrez gain, duela gutxi Bilbao Bizkaiak Valladolid hiriko Intur Azokan ere egin zuen agerraldia. Azoka hori barne-turismoan espezializatuta dago. Eta aste honetan Los Angelesen egoteaz gain, Bilbao Bizkaia Cannesko ILTMn izango da, gaur hasi eta abenduaren 8ra arte antolatuko den luxuzko bidaien industriaren topaketa nagusian. Hurrengo agerraldi handia 2023ko urtarrilean izango da, Madrilgo nazioarteko azoka den FITURen.

  • Bilbao Convention Bureau ataleko ordezkaritza Alemaniako hirira joango da, hemengo 10 enpresen laguntzarekin, kongresuei, enpresa-bilerei eta pizgarriei lotutako bidaiak erakartzeko.

  • Azoka maiatzaren 31n hasi eta ekainaren 2an amaituko da, eta 90 herrialde baino gehiagotik etorritako 2.800 erakusmahai inguruko bilduko dira bertan.

Bilbok nazioarteko promozio-egutegia berreskuratu du pandemiaren ondoriozko etenaldia eta gero, eta, horrela, bileren sektorearen azoka garrantzitsuenetako batean parte hartuko du berriz ere: IMEX Frankfurt.

Maiatzaren 31tik ekainaren 2ra bitartean, Bilbao Convention Bureau ataleko ordezkaritza bat egongo da Alemaniako hirian, eta Bilbok kongresuen eta bileren egoitza gisa duen ahalmena erakutsiko dute han, bertoko beste hamar enpresen laguntzarekin: Palacio Euskalduna, BEC, Ercilla de Bilbao, Melia Bilbao, Romotur, NIS, Hotel Gran Bilbao, Radisson Collection Gran Vía, STI eta GoBasquing.

Hori dela eta, datozen hiru egunetan Bilbok hitzordu bat izango du sustapenarekin, bai eta ekitaldiak, kongresuak, enpresa-bilerak eta pizgarrien bidaiak antolatzeko dituen aukera bikainekin ere.

IMEX Frankfurt azokan, bileren munduko industria osoa bilduko da, eta 90 herrialde baino gehiagotatik hurbildutako 2.800 erakusmahai inguru batuko dira.

Honako hauek parte hartuko dute ekitaldian: ekitaldi handiak antolatzeko enpresa espezializatuak, hotelen taldeak eta kateak, aire-konpainiak, agentziak eta hornitzaileak, bai eta mundu osoko hiri eta eskualde ugari ere, Bilbok bezala, beren eskaintzak IMEX azokan ezagutzera emateko asmoz.

Bilbao Convention Bureau lehenengo ediziotik egon da ekitaldian, eta, aurten, lan-agenda bete-betea duela joango da, sektoreko nazioarteko elkarteekin, bileren turismo-eragileekin eta herrialde ugaritako enpresa handiekin batzeko asmoz.

Bilboko ordezkaritzaren asmoa da azokan profesionalekin harremanetan jarri ahal izatea eta kongresuak zein bilerak hartzeko hiriak eskaintzen dituen aukeren berri ematea. Bilbao Convention Bureauk eta kide diren enpresek, hain zuzen ere, kongresuak eta hitzaldiak antolatzeko hiriak dituen egoitzak eta ekipamenduak nahiz ingurua aurkeztuko dituzte Alemanian. Bestalde, honako hauek nabarmenduko ditu Bilboko ordezkaritzak: hotelen eskaintza, gastronomia eta aisialdirako eta kulturarako proposamenak.

  • Bisita hau Match Bilbao Bizkaiaren azken fasearen barruan egiten da. Turismoaren sektoreko enpresen eta profesionalen artean helmuga nazioartean sustatzeko ekimena da, Foru Aldundiak eta hiriburuko Udalak abian jarria, eta aurreko hilabeteetan bi fase birtual izan ditu. Fase horietan tokiko 43 enpresak eta atzerriko 179 enpresak parte hartu zuten, eta 320 bilera egin ziren.

  • Pertsona horiek bisitak egingo dituzte lurraldeko eta hiriko hainbat lekutara, herri kirol eta folklore erakustaldietan parte hartuko dute, turismoaren arloko baliabide ezberdinak ezagutuko dituzte eta workshop batean bilduko dira ostalaritzaren arloko tokiko enpresekin, bidaia-agentzia hartzaileekin eta zerbitzu turistikoetako enpresekin, jatorrizko tokietara itzuli aurretik.

  • Bidaia-agentzia handizkaririk gehienak Europako herrialdeetatik datoz, besteak beste, Italia, Danimarka, Holanda, Finlandia edota Txekiar Errepublikatik; baina badira Estatu Batuetatik eta Indiatik etorritakoak ere.

Bihartik aurrera eta hilaren 29ra arte, hamasei herrialdetatik iritsitako 54 bidaia-agentzia handizkarik eta bidaia-agentzietako ordezkarik osatzen duten taldeak gure lurraldea bisitatuko du, Bilbao Bizkaiako turismogunerik erakargarrienak ezagutzeko, bisita gidatuak egiteko eta lurraldeko sektoreko eragile nagusiekin workshop batean parte hartzeko, lankidetza-bideak eta epe labur eta ertainean elkarrekin lan egiteko aukerak aztertze aldera.

Bisita hau Match Bilbao Bizkaiaren parte da. Foru Aldundiak eta hiriburuko Udalak bultzatzen duten ekimena da, gure helmuga atzerriko enpresen eta sektoreko erakundeen artean sustatzeko asmoz, eta helburu argi batekin: pandemiaren ondorioz jasandako geldialdiaren ondorik, nazioarteko turismoaren suspertzea aprobetxatzea.

Bisita honetan parte hartuko duten pertsonak gure lurraldearentzat interesgarriak eta estrategikoak direlako hautatu diren merkatuetatik iritsitako profesionalak dira. Italiak, Danimarkak, Holandak, Belgikak, Finlandiak, Portugalek, Erresuma Batuak, Norvegiak, Frantziak, Txekiar Errepublikak, Irlandak, Alemaniak, Estatu Batuek eta Indiak osatzen dute profesional horien jatorrizko herrialdeen zerrenda.

Bihar iritsiko dira eta, lau taldetan banatu ondoren, San Mamesera bisita gidatua egingo dute. Hurrengo egunean, Ondarroa eta Lekeitio, Bizkaia Zubia, Gaztelugatxeko San Juan eta Gernika ezagutuko dituzte, eta upeltegi bat bisitatuko dute. Bisita horretan, txakolin dastaketa bat egingo dute, herri kirol eta folklore erakustaldiak ikusiko dituzte eta Bizkaiko gastronomia tradizionalaz gozatzeko aukera izango dute. Arratsaldean, Bilboko hainbat gune zeharkatuko dituzte –Zabalgunea eta Abandoibarra edo Alde Zaharra– eta eguna pintxo batzuk afalduz amaituko dute.

Ostegunean Bilboko eta Bizkaiko natura eta ondarea emango zaie ezagutzera. Ondokoak izango dira bisitatuko dituzten lekuak: Pozalagua, Balmaseda, La Encartada Fabrika Museoa edo Loizaga Dorrea, Nerbioi ibaiaren iturburua, Urduña, Getxoko Portu Zaharra, Bizkaiko Flyscha, Urkiolako eta Gorbeiako Parke Naturalak, artzainen jarduera, Elorrio eta Dima...

Eta ostiralean, Bilboko eta Bizkaiko turismogunerik erakargarrienak ezagutu ondoren, bidaia-agentzia handizkariek eta atzerriko bidaia-agentzien ordezkariek lurraldeko turismo-enpresa garrantzitsuenekin (ostatuak, bidaia-agentzia hartzaileak eta zerbitzu turistikoak ematen dituzten enpresak) lan-topaketak egingo dituzte, eta Bilbo eta Bizkaia MICE helmuga gisa aurkeztuko dituen ekitaldi batean parte hartuko dute, Bilbao Convention Bureauren eskutik.

MATCH BILBAO BIZKAIAREN AURREKO FASEAK

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak azken hilabeteotan sektoreko enpresa eta erakundeei zuzendutako helmugaren sustapenarekin zerikusia duten ekimenak landu dituzte. Izan ere, pandemiak nazioarteko mugikortasunean izan zuen eragin handiaren ondoren, badirudi atzerriko turismoa suspertu egingo dela datozen hilabeteetan, eta beharrezkoa dela prest egotea eta lan egitea aurkezten den aukera bakoitza aprobetxatze aldera.

Egunetik egunera hurbilago dagoen susperraldi hori aurreikusiz, Foru Erakundeak eta Bilboko Udalak Match Bilbao Bizkaia ekimena jarri zuten abian iaz. Ekimen horren helburuen artean gure lurraldeko turismo-sektoreko enpresen eta atzerriko bitartekarien artean negozio-harreman berriak sortzea eta suspertzea dago, eta, horrela, helmugaren aktibazioa sustatzea eta tokiko turismo-eskaintza dinamizatzea, helmugako turismo-produktuak, -baliabideak eta -zerbitzuak merkaturatzea erraztuko duten euskarri digitalak sortuz.

Ekimen hau Europako 15 merkatu baino gehiagoko turismo-sektoreko profesionalentzat xedaturik dago, eta hiru fasetan banatzen da: iaz garatu ziren 2 fase birtual, eta hirugarren fase presentzial bat, bihar hasiko dena.

Lehenengo fasea joan den ekainaren 8an eta 9an egin zen, Match Live jardunaldiekin; jardunaldiotan Bilbok eta Bizkaiak dituzten Europako merkatu nagusien turismo-bitartekaritzara zuzendutako lau telebista-programaren formatuko streaming bidezko aurkezpenak egin ziren, eta lau gai desberdin jorratu ziren: City & Experience, Coast, Nature & Rural eta MICE.

Ekimen horren bigarren fasea, Virtual Match izenekoa, Match Liveren ostean egindako workshop birtuala izan zen. 2021eko ekainaren 8tik 18ra bitartean egin zen, eta tokiko ostalaritzaren arloko enpresek, bidaia-agentzia hartzaileek eta zerbitzu truristikoak eskaintzen dituzten enpresek harreman profesionala ezarri ahal izan zuten Match Livera bertaratu ziren buyer europarrekin.

Bi jardunaldi horietan tokiko 43 enpresak parte hartu zuten, atzerriko 179 enpresak, 881 hitzordu eskatu ziren eta 320 bilera egin ziren, batez ere Frantziako (63), Italiako (55), Erresuma Batuko (39), Alemaniako (31) eta Herbehereetako (30) merkatuekin. Halaber, 208 ikustaldi erregistratu ziren Zoom plataforman eta 566 Youtuben.

    • Gure destinoa lehen aldiz doa nazioarteko ekitaldi honetara helburu bikoitzarekin: pandemiaren aurretik zegoen aireko konektagarritasun-sare osoa lehengoratzea, besteak beste Stockholm bezalako destinoak berreskuratuz, eta ibilbide berriak irekitzea estrategikotzat jotzen diren merkatuetara; horien artean, Mosku, Varsovia, Helsinki eta Kopenhage daude.

    • Connect-en, Tampere finlandiar hirian, hemezortzigarren edizioak sektoreko 650 agente baino gehiago bilduko ditu bihartik aurrera eta ostiralera arte, 75 airelinea eta 280 aireportu barne.

Bilbao Bizkaia Connect-era joango da aurten lehen aldiz. Connect konektibitatearen arloko ekitaldi handienetakoa da nazioartean eta bertan 32 bilera egingo ditu hegazkin-konpainiekin eta aireportuekin.

Finlandiako Tampere hirian ospatuko den feriara Bilbao Bizkaia helburu bikoitzarekin doa: pandemiaren aurretik zegoen aireko konektibitate-sare osoa lehengoratzea, besteak beste Stockholm bezalako destinoetara itzuliz, eta ibilbide berriak irekitzea estrategikotzat jotzen diren merkatuetara, hala nola Mosku, Varsovia, Helsinki eta Kopenhagera.

Topaketa gehienak airelineekin egingo dira, bai dagoeneko Bilboko aireportuan lan egiten dutenekin (Vueling, Volotea, Eurowings, Air France…), konpainia horiek 2022an izango duten funtzionamendua zehazteko eta pandemiaren aurretik martxan zeuden lineak suspertzen saiatzeko, bai oraindik martxan ez dauden beste linea batzuekin, ibilbide berriak irekitzen saiatzeko. Azken horien artean, aipatzekoak dira Lot Polish Airlinesekin edo Wizz Air hungariarrarekin egingo diren bilerak; horiekin xedea Bilboko Aireportua Ekialdeko Europarekin lotzea da. Eta baita Finn Airrekin egingo dena ere, konpainia horrek Bilbo Bizkairako estrategikotzat jotzen den eskandinaviarra bezalako merkatu baten jarduten duelako; kasu horretan helburua akordioa lortzea da Stockholmekiko ibilbideari berriro ekiteko eta Helsinkirekin bide berri bat ezartzen saiatzea.

Connect-en, halaber, Bilbao Bizkaiaren ordezkaritza hainbat aireporturekin bilduko da horietako batzuekin lotzen gaituzten ibilbideetan sakontzeko eta beste batzuekin loturak ezartzeko, aireportu horiekin lankidetzan aritzea oso garrantzitsua delako etorkizunean hegazkin-konpainiak erakartzeko abiapuntua edo helmuga Bilboko aireportuan duten ibilbideak ezartzerakoan.

Networkingean oinarritutako Connect formatuak eta Europako merkatuak garrantzi berezia duen ekitaldia izateak bultzatu dute Bilbao Bizkaiak bihar hasi eta ostirala bitartean Tamperen (Finlandia) egingo den hemezortzigarren edizioan parte hartzea. Edizio honetan hegazkingintzako eragile nagusietako 650 baino gehiagok hartuko dute parte, 75 aire-linea eta 280 aireportu barne.

  • Joan den urtean 250 eragile publiko eta pribatuk baino gehiagok parte hartu dute dokumentu hori prestatzeko lanetan, eta hurrengo hamarkadako turismo politika bideratuko duten jarraibideak bildu dira bertan. Gaur bertan aurkeztu da, pandemiaren ostean antolatu den lehenengo aurkezpen ekitaldian, eta sektoreko 300 ordezkarik parte hartu dute bertan.

  • Estrategia honen bidez, lehenengo eta behin, errekuperazio-fase bat zehaztu da (2022-2024), COVID-19aren aurretik zeuden mailetara iristeko eta, ondoren, eraldaketa-fase bat, 2030era artekoa, jasangarritasuna, digitalizazioa eta berrikuntza funtsezko elementutzat hartuta bisitariak erakartzeko eta pertsona guztien ongizatea ekarriko duen sektore lehiakorrago eta ingurunearekiko errespetuzkoago bat garatzeko.

  • Lehen urrats modura, aurten estatu mailako merkatua berreskuratu eta egonkortzea eta nazioarteko turismoa finkatzea lortu nahi da, pandemiaren aurreko mailak lortzeko 2023. urte amaieran.

  • Juan Mari Aburto alkatea eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatua izan dira, Lurraldeko beste hainbat alkate eta sektoreko ordezkariekin batera, eta turismoa aktibatzeko eta COVIDa agertu aurreko zifrak hobetzeko haien esku dagoen guztia egingo dutela azaldu dute, Bilbao Bizkaiaren erakargune guztiak ikusgai jarriz, “Ardatz Atlantikoko erreferente gisa kokatzeko, nortasun propioa, anitza eta eraldaketarako gaitasuna izateagatik parekorik gabeko erreferentea”.

Pandemia hasi zenetik bi urteko tarte honek inpaktu latza izan du turismoaren, beste sektore batzuetan bezala, eta, hortaz, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, sektorearen eta tokiko eta eskualdeko turismo-kudeaketako erakundeen eskutik lan egin dute, ahaleginak indartzeko estrategia berri bat martxan jartzeko, hain zuzen ere COVID-19a agertu aurreko mailetara iristeko lehentasunezko helburuarekin (une hartan erregistratutako zifrek errekorra hautsi baitzuten eta perspektibak bikainak ziren), ikusmira 2030. urtean jarriz.

  • Bilbok 2019an hautsi zuen marka, 1,1 milioi turistekin, eta Bizkaiak 1,6 milioi bisitarirekin.

“Bilbao Bizkaia Turismo Estrategia 2030” izen orokorrarekin, lankidetza, jasangarritasuna eta digitalizazioa dira ibilbide orri berri honen oinarrizko elementuak; gaur aurkeztu dute Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandianok eta Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Ainara Basurkok, bertan izan dela Bilboko alkate Juan Mari Aburto, sektoreari babesa eta gertutasuna eskainiz.

Azaldu dutenez, parte-hartze prozesu zabal bati amaiera ematen dion anbizio handiko dokumentua da; prozesu horretan 250 eragile publiko eta pribatuk baino gehiagok hartu zuten parte joan den ekitaldian, pandemia bete-betean. Eragileen ekarpenei esker hurrengo hamarkadan turismoaren politika gidatuko duten jarraibideak definitu eta lanerako esparru komun honetan bildu ahal izan dira.

Birusaren eraginak egindako presioa mundu mailan pairatu den arren, dokumentu hau ez da zerotik abiatu; aitzitik, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta sektorea eta tokiko eta eskualdeko turismo-kudeaketako erakundeak aurretik elkarrekin egindako lana du abiapuntu, hain zuzen ere Turismoaren Estrategia 2020 eta Turismo Posizionamenduko Plana 2018-2025 bezalako tresnekin egindako lana.

Oraingoan gida berri hau sortu da, epe luzeko plangintza ziklo berrian kokatzen dena; Bilbao/Bizkaian turismoaren hazkundea indartzen jarraitzeko apustu tinkoari erantzuten dio. Izan ere, sektore hau gelditzeko iritsi zen; inork espero ez zuen pandemia agertu zen arren, COVID aurreko zifrak gainditzea espero da, bisitari gehiagorekin, egonaldiak luzatuz, hirian ekitaldi gehiago antolatuz, eta abar, betiere lankidetzaren, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren gakoekin, besteak beste, kultura erakarguneak, kostaldeko eta barnealdeko kultura-, natura-erakargarritasunak, paisaiak edota gastronomia ikusaraziz, Ardatz Atlantikoko erreferente gisa kokatzeko, nortasun propioa, anitza eta eraldaketarako gaitasuna izateagatik parekorik gabeko erreferentea”.

LEHEN AURKEZPENA SEKTOREAREN AURREAN

Gaur egindako aurkezpena COVID-19a agertu zenetik sektorearekin aurrez aurre egin den lehen aurkezpena da, eta bertan 300 gonbidatu baino gehiago bildu dira; haien kolaborazioa izan duen estrategia berriaren oinarrizko ildoak azaldu zaizkie.

Horretarako, Euskalduna Jauregia -ekitaldia bertan egin da- eraldatu egin da eta Bilboko Geltoki Intermodal bihurtu da, Bilbao Bizkaia turismoaren etorkizunerako bidaia egitea emulatuz, ikusmira 2030. urtean jarriz.

Dokumentu berriak ezarri duenez, aldi hori bi denbora agertokitan banatu dugu:

  1. BERRESKURAPENA 2022-2024: Turismo jarduna berreskuratzea eta COVIDa agertu aurreko agertokietara itzultzea ditu helburu.
  2. ERALDAKETA 2022-2030: Plan berriaren erronka estrategikoak lortzeko helburuarekin: digitalagoak, jasangarriagoak, gobernantzaren bidez modu kooperatuagoan lan eginez, Garapen Jasangarriko Helbururekin (GJH) lerrokatuta egoteko.

Azken helburua pandemiaren aurreko bisitarien zifrak hobetzea da, turismoaren garapen jasangarriaren aldeko konpromisoa indartuz ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik, balio-katean parte hartzen duten pertsona guztien ongizate eta gogobetetzeari erantzuna ematera bideratuz, lankidetzaren, digitalizazioaren, berrikuntzaren eta adimen turistikoaren bitartez.

Lehen urrats modura, aurten, 2022an, estatu mailako merkatua berreskuratu eta egonkortzea lortu nahi da, eta nazioarteko turismoari dagokionez aurreikuspena da ekitaldi honetan aktiboki berriro ekitea eta 2023. urte amaieran ohiko maila berreskuratzea. Hurrengo urratsa honako hau izango da: inpaktu sozioekonomiko iraunkorra sortzeko estrategiari jarraituz aurrera egitea, turismo-sektorearen lehiakortasuna hobetzea, sektorea digitalki eraldatzea, bisitariak erakartzea eta helmuga modu orekatu eta iraunkorrean garatzea, nazioarteko posizionamendua sendotzea eta Bilbao Bizkaiaren irudia indartzea, bisitatzen gaituzten pertsonen eta lurraldean garatzen den turismo jardueran inplikatuta dauden pertsona guztien esperientzia hobetzea, Bizkaiko gizartea bera barne.

PARTE HARTZE PROZESUA

Lehenago esan bezala, plan berri hau prestatzeko oso metodologia parte hartzailea baliatu da, turismoaren sektoreko 250 eragile publiko eta pribatu baino gehiagoren ekarpenak jaso baitira, baita sektore honekin lotutako beste eragile batzuenak ere (alderdi politikoak, enpresak eta profesionalak, tokiko herritarrak, turismo arduradunak, txangolariak, turistak eta abar).

Hala, eta urte osoan zehar, 2021ean, 64 dinamika parte hartzaile egin dira, 47 parte hartze inprimaki partekatu dira eta elkarrizketa ugari egin dira. Lankidetza prozesuak ikuspegi ireki, garden, malgu eta anitza izan du.

Estrategia partekatu honek, gainera, sektorearen ilusioa ere islatu nahi du, jomuga erakargarriagoa eta hobeto posizionatua izateko; horixe izan da, hain justu ere, Bilboko alkateak, Juan Mari Aburto, eta Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Ainara Basurko, nabarmendu dituzten gakoetako bat; horrekin batera, ahalegin HANDIAGOA egitearen aldeko apustua egin dute, gure turismoaren erakargarritasunak sustatze aldera.

ESKAINTZAREN ETA ESKARIAREN ANALISIA: DATU BATZUK

Gure turismo sektoreak gaur egun bizi duen egoeraren analisi prozesu sakona izan da dokumentu honen abiapuntua. Datu garrantzitsu gisa honako hauek nabarmendu behar dira:

  • 2019ra arte sarreren eta bertan emandako gauen zifrek errekorrak lortu zituzten, eta ziklo hura eten egin zen COVID-19aren osasun krisia iristean. (Bilbok ia milioi bat turistarekin, eta Bizkaiak 1,6 milioi bisitarirekin).
  • 2019-20 aldian, ostatu emateko establezimenduen kopuruak % 10 egin zuen gora, eta pandemiaren inpaktuaren ondoren plazak, guztira, murriztu egin ziren, bereziki landetxeetan. Sarrera gehien dituen ostatu mota hotelak dira; 2020an % 44,7 izan zen.
  • Sarreren eta bertan emandako gauen banaketari dagokionez, % 80tik gora Bilbon ematen dira. Horrez gain, lurraldeko turismo establezimenduen % 39 eta sektoreko enpresen % 38 ere Bilbon daude.

BANAKETA LURRALDE ESPAZIOAREN ARABERA

  • Bilbao Bizkaian nagusi den turismo jarduera mota ekitaldiena da, eta ondoren kultura jarduera dator. Zifretan adieraziz gero, batez ere Bilbon biltzen da, ekitaldien % 63 eta kultura programazioaren % 45 hartzen baitu.
  • Beste datu garrantzitsu bat da jomuga ezaguna garela, baloratua; itzultzeko asmoa altua da, eta puntuazio positiboa jasotzen dugu (9/10).

ESTRATEGIA BERRIAREN JARDUN PRINTZIPIOAK ETA HELBURUAK

2030eko epemugan lortu beharreko aspirazio gisa definitu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sektorearekin partekatutako ikuspegi estrategikoa, zazpi helbururen bidez artikulatua:

  1. Inpaktu sozio-ekonomikoa sorraraztea, modu jasangarrian.
  2. Enpresa sarearen lehiakortasuna hobetzea.
  3. Bisitariak erakartzea eta jomuga garatzea modu orekatu eta jasangarrian.
  4. Nazioarteko posizionamendua indartzea eta jomugaren irudia indartzea.
  5. Pertsona guztien esperientzia eta gogobetetzea hobetzea.
  6. Jomuga digitalki eraldatzea.
  7. Adimen turistikoaren eredua eta ekosistema indartzea.

Horrez gain, turismoaren sektorearen jarduna zedarrituko duten sei jardun arauak eta balioak irudikatuko dituzten printzipioek helburuak zuzenduko dituzte; honako hauek dira:

  • Lankidetza. Turismo ekosistema baten moduan lan egitean, 2030 helburu estrategikoei heltzeko, konpromiso maila berriak lortuz eta gobernantza eredua indartuz.
  • Pertsonen esperientziarantz orientatzea. Balio altuko esperientziak eskaintzea turistei, txangolariei, profesionalei zein bertakoei, turismo jardueran inplikatutako pertsona guztien ongizate eta gogobetetzea lortzeko lagunduz.
  • Berdintasuna eta aniztasuna. Berdintasuna eta aniztasuna turismo estrategia plural eta inklusiboaren balio gako gisa posizionatzea, elkarrekiko errespetua eta berdintasuna sustatzen lagunduko duten proiektuak eta egitasmoak garatzea bultzatuz.
  • Erantzukizuna eta jasangarritasuna. Jasangarritasuna jomuga kudeatzean zeharkako elementu gisa integratzea, enpresa sarearen hazkunde jasangarrian, pertsonen ongizatea hobetzen eta planeta zaintzen lagunduz.
  • Digitalizazioa eta adimen turistikoa. Sektore osoa eta jomuga digitalki eraldatzea, eta adimen eredu propioa finkatzea; hala, erabakiak hartzea hobetu eta esperientzia turistiko hobea eskaini ahal izango da.
  • Berrikuntza eta sorkuntza. Berrikuntza eta sorkuntza bultzatzea palanka gako gisa, turismo ekosistema osatzen duten eragile guztien lehiakortasuna indartuz.

JOMUGA JASANGARRI, DIGITALIZATU ETA BERRITZAILEA LORTZEKO ESTRATEGIA

Bilbao Bizkaia Turismo Estrategia 2030 egitasmoaren lehentasunezko erreferentziazko esparrua Nazio Batuek definitutako Garapen Jasangarrirako 2030eko Helburuek osatzen dute; ingurumen, ekonomia eta gizartearen jasangarritasuna lortzeko helburu globalak irudikatzen dituzte.

Aipatutakoa oinarritzat hartuz, Bilbao Bizkaiko etorkizuneko turismoaren eredua egituratuko duten jardun eremu nagusiak irudikatzen dituzten hiru ardatz estrategikoak hartu dira abiapuntutzat: garapena, marketina eta gobernantza:

  • Garapena. Bisitaria iritsi aurretik jomuga diseinatu, egokitu eta prestatzea, bidelagun izanik bisita erakargarriagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa izatea ekarriko duten erreferentziazko ikono turistikoak, kalitatezko turismo zerbitzuak eta azpiegiturak.
  • Marketina. Jomuga modu pertsonalizatuan komunikatu, sustatu eta merkaturatzea, bisitarien interes eta beharrizanetara moldatuz, eta jomugaren irudia indartuz.
  • Gobernantza. Jomugako turismo industriako eragileek eratutako ekosistema zabal, anitz eta kohesionatuaren arteko kooperazio estrategikoa indartzea.

Ardatz bakoitzaren inguruko jarduera zenbait ildo estrategikoren bidez hedatuko da; lehen aipatutako bi denbora agertokietan (berreskurapena eta eraldaketa) garatu beharreko proiektuak barne hartuko dituzten lan eremuak eratuko dituzte.

BERRESKURAPEN FASEAN bost ildo estrategiko artikulatuko dira:

Garapenaren esparruan:
1. ildoa. Enpresa sarearen gaitasunak indartzea. Turismo enpresen erresilientzia hobetzea sustatuko duten zerbitzuak ezarriz, jarduera modu egonkor eta jasangarrian garatzea ahalbidetuz.

Marketinaren esparruan:
2. ildoa. Jomugan konfiantza sorraraztea. Jomugari buruzko informazio eguneratua eskaintzea, Bilbao Bizkaian segurtasuna bermatu eta konfiantza sorrarazteko ekintzak ezarriz.
3. ildoa. Turismo eskaria berraktibatzea. Turismo eskaria berraktibatuz, bisita sustatuko duten marketin jarduketen bidez.

Gobernantzaren esparruan:
4. ildoa. Berreskurapenaren ebaluazioa eta jarraipena. Pandemiak eragin duen inpaktua neurtuz eta berreskurapen ekonomikoaren etengabeko jarraipena eginez, eskariaren eta eskaintzaren ikuspuntutik.
5. ildoa. Sektorearekiko lankidetza indartzea berreskuratzea bermatzeko. Bilbao Bizkaiko turismo ekosistemari babesa ematea eta berreskurapen aldi horri modu bateratuan aurre egitea ahalbidetuko duten ekimenak ezarriz.

ERALDAKETAREN FASEAN 14 ildo estrategiko garatuko dira.

Garapenaren esparruan:
6. ildoa. Turismo baliabideak indartzea. Turismo baliabideen potentziala erabili eta eraldatzea ahalbidetuko duten neurriak ezarriz.
7. ildoa. Turismo produktuak garatu eta indartzea. Dagoeneko definitutako turismo produktuak garatzea, indartzea eta potentziatzea ahalbidetuko duten ekintzak finkatuz.
8. ildoa. MICE turismo eta ekitaldiak estrategikoki bultzatzea. Sektorea indartzen eta erreferentziazko ekitaldiak erakartzen lagunduz.
9. ildoa. Lurralde oreka sustatzea, turismoaren bitartez Turismo fluxuak lurraldean banatuz, sasoikotasun geografikoa eta denbora sasoikotasun orekatuz.
10. ildoa. Enpresa lehiakortasuna eta ekintzailetza babestea. Turismo enpresen lehiakortasuna sustatuz eta turismo ekintzailetza, berrikuntza eta digitalizazio prozesuak lagunduz.
11. ildoa. Lanabes eta irtenbide teknologikoak gehitzea. Teknologiak modu eraginkorrean hartzea erraztuz, bisitariari arreta pertsonalizatua eskaintzeko bidaiaren ziklo osoan, eta kudeaketa inteligentea.
12. ildoa. Ekosistema arduratsua garatzea. Jasangarritasuna aldaera hirukoitzean sustatzea lagunduz, Bilbao Bizkaiko ekosistemarako turismo arduratsurako jarraibideak formulatuz.
13. ildoa. Talentua indartzea. Sektoreko profesionalen gaitasunak indartzea, talentua erakartzea, atxikitzea eta garatzea, turismo sektorekoa zein sektore horrekin lotutako beste batzuetakoa.
14. ildoa. Bisitariari arreta Bisitariaren esperientzia maximizatuz, turismo informazioko bulegoen bidez emandako arreta hobetzeko ekintzen bitartez.

Marketinaren esparruan:
15. ildoa. Nortasun turistikoa indartzea. Bilbao Bizkaia markaren ikusgarritasuna eta pertzepzioa indartuz eta areagotuz, jomugaren nortasuna indartzeko jarraibideak formulatuz.
16. ildoa. Merkatuetan merkaturatu eta sustatzea. Turismo produktu eta zerbitzuak aukeratutako publiko eta merkatuetan promozionatu eta merkaturatuz.
17. ildoa. Promozio jarduerari euskarri ematea. Bilbao Bizkaia jomugaren promozio jarduna garatu ahal izateko beharrezko euskarri ekintzak garatuz.

Gobernantzaren esparruan:
18. ildoa. Gobernantza eredua indartzea. Gobernantzaren bilakaeran lagunduz, ekosistema osatzen duten eragileekin modu aktibo eta egituratuan lankidetzan arituko den eredua indartuz.
19. ildoa. Adimen turistikoaren eredua garatzea. Behaketa turistikoaren eredua eraldatuz adimen eredu aurreratu baterantz, erabakiak hartzea modu jarraituan babestuko duena.

ESTRATEGIA EZARTZEA ETA JARRAIPENA EGITEA

Bilbao Bizkaia Turismo Estrategia 2030 egitasmoko jarduketen ezarpena Kudeaketako Urteko Planen bidez antolatuko da, urtez urte garatuko diren proiektu eta ekintza zehatzak planifikatzeko.

Turismo Estrategia betetzea bi mailatan egingo da. Alde batetik, hiru adierazle desberdinen bidezko jarraipen eredua garatuko da; adierazleak berariazko helburuei, Garapen Jasangarrirako Helburuei eta proiektuei lotutakoak izango dira. Horietako lehenengoari esker, 2030 horizonte osoan zehar eskuratutako lorpen nagusiak ezagutu eta neurtu ahal izango ditugu.

Bigarren adierazleari esker, estrategia jasangarritasunari dagokionez ingurumen, ekonomia eta gizarte inpaktuko esparruekin zenbatean lerrokatuko den identifikatuko dugu. Azkenik, azken adierazleari esker, kudeaketako urteko planetan aurreikusitako proiektuen ezarpen maila xehetasunez jakingo dugu, ezarritako jarduketa bakoitzaren garapena, neurketa eta kontrola erraztuz.

Ekintza hauek, halaber, bi ebaluazio motaren mende egongo dira: etengabeko monitorizazioa eta azken txostenak. Horietako lehenak lehenago adierazitako adierazleen betetzea, ezarpena eta ekarpena jasoko ditu (berariazko helburua, GJH eta proiektuak). Bigarrenaren kasuan, bi azken txosten egingo dira, eta Turismo Estrategiaren bi une gakoren ondorio nagusiak bilduko dituzte: 2024an, berreskurapen agertokia bukatzean, eta 2030ean, bertan adierazitako horizontea amaitzean.

URRATS BERRIAK: KANPO SUSTAPENAREN EGUTEGIA 2022AN

2022an Bilbao Bizkaiak merkatu ugariko promozio egutegiari ekin dio berriz ere. Hala, urtarrilean FITUR azokan egon ondoren, Madrilen, merkatu nagusi finkatuetan hainbat ekintza egingo dira, tartean Frantzian, Erresuma Batuan, Alemanian, Estatu Batuetan, Italian, Herbehereetan eta Suitzan.

Horietan artean nabarmendu behar da online zein aurrez aurre turismo bitartekaritzako ekitaldietan izango garela, Frankfurt, Dusseldorf, Zurich eta New Yorken; horrez gain, jomuga turismoan espezializatutako hedabideen aurrean aurkeztuko da, Bartzelonan, Milanen, Parisen eta Amsterdamen, eta Europa mailako turismoko nazioarteko azoka handietan ere parte hartuko da, besteak beste, ITB Berlin, Londresko World Travel MarketTravel Match Oslo eta Matka Helsinki azoketan.

Horrez gain, sektoreko azoketan ere presentzia izango du jomugak, Sea Trade Miami (itsas bidaien turismoa), IGLTA Milan (LGBT turismoa), Routes Bergen (aire bidezko konektibitatea) eta ILTM Cannes (luxuzko turismoa) azoketan, besteak beste.

  • Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak helmugaren nazioarteko sustapenari ekin diote berriro, turismoaren eta sektorearen susperraldia bultzatzeko, pandemiaren ondorioz bisitarien etorrerak bi urtez behera egin ondoren.

  • Ainara Basurko, Sustapen Ekonomikoko foru diputatuak, eta Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomikoko zinegotziak, FITURen aurkeztuko dituzte bihar partekatutako hurrengo lan-ildoak, hirirako eta Lurralderako lehentasunezko merkatuak berreskuratzeko suspertzean, malgutasunean eta arintasunean oinarrituta.

  • Halaber, Aldundiak eta Udalak Bilbao Bizkaia Turismo Bonuak herritarrei saltzeko kanpaina bat ere aurkeztuko dute Madrilen, bi erakundeek martxora arte jarritakoa. Deskontu handiak dituen ekimena da sektorea indartzeko helburuarekin, Bilbon eta Bizkaian egonaldiez gozatzeko prezio erdiaren truke.

Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak, eta Xabier Ochandiano ,Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapenerako zinegotziak, bihar aurkeztuko dituzte FITUReko Bilbao Bizkaia erakustokian bi erakundeek 2022an hirian eta Lurraldean turismoa suspertzeko apustu partekatua berresten duten hurrengo jarduerak.

Ildo horretan, bi erakundeek turismoa sustatzeari ekingo diote berriro, datozen hilabeteetan aurkeztuko den Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategiaren zati gisa. Estrategia horrek turismoa suspertzeko agertoki bat zehazten du. Sustapen hori funtsezkotzat jotzen da pandemiak mugikortasunean izan dituen ondorioengatik oso ukituta dagoen sektore ekonomikoa berreskuratzeko, eta ezinbestekoa da hemendik aurrera garatzea, Bilbao Bizkaiarentzat estrategikoak diren merkatu turistikoetan egoteko eta, horrela, aukera aprobetxatu ahal izateko, mugarik gabe bidaiatu ahal denean. Zabaltzen ari den suspertze-etapa berrian turismoa suspertzeko agertoki bat definitzen da, helburu hori lortzera eta 2024ra arte garatzera bideratutako ekintzekin.

Testuinguru horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak elkarrekin definitu dituzte nazioarteko sustapen malgu, arin eta egokitzeko gaitasunean oinarritutako hainbat lan-ildo, turistak erakartzeko eta pandemiaren aurretik finkatuta zeuden eta Bilbao Bizkaiarentzat lehentasunezkoak izaten jarraitzen duten merkatuak berreskuratzeko helburuarekin.

Ekintza horiek arrakastaz garatu ahal izateko, merkatua etengabe monitorizatuko da. Horrela, herrialde bakoitzaren egoera zehatza aztertuko da, herrialde bakoitzean garatu beharreko ekintzei buruzko erabaki arinak hartu ahal izateko, estrategikotzat jotzen direnak azpimarratuz, merkatu igorle tradizional horietatik hirira eta lurraldera datozen turisten itzulera berreskuratu ahal izateko.

“READY TO GO” FORMULA BERRIA

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak hilabeteak daramatzate estrategia digitala indartzen, turistak erakartzeko eta gure lurraldeko eta atzerriko merkatuetan dauden sektoreko entitateen arteko aliantzak sustatzeko.

Ildo horretan, 2022. urteari begira, Bilbao Bizkaiak formula berri bat bultzatuko dute, jarduera digital eta presentzialen nahasketan oinarritua, merkatuko aukeretara egokitua eta azken kontsumitzaileari zein turismoaren sektorean diharduten enpresei zuzendua.

Zehazki, eta turista potentzialek Bilbo Bizkaia helmuga ezagutu dezaten, kanpaina digitalak egingo dira lehentasunezko merkatuei zuzenduta, kanpainak Bilboko aireportuan jarduten duten aire-konpainiekin, bai eta kanpainak eta marketin-ekintzak ere, turismoko komunikabideekin eta influencer-ekin lankidetzan. Estatuko publikoari eta Europatik (Portugal, Frantzia, Irlanda, Erresuma Batua, iparraldeko herrialdeak, Belgika, Alemania, Suitza, Austria eta Italia) eta Estatu Batuetatik etorritakoei zuzenduta egongo dira.

KANPO EKINTZEN EGUTEGI BERRIA

Era berean, zuzenean lan egingo da turismoaren sektorean diharduten enpresekin, azoken, ekitaldien, bileren, topaketa profesionalen eta helmugaren sustapenarekin lotutako interes profesionaleko beste gune batzuen bidez. Testuinguru horretan, turismoa sustatzeko egutegi bat ezarri da, non hogei jarduera baino gehiago jasotzen diren lehentasunezko 12 merkatutan, eta Bilbo Bizkaiaren presentziarekin FITURen inauguratuko da.

Gainera, duela hilabete batzuetatik Match Bilbao Bizkaia ekimena garatzen ari da. Ekimen horren helburuetako bat da gure lurraldeko turismo-sektoreko enpresen eta atzerriko bitartekarien artean negozio-harreman berriak suspertzea eta sortzea, eta, horrela, helmugaren aktibazioa sustatzea eta helmugako turismo-eskaintza dinamizatzea, helmugako turismo-produktuak, -baliabideak eta -zerbitzuak merkaturatzea erraztuko duten euskarri digitalak sortuz.

Turismo-merkatuak suspertzeko eta suspertzeko testuinguru berri honetan, garatu beharreko jarduketen helburua izango da nazioarteko merkatuak berreskuratzea, haiekin aire-konexioak lehengoratu baitira, eta tradizionalki turisten igorle garrantzitsuak izan baitira Bilbo Bizkaia helmugara, hala nola estatuan, Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Italian eta Eskandinaviako herrialdeetan.

SUSTAPENA 15 HERRIALDEETAN

Bilbao Bizkaiak 2022rako sustapen-egutegia aurkeztu du hainbat merkatutan, data eta formatuetan egokituta. Horrela, akzioak egingo ditu finkatutako merkatu nagusietan, hala nola Frantzian, Erresuma Batuan, Alemanian, Estatu Batuetan, Italian, Herbehereetan eta Suitzan. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Frankfurt, Dusseldorf, Zurich eta New Yorkeko turismo-bitartekaritzako ekitaldiak, bai eta Bartzelonan, Milanen, Parisen eta Amsterdamen turismoan espezializatutako hedabideetara bideratutako aurkezpenak ere. Halaber, Bilbao Bizkaia Europako nazioarteko turismo-azoka handietara joango da: Fitur Madrid, ITB Berlin, Londresko World Travel Market, Travel Match Oslo eta Matka Helsinki.

Bilbao Bizkaiak azoka sektorialetan parte hartuko du, besteak beste: SEA Trade Miami (itsas bidaien turismoa), IGLTA Milan (LGBT Turismoa), Routes Bergen (aire konektibitatea) eta ILTM Cannes (luxuzko turismoa).

Sustapen digitalak garrantzi berezia du Estatuko, Frantziako, Erresuma Batuko, Alemaniako, Herbehereetako eta Italiako publizitate-kanpaina digitalekin. Azkenik, 2022rako sustapen-egutegi zabala osatzen dute agente eta turoperadoreentzako eta komunikabide espezializatuetako kazetarientzako helmugan ohitzeko bidaiak erakartzeak, antolatzeak eta gauzatzeak.

BILBAO BIZKAIA BONUAK DESKONTU HANDIEKIN

Era berean, eta pandemiak gogor zigortutako turismoaren sektorea babesteko helburuarekin, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Bizkaia Turismo Bonuak kanpaina jarri dute abian, FITUR-en ere aurkeztutakoak. Turismo-bonu horiek 2022ko martxoaren 31ra arte erosi eta trukatu ahal izango dira. Bi erakundeek batera adostutako neurria da, pandemiaren azken boladek eraginpean jarraitzen duen sektore hori babesten eta indartzen jarraitzeko.

Horrela, kanpoko turismoak eta lurraldeko, hiriko eta inguruko herritarrek beren helmuga hurbilenak ezagutu eta gozatu ahal izatea lortu nahi da, deskontu handiak eginez.

Bonuak www.bonoturismobilbaobizkaia.eus webgunean eros daitezke, prezio hauetan: 80 € ostatuan, 50 € turismo-jardueretan eta 200 € kontsumorako turismo-produktuen agentzietan, Bilbao Bizkaian.

Mota honetako aurreko ekimenetan bezala, zenbatekoaren erdia bi administrazio publikoek –Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak– jartzen dute, eta beste erdia erosleak. Gainera, Bilbao Bizkaia Turismo Bonuak bateragarriak eta metagarriak dira erakundeek abian jarritako horrelako beste edozein ekimenekin.

FITUR, EUROPAKO TURISMO AZOKARIK GARRANTZITSUENETAKOA

FITUR munduko turismoaren profesionalentzako urteko lehen hitzordua da, eta Iberoamerikako merkatu hartzaile eta igorleentzako azoka liderra.

Urtarrilaren 19tik 23ra bitartean, FITURek datozen hilabeteetarako turismoaren sektoreak eskaintzen dituen nobedadeak aurkeztuko ditu 8 pabiloi, 7.000 erakusmahai, 6.900 parte-hartzaile eta 100 helmuga turistiko baino gehiagoren bitartez. Gainera, harreman profesionalak bultzatzeko, markak sustatzeko, produktu berriak aurkezteko eta azken joeren berri emateko gune egokia da.