• Ekonomia Sustatzeko foru-diputatua den Ainara Basurko eta Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandiano elkarrekin joan dira FITUR azokarekin duten urteko hitzordura. Oraingoan, erakargarri tradizionalak eta turismo-produktu berriak eraman dituzte.

  • Helburu nagusia sektorea berraktibatzea da, baina segurtasunez eta osasuna babestuz. Horrez gain, tokiko eskaria bultzatu nahi da eta estatuko merkatua suspertu, bai eta turismoaren industria babestu ere, enpresei zein enpleguei eutsi ahal izateko.

  • Lau jarduera berri hauek aurkeztu dituzte: Athletic esperientzia, familia-turismoa, turismo inklusiborako web-atari berria eta landa-eskaintza.

Bilbao BizkaiaFITUR azokara itzuli da turismo-eskaintza bertan aurkezteko, sektorea berraktibatzea da asmoa, eta, horretarako, lau turismo-produktu berri aukeratu ditu: Athletic Experience, familia-turismoa, turismo inklusiboa eta landa-turismoa. Pandemiak ekarri digun urte gogorraren ostean, eta turismoa sektorerik kaltetuenetako bat izan dela kontuan hartuta, Bilbao Bizkaiaren eskaintzan hazkunde inklusibo eta iraunkorra bermatu nahi dira, betiere, osasuna eta segurtasuna babestuz.

Ekonomia Sustatzeko foru diputatua den Ainara Basurko eta Bilboko Udaleko Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegua Saileko zinegotzia den Xabier Ochandiano izango dira hitzorduan, eta hiriaren zein lurraldearen turismo-erakargarritasunak nabarmentzeaz gain, Europako turismo-azoka garrantzitsuenetako batean tokiko industria, enpleguak eta lekuaren garapena babesten egoteak duen garrantzia azpimarratuko dute. Xede nagusia tokiko eskaria sustatzea eta estatuko merkatua suspertzea dira.

Bilbok eta Bizkaiak maiatzaren 19tik 23ra antolatu den FITURen aurtengo edizioan aurkeztuko dituzten berritasunei dagokienez, pandemia-garaian eskuratutako ohitura berrietatik sortu diren bisitarien profil berriak aztertuz prestatu dira, hiriaren zein lurraldearen turismo-azpiegituren eta -baliabideen garrantzia azpimarratzeko eta hurbileko eskaria epe laburrean sustatzeko.

BILBAO BIZKAIA ZURI-GORRI ETA FAMILIAREKIN

Hori horrela, Athletic Experience gida editatu da, non Athletic esperientzia bizitzeko gonbidapena egiten den, Bilbo eta Bizkaiko turismo-ikono bat den aldetik. Eskaintza zuri-gorriaren bitartez, milaka zalek mundu osoan partekatzen duten kirol ospetsuenaren pasioa eta San Mameseko futbol-zelaia uztartzen dira, zeina munduko kirol-eraikinik onena izendatu zuten 2015. urtean. Bestalde, Athletic Club Museoa dago bertan, Bizkaiko hirugarren museorik bisitatuena (atzerriko bisitariak: % 70), bai eta MICE espazio bat ere, mota guztietan ekitaldi profesionalak antolatzeko erabiltzen dena.

Familia-turismoa, batez ere, udan egiteko, baina oso ugaria Aste Santuan ere bai. Batez beste, bost eguneko egonaldiak egiten dira, eta sektorea berraktibatzeko aukera nagusietako bat da. Familientzako prestatutako liburuxkan, oinez zein bizikletaz egiteko askotariko ibilbideak jaso dira hiribildua, kostaldeko lekurik esanguratsuenak eta Bizkaiko barrualdea oso-osorik ezagutzeko, bai eta euskal gastronomiaren errezetarik gozoenak eta euskal esentzia osatzen duten elementuak ere, hala nola euskara, folklorea edo herri-kirolak.

Bi gida prestatu dira, eta eskuragarri egongo dira hemen: bilbaoturismo.net eta visitbiscay.eus

TURISMO INKLUSIBOA

Bilbao Bizkaian, halaber, premia bereziak dituzten pertsonak turismo-esperientziaren epizentroan egotea lortu nahi da. Askotariko desgaitasunak edo mugikortasun- zein komunikazio-arazoak dituzten pertsonek eskaintza zehatz bat eskatzen dute, zeinaren bitartez honako zerbitzu hauek baloratu ahal izango dituzten, baina norberak bizi duen egoera oinarri hartuta: ostatuak, garraioak, jarduerak, turismo-erakargarritasunak, informazio-bulegoak eta abar.

Horretarako, bidaiatzeko orduan sor daitezkeen premia nagusiak konpontzeko hiru atal dituen webgune bat jarri da martxan. Hauek dira gaiak: ostatuak, ibilbideak eta espazioak. Webgunean informazioa zehatza eskaini da, eta, horren bitartez, 77 hoteletako, 32 espazio interesgarritako eta 35 ibilbidetako zerbitzuen eta azpiegituren irisgarritasun-maila baloratu daiteke. Gaur egun, beste 92 landetxe eta basetxe eta 9 espazio interesgarri daude ebaluazio-prozesuan.

LANDA-TURISMOA

FITURen azken apustua Bilbok eta Bizkaiak landa-turismoan eskaintzen dituzten ontasunak nabarmentzea da, pandemia hasi zenetik interes handiagoa erakutsi baita mota horretako turismoan. Turisten profil berriak eragin du landa-turismoaren eskaintza suspertzeko eta eskarirako produktu erakargarriak diseinatzeko premia, masifikazioa ekidin eta ongizate fisiko zein mentala lortu nahia, bai eta distantzia laburreko bidaia gehiago egitea eta benetako esperientzia pertsonalizatuak nahi izatea ere.

Gaur egun, bereizten gaituzten elementuetan oinarritzen den turismo-produktu lehiakor bat landu nahi da, bereizgarri hauek aintzat hartuta: landa-nortasuna, kultura, euskara, paisaia, artisautza eta betiko lanbideak, enogastronomia, tradizioa, lehen sektorea eta baserria, euskal landa-inguruaren bizitza islatzen duen unitate integratzaile eta elementu nagusi gisa.

FITUR, EUROPAKO TURISMO-AZOKARIK GARRANTZITSUENETAKO BAT

FITUR turismoaren profesionalak biltzeko topagune globala da, bai eta Iberoamerikako merkatu hartzaile eta igorleentzako azokarik garrantzitsuena ere. Orain arte urtarrilean egiten zen azoka, baina aurtengo edizioan datak aldatu dira, eta maiatzaren 19tik 23ra antolatuko da, hitzordu honek turismo-industrian duen nazioarteko eragin handia kontuan hartuta. Horrela, munduko turismo-jarduerarako hain beharrezkoa den bultzada lortu eta enpresa, herrialde zein lekuetako topaketa profesionalak erraztuko dira.

  • Ostalaritza eta jatetxeetako zein merkataritzako sektoreetarako onetsitako laguntza zuzenen ostean, orain, beste partida bat bideratuko da turismoaren sektorearentzat. Guztira, 268.000 euroko aurrekontua zuzenduko da, eta 1.000 euro, 1.250 euro eta 1.500 euro arteko laguntzak emango dira enpresa bakoitzean dauden enpleguen arabera.

  • Bilbao Aurrera 2021 Planean jasotako aurrekontu eta ekintzei gehitu zaien aparteko beste neurri bat da. Planak 15 milioi euro baino gehiago jaso ditu orain arte.

Bilboko Udalak hiriko turismoaren sektoreari zuzendutako laguntza zuzenen beste deialdi bat onetsi berri du. Izan ere, COVID-19aren osasun-krisiak gehien kaltetu duen sektoreetako bat da.

Bilbao Aurrera 2021 Planean jasotako aurrekontu eta ekintzei gehitu zaien aparteko beste neurri bat da. Planak 15 milioi euro baino gehiago jaso ditu orain arte.

Ostalaritzari eta merkataritzari zuzendutakoekin egin zen bezala, oraingoan ere, aipatutako Planaren Jarraipen Batzordeko talde politiko guztietako bozeramaileei helarazi zaie proposamena, eta guztion adostasuna jaso du (EAJ/PNV, PSE- EE, EH-Bildu, Podemos eta PP).

Laguntzen poltsak, guztira, 268.000 euro bilduko ditu, eta Bilboko udalerriko turismo-sektoreko pertsona fisiko (autonomoak edo profesionalak, ondasun-erkidegoen bazkideak eta nortasun juridikorik gabeko sozietate zibilak) edo juridiko, mikroenpresa edo ETE guztiek parte hartu ahal izango dute: turismo-garraioko enpresak, turismo aktiboko enpresak, kongresuak antolatzen dituzten enpresa profesionalak, turismo-gidariak eta bitartekaritzako turismo-enpresak.

Zenbatekoak langileen kopuruaren arabera emango dira, eta 1.000 euro, 1.250 euro edo 1.500 eurokoak izango dira. Beste mota batzuetako dirulaguntzen osagarriak izango dira.

LAGUNTZEN BANAKAPENA

  • 1-9 langile dituzten establezimenduak: MILA EURO (1.000,00 €).
  • 9 langile baino gehiago dituzten establezimenduak: MILA BERREHUN ETA BERROGEITA HAMAR EURO (1.250,00 €).
  • Bitartekaritzako turismo-enpresak: MILA ETA BOSTEHUN EURO (1.500,00 €).

Laguntzak eskuratzeko epea eta modua —telematikoki- esteka honen bitartez— datorren hilabetean aktibatuko dira.

Era berean, eskabide bat aurkeztu ahal izango da lantoki edo establezimendu bakoitzeko, enpresa bakarrak bat baino gehiago izan arren. Enpresek establezimendu edo lantoki bakoitzerako eskatu ahal izango dituzte laguntzak, bakoitzari dagokion eskabidea aurkeztuta.

BILBAO AURRERA 2021 PLANA

Bilbao Aurrera 2021 Plana urtarrilaren 29an sinatu zuten udal-ordezkaritza duten alderdi guztiek, eta iaz lehenengo aldiz abiarazi zen planaren —Bilbao Aurrera 2020— jarraipena da, zeina Covid-19 pandemia mundu osoan zabaldu zenean bultzatu zen.

Planak 15 milioi euro baino zertxobait gehiago izango ditu salbuespenezko 43 neurri aplikatzeko. Batik bat, ekitaldiko lehenengo seihilekoan aplikatuko dira gehienak. Aurreko planean martxan jarritako estrategiari jarraikiz, Bilboko Udalak Covid-19agatik gehien kaltetutako sektoreei lagundu nahi izan die krisialditik ahalik eta arinen suspertzeko proiektu estrategikoak landuz.

Gogoan izan behar dugu 2020. urtean laguntza zuzenen lehenengo poltsa onetsi zela ostalaritzako sektorearentzat. Guztira, 3,2 milioi euroko aurrekontua bideratu zen orduan. Zenbateko horri dagokionez, azkenean 1.900 laguntza eman eta ordaindu ziren, hau da, 2 milioi euro baino zertxobait gehiago.

Orain prestatzen ari diren laguntza zuzenen bigarren partida martxoaren 25ean onetsi zen, eta milioi bat euro bideratu ziren ehungintzako eta zapatagintzako sektorearentzat. Orain, turismoari zuzendutako deialdi hau gehitu zaio.

Laguntza zuzenen ekintza guzti horiek, berez udalari ez badagozkio ere, hiriko sektore batzuek aurre egiteko duten konplexutasun-egoera sendotzeko aktibatu dira. Osagarri gisa, halaber, bonuen programak abiarazi dira, Bilbao Aurrera Planaren ekintza garrantzitsuenetako bat.

  • Bilboko Udaleko Kultura Zuzendaria den Iñaki López de Aguiletak gaur hartuko du parte “Prebentziozko sormena” izeneko topaketan, eta sormen-industrien sektoreari lotutako profesionalekin bilduko da bertan.
  • Ekitaldian honako errealitate hauek landuko dira: sektoreak gaur egungo krisi-egoerari aurre egin behar izatea, zoritxar honen aurrean artistek erakutsi duten erresilientzia eta sormenak etorkizuneko hiriak berreraikitzeko orduan duen garrantzia.
  • Bi eguneko ekitaldia izango da, urriaren 26a eta 28a, eta UNIKO Estudio Audiovisual-eko Iván Miñambres eta PezStudio Arquitectura-ko Elisa de los Reyes arduratuko dira hiribildua ordezkatzeaz. Besteak beste, Bartzelona, Granada, Valladolid, Burgos, Denia, Lliria eta Terrasa hirietako profesionalekin partekatuko dituzte esperientziak.

Gaur arratsaldean hasiko da “Prebentziozko sormena” izeneko Artisten lehenengo Topaketa Birtuala. Unescoko Hiri Sortzaileen Sareak antolatu du ekimena, eta Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura Zuzendaria ere bertan izango da. Ekitaldian honako errealitate hauek landuko dituzte askotariko sormen-alorrei lotutako profesionalek: sektoreak gaur egungo krisi-egoerari aurre egin behar izatea, zoritxar honen aurrean artistek erakutsi duten erresilientzia eta sormenak etorkizuneko hiriak berreraikitzeko orduan duen garrantzia.

Topaketa birtuala antolatuko den bi egunetan, gaur eta asteazkena (urriaren 28a) UNIKO Estudio Audiovisual-eko Iván Miñambres-ek eta PezStudio Arquitectura-ko Elisa de los Reyes-ek hartuko dute parte Bilboko hiribilduko ordezkari gisa. Haiekin batera, ideiak eta esperientziak partekatuko dituzte diziplina anitzeko beste artista batzuek ere, hala nola literatura-sormena, gastronomia, musika, zinema, eskultura, diseinua eta arkitektura alorretakoak. Hauexek dira izenik ospetsuenak: Manuel Vicent idazlea, Quique Dacosta eta Miguel Cobo sukaldariak eta Anna Taratiel eta Mayaya Cebrián artistak.

Jardunaldi hauek hainbat hirik elkarrekin bultzatutako sustapen-ekimenen emaitza dira. Hauexek dira hiri horiek: Bartzelona eta Granada (Literaturaren Hiri Sortzaileak), Sevilla eta Lliria (Musikaren Hiri Sortzaileak), Terrassa eta Valladolid (Zinemaren Hiri Sortzaileak), Denia eta Burgos (Gastronomiaren Hiri Sortzaileak) eta Bilbo (Diseinuaren Hiri Sortzailea). Kanpo Arazoetako Ministerioaren Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziaren erakunde-babesa du topaketak. Ekitaldia zuzenean ikusi ahal izango da Terrasa City of Film erakundearen YouTubeko kanalean, hiri hori baita ekitaldiaren berri emateko ardura duen hiria.

BILBO UNESCOREN HIRI SORTZAILEEN SAREAN

Diseinuaren aldeko Bilboren apustua 2014. urtean goretsi zuen UNESCOk, eta horren ondorioz Hirien Sortzaileen Sarean sartu zuen. Hiriak lanean dihardu diseinua eta sormena hiri-eraldaketan ardatz egituratzaileak izan daitezen. Nolanahi ere, azken xedea ekonomia eta gizarte garapena sustatzea da.

Foro horretan sartu zenetik, sormena hiri-garapen jasangarrirako faktore estrategiko gisa identifikatu duten mundu osoko hirien aparteko taldeko kideetako bat da Bilbo; bertan, besteak beste, hiri hauek daude: Hiria Berlin (Alemania); Buenos Aires (Argentina); Pekin, Shanghai eta Shenzhen (Txina); Montreal (Kanada); Seul (Hego Korea); Nagoya eta Kobe (Japonia); Saint Étienne (Frantzia), eta Graz (Austria). Bilborekin batera, 2014. urtean, Helsinki (Finlandia), Turin (Italia), Curitiba (Brasil) eta Dundee (Erresuma Batua) onartu ziren. Zalantzarik gabe, sareari esker proiektu partekatuak kudea daitezke eta, aldi berean, nazioarteko kooperazio ekimenak sustatu ere bai.

  • Musika-ekintzailetzan estatuan aitzindaria den DEMODAY ekimena ostegun honetan, uztailak 9, egingo da Zabalguneko eraikinaren atarian eta musika-sektoreko 21 ekintzailetza-proiektu aurkeztuko dira bertan.
  • Beren proiektua aurkeztuko duten pertsona ekintzaileek beren negozio-planak antolatu dituzte Coworking espazioan, Paideia Galiza Fundazioak eta Getxoko Escuela de Organización Industrial erakundeak antolatuta, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketarekin. Kasu honetan, DEMODAY ekimenak Bilboko eta Getxoko udalen lankidetza ere izan du.
  • Ekitaldian, Clarisse bandaren emanaldia izango da, eta Roberto Moso kazetari eta Zaramako abeslariak aurkeztuko du. Ekitaldian izango dira, besteak beste, Guillermo Vergara Paideia Fundazioko presidenteordea, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia eta Iñigo Urkiza Getxoko Garapen Ekonomikoko Saileko zinegotziak.
  • COVID-19aren aurka borrokatzeko indarrean dagoen araudiari jarraituz, ekitaldiak edukiera mugatua izango du eta online streaming bidez emango da, gonbidapen bidez.

Paideia Galiza Fundazioak eta EOIk (Escuela de Organización Industrial), musika-ekintzailetzarako DEMODAY programa berri bat antolatu dute, Bilboko Zabalguneko eraikinaren atarian egingo dena (Zabalgune Plaza, 11).

Ostegun honetan, uztailaren 9an, 19:00etan, beren enpresa-plana garatu duten musika-ekintzaletzako 21 proiektu aurkeztuko dira Coworking espazioan. Proiektu horiek Paideia Fundazioak eta EOIk antolatzen dituzte, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketarekin eta Bilboko eta Getxoko udalen lankidetzarekin.

DEMODAY programan askotariko proposamen artistikoak aurkeztuko dira, besteak beste, rock-talde alternatiboak eta, indie, funk, rock edo musika klasikoko proposamenak.

21 PROIEKTUAK

Honako 21 proiektu hauek aurkeztuko dira: Basabi, Blanco y en Botella, Bringas, Dekot, Doctor Lawson, El Guapo Calavera, Galgo, Geométrica, Hoo, Jean Paolo y la Siempre Viva, Lagarto Errante, Lorelei Green, Los Brazos, Mississippi Queen & The Wet Dogs, Noa Cliff, Pablo Ríos, Planeta Plutón, Sabes Muy Bien, Txo Braceras, Who Killed Laika eta 4 Villains.

Ekitaldia Roberto Moso kazetari eta Zarama taldeko abeslariak aurkeztuko du eta Clarisse pop-rock taldearen showcase-a ere izango du. Bertan izango dira, besteak beste, Guillermo Vergara Paideia Fundazioko lehendakariordea, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia eta Iñigo Urkiza Getxoko Garapen Ekonomikoko Saileko zinegotzia.

COVID-19aren aurkako segurtasun-neurriek edukiera-mugak eragiten dituztenez, ekitaldiak edukiera mugatua du, eta gonbidapen bidez soilik sar daiteke bertara.

EOIK ETA PAIDEIA GALIZIA FUNDAZIOAK MUSIKA-EKINTZAILAREN ALDE EGINDAKO APUSTUA

Musika-ekintzailetzarako Coworking Go2Work Espainian aitzindaria den lanbide-garapeneko programa bat da. Prestakuntza espezializatua eskaintzen du, talde-eskolak eta banakako tutoretzak konbinatuz, eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa du. Joan den otsailean, Paideia Galiza Fundazioak eta EOIk hiru edizio berri hasi zituzten Getxon, Bartzelonan eta Coruñan. Horietan 63 musika-proiektu mentorizatu dira, eta musika-industriaren sektoreko aditu onenek hartu dute parte hizlari eta tutore gisa: Patricia Gabeiras (Legal Music), Guillermo de Lorenzo (Wegow), David Sánchez (The Music Republic), Manuel Colmenero (SONOBOX), Paco Loco (Paco Loco Studio), Iago Lorenzo (Productor), Lago Blanco (Productor) edo Last Tour taldea.

Bilbon egingo dena coworkerren prestakuntza itxiko duen bigarren DEMODAY izango da. Uztailaren 4an Pontevedran egindakoaren ostean, azkena Bartzelonan egingo da uztailaren 17an.

2016an kultura- eta musika-industrietan oinarritutako prestakuntza-programak abian jarri zirenetik, EOIk eta Paideia Galiza Fundazioak 260 musika-proiektu baino gehiago bultzatu dituzte, eta proiektu horiek prestakuntza espezifikoa jaso dute (marketina, lege-alderdiak eta ekoizpena), bai eta Lean startup negozio-planaren metodologia ere.

Go2Work programa diseinatuta dago garapen-fase goiztiarrean dauden proiektu berritzaileen arrakasta-aukerak areagotzeko, eta, gainera, networking-a eta hazteko aukerak ematen ditu. Talde horrek, gainera, Mahou San Miguel garagardogilearen eta Mahou, San Miguel eta Cervezas Alhambra marken babesa du, eta, Paideia Galiza Fundazioarekin eta EOIrekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez, parte-hartzaile guztien artean 6 musika-proiektu aukeratuko ditu, Katalunian, Euskal Herrian eta Galizian hainbat musika-zirkuitutan birak egingo dituztenak. Akordio horri esker, garagardogileak eta bere markek musikarekin eta talentu gaztearekin duten konpromisoa indartzen dute.

  • Aparkalekuak gaur irekiko ditu ateak berriro, COVID-19ari aurre egiteko kontingentzia-protokolo batekin. Protokolo horretan hainbat osasun-neurri sartzen dira, erabiltzaileak iristen direnetik irteten diren arte.
  • Horrela, esparru osoan gel hidroalkoholikoaren erabilera bermatuko da, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantziak ziurtatuko dira, aparkalekuko erabiltzaileen eta langileen arteko telefono bidezko kontaktuari lehentasuna emango zaio eta desinfekzio-zerbitzua indartuko da eremu komun guztietan, besteak beste.
  • Bilboko Udalak berriro ireki ditu Kobetamendiko autokarabanen aparkalekuko ateak, osasun-larrialdi egoera dela eta itxi ostean. Bilboko erdigunetik 15 minutura dagoen eremuak 72 plaza ditu gehienez, eta ahal den neurrian ibilgailuen artean lekurik handiena mantenduz esleituko dira.Era berean, hala langileen nola erabiltzaileen osasun-segurtasuna zaintzeko, Kobetamendiko autokarabanentzako aparkalekuak Kontingentzia-protokolo bat du COVID-19ari aurre egiteko eta hainbat osasun-neurri ezarri ditu bisitariak iristen direnetik esparrutik irten arte.Horrela, gel hidroalkoholikoaren erabilera bermatuko da espazio komun guztietan, seinaleztapenaren bidez pertsonen arteko gutxieneko distantzia ziurtatuko da eta egunero terraza-eremua fumigatuko da, eta komunak eta bainuen esparruak egunean gutxienez sei aldiz desinfektatuko dira. Erabiltzaileak irten ondoren, lursailak desinfektatzeko zerbitzua indartuko da, argi eta ur hartuneei arreta berezia jarriz.Gainera, lehentasuna emango zaio Kobetamendiko autokarabanen aparkalekuko erabiltzaileen eta langileen arteko telefono bidezko harremanari, eta hiriko informazio turistikoa banaka bananduko da, liburuxken manipulazioa saihesteko.Aurreko denboraldietan bezala, karabanak gehienez 48 orduz egon ahal izango dira aparkatuta eta eguneko 15 euroko tarifa ordaindu beharko dute ibilgailu bakoitzeko. Turismo-modalitate hau erabiltzaileek gehien eskatzen dutenetako bat da, segurtasuna eta aire zabaleko espazioak konbinatzen baititu.Informazio gehiago:
  • Jendeari arreta emateko ordutegia 09:00etan hasi eta 17:00etan amaituko da Bilboko Udalaren turismo-bulegoan.
  • Gaur egungo osasun-egoeraren ondorioz hartutako neurrien artean daude, besteak beste, arreta telematikoko zerbitzua sendotzea, telefono (944 795 760) bidezko arreta luzatzea (09:00etatik 19:00etara), Whatsapp (608 203 899) bidez zein posta elektronikoz kontsultak egitea eta informazioa jasotzea, bai eta liburuxkak QR kodeen bitartez deskargatzea ere.
  • Osasun-segurtasunari eusteko, derrigorrezkoa izango da barruan maskara erabiltzea. Erabiltzaileek gel hidroalkoholikoko banagailuak izango dituzte sarreran, eta, gainera, pertsona-kopurua mugatuko da.

Bilboko Udalaren turismo-bulegoak, Plaza Biribilekoak, gaur ekingo dio berriz jarduerari, Guggenheim Museoaren alboko turismo-bulegoa ekainaren 1ean ireki ondoren.

Plaza Biribileko turismo-bulegoa 09:00etatik 17:00etara egongo da irekita asteko zazpi egunetan.

Gaur egungo osasun-egoera dela eta, kontsulta-modalitate ezberdinetara egokituko dira jendeari arreta emateko bulegoetan. Turismo-informazioa telematikoki emateko zerbitzua sendotuko da, eta telefono (944 795 760) bidezko arreta-zerbitzua luzatuko da, 09:00etatik 19:00etara.

Era berean, informazioa Whatsapp (608 203 899) bidez jasotzeko aukera emango da, bai eta liburuxka digitalak lortzeko ere, bide horretatik edo posta elektronikoz. Horrez gain, erabiltzaileek gehien eskatzen dituzten liburuxkak deskargatu ahal izango dira QR kodeen bitartez.

Hainbat segurtasun-neurri ezarri dira langileen zein erabiltzaileen osasun-segurtasuna zaintzekoBeharrezkoa izango da maskarak jartzea, eta erabiltzaileek gel hidroalkoholikoko banagailuak izango dituzte sarreran, besteak beste. Bestalde, pertsonen-kopurua mugatuko da, pilaketak saihesteko. Segurtasun-neurri guztiak ondo ikusteko moduan egongo dira jasota bulegoen kanpoaldean.

  • Guggenheim Museoaren ondoan dagoen turismo-bulegoa ekainaren 1ean irekiko dute, Arte Ederretako eta Itsasmuseum museoekin batera. Bestalde, Plaza Biribileko bulegoak egun batzuk geroago berreskuratuko du bere jarduera.
  • Bilboko Udaleko turismo-bulegoak berriro irekitzeak hiriko turismo-sektoreko museo eta enpresen jarduera indartuko du; bai eta Lurraldeko mugikortasuna ere.
  • Osasun-segurtasuna zaintzeko, nahitaezkoa izango da barrualdean maskarak erabiltzea. Gel hidroalkoholikoaren banagailuak instalatuko dira eta edukiera mugatuko da.
  • Era berean, informazio turistikoaren zerbitzua telematikoki indartuko da, eta laster liburuxka turistikoetara QR kode baten bidez sartu ahal izatea aurreikusi da eta Whatsapp bidez kontsultak egiteko aukera emango da.
  • Bilboko Udalaren turismo-bulegoak berriz irekitzeko prestatzen hasi dira. Bere ateak irekiko dituen lehenengoa, ekainaren 1ean, astelehena, Guggenheim Museoaren ondoan dagoen turismo-bulegoa izango da. Horrekin batera irekiko dira museoa bera eta Arte Ederretako eta Itsasmuseum museoak.Jendaurreko ordutegia 11:00etatik 19:00etara izango da asteko zazpi egunetan. Bestalde, Plaza Biribileko bulegoak beste egun batzuk itxaron beharko ditu jarduerari berriro ekiteko.Bilboko Udaleko turismo-bulegoak berriro irekitzean, hiriko turismo-sektorean jarduten duten museo eta enpresek beren lana indartuko dute. Era berean, jarduerara itzultzeak lurralde osoko mugikortasunari lagunduko dio, eta pixkanaka normaltasunera itzuliko da.Langileen nahiz erabiltzaileen osasun-segurtasuna zaintzeko, hainbat babes-neurri jarriko dira martxan. Horregatik, beharrezkoa izango da maskarak erabiltzea, eta gel hidroalkoholikoaren banagailuak jarriko dira sarreran, besteak beste. Gainera, pilaketak ekiditeko xedearekin, edukiera mugatua izango da. Segurtasun-neurri guztiak bisitariak ikusteko moduan iragarriko dira bulegoen kanpoaldean.

    Era berean, gaur egungo osasun-egoerak sortutako inguruabarren aurrean, Bilbao Turismok indartu egingo du turismo-informazioko zerbitzua telematikoki. Laster, halaber, posible izango da Bilbori eta Bizkaiari buruzko liburuxka turistiko nagusietara QR kode baten bidez sartzea eta informazioa Whatsapp bidez kontsultatu eta jasotzea.