• Udala, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, HIRIKO ETE, EKINTZAILE ETA SALTOKIEI LAGUNTZEKO ETA DIRULAGUNTZAK EMATEKO zerbitzu guztiak areagotzen ari da koronabirusaren pandemiak mundu osoan sortutako krisiari lehenago aurre egin ahal izateko.

  • 2020. urtean, COVID-19aren urtean, 2.700 enpresa baino gehiagok jaso zituzten laguntza eta aholkularitza, eta Bilbon 112 negozio baino gehiago sortzeko laguntza eman zen. Kopuru horiek gora egitea lortu nahi da.

  • Zerbitzuak doan eskaintzen dira, eta alor-sorta handi bat barne hartzen dituzte bi esparrutan bereizita: 1.- ETE ETA SALTOKIEI laguntza ematea, hobekuntza operatibora eta enpresa-lehiakortasuna handitzera zuzendutako programa eta baliabideekin, antolaketari lotutako laguntza estrategikoa, enpresa-berrikuntza, digitalizazioa edo nazioarteko merkatuetara sartzea. 2.- BIG Bilbao Ekintzailetza Zentroaren bitartez START-UP ETA NEGOZIO BERRIAK SORTZEKO laguntza.

  • Jarduketa-lerro berriei ere ekin zaie, besteak beste, WEBGUNE berri bat martxan jartzea (www.bilbaoekintza.eus), Ekintzailetza Zentroa Zabalguneko eraikinera aldatzea, hazteko eta ekimenak ugaritzeko asmoz, eta pandemiari aurre egiteko erakundeen arteko laguntzak ugaritzea, honako hauek gehitu dira eta: zergei, ekonomiari eta lanari buruzko kontsulta espezifikoak, osasun-protokolo berrietara egokitzeko laguntza zuzenak, negozio-lokalak alokatzeko bitartekaritza-zerbitzu berria…

 

 

Bilboko Udala, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, Bilbon dauden ETE ETA SALTOKIEN LEHIAKORTASUNA HANDITZEKO ETA START-UP ZEIN NEGOZIO BERRIAK SORTZEKO bideratutako zerbitzuen sorta garrantzitsua sendotzen ari da.

Doako zerbitzu integral bat da, eta start-up eta negozio berriak martxan jarri nahi dituzten ekintzaileen premiei erantzuteko abiarazi da, bai eta lehiakortasuna merkatuan bultzatu, eguneratu, digitalizatu eta handitu nahi duten saltoki eta hiriko enpresa txiki eta ertainen premiei ere.

Zerbitzuei dagokienez, besteak beste, aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen zaie ETE eta SALTOKIEI, operatiboki hobetzeko, enpresa-lehiakortasuna handitzeko eta laguntza estrategikoa zein antolakuntza-estrategikoa eskaintzeko, bai eta enpresa-berrikuntzarako, digitalizaziorako edo nazioarteko merkatuetara iristeko ere.

START-UP EDO ENPRESA BERRI BAT MARTXAN JARRI nahi duten EKINTZAILEEI DAGOKIENEZ, kudeaketa hobetzeko prestakuntza jasoko dute eta aholkularitza pertsonalizatua izapide burokratikoak egiteko, negozio-plan bat prestatzeko eta enpresa berria kokatzeko leku egokia hautatzeko, bai eta finantzaketa-lerroak eskuratzeko ere, besteak beste.

Aldi berean, Covid-19aren pandemiak eragindako agertoki honetan, jarduketa-lerroa zabaldu da testuinguru honetan sortu diren premiei aurre egin ahal izateko. Horri dagokionez, zergen, ekonomiaren eta lanaren alorreko kontsulta espezifikoei erantzuteko asmoz, osasun-protokolo berriak betetzeko dirulaguntza zuzenak eman dira, eta lokalen errentamenduari lotutako bitartekaritza-zerbitzua abiarazi da.

Bestalde, sendotzeko beste ekintza batzuk aplikatuko dira, esaterako, baliabide guztiak eskuragarri dituen webgune berri eta modernoagoa bat martxan jartzea (www.bilbaoekintza.eus), “BIG BILBAOEkintzailetza Zentroa beste toki handiago batera lekualdatzea, Zabalguneko eraikinera, handitu eta zabaltzen jarraitzeko. Gainera, komunikazio-kanpaina bat aktibatuko da.

Ekintza guzti hauek 2 milioi eurotik gorako aurrekontua izan dute.

ETE, SALTOKI ETA NEGOZIO BERRIENTZAKO LAGUNTZA ZENBAKIETAN

Bilboko ETE eta SALTOKIEI laguntzeko zerbitzuak alor hauek barne hartzen ditu: operatiboki hobetzea, laguntza estrategikoa, enpresa-berrikuntza produktuan, zerbitzuan eta prozesuan, antolaketarako laguntza estrategikoa, digitalizazioa edo kanpoko merkatuetara sartzeko laguntza.

Datu garrantzitsu gisa, nabarmendu beharra dago 2020. urtean, COVID-19aren urtean, udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, hiriko 2.700 enpresa eta saltoki baino gehiagori eskaini dizkiela laguntza, aholkularitza eta informazioa aipatutako alor guztietan.

Hauexek dira hiribilduko saltoki eta ETE-en zalantzarik ohikoenak edo aholkularitza-alor orokorrenak: ekonomiari (% 23,8), zergei (% 21,1) eta lanari (% 11,9) buruzko zalantzak edo laguntza eta laguntza-lerroak (% 43,1).

Sektoreka sailkatuta, ehungintza, zapatagintza eta osagarrien sektorea (% 15,94), osasun eta estetikaren sektorea (% 15,35) eta ostalaritza eta jatetxeen sektorea (% 13,93) dira aholkularitza eta laguntza gehien eskatu ohi dituzten sektoreak.

ETE edo saltokiaren tamainari dagokionez, % 72,26k hiru langile baino gutxiago ditu, % 12,99k bost baino gutxiago, % 8,74k hamar baino gutxiago eta % 5,31k berrogeita hamar langile baino gutxiago.

EKINTZAILETZA-zerbitzuak iaz, guztira, 1.272 ekintzaileri eman zien arreta. Guztira, 332 enpresa-ekimen jaso ziren, eta 421 proiektuk laguntza eta aholkularitza jaso zituzten (421 proiektu horietatik, 246 proiektu 2020. urteko proiektu berriak izan ziren).

COVID-19aren urte latz horretan elkarrekin egindako lan horri esker, 112 enpresa berri sortu ziren, eta 137 lanpostu berri sortu zituzten Bilbon. Hain zuzen ere, horiexek dira Bilboko Udalak duela gutxi omendu dituenak.

Azpimarratu beharra dago Bilbao Ekintzaren babesarekin martxan jarritako enpresa berrien % 70k, gutxi gorabehera, martxan jarraitzen du jardueraren lehenengo hiru urteak igaro ondoren. Datu horrekin agerian geratzen da zein garrantzitsua den Ekintzailetza Zentroak eskaintzen duen zerbitzua; izan ere, start-up eta enpresa berriei merkatura sartzen laguntzen die, baina egoerarik onenean egin dezaten eta ahalik eta arriskurik txikienarekin.

1.- HIRIKO ETE ETA SALTOKIEI ZUZENDUTAKO ZERBITZUAK

1.- INFORMAZIOA ETA LAGUNTZA

Udalerriko mikroenpresa, ETE, saltoki eta autonomoen premiei egokitutako zerbitzu, programak eta proiektuak, enpresentzako interesgarria den informazio guztia zentralizatuta

* PANDEMIA-EGOERARI AURRE EGITEKO AHOLKULARITZA INTEGRALEKO ZERBITZUA

Covid-19a dela eta, aholkularitza- eta laguntza-zerbitzu integral bat gehitu da. Doakoa da, eta, bertan, COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiteko erabil ditzaketen neurri aringarrien inguruko informazioa ematen zaie saltoki, ETE eta autonomoei.

Zerbitzua Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez eskaintza da, eta esteka honen bitartez egin dezakezu eskaera.

Jasotako galdera guztiak erantzuten dituzte Bilbao Ekintzako profesionalek, eta negozioen arabera egokitutako aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen dute lanari, zergei eta finantzaketari lotutako gaien inguruan, bai eta administrazio zein erakunde publikoek eskainitako laguntza-neurrien inguruan ere.

2.- GAIKUNTZA, KUDEAKETAREN BIKAINTASUNA ETA LEHIAKORTASUNAREN GARAPENA

Urte osoan eskaintzen den zerbitzu pertsonalizatua da, eta jarduera duela urtebete baino gehiago hasi zuten ETE eta saltokiei dago zuzenduta. Profesional adituek ematen dute. Negozio bakoitzaren premia zehatzak identifikatzea eta hobetu daitezkeen esparruak banan-banan babestea da xedea, bai eta digitalizazioan, merkataritza-marketinean, ekonomia- eta finantza-alorrean eta giza baliabideen esparruan hobetzeko proiektuak babestea ere, besteak beste.

3.- BERRIKUNTZA

Produktuan, zerbitzuan eta prozesuan berritzaileak izateko sormen-teknikak eta -tresnak ematen dira negozio-ereduari dagokionez eta erabiltzailearen esperientzia hobetzeko, aholkularitza eskatzen duten ETE eta saltokien emaitzak hobetzeko eta lehiakortasunak gora egiteko.

4.- ESTRATEGIA: MENTORING BILBAO PROGRAMA

Programa estrategiko bat da, eta, bertan, askotariko topaketak eta bilerak egingo dira mentoring-programako hartzaileekin. Programak zortzi hilabete iraungo du, eta ibilbide profesional sendoa duten enpresaburuekin antolatuko da (mentoreak). Topaketetan babes estrategikoa eskainiko dute, eta haien ezagutza eta esperientzia partekatuko dituzte. Ikasteko eta hazteko gune bat sortuko dute, programan parte hartuko duten enpresen epe luzerako ikuspegia hobetu ahal izateko eta erabakiak hartzea errazteko.

Mentoring Bilbao” programa 2008. urtean abiarazi zenetik, guztira, 127 saltokik eta ETE-ek lehiakortasuna hobetu dute parte hartu duten 84 mentoreen laguntzari esker.

5.- NAZIOARTEKO MERKATUETAN SARTZEA

“Balebila” programaren bidez, nazioartean ezagutzera eman nahi diren negozioei komunikazioko eta harreman publikoko estrategia praktikoak eta tresnak eman nahi zaizkie. Bertan parte hartu ahal izateko, ingelesa ondo jakin beharra dago; izan ere, ingelesez eskainiko dira jarduera guztiak.

6.- ZERBITZUEN DIGITALIZAZIOA

ETE eta saltokiei eskainitako zerbitzuen digitalizaziorako proiektu bat garatzea, aurrez aurreko zerbitzuak indartzeko eta osatzeko asmoz.

7.- ENPRESA-KOMUNITATEA ETA PRESTAKUNTZA

Lankidetzarako espazioak sortzea, networking ekitaldiak eta tailerrak antolatuta, bai eta gure enpresa-ehunerako interesgarriak diren gaurkotasuneko gaien inguruko jardunaldiak ere.

2.- EKINTZAIEEI LAGUNTZEKO ZERBITZUAK- START-UP ETA NEGOZIO BERRIAK SORTZEA – BIG BILBAO

Bilbao Ekintza udal-sozietateak Big Bilbao izeneko Ekintzailetza Zentro bat du, eta, lehen esan dugun bezala, oraintsu, Zalbalguneko eraikinean dauden instalazio handiago batzuetara lekualdatu dituzte zerbitzuak, hazten jarraitzeko eta ekimen ekintzaile gehiago barne hartu ahal izateko.

Espazio berritzaile eta irisgarri bat da, eta, bertan, Bilbon start-up edo negozio-ideia bat egia bihurtzeko beharrezkoak dituen baliabide eta informazio guztia helaraziko zaio ekintzaileari. Herritar ekintzaileentzat irekita dagoen espazio bat da, berrikuntzara eta sormenera bideratuta, zerbitzuen katalogo integral batekin eta ekintzaile, start-up eta enpresen arteko topaketetarako, elkarri eragiteko eta networkingerako espazio batekin. Erabilera askoko gune bat izango da, premietara egokituta, eta Bizkaiko beste ekintzailetza-baliabide batzuen osagarri, horiekin koordinatuta, bai eta lurraldeko enpresa-ehunari lotuta ere.

Horretarako, ekintzaileen askotariko profilen arabera diseinatutako eta pertsonalizatutako ibilbideen arabera egiten da lan, profila edozein izanda ere: start-up edo ekintzaile digitala, retail sektoreko ekintzailea, ekonomia sozial eta solidarioaren sektoreko ekintzailea, autoenplegua…

Zerbitzu hauek eskaintzen dira:

1.- INFORMAZIOA ETA LAGUNTZA

Start-up eta ekintzaileen askotariko premietara egokitutako zerbitzuak, programak eta proiektuak, ekimen ekintzaileetarako interesgarria den informazio guztia espazio bakarren zentralizatuta.

2.- IDEIA

Proiektua hasiera-hasierako fasean aztertzen dugu eta ekintzailetzaren munduari buruzko zure lehenengo zalantzak argitzen ditugu, bai eta emango duzun aurrerapauso handiak izango dituen ondorioak ere.

3.- BUSINESS PLANA

Negozio-alor bakoitzeko adituek banakako aholkularitza eskainiko dute: negozio-eredua, ideia egiaztatzea eta baliozkotzea, marketin digitala, merkatu-azterketa, salmenten kanala, ekonomia- eta finantza-azterketa, kostuen egitura, lantaldea, akzioen egitura, alderdi juridikoak, bazkideen ituna, hitzarmenak, business plan integrala…

4. SOFT SKILLS ETA KUDEAKETARAKO GAITASUNAK

Ekintzaileei start-up eta enpresak kudeatzen ikasteko beharrezkoak diren tresnak emateko prestakuntza eta aholkularitza. Enpresa-arrakasta lortzeko beharrezkoak diren gaitasun nagusiak entrenatzea.

5.- ABIAN JARTZEA ETA KALERATZEA

Enpresak Sortzeko Sarea eta Informazio Zentroaren bitartez egiteko izapidetze telematikoko zerbitzua, martxan jartzeko izapideak egiteko. Negozioaren lehenengo urtean laguntza ematea, gero, ETE eta Merkataritza Zerbitzura joan aurretik.

6.- . FINANTZAKETA

Hitzarmenak finantza-entitateekin, start-up eta enpresa-proiektuak babesteko eta finantzatzeko.

7.- ESPEZIALIZAZIO ADIMENDUNA

Bilboko espezializazio adimendunaren estrategiarekin bat datozen programa espezifikoak. Start-upei eta profil teknologikoak duten proiektuei zuzendutako Ekintzailetza DIGITALeko programa nabarmentzen da, bai eta RETAIL Ekintzailtza delakoa ere, merkataritzaren sektoreko proiektuetarako.

8. EKONOMIA SOZIALA ETA SOLIDARIOA / EKONOPOLO

Ekonomia Sozial eta Solidarioaren sektoreko proiektuetara bideratutako laguntza-programak. Harrobi plazan dagoen inkubazio-espazio fisikoaBIG Bilbao zentroak egoteko espazio bat eskaintzen die sektoreko enpresei. Espazioa Harrobi plazan dago, eta EKONOPOLO du izena.

9.- KOMUNITATE EKINTZAILEA

Ekintzaile, start-up, enpresa eta ekosistema ekintzaileko eragileen artean loturak sortzeko eta harremanak ezartzeko lankidetzarako espazioak sortzea. Networking-ekitaldiak, tailerrak eta jardunaldiak, komunitate ekintzailearentzat interesgarriak eta gaur egungo gaiei buruzkoak.

10. AUZOFACTORY ZENTROEN SAREA

Start-up edo negozio berriak jartzeko espazio fisikoak eskaintzen dira. Bertan, lan egiteko modu berriak ikasiko dituzte, harremanetarako sareak sortu eta enpresei hazten eta finkatzen lagunduko dieten konexioak ezarri.

11. ZERBITZUEN DIGITALIZAZIOA

Start-up eta ekintzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzuen digitalizazio-proiektua, aurrez aurreko zerbitzuak indartzeko eta osatzeko asmoz.

INFORMAZIO GEHIAGO eta Bilbao Ekintza udal-sozietatearekin harremanetan jartzea:

  • www.bilbaoekintza.eus
  • BIG BILBAO Ekintzailetza Zentroa, Zabalguneko plaza, 1. Telefonoa: 94 420 53 60.
  • ETEak eta SALTOKIAK hobetzea eta laguntzea: Terminus eraikina (Navarra kalea, 5). Telefonoa: 94 420 53 30.

Bilbao Ekintzak, Bilboko Udalaren udal sozietateak, maiatzaren 19an antolatuko duen online Enpresa Jardunaldira gonbidatzen zaitu. Bertan, BATUZ sistema berria aurkeztuko da, hau da, 2022ko urtarrilaren 1ean Bizkaian indarrean sartuko den estrategia fiskala.

Zubizarreta Consulting eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun saileko eta IZENPE-ko (EAEko Administrazioak elektronikoki identifikatzeko plataforma) arduradunekin lankidetzan, sistemaren berritasun nagusiak eta TicketBAI eta sistemaren barruan erabil daitezkeen ziurtagiri elektronikoak aztertuko dira.

Bat egin gurekin!

Hizlariak:

  • Antonio Pérez Delgado, Bizkaiko Foru Ogasuneko Ikuskaritzako zuzendariordea.
  • Iñigo Egia Ossorio, Bizkaiko Foru Aldundiko Iruzurraren aurkako Borrokaren Arriskuen Analisirako eta Koordinaziorako zerbitzuburua.
  • Raquel Garay, Proiektu Saileko arduraduna IZENPEn (EAEko administrazioen identifikazio elektronikorako plataforma).
  • Asier Etxeita, Zubizarreta Consulting-ko bazkidea.

 

PROGRAMA

9:00- Aurkezpena (Bilbao Ekintzako zuzendari nagusiaren, Javier Garcinuño Zabala, eskutik)

9:10- 11 Bizkaiko Foru Ogasuneko eta IZENPEko arduradunen hitzaldiak:

  • Antonio Pérez Delgado, Bizkaiko Foru Ogasuneko Ikuskaritzako zuzendariordea.
  • Iñigo Egia Ossorio, Bizkaiko Foru Aldundiko Iruzurraren aurkako Borrokaren Arriskuen Analisirako eta Koordinaziorako zerbitzuburua.
  • Raquel Garay, Proiektu Saileko arduraduna IZENPEn (EAEko administrazioen identifikazio elektronikorako plataforma).
  • Asier Etxeita, Zubizarreta Consulting-ko bazkidea.

Hitzaldien edukiak honako gai hauek biltzen ditu: proiektuaren egungo egoera eta ezarpen-egutegia. Bereziki, arau-berritasunak. Fakturak eta eragiketen gainerako egiaztagiriak (TicketBAI proiektua) egitean bete behar diren zehaztapen teknikoak, baldintza tekniko batzuk betetzen dituen fakturazio-softwarea erabiliz.

Sinadura-ziurtagiriak: hautaketa egokia egiteko kontuan hartu beharreko baldintzatzaileak, aukerak eta faktoreak. (Raquel Garay de Izenpe).

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsonek eta erakundeek sortutako informazioa bidaltzea, eragiketa ekonomikoen erregistro-liburuak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan kudeatuz.

Zergadunei laguntzea, zerga-aitorpenen zirriborroak eginez. Zehapen-araubidea. Zerga-pizgarriak.

11:00-11:15 h.: Hitzaldia, Asier Etxeita- Zubizarreta Consulting-eko bazkidea: Batuz, nire negozioan erabiltzen ditudan kudeaketa-tresnei balioa emateko aukera gisa.

11:15-11:30 h.: Galderak

  • Asteazkeneko, maiatzak 5, 10:00etatik aurrera sektore hauei pandemiari aurre egiten laguntzeko Bilboko Udalaren LAGUNTZA ZUZENAK eskatu ahal izango dira: turismoaren sektorea, eta arropa, zapata eta larruzko artikuluen txikizkako merkataritza telematikoki eskuratu ahal izango dira, esteka honen bidez: https://www.bilbaoaurrera.eus.

  • Guztira, 1,1 milioi euro baino gehiago emango dira, eta horietatik 877.000 euro merkataritzarako dira eta 268.000 euro turismorako.

Asteazkeneko, maiatzak 5, 10:00etatik aurrera, aktibatuta egongo da Bilboko Udalaren www.bilbaoaurrera.eus webgunean, eta TURISMOAREN sektoreari zuzendutako laguntza zuzenak eskatu ahal izango dira bertan, bai eta ehungintzako eta zapatagintzako MERKATARITZARI dagozkionak ere. Aparteko neurriak dira biak, eta pandemiari aurre egiteko Bilbao Aurrera 2021 Planean jasotako ekintza eta aurrekontura gehituko dira. Plana udal-ordezkaritza duten talde politiko guztiekin adostu da, eta, guztira, 15 milioi euro baino zertxobait gehiagoko inbertsioa egingo da. Era berean, Bilbao Ekintza udal-sozietatea arduratuko da izapide guztiak egiteaz, aipatutako webgunearen bidez. Eskabideak aurkezteko epea datozen 15 egun baliodunetan egongo da irekita, hau da, maiatzaren 20era arte.

Hiriko txikizkako MERKATARITZARI eta, zehazki, arropa, zapata eta larruzko artikuluen sektoreei zuzendutako laguntza zuzenen poltsaren kasuan, udalak 877.000 euro bideratuko ditu, eta, horrela, Eusko Jaurlaritzak ematen dituenak osatuko dira. Udalak bideratuko dituen laguntzen kopurua 1.000 eurokoa izango da 1 eta 9 enplegu arteko plantilla duten saltokientzat eta 1.500 eurokoa 10 langile baino gehiago dituztenentzat.

  • 1 eta 9 langile artean: Bilboko Udalaren 1.000 euro (+ Eusko Jaurlaritzaren 4.000 € ) = 5.000 €, GUZTIRA.
  • 10 langile edo gehiago: Bilboko Udalaren 1.500 euro (+ Eusko Jaurlaritzaren 4.500€ ) = 6.000 €, GUZTIRA.

Gaur egun, laguntza-sorta jaso ahal izango duten tipologia horretako 861 establezimendu daude Bilbon, gutxi gorabehera (EJSNren arabera).

Hauxe da aurrekontu-irismenaren kalkulua:

  • 1-9 langile dituzten establezimenduak: 829 saltoki X 1.000 € bakoitzak = 829.000 €, guztira.
  • 10 langile edo gehiago dituzten establezimenduak: 32 saltoki X 1.500 € bakoitzak = 48.000 €, guztira.

TURISMOAri zuzendutako laguntza zuzenen kasuan, udalak, guztira, 268.000 euro bideratuko ditu, eta Bilboko udalerriko turismo-sektoreko pertsona fisiko (autonomoak edo profesionalak, ondasun-erkidegoen bazkideak eta nortasun juridikorik gabeko sozietate zibilak) edo juridikoek, mikroenpresa edo ETE guztiek parte hartu ahal izango dute: turismo-garraioko enpresak, turismo aktiboko enpresak, kongresuak antolatzen dituzten enpresa profesionalak, turismo-gidariak eta bitartekaritzako turismo-enpresak.

Zenbatekoak langileen kopuruaren arabera emango dira, eta 1.000 euro, 1.250 euro edo 1.500 eurokoak izango dira. Beste mota batzuetako dirulaguntzen osagarriak izango dira.

  • 1-9 langile dituzten establezimenduak: MILA EURO (1.000,00 €).
  • 9 langile baino gehiago dituzten establezimenduak: MILA BERREHUN ETA BERROGEITA HAMAR EURO (1.250,00 €).
  • Bitartekaritzako turismo-enpresak: MILA ETA BOSTEHUN EURO (1.500,00 €).

Era berean, eskabide bat aurkeztu ahal izango da lantoki edo establezimendu bakoitzeko, enpresa bakarrak bat baino gehiago izan arren. Enpresek establezimendu edo lantoki bakoitzerako eskatu ahal izango dituzte laguntzak, bakoitzari dagokion eskabidea aurkeztuta. Bitartekaritzako turismo-enpresak (bidaia-agentziak) salbuespena izango dira; izan ere, eskaera bakarra egin beharko dute enpresa osatzen duten lantoki, sukurtsal eta salmenta-toki guztietarako.

Laguntzen bi lerroak telematikoki eskatu ahal izango dira, esteka honen bidez: https://www.bilbaoaurrera.eus. Horrez gain, kontsultak egiteko eta informazioa eskatzeko telefono-zenbaki hau erabili daiteke: 94.420.53.57. Edo, bestela, helbide elektroniko honetara idatzi: bilbaoaurrera@bilbaoekintza.bilbao.eus.

  • Bilbao Basket Kirol Elkartearen eta INNOLAB Bilbaoren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, aplikazio teknologikoko proiektu bat garatzeko, taldearen kirol-kudeaketa digitalizatzen laguntzeko.

  • INNOLAB Bilbao irabazi-asmorik gabeko elkartea da, Bilboko Udalak bultzatutako lankidetza publiko-pribatu baten emaitza, eta hainbat eremutako bazkideak batu zaizkio, hala nola BBK, IBM, Iberdrola, Mondragon Korporazioa, IMQ Taldea, Deustuko Unibertsitatea, BCAM (Basque Center for Applied Mathematics)…

Bilbao Basket Kirol Elkartearen eta INNOLAB Bilbaoren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, aplikazio teknologikoko proiektu bat garatzeko, taldearen kirol-kudeaketa digitalizatzen laguntzea helburu duena, ondoren azterketa estatistiko aurreratua egiteko.

Honako hauek sinatu dute akordioa: Isabel Iturbe, Bilbao Basket Kirol Klubeko presidentea, eta Gorka Martínez Salcedo, INNOLAB Bilboko presidentea. Bertan izan da, halaber, Javier Garcinuño Bilbao, Ekintza udal-sozietateko zuzendaria, zeinak proiektua prestatzeko lanetan parte hartu duen.

Hitzarmen horri esker, saskibaloi-klubak hainbat talde eta lehiaketetako jokalari propioak edo aurkariak ebaluatu ahal izango ditu, talentua detektatu eta plantilla konfiguratu ahal izango du bere tresnak erabiliz. Prototipatu teknologikoko proiektu hori INNOLAB Bilbaoko bazkide den BCAMek (Basque Center for Applied Mathematics) garatuko du.

Lankidetza horren bidez, Bilbao Basket Klubak bere digitalizazio-planaren ardatz nagusietako bat garatuko du, jokalarien errendimenduaren kudeaketa eta ebaluazioa indartuz, baita haien errendimendua monitorizatuz ere, faktore hori erabakigarria baita plantillak konfiguratzeko orduan.

Isabel Iturbe Bilbao Basket Kirol Klubeko presidentearen aburuz, “Bilbao Basketetik berrikuntzaren aldeko apustua egiten dugu. Klubeko hainbat arlo digitalizatzeko lanean ari gara eta proiektu hau, INNOLABen eskutik, prozesu horretan aurrerapauso handia izango dela uste dugu”. Bestalde, Gorka Martinezek adierazi duenez, “Digitalizazioa jada ez da aukera bat. Hori dela eta, INNOLAB Bilbaorentzat, atsegina da gure hiriko erreferentziako klub bati, Bilbao Basketi, teknologia erabiltzeko bidean laguntzea erronka berriei aurre egiteko, kirol-kudeaketa modu lehiakorrean eta eraginkorrean aldatuz”. Bilbao Ekintza udal-sozietateko arduraduna den Javier Garcinuñoren esanetan, “oso garrantzitsua da mota honetako proiektuak sortzea, bai eta elkarrekin lan egiten jarraitzea ere. Horrela, sektore guztietara eramango dugu hain beharrezkoa den digitalizazioa, kirolaren mundura ere bai”.

INNOLAB Bilbao

INNOLAB Bilbao berrikuntza irekiko plataforma bat da. Bertan, talentuak, teknologiak eta industriak bat egiten dute enpresa-erronkei irtenbide digital berriak emateko, euskal gizartean berrikuntza teknologikoa bultzatuz eta enpresak eta industria digitalizatzeko jarduerak bultzatuz.

2016an sortu zen eta irabazi-asmorik gabeko elkartea da, Bilboko Udalak bultzatutako lankidetza publiko-pribatu baten emaitza, eta hainbat eremutako bazkideak batu zaizkio, hala nola BBK, IBM, Iberdrola, Mondragon Korporazioa, IMQ Taldea, Deustuko Unibertsitatea, BCAM (Basque Center for Applied Mathematics) eta El Correo.

  • Apirilaren 22an, osteguna, 09:30ean eta online antolatuko da “Digitalizazioa ostatuetan. Contactless irtenbide teknologikoak: check in, check out” jardunaldia.

  • Topaketa horren bitartez, digitalizazioa eta kontakturik gabeko irtenbideak bultzatu nahi dira, segurtasun-protokoloa bermatzeko eta bertaratzen direnei esperientzian hobekuntzak eskaintzeko.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez eta Innolab-en lankidetzarekin, “Turistech Bilbao” topaketak antolatu ditu. Jardunaldietan, hain zuzen ere, teknologiak turismo-enpresei eskaini diezazkiekeen aukerak aztertuko dira.

Hori horrela, “Digitalizazioa ostatuetan. Contactless irtenbide teknologikoak: check in, check out” jardunaldia egingo da apirilaren 22an, osteguna, formatu digitalean. Hotelen sektorea kontzientziatu nahi da, kontakturik gabeko, contactless, irtenbideak eta digitalizazioa zein garrantzitsuak diren jakin dezaten, batik bat, enpresan segurtasun-protokolo bat bermatzeko eta bertaratzen direnei esperientzia hobeagoa eskaintzeko.

Gai hauek landuko dira jardunaldian: turismo-ostatuetan teknologia berriak ezartzearen inguruko joera digitalen berri emango da, smart ostatua izateko teknologiak duen potentziala azalduko da eta kontakturik gabeko sarbideetan berritzaileak izateko abangoardiako proposamen berriak deskubrituko dira. Álvaro Carrillo de Albornoz (ITH, Instituto Tecnológico Hotelero) arduratuko da hitzaldi nagusia emateaz, eta Smart Hotel proiektuari buruzkoa izango da. Garatzeko, Amadeus-ekin aritu da lankidetzan, ostatuen segmentuaren lehiakortasuna hobetzeko asmoz, establezimenduei negozioaren eraldaketa digitalerako eta jasangarrirako beharrezkoak diren zerbitzuak eta tresnak errazteko. InnovahotelHoomvipOnity eta STAYmyway enpresak arduratuko dira teknologia-irtenbideak aurkezteaz.

Apirilaren 22ko 09:30ean egingo den jardunaldian parte hartu nahi baduzu, esteka honetan eman dezakezu izena.

  • Gaur goizean egin da ATELIER proiektuaren aurkezpen ofiziala, eta honako hauek bildu dira lan-saioan: Asier Abaunza, Bilboko Udaleko Obrak, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoen zinegotzia; Alfonso Gil, Bilboko Udaleko Mugikortasuna eta Jasangarritasun zinegotzia; Javier Marqués, EEEko zuzendari teknikoa; Iñaki San Sebastián, Tecnaliako zuzendari nagusia, eta Frans Verspeek, Europako proiektuaren koordinatzaile nagusia.
  • Ekimenaren xedea da kontsumitzen dutena baino energia gehiago sortzen duten eremuak eratzea eta errepikatzea, bai eta hiriaren energia-ikuspegi bat sortzea ere, 2050era begira.
  • ATELIER proiektuaren esparruan, Bilbo eta Amsterdam izan dira energia sortzeko irtenbide berritzaileak bilatzeko eta proposatzeko hautatu dituzten hiriak, eta, gero, Europako beste sei hiritan errepikatuko dira lorpenak.

ATELIER proiektuaren aurkezpena gaur goizean egin da Bilbon. Ekimenaren esparruan, Bilbo eta Amsterdam izan dira energia sortzeko irtenbide berritzaileak ekartzeko hautatu diren hiriak, eta gero beste sei hiritan errepikatuko dira emaitzak.

Bilboren kasuan, Zorrotzaurre izango da proiekturako espazio esperimentala. Esperientzia horiek abiapuntutzat hartuko dira, hiriek gero hiriaren 2050eko Energia Ikuspegia garatzeko.

Bilboko Udaletxean egin da ATELIER proiektuaren aurkezpena, eta honako hauek bildu dira lan-saioan: zuzendari-lanetan Asier Abaunza, Bilboko Udaleko Obrak, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoen zinegotzia, eta parte-hartzaile gisa Alfonso Gil, Bilboko Udaleko Mugikortasuna eta Jasangarritasun zinegotzia; Javier Marqués, EEEko zuzendari teknikoa; Iñaki San Sebastián, Tecnaliako zuzendari nagusia, eta Frans Verspeek, Europako proiektuaren koordinatzaile nagusia.

Lehenengo aurkezpen-saio honen osteanBilboren energia-trantsiziorako diagnostiko-tailer bat garatu da, non proiektuko bazkide diren beste entitate batzuek eta askotariko gizarte-eragileek parte hartu duten. DAFO Bilbao diagnostiko-tailerra lankidetzarako prozesu bat da, eta energia-trantsizioan murgilduta dauden askotariko eragileek beren ezagutza eta zalantzak helarazi ahal izango dituzte bertan.

ATELIER (hemendik sortu dira siglak: AmsTErdam and BiLbao cItizen drivEn smaRt cities) Europako Smart Cities and Communities Lighthouse proiektuaren barruan dago, zeinak kontsumitzen dutena baino energia gehiago sortzeko eremuak sortu eta errepikatu nahi dituen Europako zortzi hiritan. Proiektuan, halaber, 2050erako Energia Ikuspegi bat prestatuko da bertan parte hartuko duten hirietarako. Hiriaren ikuspegi horren elementuek hirien epe ertaineko eta luzeko helburuak finkatuko dituzte, bai eta hiriaren energia-sistema modu eraginkor eta osoan deskarbonizatzeko trantsizio-agertokiak ere.

ATELIER proiektuan, irtenbide berritzaileak bilatuko dira bi hirietan —Amsterdam eta Bilbo–, eta proiektuko beste sei kideek —Bratislava, Budapest, Kopenhage, Krakovia, Matosinhos eta Riga— eskaintzen dizkieten esperientziak errepikatuko dituzte.

ATELIER proiektu europarrean 30 bazkidek parte hartuko dute. Bestalde, hiri adimendunen garapena du xede, eta deskarbonizazioa zein energia-trantsizioak aldaketarako bektoreak izango dira parte hartzen duten Europako zortzi hirietarako. ATELIER proiektuaren bitartez, teknologia berriak, finantzaketa-eredu berriak eta negozio-ereduak probatu nahi dira, energiaren alorreko proiektu berritzaileak bultzatzen laguntzeko.

BILBOKO ESPERIMENTAZIO-POLOAK ETA AURREKONTUA

ATELIER proiektuak 5 urte iraungo du, eta 22 milioi euro inguruko aurrekontua izango du. Horietatik, 20 milioi euroko ekarpena egingo du Europako Batzordeak.

Zenbateko horri dagokionez, 8 milioi Bilbori dagozkio, Bilboko Udalak osatuko duen lantaldearekin. Horrez gain, honako hauen arteko koordinazio-lanez arduratuko da: tokiko erakunde osoa, Zorrotzaurre Kudeaketa Batzordea, Tecnalia, Iberdrola, EEE, TELUR, Deustuko Unibertsitatea, Zabala Innovation Consulting, Cartif eta Energia Klusterra. Zenbateko horri dagokionez, Udalak 1,8 milioi euro kudeatuko ditu zuzenean.

Bilbao Ekintzak, Bilboko udalaren udal sozietatea, Innolabekin lankidetzan, “Turistehc Bilbao: Digitalizazio ostatuak. Contacles interbide teknologikoak: check in, check out” online jardunaldia ospatuko du apirilaren 22an.

COVID-19ren osasun-krisiak markatutako testuinguruan, ekitaldi honek ostatu-sektoreen negozioak digitalizatzearen eta “contactless” irtenbiden garrantziaz kontzientziatzea helburu du, enpresa barruan segurtasun-protokolo bat bermatzeko eta erabiltzaileei esperientzia hobego bat eskaintzeko.

Teknologia berriei esker, bidaiariek edozein gailu elektronikotatik kudeatu dezakete check-in eta check-out prozesua, modu azkar, erraz eta seguruan. Aldi berean, ETEek beren ahalmen guztia baliatzen dute bezeroari esperientzia hobea eskaintzeko.

Horretarako, sektoreko adituek eta erreferenteek honako gai hauek landuko dituzte:

  • Joera digital berriak: ostatu turistikoen inguruko berrikuntza teknologikoak aurkitzea.
  • “Smart” ostatua: negozioak inguru adimendun bihurtzeko teknologien potentziala aprobetxatzeak duen garrantzia ulertzea.
  • “Contactless” irteenbideak: “Kontaktu gabeko” teknologia nagusiak eta horien abantailak ezagutzea eta aztertzea.

Eman izena!

 

PROGRAMA – Online

09:30   Saioaren hasiera: Bilbao Ekintza – INNOLAB Bilbao

09:35   ITH Hitzaldia . Alvaro Carrillo de Albornoz. Proyecto Smart Hotel

09:50   Irtenbide Teknologikoak

  • 09:50: Innovahotel
  • 10:05: Hoomvip
  • 10:20: Onity
  • 10:35: STAYmyway

10:50  Galderak

11:00  Bukaera

  • Kultur eta sorkuntza proiektuetarako deialdiak 59 proposamen diruztatuko ditu, guztira 500.698 euroko aurrekontuarekin, eta proposamenok Uriaren programazioan txertatuko dira aurtengo urtean zehar.

  • Bilbon ikus-entzunezkoak sustatzeko “Proiektuen poltsa” delakoa ikus-entzunezkoen eta zinemagintzaren sektorerako da, eta gehienez ere 3 lan hautatuko dira, 14.000 eurorekin diruztatuko delarik bakoitza.

  • Bilbok, aurrerantzean ere, jarrera errimea izango du kulturaren sektorearen alde eta COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren ondorioak arintzearren, eta, ostera ere, neurri berriak ezarri ditu Urian kultur jarduera berpizteko.

Bilboko Udalak, aurrerantzean ere, jarrera errimea izango du kultur sektorearen lanaren alde eta COVID-19 gaitzak eragindako krisi sanitarioaren ondorioak arintzearren.

Hala, Udalak, ostera ere, neurri berriak ipiniko ditu pandemiaren ondorioak leuntzeko, eta, aldi berean, Urian kultur jarduera bizkortzeko, eta bi deialdi berri prestatu ditu horretarako. Alde batetik, kultur eta sorkuntza proiektuen hautapen bat, eta, bestetik, proiektuen poltsa bat Bilbon ikus-entzunezkoak sustatzeko; biak ere Bilbao Aurrera 2021 Plan Berezian Bizkaiko hiriburuan gizarte-kohesioaren alde, ekonomia eta enplegua suspertzeko eta kultura bizkortzeko jasotako neurrien artean.

KULTUR ETA SORKUNTZA PROIEKTUAK HAUTATZEKO DEIALDIAN, Bilboko kulturaren eta sorkuntzaren sektoreko profesionalen eta entitateen proposamenak sartzen dira. Ekimen horiek Uriko kultur jardueren programazioan sartuko dira, eta 2021ean zehar egikaritu beharko dira.

Ahalik eta eragile gehienengana iristearren eta ahalik eta jarduerarik gehien eragitearren, guztira 59 proiektu hautatuko dira, eta 500.698 euroko aurrekontuarekin diruztatuko dira; lau kategoria ezarri dira, balorazio ekonomikoaren arabera: 2.000 euro, 5.000 euro, 10.000 euro eta 14.900 euro.

Deialdia honako kultur eta sorkuntza sektore hauetako proiektuetarako da: arkitektura; arte eszenikoak; ikusizko arteak; artisautza; ikus-entzunezkoak; eduki digitalak; diseinua; edizioa; hizkuntzaren arloko industriak; moda; musika; ondarea; publizitatea eta marketina; antolakuntza zerbitzuak (hezkuntza artistikoa, bitartekaritza, ekitaldiak antolatzea eta produzitzea, kultur aholkularitza eta kudeaketa,…); bideo-jokoak; eta zeharkako kultur jarduerak.

Kultur proposamen guztiek unean uneko osasun-egoerara egokituta egon behar dute, indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatuz eta, zehazki, Covid-19ari aurre egiteko beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak (edukiera, pertsonen arteko distantzia, pertsonak elkartzeko mugak, ordutegiak, etab.).

Proiektuak euskarazkoak nahiz gaztelaniazkoak izan daitezke, eta 2021eko maiatzaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira, posta elektronikoaren bidez, helbide honetan: cultura@bilbao.eus.

Deialdiaren oinarriak esteka honetan ikus daitezke.

2021erako, bestalde, Udalak ostera ere jarri du abian deialdi hau, bigarren aldiz: “BILBO IKUS-ENTZUNEZKOEN BIDEZ SUSTATZEKO PROIEKTUEN POLTSA, URIKO IKUS-ENTZUNEZKOEN ETA ZINEMAGINTZAREN SEKTORERAKO”

Bilboko Udalak Bilbo Aurrera 2021 Plana delakoren bidez onartutako neurrien artean, urian ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta laguntzearren, deialdi bat egin zaie aurten ostera ere, Arriaga Antzokiak eta ZINEBI jaialdiaren bidez, ikus-entzunezkoen eta zinemagintzaren sektorearekin zerikusia duten Bilboko enpresei, parte har dezaten ikus-entzunezkoen funts bat sortzen, Bizkaiko hiriburua sustatzearren.

2020an bezala, deialdi honek helburu bikoitza du: alde batetik, Bilboko ikus-entzunezkoen eta zinemagintzaren sektorea babestu, lagundu eta sustatu nahi du; eta, bestetik, Bilbo sustatzen duen ikus-entzunezkoen funtsa eguneratu, aberastu eta osatu nahi du, abiapuntutzat hartuz, esate baterako, Bilboko ondarezko eraikinak, Uriak hirigintzaren aldetik izan duen eraldakuntza, Bilboko auzo bereziak, uriaren jarduera etengabea, kultur eskaintza, saltokiak eta elkarteak, jaiak, bizilagunak, ohiturak, eskaintza turistikoa.

Proposamen honen bidez, gonbidapena egiten zaie Uriko sortzaileei pentsa eta birpentsa dezaten uriaren oraina eta etorkizuna. Proposamen berri eta ezezagunak bildu nahi dira, luzeenez ere 45 minutukoak, sormenezkoak eta askotarikoak, uria sustatzen lagunduko dutenak, baina uriari buruzko gogoeta ere eragingo dutenak: “Nola aldatu da Bilbo azken urteotan? Nola egiten dio aurre uriak normaltasun berriari, nola zerbitzuek edo nola kultur eta/edo turismo eskaintzak? Zer erakargarri eskaintzen ditu uriak ondarearen, kulturaren, jaien eta besteren aldetik? Zer kultur sare osatzen du uriak, eta zer erronka ditu? edo, zer uri mota, askotarikoa, inklusiboa eta berdinzalea, eraiki beharko genuke kulturaren bidez?

Proiektuen Poltsaren” aurrekontua, guztira, 50.820 euro da, eta gehienez ere 3 proiektu hautatuko dira, eta 14.000 eurorekin diruztatuko da bakoitza.

Ikus-entzunezkoak 2021eko abuztuaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira posta elektroniko bidez, helbide honetan: zinebi@zinebi.eus

Deialdi honen oinarriak esteka honetan ikus daitezke.

BILBAO AURRERA PLANA

Bilbao Aurrera 2021 Plana delakoa iaz lehenengoz abiarazi zen “Bilbao Aurrera 2020 Plana” zenaren jarraipena da, orduan sortu baitzen pandemia mundu osoan, COVID-19 gaitzaren krisi sanitarioak uriko pertsonen eta enpresen artera ekarritako ondorioak arintzeko eta haietatik oneratzeko eta suspertzeko.

Iazko maiatzean udal-ordezkaritza zuten alderdi politiko guztiek adostutako #BilbaoAurrera2020 Planak izandako harrera onaren ondoren, Bilboko Udalak ezohiko plan berri bat jarri du abian, #BilbaoAurrera2021 izenekoa. Plan horrek jarraipena ematen dio azken hilabeteetan egindako lanari, eta 15,1 milioi euroko aurrekontua jartzen du mahai gainean, gizarte-kohesioaren, kulturaren eta ekonomiaren eta enpleguaren arloko 43 neurri zehatz aurrera ateratzeko.

SARE SOZIALAK:

www.bilbaokultura.eus

  • Ekainaren 15etik 17ra, Food 4 Future – ExpoFoodTech ekitaldia antolatuko da Bilbon. Bertan, datozen urteetan sektorea eraldatuko duten enpresa-esperientzia berritzaileenak, azken aurrerapen zientifikoak eta elikagaien zein edarien produktuak garatzeko joerak bilduko dira

  • Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren eta elikagai eta edarien elkarte zein enpresa nagusien babesa du ekitaldiak, bai eta Bilbo Foodtech berrikuntzaren hiriburu bihurtzeko EIT Food ehun ekintzaile eta berritzailearena ere

Food 4 Future – ExpoFoodTech 2021 ekitaldi profesionalaren aurkezpena egin dute gaur. Elikagaien eta edarien sektoreko profesionalak bilduko dira bertan ekainaren 15etik 17ra, Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan. Hiru eguneko foro bat izango da, eta datozen hamarkadetan elikagaien industriak aurre egiteko izango dituen erronkak aztertuko dira bertan, bai eta eredu jasangarriagoen bilaketa eta osagaien eta produktuen berrikuntza ere.

Food 4 Future ekitaldian, balio-kate osoko profesionalak bilduko dira Bilboko BECean zientzia eta teknologia elikagaien industrian hain beharrezkoa zen iraultza sortzen ari direla erakusteko. «Food 4 Future berritasun teknologikoak, berrikuntza disruptiboak eta ezagutza zientifikorik aurreratuena aurkezteko Europako eta nazioarteko erreferentziazko ekitaldi bihurtzeko sortu zen, nekazaritzako elikagaien sektoreari eraldatzen laguntzeko», azpimarratu du Alberto Planas NEBEXTeko zuzendari nagusiak gaur, HIP-Horeca Profesional Expo erakusketan egin den aurkezpen-saioan (ostalaritzako berrikuntzari buruzko ekitaldi profesionala).

Food 4 Future ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren babesa du, eta, gainera, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea ere han izan da, eta hauxe adierazi du: «Food 4 proiektuari esker, FoodTech-ean lurralde aurreratua da Euskadi, elikagaien ekosistema egituratu batekin, non sektoreko erronka estrategikoetarako irtenbide berritzaileak garatzen diren. Horrela, dagoeneko existitzen diren gaitasunak eta lankidetza sustatzen dira nazioarteko eragileekin, elikagaien sistema jasangarri, seguru, osasungarri eta berezi bat lortzeko».

Bestalde, ekonomia sustatzeko Bilboko Udaleko Bilbao Ekintzako agentziako zuzendari nagusia den Javier Garcinuñok hauxe esan du: «ekitaldia antolatzeko arrazoia gure enpresetarako negozio-aukera berriak bilatzea eta identifikazioan aurrera egitea da, zeinen bitartez produkzio-eraginkortasunak, merkatu-irtenbide berriak edo produktu berritzaileak eskainiko dizkieten elikaduraren alorrean».

Ordezkari publikoekin batera, ICEXeko Nazioartekotzeko zuzendari nagusia den Javier Sierrak ere parte hartu du, eta hauxe nabarmendu du: «Ekitaldi hau hitzordu estrategikoa da gure herrialdeak garrantzia bereganatu dezan hazten ari den eta nazioarteko ekonomiarako ezinbestekoa den sektore batean». Food for Life plataforma teknologikoko presidentea den Mauricio García de Quevedok aipatu du «Food 4 Future ekimena Euskal Autonomia Erkidegora iristearekin batera, Bilbo Foodtech berrikuntzako munduko hiriburu bihurtuko dela».

Food 4 Future World Summit kongresuko zuzendaria eta AZTIko zuzendari nagusia den Rogelio Pozok ekitaldiaren kongresua egituratuko duten gakoak aurkeztu ditu bere hitzaldian. «Digitalizazioa, jasangarritasuna eta osasuna dira elikagaien industria goitik behera aldatzeko eta kontsumo zein ekoizpen-eredu jasangarriagoak eta osasungarriagoak sortzeko gakoak. Hain zuzen ere, horixe aurkitu nahi dugu Food for Future proiektuan», adierazi du.

Amaitzeko, San Telmo Business School-eko zuzendariondoko nagusiak food tech arloari buruzko zertzelada batzuk partekatu ditu elikagaien industriako eta hotel, jatetxe eta kafetegien sektoreko ordezkariekin HIPeko Leadership Summit-ean.

Nazioarteko 280 adituk munduko BPGd-ren % 11 sortzen duen industria ordezkatuko dute

Elikagaien industriak munduko BPGd-ren % 11 hartzen du, eta, aurreikuspenen arabera, 2050. urtean % 70era arteko hazkundea egongo da elikagaien produktuen eskarian. Bestalde, industriaren digitalizazioak 300 bilioi euro baino gehiagoko eragina izan dezake 2021. urtetik 2025. urtera. Kopuru horiek argi uzten dute zein garrantzitsua den industria, bai eta elikadura-produktuak sortzeko prozesu berriak diseinatzen dituzten digitalizazio eta teknologiak bultzatzea ere.

Food 4 Future – ExpoFoodTech ekitaldian, elikadura-segurtasunari, paketeak egiteari, elikagaiak prozesatzeari, garraio eta logistikari eta abarri aplikatu dakizkiekeen irtenbide teknologiko berritzaileenak aztertuko dira hiru egunetan zehar, prozesuak optimizatzeko eta negozio-eredu eraginkorragoak lortzeko. Food 4 Future-en agendan nazioarteko 280 aditu baino gehiago bilduko dira, eta merkatuko joera berriak jorratuko dituzte 56 hitzaldi baino gehiagotan, baina 6 foro bertikaletan egituratuta: Meat Forum, Beverage, Bakery, Sea Food, Dairy eta Agro. Bestalde, bertaratzen direnek lehen-lehen eskutik ezagutu ahal izango dituzte alor hauei lotutako irtenbide teknologikoak: adimen artifiziala, Blockchain, Gauzen Internet Industriala (IIoT), bioteknologia, Data Analytics, zibersegurtasuna, Cloud eta automatizazioa eta robotika.

  • AS TRANSFER ekimenari esker, Bilbao As Fabrik proiektuarekin barneratutako zerbitzu aurreratuen eta 4.0 industriaren esperientzia eta ikasketak helarazi nahi zaizkie Europako beste hiri batzuei, eta haiekin partekatu.

  • Europar Batasunaren hiri-garapen jasangarrirako URBACT trukatze-programaren arabera, proiektu garrantzitsuenetako bat izan da.

  • Bestalde, Bilbok, Bilbao As Fabrik proiektua aurkeztuko du gaur Eurocities sareko Economic Development Forum ekitaldian eta, jarraian, AS TRANSFER ekimena.

Europar Batasunaren hiri-garapen jasangarrirako Urbact trukatze-programan As Transfer ekimena nabarmendu dute As Fabrik proiektu arrakastatsuan barneratutako esperientzia eta ikasketak Europako beste hiri batzuei helarazteko eta haiekin partekatzeko.

Proiektuaren xedea da bost hiriren kasu arrakastatsuen berrikuntza transferitzea eraldaketa-prozesuetan dauden Europako beste hiri batzuei. Horrela, Bilbao As Fabrik proiektuarekin zerbitzu aurreratuetan eta 4.0 industrietan erdietsitako espezializazio adimendunaren esperientzia helaraziko die Errumaniako Timisoara hiriari, Estoniako Tartu hiriari eta Poloniako Bielsko Biala hiriari.

Europako aitortzaren ildo horretatik, Bilbao As Fabrik berrikuntza-ekosistema aurkeztuko du Bilbok Eurocities sarearen Economic Development Forum ekitaldian. Proiektuak heziketa-zentro bat, inkubagailu bat eta berrikuntza biltzen ditu bertan, eta, gainera, hiribilduko zerbitzu aurreratuen inguruko tokiko eragilerik garrantzitsuenak inplikatzen ditu.

Aurkezpena elkarrekin ikasteko “Wow with know-how – Exploring innovation ecosystems” jardueraren barruan egingo da, zeinak oinarri-oinarrian duen hirien arteko harreman zuzena eraikitzea eta kasu arrakastatsuak partekatzea aurkeztutako ekimenetan sakondu ahal izateko. Bilboz gain, Finlandiako Oulu hiriak, topaketaren anfitrioia ere badenak, eta Leeds hiriak (Ingalaterra) eta Lille hiriak (Frantzia) ere kasu arrakastatsuak partekatuko dituzte bertaratzen direnekin.